Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
600E/2024 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako toki erakundeentzat, 2025. urtean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 806512.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki erakundeek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, baieztatzen du, foru lege honek esleitzen dizkien funtzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak osatuko duela toki erakundeen nahikotasun finantzarioa. Bestalde, berdintasunari buruzko foru lege horrek berak administrazio publikoei eskatzen die eskain ditzatela pertsona guztien bizitzaren jasangarritasuna errazten duten baliabideak, eta aintzatets dezatela etxeko lanaren eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaren funtzio sozial eta ekonomikoa, bai eta ordainsaririk edo aintzatespen profesionalik gabeko jarduera feminizatuak ere. Horren harira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bizitzaren jasangarritasunean eta zaintzaren balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko, "Zainketen aldeko Itunak Nafarroan" programa garatzen du Nafarroako Gobernuaren departamentuekin eta tokiko erakundeekin lankidetzan.
Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan, kontuan hartzen da toki-administrazioaren erantzukizuna ildo estrategiko guztietan, eta, bereziki, I. ildo estrategikoan, zeinaren helburua baita genero-ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza-ereduan, toki-administrazioa barne, bai eta II. ildo estrategikoan ere, bere helburu estrategikoen artean baitauka zaintzak bizitzaren jasangarritasunerako duen balioa onartzea.
Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki erakundeek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, zaintza-lanen banaketa erantzukidearen aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta lagundu beharra.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki erakundeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.
Toki erakundeetako errealitate desberdinen behar eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du gizonen eta emakumeen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten toki erakundeentzat. Deialdi honetan hiru laguntza modalitate ezartzen dira, eta baldintza eta zenbateko desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten toki erakundeentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten toki erakundeentzat. Halaber, deialdiak zenbateko bat esleitzen du Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programan parte hartzen duten toki erakundeentzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzera eta bultzatzera bideratutako proiektuak gauzatuz gero Zainketen aldeko Tokiko Itunen bidez. Beste urte batzuetan bazen berariazko deialdi bat Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programaren barneko proiektuak finantzatzeko, eta oraingoan erabaki da deialdi bakarrean elkartzea lehenago bitan bereizirik zeudenak.
Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea (https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/8346E44F-1C60-4850-AAC8-7934034AB5C6/310539/ItinerariotrabajoEntidadesLocales22022015.pdf) eredu bat da, institutuak bultzatzen duena esku-hartze sistematikoa eta koherentea errazteko eta gauzatzeko, eta esku hartzeko esparru bat ezartzen du, bide ematen duena toki erakundeak lankidetzan aritzeko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin koordinatuta. Ibilbide horrek honako esku-hartze arlo hauek jasotzen ditu: toki gobernantza eta genero zeharkakotasuna, emakumeen aurkako indarkeria, zaintza, erantzukidetasuna eta kontziliazioa eta emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onestea, helburu duena Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak ematea, 2025. urtean emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 500.000,00 euroko gastua gorde eta baimentzen da, 2025eko aurrekontuetan honako partida honen baliokide gisa gaitzen den partidaren kargura: 2024ko gastu-aurrekontuko 080001 08100 4609 232200 partida, "Toki erakundeentzako transferentziak, berdintasun arloko politikak eta zainketen aldeko itunak bultzatzeko" izenekoa. Gastu hori egiteko baldintza gisa, kreditu aski eta egokia egon behar da.
Baldin eta 2025eko gastu-aurrekontuko partida horretan kontsignatutako kreditua hasiera batean baimendutakoa baino handiagoa bada, handitzen ahalko da deialdi honetara bideratutako zenbatekoa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez, beste deialdi bat egiteko beharrik gabe, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoarekin.
4. Ebazpen hau eta haren oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio irizpideak (II. eranskina) biltzen dituzten eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko abenduaren 30ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdiaren xedea da, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra arteko aldian (bi egun horiek barne) eginiko proiektuei dagokienez, araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzak Nafarroako toki erakundeei emateko, erakunde horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko, toki erakundeek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuen bidez.
2. oinarria. Erakunde onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.
2.1. Nafarroako toki erakundeak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Halaber, taldean elkartutako toki erakundeak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran berariaz adierazten bada erakunde bakoitzak zer gauzatze-konpromiso hartzen duen bere gain, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.
2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:
a) 1. modalitatea: Berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez duten Nafarroako toki erakundeek aurrera eramaten dituzten proiektuak.
b) 2. modalitatea: Berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen duten Nafarroako toki erakundeek aurrera eramaten dituzten proiektuak.
c) 3. modalitatea: Berdintasuneko agenterik lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten 5.000 biztanle baino gutxiagoko Nafarroako toki erakundeek aurrera eramaten dituzten proiektuak. Modalitate honetan parte hartzen duten toki erakundeak, orobat, ezin izanen dira izan beste mankomunitate bateko kide, baldin eta beste mankomunitate horrek kontratatuta badauka lanaldi osoko berdintasuneko agenteren bat.
2.3. Ohartarazten da ezen, bakoitzari dagokion modalitatearen barruan, zainketen aldeko itun bat sinatuta daukaten toki erakundeek aukera izanen dutela zenbateko bat jasotzeko, itun horri lotutako ekintzak finantzatzeko, aurrerago zehaztuko den moduan.
3. oinarria. Baldintzak.
3.1. Nafarroako toki erakundeek jarraian adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko unean, eta haiek betetzen segitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte, salbu 3.1 oinarriko b.2 atalean jasotakoari dagokionez.
Halaber, Zainketen aldeko Tokiko Itunari dagokion zenbatekoa eskatzen duten toki erakundeek sinatuta eduki beharko dute itun hori eskaera egiteko unean, edo 2025ean sinatzeko konpromisoa izan beharko dute, behin programan parte hartzea eskatuta eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak parte-hartze hori onartuta.
a) 1. eta 2. modalitateak:
1. Eskaera egiten den unean, B mailako berdintasuneko agente bat kontratatuta edo plantillan izatea, lanaldi osoan. Toki erakundeak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.
Orobat, toki erakundeek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki erakunde batzuekin lanaldi osoko berdintasuneko agentea izateari buruzko baldintza betetzeko. Kasu horretan, elkartutako erakundeek garatuko duten proiektu bakar bat aurkeztu behar dute dirulaguntzen deialdira.
2. 2025erako zenbait partida edo aurrekontu esleipen bat edukitzea ekintza eta proiektuak finantzatzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
3. Aukera berdintasunerako plan bat edo gizon eta emakumeen berdintasunerako plan estrategikoa edo lanerako urteko plana izatea, udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen araberakoa. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, baldintza hori betetzat joko da toki erakundeko idazkaritzaren egiaztagiri bat aurkeztuz gero (IV. eranskinean bilduta), non egiaztatuko baita toki erakundeak asmoa duela berdintasunerako plana edo urteko lan plana prestatzeko deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, "Udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izeneko dokumentua oinarri hartuta.
4. Udal alorren arteko talde tekniko bat osatzea, edo dirulaguntza baliatuko den aldian osatzeko konpromiso irmoa izatea, emakume eta gizonen berdintasunaren printzipioa toki erakundearen lan arlo guztietan eraginkortasunez eta zeharkakotasunez integratzen dela ziurtatzeko. Talde horretan ordezkatuta egon behar dute udaleko lan arlo guztietako teknikariak, eta haren bileran egutegia finkatu beharko da. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
5. Erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak parte har dezan, dirulaguntzaren aldi osoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
b) 3. modalitatea:
1. 2025erako partida bat edo aurrekontu esleipen bat edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetara bideratua. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
2. Eskaera egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).
3. 5.000 biztanle baino gutxiago izatea.
4. Eskaera egiten den unean, ez egotea integratua B mailako berdintasuneko agenteren bat lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan duen mankomunitate batean.
c) Zainketen aldeko Tokiko Ituna sinatua duten erakundeak.
Halaber, modalitate guztietako toki erakundeei dagokienez, ez dute aukerarik izanen eskuratzeko Zainketen aldeko Tokiko Itunaren sinatzaileentzako zenbatekoa –5.2.d) oinarrian jasoa–, baldin zainketen aldeko itun bat sinatuta daukan mankomunitate bateko edo tokiko ekintza talde bateko kide badira.
4. oinarria. Gauzatzeko epea eta proiektu diruz lagungarriak.
4.1. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak, modalitate guztietakoak, gauzatu beharko dira 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean.
4.2. Toki erakundeek proiektu bakar bat aurkeztu beharko dute dagokien modalitatean. Bidezkoa bada, proiektu bakar horretan Zainketen aldeko Tokiko Itunari dagokion atala ere sartuko da, baldin eta eskatzen bada.
4.3. Proiektu diruz lagungarriek oinarri honetan zehazten diren ekintzak jasotzen ahalko dituzte, eta horien garapena eta kudeaketa egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.
Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:
1. eta 2. modalitateak: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten toki erakundeetan.
Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta "Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean" adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:
a. Toki gobernantza eta zeharkakotasuna.
Ohartarazten da ezen, jarduketa arlo honen barnean, ez direla diruz lagunduko langileen berdintasunerako barneko planak (barne direla haien diagnostikoak), toki erakundearen plantillan 50 langile edo gehiago ari badira. Halaber, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen toki erakundearen mendeko erakunde publikoetako langileen berdintasunerako barneko planak.
b. Emakumeen kontrako indarkeria.
Arlo honen barnean, diruz lagungarriak izanen dira Indarkeriako Tokiko Protokoloak (barne direla aldez aurreko diagnostikoak) prestatzea xede duten ekintzak. Protokolo horien prestaketa jasota dago "Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida" izenekoan (https://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-26-f-eu.pdf), zeina Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) argitaratu baitzuen. Nolanahi ere, protokoloak egitean, bete beharko dira gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak. Gainera, azken legegintza-araudiak jaso beharko dira, ahalik eta ikuspegi eguneratuenarekin, eta protokolo bakoitza kasuan kasuko toki erakundearen errealitatera egokitu, ahal den neurrian. Halaber, toki erakundeak egina badu dagoeneko aipatu tokiko protokolo hori, horren esparruko eta hari lotutako ekintzak ere diruz lagungarriak izanen dira, kasurako, diagnostikoaren edo protokoloaren beraren eguneratzea, trebakuntza eta prestakuntza, sentsibilizazio ekintzak eta abar.
c. Zaintza, erantzukidetasuna eta kontziliazioa.
Arlo honen barruan, eskaera egiteko unean zainketen aldeko tokiko itun bat sinatuta daukaten toki erakundeek –edo 2025ean sinatzeko konpromisoa dutenek, behin programan parte hartzea eskatuta eta NABIk parte-hartze hori onartuta– programatu beharko dituzte sinatu duten tokiko itunaren akordioaren dokumentuan jasotako ekintza motak. Hala ere, itunik sinatuta ez daukatenek ere zaintzaren arloko ekintzak programatzen ahalko dituzte, "Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izenekoan zehaztu bezala, baina ez dute aukerarik izanen deialdi honen 5.2.d) puntuan jasotako zenbatekoa eskuratzeko.
d. Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.
Aurrez aipatutako edozein arlotan sartzen diren ekintzak biltzen dituzten proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta honako helburu hauek badituzte:
Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zehar-lerro gisa integratzeko.
Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta abar).
Sentsibilizazioa (kanpainak, genero ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.
Azterlanak, ikerketak, plangintza eta ebaluazioa, emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko.
3. modalitatea: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agenterik lanaldi osoan ez duten 5.000 biztanletik beherako toki erakundeek aurkeztuak, arlo hauen gaineko ekintzak aurrera eramaten dituztenak:
a) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.
b) Zaintza, erantzukidetasuna eta kontziliazioa.
Arlo honen barruan, eskaera egiteko unean zainketen aldeko tokiko itun bat sinatuta daukaten toki erakundeek –edo 2025ean sinatzeko konpromisoa dutenek, behin programan parte hartzea eskatuta eta NABIk parte-hartze hori onartuta– programatu beharko dituzte sinatu duten tokiko itunaren akordioaren dokumentuan jasotako ekintza motak. Bestalde, itunik sinatuta ez daukatenek ere zaintzaren arloko ekintzak programatzen ahalko dituzte, baina ez dute aukerarik izanen deialdi honen 5.2.d) puntuan jasotako zenbatekoa eskuratzeko. Hala ere, toki erakundeek ezin izanen dute arlo honen barnean ekintzarik programatu, baldin eta Zainketen aldeko Tokiko Ituna arestian adierazitako baldintzetan sinatu duten beste mankomunitate batzuetako kide badira.
c) Emakumeen kontrako indarkeria.
Arlo honetan diruz laguntzen ahalko dira soilik "Jaigunetako eraso sexistei aurre egiteko jarduera protokoloak" edo "Emakumeen aurkako indarkeriagatiko hilketa eta egoera larriei aurre egiteko jarduera protokoloak" prestatzeko ekintzak, NABIk argitaratutako "Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida" izenekoan jasotzen denari jarraikiz. Nolanahi ere, protokoloak egitean, bete beharko dira gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak. Gainera, azken legegintza-araudiak jaso beharko dira, ahalik eta ikuspegi eguneratuenarekin, eta protokolo bakoitza kasuan kasuko toki erakundearen errealitatera egokitu, ahal den neurrian. Halaber, toki erakundeak egina badu dagoeneko aipatu diren tokiko protokoloetako bat edo beste, horien esparruko eta haiei lotutako ekintzak ere diruz lagungarriak izanen dira, kasurako, diagnostikoaren edo protokoloen beren eguneratzea, trebakuntza eta prestakuntza, sentsibilizazio ekintzak eta abar.
Arestian aipatutako edozein arloren barruko ekintzek helburu hauek izan ditzakete:
–Emakumeen eta gizonen berdintasunean prestakuntza ematea gauzatzen diren ekintzen eremuan (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, etab.).
–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
–Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.
–Ikerlanak eta diagnostikoak egiteko ekintzak, haien bidez jarduteko lehentasunak ezar daitezen toki erakundean, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez. Aipatutako ikerlan edo diagnostiko horiek elkarrekin egiten ahalko dituzte ekintza komuneko lurralde eremu bat partekatzen duten toki erakundeek. Diagnostiko horietatik, ez dira diruz lagunduko plantillan 50 langile edo gehiago dituzten toki erakundeetan egin beharrekoak diren langileen berdintasunerako barne planen aldez aurreko diagnostikoak. Halaber, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen toki erakundearen mendekoak diren erakunde publikoetako langileen berdintasunerako barneko planen aldez aurreko diagnostikoak.
4.4. Gastu diruz lagungarriak.
Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik; gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra arte egin beharko dira, eta zenbatekoek merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dute:
a) Laguntza teknikoa. Laguntza teknikotzat hartuko da gutxienez proiektuaren %40 azpikontratatzea. Nolanahi ere, toki erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera osoa azpikontratatzen ahalko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoarekin bat.
b) Ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten hizlariek eta pertsonek edo erakundeek sortutako ordainsariak, bai eta ekintza horiek joan-etorriengatik eta ostatuagatik ekarritako dietak ere.
c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.
d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairuaren gastua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.
e) Diruz lagundutako jarduerak gauzatu bitartean, eta orduan bakarrik, laguntza beharra duten pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).
f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
4.5. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.
Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:
a) Toki erakundearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, hala nola ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.e) atalean xedatutakoa salbu.
b) Plantillan 50 langile edo gehiago dituzten toki erakundeetan egin beharrekoak diren langileen berdintasunerako barne planak taxutzeko proiektuak. Toki erakundearen mendeko erakunde publikoetan, halaber, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen langileen berdintasunerako barne planak.
c) Diseinuan, edukian, abiarazteko bidean eta ebaluazioan genero ikuspegirik ez duten proiektuak.
d) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.
e) Kontziliaziorako azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea, Nafarroako Gobernuaren edo Estatuko beste deialdi edo programetan jasota daudenak.
f) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia jaso ez badute.
g) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasle, familia eta ikastetxeetako langileei zuzendutakoak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.
h) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.
4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:
a) Toki erakundeek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean laguntza behar duten pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.4 ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.
Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.
b) Toki erakundearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.
c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.
d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).
5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.
Aurrekontu-partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzun gabe, dirulaguntza emanen zaie honako lehentasun hurrenkera honetan, harik eta partida agortu arte:
1. 1. modalitateko eskaerak.
2. 2. modalitateko eskaerak.
3. 3. modalitateko eskaerak, lortutako puntuazioaren arabera, II. eranskinean jasotako balorazio irizpideei jarraikiz. Puntuazio bera duten eskaeren artean berdinketa hausteko, kontuan hartuko da zeinek lortu duen puntuaziorik handiena aipatutako II. eranskineko A ataleko balorazioan (proiektuaren kalitate teknikoari buruzkoa). Berdinketak badirau, biztanle gehien dituzten toki erakundeen arabera zehaztuko da hurrenkera.
5.2. Gehieneko zenbateko hauek ezartzen dira modalitate bakoitzerako dirulaguntza gisa, bai eta gehieneko zenbateko bat ere zainketen aldeko tokiko itun bat sinatuta daukaten toki erakundeentzat:
a) Gehienez ere 14.000,00 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik ere, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarik jasotzen ez duten toki erakundeen eskaerentzat. (1. modalitatea).
b) Gehienez ere 7.000,00 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten toki erakundeen eskaerentzat. (2. modalitatea).
c) Gehienez ere 3.000,00 euro, lanaldi osoan berdintasuneko agenterik ez duten eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki erakundeen eskaerentzat (3. modalitatea).
d) Gehienez ere 4.000,00 euro modalitate guztietako toki erakundeentzat, baldin eta eskaera egiteko unean zainketen aldeko tokiko itun bat sinatuta badaukate edo 2025ean sinatzeko konpromisoa badute –behin programan parte hartzea eskatuta eta NABIk parte-hartze hori onartuta–, betiere zaintzaren arloko ekintzak aurkezten badituzte proiektuaren barnean. Toki erakunde batek d) atalari soil-soilik dagokion proiektu bat aurkezten badu, Zainketen aldeko Tokiko Itunerako zenbateko hori eskuratzeko aukera baizik ez du izanen, eta ez zaio emanen bestelako zenbatekorik, hots, oinarri honen a), b) eta c) ataletarako esleitutako zenbatekorik.
5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau.
8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak onartu eginen dira, eta honako kopuru hauek emanen zaizkie:
a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.
b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baino handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den gehieneko kopuruaren %100 jasoko dute.
Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.
5.4. Berariazko balorazio bat eginen da dirulaguntza emateko Zainketen Aldeko Tokiko Itunak programan parte hartzearekin lotutako zenbatekoa eskatzen dutenei, hots, 5.2.d) atalean jasotakoa. Kontuan hartuko da 8. oinarriko "itunetarako" berariazko balorazioan lortutako puntuazioa: "Zainketen aldeko Tokiko Itunerako irizpideak". Kasu horretan, balorazio orokorrerako eskatzen diren 60 puntuez gain, lortu beharko dira, orobat, 60 puntu edo gehiago balorazio horretan, onartzeko eta Zainketen aldeko Tokiko Itunerako zenbatekoa eskuratzeko aukera izateko. Zenbatekoa emanen da 5.3 oinarrian ezarritako irizpide beren arabera.
Betiere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.
6. oinarria. Dokumentazioa.
6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:
a) Eskaera. Nahitaez aurkeztu beharko da eskaera ereduaren arabera (III. eranskina). Bertan, memoria bat jasoko da, zeinak deskribatuko baititu deialdiaren proiektua eta aurrekontu osoa, esku-hartze arloka banakaturik. Aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko da, garatu nahi diren jarduera guztiak banaka azaldurik; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaeraren eredu hori, agiri gehiagotan banandu gabe; kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.
Elkartuta aurkezten diren toki erakundeen kasuan, zein erakunde aukeratzen den elkartutakoen ordezkari izateko, harexen ordezkariak sinatu beharko du eskabidea. Eskaeran adierazi beharko da hitzarmeneko erakunde bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain.
b) Toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria (IV. eranskin gisa ageri den ereduan), ziurtatzeko 3. eta 12. oinarrietako baldintza guztiak eta 13. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen direla.
Erakunde bakoitzak bere modalitateari dagokiona aurkeztu beharko du, eta dokumentu bakarrean aurkeztu beharko da.
Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, ziurtagiri horrek jaso beharko du erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatutako pertsonak parte har dezan, dirulaguntzak estaltzen duen aldi osoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.
c) 1. eta 2. modalitateetarako, kontratazioa bi toki erakunderen edo gehiagoren akordio baten bidez egiten bada, haien artean dirulaguntzak estaltzen duen aldi osorako lotu duten akordioaren kopia.
d) Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatzen bada, edo NABIrekin eragiketak hasten badira, banku-datuak eguneratu edo sartu beharko dira esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla edo agiriak haren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da noiz eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.
6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak atzematen duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan. Aditzera emanen dio, orobat, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 19. artikuluarekin.
Ez da zuzentzen ahalko proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehatua azaltzeko dokumentazioa. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxatik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidetuko da.
8.2. NABIko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzako teknikariek eginen dute aurkezturiko eskeren ebaluazioa. Ebaluazio txosten bat eginen dute, loteslea instrukzio-organoarentzat, non jasoko baita erakunde onuradunek behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela dagozkien dirulaguntzak eskuratzeko; halaber, proiektuen balorazioa jasoko du txostenak.
8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzean, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" hartuko da kontuan. Dirulaguntza emanen da proiektuaren balorazio teknikoaren arabera, betiere II. eranskinean eta deialdiko 5. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.
Halaber, Zainketen aldeko Tokiko Ituna deritzon atala baloratuko da, hura ere II. eranskinean jasoa, atal horretako zenbatekoa eskatu dutenentzat eta atalean bertan zehaztutako irizpideei jarraikiz.
8.4. Proiektuari dagozkion irizpideetan gutxienez 60 puntura iristen ez diren proiektuak ez dira onartuko, eta ez dira diruz lagunduko. Onartu ez diren proiektuek ezin izanen dute jaso Zainketen aldeko Tokiko Itunari dagokion zenbatekoa ere, 5.2.d) oinarrian ezarria.
Eskatzen bada Zainketen aldeko Tokiko Itunak programan parte hartzeko zenbatekoa, "Zainketen aldeko Tokiko Itunaren irizpideak" atalean 60 puntura iristen ez diren proiektuak ez dira onartuko atal horretan, eta ez dira diruz lagunduko itunari esleitutako zenbateko horren bidez.
8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak, ikusita Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzako teknikariek egindako ebaluazioa, ebazpen proposamena egin, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.
9. oinarria. Ebazpena.
9.1. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, "Aurrekontua" den zenbatekoa III. eranskinaren arabera, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" den zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emandako guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, zeina "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" den zenbatekoarekin bat etorriko baita.
Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, elkarte onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.
Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.
11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:
Deialdi honetan emandako zenbatekoak ordainketa bakarrean ordainduko dira, proiektuak gauzatzeko epea bukatzen denean eta proiektuok justifikatu ondoren. Gehieneko zenbatekoa 2025. urteari dagokion dirulaguntzarena izanen da (2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra).
11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:
Aurreko 11.1 puntuan ezarritako ordainketa egiteko, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoarekin, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dokumentu bereizietan, dirulaguntzaren fitxan eskuragarri dauden eranskinetara egokituta:
2025eko azaroaren 5erako, beranduenez: proiektuaren justifikazio osoa egiteko, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da, bilduko duena 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra egindako gastua. Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 atalean xedatutakoa.
11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, erakunde onuradunek "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" den zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2025eko azaroaren 5a baino lehen, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorrita, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:
–V. eranskina: Justifikazio memoria.
–VI. eranskina: Toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa jasoko du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" (8.3 oinarria).
Oro har, egindako gastutzat hartuko dira gauzatzeko epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.
Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.
–VII. eranskina: Gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak banakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.
–Baliozkotasunez emandako fakturen kopia: froga-balio baliokidea duten dokumentuak eta faktura elektronikoak onartuko dira, betiere zerga-arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, bai eta horiek ordaindu izanaren frogagiria ere.
Inola ere ez dira onartuko ordainagiriak, kutxako tiketak, eskaerak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.
–VIII. eranskina: Enpresaren hautapenaren ziurtagiria: Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000,00 eurotik gorakoa bada, toki erakundeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Agiri horiek frogatu beharko dute bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartzen dutela argi adierazi beharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta hedapenean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da. Logotipo horren ezaugarri teknikoak Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan daude jasota (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak partez aldatu zuen foru dekretu hori). Zainketen aldeko Tokiko Ituna programan sartutako ekintzetan, aurreko logotipoez gain, Zainketen aldeko Tokiko Itunak programaren logotipoa ere txertatu beharko da.
Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoa eta Zainketen aldeko Itunak programaren logotipoa eskuragarri egonen dira, halaber, deialdiaren fitxan, zeinaren esteka oinarri hauen testuaren amaieran baitago. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.
Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.
–IX. eranskina: Generoaren arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena (3. modalitaterako soilik): generoaren arloko prestakuntza frogatu beharko dute 3. modalitatean kontratatutako enpresek edo pertsonek, honako ekintza hauek egiten badituzte:
- Ikerketak edo diagnostikoak egitea.
- Prestakuntza-ekintzak, baldin eta, horiek guztiak batuta, haien balioa azkenean onartzen den aurrekontuaren %40koa edo hortik gorakoa bada.
Frogatu beharko dute genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza dutela, erakunde publikoek edo unibertsitateek –publiko zein pribatuek– zuzenean edo lankidetzan emana. Hori frogatzeko, IX. eranskin honetan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta sinatu beharko du kontratatutako pertsonak edo entitateak.
11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen erakundeari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean.
11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastuaren egiaztagirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa baldin bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino ("NABIk onartutako proiektu aurrekontua" (8.3 oinarria); dirulaguntza emateko ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da, honela:
Minorazio proportzionala aplikatuko da, kontuan hartuta emandako zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoa, formula honen arabera: justifikatutako eta onartutako zenbatekoa x emandako zenbatekoa / justifikatu beharreko zenbatekoa.
Hori guztia, baldin eta proiektu guztia egitetik hurbil badago nabarmenki, eta egiaztatu bada konpromisoak betetzeko joera garbia duela, proiektuaren balorazio berari eutsita.
12. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada handiagoa dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino. Horretarako, idazkariaren ziurtagiri bat erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasotakoa.
13. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki erakundeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.
b) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.
c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.
d) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
f) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta diruz laguntzen den proiektuko jardueren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".
g) Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturiko betetzea. Foru lege horren bidez gardentasun betebeharrak arautzen dira, barne daudela Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeenak.
14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
14.1. Erakunde onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.
–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.
14.2. Aurrekoa gorabehera, 1. eta 2. modalitateetan, jasotako diru guztia itzuli beharko da baldin eta toki erakundeak, bere erabakiz eta legezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez bada beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, erakunde onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.
14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura arautuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, eta ebatzi beharko da abiarazten denetik 12 hilabeteko epean.
15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
16. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.
17. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa:
II. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK
1. ETA 2. MODALITATEAK.–ESKAEREN BALORAZIO OROKORRERAKO IRIZPIDEAK
BALORAZIOA: 100 PUNTU | |
A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 60 |
1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua | 45 |
Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu | 5 |
Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta | 15 |
Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta | 5 |
Proiektuaren garapen kronologikoa | 5 |
Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak | 5 |
Aurrekontua egokia da proiektuarentzat | 10 |
2. Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa | 10 |
Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak | 5 |
Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak | 5 |
3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten) | 5 |
B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ERAKUNDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA | 10 |
C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK | 10 |
Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki erakundetik kanpora eta herritarrei orokorrean (denetariko publikoak) | 5 |
Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan eta abarretan argitaratzea (denetariko komunikabideak) | 5 |
D) PROIEKTUAN PARTE HARTZEA BESTE TOKI ERAKUNDE BATZUEK, LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK EDO TOKI ERAKUNDEKO BESTE ARLO BATZUEK | 10 |
Emakumeen elkarteak | 4 |
Tokiko kolektiboak | 4 |
Toki erakundearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk | 2 |
E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide egokitzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa) | 10 |
3. MODALITATEA.–ESKAEREN BALORAZIO OROKORRERAKO IRIZPIDEAK
BALORAZIOA: 100 PUNTU | |
TOKI ERAKUNDEAK BERDINTASUNAREKIN DUEN KONPROMISOA | 10 |
NABIren gidaren araberako indarkeria-protokoloren bat du | 5 |
Berdintasuneko kontseilu edo batzorde bat dauka | 5 |
PROIEKTUARI BURUZKO IRIZPIDEAK | 90 |
A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 50 |
1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua | 35 |
Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu | 5 |
Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta | 10 |
Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta | 4 |
Proiektuaren garapen kronologikoa | 4 |
Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak | 2 |
Aurrekontua egokia da proiektuarentzat | 10 |
2. Proiektuak toki erakundearen beste programa eta jarduera batzuekin duen harremana (sinergiak beste udal alor batzuekin, emakumeen elkarteen mugimenduekin, eta abar) | 10 |
3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten) | 5 |
B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ERAKUNDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA | 20 |
C) JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK | 5 |
Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki erakundetik kanpora eta herritarrei orokorrean (denetariko publikoak) | 3 |
Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan eta abarretan argitaratzea (denetariko komunikabideak) | 2 |
D) PROIEKTUAREN INPAKTUA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA | 10 |
Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak | 5 |
Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak | 5 |
E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide egokitzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa) | 5 |
"ZAINKETEN ALDEKO TOKI ITUNA" BALORATZEKO IRIZPIDEAK
(Modalitate guztietarako balio du, betiere itun horri esleituriko zenbatekoa eskatu bada)
Balorazio honen lehen bi irizpideen balorazio teknikoa egiteko, kontuan hartuko da ituna 2025ean sinatu den edo urte horretan sinatzeko konpromisoa dagoen (1. egoera) edo tokiko ituna dirulaguntza deialdi honen aurreko urteetan sinatu zen (2. egoera).
Bereizketa horren arrazoia da uste dela itunaren ekintzek ezin dituztela balorazio-irizpide berak izan egoera batean edo bestean.
ZAINKETEN ALDEKO TOKIKO ITUNARI DAGOKION ZENBATEKOA ESKATU DUTENENTZAKO BALORAZIOA | 100 |
ITUNARI ESLEITUTAKO ZENBATEKOA ESKATZEN DU | BAI EZ |
1. egoera: Zainketen aldeko Tokiko Ituna abian jartzeko beharrezkoak diren ekintzak (gehienez 15 puntu) 2. egoera: Ekintzak lotuta egotea Zainketen aldeko Tokiko Itunaren urteko lan-programari (gehienez 15 puntu) | 15 |
1. egoera: Ekintzen berrikuntza, lurraldean aurretik egindako ekintzekiko (gehienez 15 puntu) 2. egoera: Ekintzen berrikuntza, "Zainketen aldeko Itunak" dirulaguntzaren aurreko edizioekin alderatuta (gehienez 15 puntu) | 15 |
Barnean hartzen ditu proposatutako ekintza bakoitzaren garapenean parte hartuko duten erakundeak, elkarteak eta ituneko beste kolektibo batzuk (gehienez 15 puntu) | 15 |
Ekintzek zaintza-lanen banaketa orekatuaren alde egiten dute, eta berekin dakarte inplikatutako pertsona eta eragile guztiek parte har dezaten zaintzan (administrazioa, gizarte zibila, komunitatea, sektore pribatua eta banakako pertsonak) (gehienez 20 puntu) | 20 |
Proiektuak kontuan hartzen ditu zainduen eta zaintzaileen beharrak, eta autozaintza eta autonomia pertsonala errazten ditu (gehienez 15 puntu) | 15 |
Proiektuak zaintzaren zeharkakotasuna sustatzen du toki erakundeko udal alorren artean (gehienez 20 puntu) | 20 |
III. eranskina.–Eskaera eredua.
IV. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria.
V. eranskina.–Justifikazio memoria.
VI. eranskina.–Idazkariaren ziurtagiria (justifikazioa).
VII. eranskina.–Gastuen eredua.
VIII. eranskina.–Enpresaren hautapenaren ziurtagiria.
IX. eranskina.–Genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena.
Iragarkiaren kodea: F2419244
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
