26. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1/2025 FORU AGINDUA, urtarrilaren 20koa, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko burua kargutik kentzen baita eta batzordeburu titular eta ordezkoak eta ordezko idazkaria izendatzen baitira.

Kontsumoko Arbitraje Sistema arautzen duen uztailaren 23ko 713/2024 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluak ezartzen duenez, arbitraje batzordeak honako hauek osatuko dituzte: batzordeburuaren eta idazkariaren titularrak eta ordezkoak, eta haien eginkizunak betetzen laguntzen duten langileak. Batzordeko burua eta idazkaria, titularrak nahiz ordezkoak, administrazio publikoen zerbitzuko langileak izan beharko dira, eta arbitraje batzordea atxikita duen Administrazioak izendatuko ditu. Izendapena bere lurralde-eremuari dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Kargutik kentzea Rosa María de Luis Aboitiz, Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko burua, eta emandako zerbitzuengatik eskerrak ematea.

2. Enrique Guillermo Zapata Vázquez de Prada izendatzea Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko buru.

3. Rosa María de Luis Aboitiz izendatzea Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko ordezko buru.

4. Alfonso Javier Zunzarren Berrade izendatzea Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko ordezko idazkari.

5. Foru agindu hau igortzea Kontsumo Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Rosa María de Luis Aboitizi, Enrique Guillermo Zapata Vázquez de Pradari eta Alfonso Javier Zunzarren Berraderi jakinaraztea, eta adieraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 20an.–Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.

Iragarkiaren kodea: F2500754