Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
5767E/2024 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita 2025ean errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 789702.
Bizi-itxaropenari dagokionez, Nafarroa bigarren postuan dago gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta: 84,32 urteko bizi-itxaropena dauka. Emakumeen kasuan, adin hori altuagoa da: 86,94 urte (EIN; Heriotza-adierazleak autonomia erkidegoen arabera, 2021). Azken hamarkadan, zahartze-indizeak 15,5 puntu egin du gora, eta etorkizuneko joerek zifra horiek igotzea aurreikusten dute. Zahartze prozesu hori langileen artean ere nabaritzen da, eta horrek erakusten digu belaunaldi-ordezkapenaren erronkari aurre egin behar zaiola. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko estatistika-datuen arabera, 2024ko irailean 55 urtetik gorako afiliatuak Nafarroako Gizarte Segurantzako afiliazioaren %20,38 ziren.
Bestalde, badakigu langabeziak bilakaera desberdina izaten duela biztanle-taldeen arabera, eta, horregatik, lehentasunezko esku-hartzea behar duten talde batzuk ezarri dira 2021-2024 aldirako Nafarroako Enplegu Planean. Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak argitaratutako datuen arabera, 2024ko irailean, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-indizea %14,76 izan zen, eta indize orokorra, berriz, %6,79.
Iraupen luzeko langabeak langabe guztien %41,53 ziren hilabete berean. Talde horretan, %65,4 emakumeak dira, eta %43,75ek 55 urte edo gehiago dituzte.
Gainera, azpimarratu behar da ezen, urtetik urterako datuak konparatuz, iraupen luzeko langabeen indizearen hazkunde handienak gazteenen artean gertatzen direla.
Hala, dirulaguntzen deialdi honen helburua da errelebo-kontratua sustatzea, belaunaldi aldaketari argiro laguntzeko, langileen artean ezagutzak trukatzea ahalbidetuz eta, horrela, metatutako esperientzia galtzearen ondoriozko deskapitalizazioa minimizatuz. Gainera, enpleguari eusten eta kalitatezko enplegu-aukerak sortzen laguntzen da, batez ere langabeziak gehien ukitutako biztanle-taldeetan.
Dirulaguntzaren gertaera eragilea berbera da kasu guztietan: kontratazio bat gauzatzea. Hori dela eta, proiektuak ez dira alderatu behar, banakako ebaluazioaren araubidea egokia baita.
Nafarroako Gobernuak 2024ko abenduaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari errelebo-kontratuak sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdi bat tramita zezan banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Errelebo-kontratuak sustatzeko 2025erako dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. 300.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu aurrekontukoen "Enplegurako zailtasunak dituzten kolektiboen kontrataziorako laguntzak. Konferentzia Sektoriala PEP E-24/000673-01" izeneko 950001 96100 4709 241118 partidaren kargura edo 2025ean gaitzen den partida baliokidearen kargura, baldin eta aurrekontu kontsignazioa badago.
4. Era berean, gehienez 100.000 euroko zenbateko gehigarria baimendu ahal izanen da, beste deialdi batzuetan kreditua soberan egotearen ondorioz aurrekontua-kreditua handitzeagatik edo Konferentzia Sektorialetik datozen diru sarrera handiagoengatik funtsak sortzeagatik; hori guztia bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuarekin. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko abenduaren 26an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea eta jarduketa eremua.
Oinarri hauen xedea da enpresei dirulaguntzak emateko baldintzak eta bete beharrekoak arautzea, manufakturakoak ez diren lanpostuetan errelebo-kontratuak sina ditzaten sustatzeko, bereziki laneratzeko zailtasunak dituzten errelebo-hartzaileen kontratuak.
Dirulaguntza honen xede diren kontratuak Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik dauden lantokietan zerbitzu emateko sinatuko dira, 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte.
2.–Enpresa eta entitate onuradunak.
2.1. Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:
a) Enpresak.
b) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.
2.2. Dirulaguntzen onuradun diren enpresek eta entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Foru Komunitatean lantokia izatea.
b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.
c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.
2.3. Betebehar horiek guztiak dirulaguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, baita diruz laguntzen den kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.
3.–Jarduketa diruz lagungarriak.
3.1. Diruz lagunduko dira honako betebehar hauek betetzen dituzten errelebo-kontratuak:
a) 2024ko urriaren 1etik aurrera formalizatuak izatea.
b) Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan zerbitzuak emateko izatea.
c) Lanaldi osokoak eta mugagabeak izatea.
d) Erretiro partziala hartu nahi duen pertsonarekin egindako errelebo-kontratuarekin batera egiten den kontratu mugagabea baino ez da diruz lagunduko.
3.2. Kontratazio bakoitzak plantilla handitzea ekarri behar du. Deialdi honen ondorioetarako, kalkulu hori egiteko, errelebo-hartzailea kontratatzen den hilabetean enpresak duen plantilla finkoa alderatuko da aurreko urteko hilabete bereko plantilla finkoarekin.
3.3. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzen xedea ezin da izan enpresaburu indibidualaren ezkontidea kontratatzea, ezta odol bidezko, ezkontza bidezko edo adopzio bidezko aurreko, ondorengo edo alboko ahaideak ere, lehenengo edo bigarren graduko ahaideak badira.
4.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.
Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:
a) Langabezian egotea eta autonomia erkidegoko enplegu zerbitzu publiko batean enplegu eskatzaile gisa agertzea, aldi baterako edo iraupen mugatuko kontratu bat mugagabe bihurtzen denean izan ezik.
b) Deialdi honen ondorioetarako, luzaroko langabeak izanen dira kontratatu aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan lanik gabe eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.
Kontratatutako errelebo-hartzaileetako batek lanpostua uzten badu diruz lagundutako aldia bukatu baino lehen, eta betiere uztearen arrazoia bidegabeko kaleratzea ez bada, beste pertsona batek ordeztu beharko du, gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzen arabera, lanaldi bera eta, gutxienez, ordainsari bera errespetatuz, eta hori Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko zaio, kontratu berriaren datatik gehienez ere hilabeteko epean. Dirulaguntzaren xede den errelebo-hartzailea lehentasunezko kolektibo batekoa bada, kolektibo horietatik edozeinetan sartua dagoen beste pertsona batek ordezkatu beharko du.
Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu, diruz lagundutako aldia 36 hilabetekoa dela joko da, betiere ondorio horietarako.
5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
a) 11.520 euroko dirulaguntza emanen da.
b) Errelebo-hartzailea jarraian adierazitako lehentasunezko taldeetako batekoa bada, 13.320 eurokoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.
Lehentasunezko taldetzat hartuko dira honako hauek:
–16 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak direnak.
–Luzaroko langabeak.
–Errenta bermatuaren hartzaileak.
–Emakumeak.
6.–Aurkeztu beharreko agiriak.
6.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Dirulaguntza eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.
b) Erretiro partzialeko enpresaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian aurkeztua eta bertan baliozkotua.
c) Adierazpen bat, zehazten duena zenbat langile finko dauden enpresan kontratazioa egiten den hilabetean eta zer egoeratan zeuden aurreko urteko hilabete berean (IV. eranskina).
d) Deialdiaren 3.3 oinarrian ezarritakoa betetzeari buruzko adierazpena (V. eranskina).
e) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten duena (I. eranskina).
f) Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko adierazpena, edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Halaber, enpresa eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eskatu dituela, edo horren gainean sortzen ahal diren egoera berriak jakinarazi beharko ditu. Orobat, "de minimis" araubidearen barnean dauden adieraziko da (II. eranskina).
g) Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea.
h) Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena (III. eranskina).
Gardentasun betebeharrak:
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan gertatzen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
i) NL-NEZek eskatzen ahal duen dokumentazio oro.
6.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.
7.–Aurkezteko epea.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.
7.3. Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.
8.–Instrukzioa eta tramitazioa.
8.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.
8.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.
8.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz eginen da.
9.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.
9.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du, eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko bi hilabeteko epean, gehienez ere.
9.2. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela. Eskaeraren gaineko presuntziozko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.
9.3. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.
9.4. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.
10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
11.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:
a) Legez ezarritako araudiaren arabera errelebo-kontratu bat sinatzea errelebo-hartzailearekin, deialdi honetan jasotako baldintzetan.
b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.
c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.
d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
12.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.
Dirulaguntza ematea eta ordaintzea ekarri duen kontratazio aldia bukatu ondoren, organo kudeatzaileak beharrezkoak diren egiaztapenak eginen ditu dirulaguntza emateko baldintzak bere horretan mantendu direla ziurtatzeko.
Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak; bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Kontu-hartzailetzarenak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Orokorrarenak; Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak; eta legez bidezko diren gainerakoak.
13.–Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin. Halere, lortutako pizgarrien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.
14.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.
a) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
b) Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, jarduera gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
c) Errelebo-kontratua bukatzen bada diruz lagundutako aldia bukatu baino lehen, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da, aldi hori betetzeko falta diren hilabeteekiko proportzioan dagokiona, eta berandutze-interesak gehituta. Kaleratzea bidegabetzat jotzen bada, dirulaguntza osorik itzuli beharko da.
d) Dirulaguntza jasotzen duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte, eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.
15.–Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.
Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela. Kontratuan berean jasoko da dirulaguntzaren xedea.
16.–"De minimis" laguntza.
16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.
16.2. Horretarako, enpresek hiru urteko edozein alditan jasotako beste "de minimis" laguntzak aitortu behar dituzte.
17.–Datuen babesa.
Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.
18.–Araudi osagarria.
Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.
19.–Errekurtsoak.
Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F2500172
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
