26. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

149E/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 24koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, "Irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntzak EBko politika eta estrategiak zabaltzeko"·izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 805234.

Azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, III. kapituluan xedatzen du Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala. Eskumen horien artean dago, besteak beste, Nafarroan Europar Batasunaren lehentasunei eta ekimenei buruzko informazio publikoko kanpainak egitea. Eskumen hori berariaz esleitzen zaio Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atalari, zeina Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari atxikita baitago.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak proposatu du enpresei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako laguntza-lerro baten deialdia egitea berriz Europako estrategiak eta politikak zabaltzeko, helburua izanik hasitako ildotik jarraitzea, ezagutza handiagoa lortzeko eta, ondorioz, gehiago hurbiltzeko Europako integrazio-prozesua Nafarroako herritarrei, haien inplikazioa eta parte-hartzea errazte aldera. Xede horiek lortzeko, beharrezkoa da 2021-2027 programazio denboraldi honetan lehentasunezko estrategia eta politika europarrei buruzko informazioa gure gizarteko sektore guztien artean zabaltzeko lana sustatzea.

Testuinguru horretan, dirulaguntzen deialdi honen bidez Europar Batasunaren eremuan lehentasunezko gaiei buruzko askotariko komunikazio ekintzak eta zabaltze jarduerak sustatu nahi dira.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Irabazi-asmorik gabeko erakunde eta enpresentzako laguntzak EBko politika eta estrategiak zabaltzeko"·izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira (nolanahi ere, aldaketak egiten ahalko dira jasotzen diren eskaeren arabera):

–25.000 euro, 2025eko gastuen aurrekontuan gaituko den 2024ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidearen kontura: B50003-B5200-4819-145100 partida, "Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko". Gastu hori egiteko baldintza da kreditu aski eta egokia egotea.

–25.000 euro, 2025eko gastuen aurrekontuan gaituko den 2024ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidearen kontura: B50003-B5200-4709-145100 partida, "Enpresentzako laguntzak EBrekin loturiko politikak zabaltzeko". Gastu hori egiteko baldintza da kreditu aski eta egokia egotea.

Onuradun mota bakoitzarentzat baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua besteari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko urriaren 24an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburua.

Foru agindu honetan araututako dirulaguntzen xedea da Nafarroan antolatzen diren dibulgazio jarduerak eta komunikazio ekintzak finantzatzea, haien helburua baldin bada ezagutzak zabaltzea Europar Batasunari buruz, zehazki, 8. oinarrian zehaztutako gaien inguruan.

2.–Finantzaketa.

Deialdiko laguntzek 50.000 euro batzen dute guztira, honako banaketa honi jarraikiz:

–25.000 euro, enpresentzat.

–25.000 euro, irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat.

Onuradun mota bakoitzarentzat baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua besteari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

3.–Erakunde onuradunak.

1. Laguntzen onuradun izan daitezke enpresak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

b) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

c) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

f) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri berariaz uko egiten badio eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak eta egiaztagiriak.

3. Eskaera-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira baldintzak, eta laguntzak eskatzeko epea amaitzean bete beharko dira.

4.–Kontzeptu diruz lagungarriak, aldi diruz lagungarria eta laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntza bat dira, helburu dutenak dibulgazio-jarduerak eta komunikazio-ekintzak egitea Europar Batasunaren lehentasunei buruzko ezagutzak zabaltzeko (8. oinarrian zehaztutakoak).

Laguntzen xedeko proiektuetan (hitzaldiak, topaketak, ponentziak, mahai-inguruak...), aurrez aurre edo online izan, gutxienez hizlari-paneleko pertsona batek Europako eremukoa izan behar du, eta Europaren ikuspegia eman behar dio lantzen ari den gaiari. Pertsona hori Europako instituzio, organismo eta agentzietakoa izan daiteke, edo Europako sareetakoa, elkarteetakoa, beste estatu kide batzuetako Europako proiektuetako partaideetakoa, etab.

Laguntzaren bidez, 4. puntu honetan zehazten diren gastuen %100 lagunduko dira diruz, eta aurrekontu diruz lagungarriaren 5.000 euro emanen dira, gehienez, proiektu bakoitzeko (hau da, diruz lagungarriak ez diren gastuak kontuan izan gabe).

Deialdi honen ondorioetarako, diruz laguntzen ahalko dira proposamenean aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoak diren gastuak, betiere merkatuko prezioekin bat badatoz. Gastu horiek 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira, biak barne.

4.1. Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Behar diren gastuak ekitaldiak antolatzeko eta azterlanak edo jarduerak egiteko, artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten direnak, baldin oinarri hauen 1. artikuluan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte.

Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira erakunde horren ohiko gastuak:

–Mintegiak, txostenak, argitalpenak eta abar egiteko behar diren zerbitzu teknikoak eta profesionalak, edo jarduera gauzatzeko aurreikusitako beste behar batzuk.

–Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Jarduera gauzatzeko behar diren joan-etorriekin lotutako gastuak. Dietek 30 euroko gastu muga izanen dute bazkari, pertsona eta egun bakoitzeko, eta ezin izanen dira metatu. Dietetako gastu gisa onartuko dira hizlariarenak eta haren kortesiazko laguntzaile batenak.

–Ekitaldiak eta/edo jardunaldiak egitearekin loturiko catering gastuak 750 eurokoak izanen dira gehienez, eta aurrekontuaren %15eko muga izanen dute.

Gastu horiek berariaz zehaztuta egonen dira erakunde onuradunek egindako fakturetan.

Ez dira diruz lagungarriak izanen ez langileei dagozkien gastuak, ez finantza gastuak, ezta erakundearen funtzionamendu arruntaren ondoriozkoak ere (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa, etab.), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta bukatuko da, epea mugara iristen den hilaren barnean, argitaratze-egunaren zenbaki bera duen egunean.

b) Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayuda-a-empresas-y-a-entidades-sin-animo-de-lucro-para-la-difusion-de-politicas-y-estrategias-de-la-ue (hemendik aurrera laguntzaren fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

c) Eskaerak egiteko, laguntzaren fitxan dagoen inprimaki espezifikoa erabiliko da. Inprimaki hori behar bezala beteta eta sinatuta egon beharko da. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

d) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran ematen duen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren https://dehu.redsara.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa bakarra, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerari (laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiaren araberakoa betiere) erantsi behar zaion dokumentazioa, agiri bereizietan eskaneatua, eta behar bezala identifikatua, hauxe da:

a) Erakunde eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

–Eskabide orria.

–Erantzukizunpeko adierazpena edo erakunde eskatzailearen ordezkaritzaren egiaztagiria.

–Irabazi-asmorik gabeko erakundeen kasuan, elkartearen edo erakundearen estatutuak.

Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, dirulaguntza jasoko den kontua erregistratu beharko da izapidetzearen esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

Eskaera inprimakian baimenik ematen ez bazaio Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuari datuak egiaztatzeko, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

–Nafarroako Foru Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin egunean dagoela egiaztatzen duten frogagiriak.

b) Jarduera diruz lagungarriari buruzko dokumentazioa:

Jardueraren memoria, 8. oinarrian ezarritako ebaluazio irizpide guztiak nahitaez jasotzen dituena. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta berariazkoa. Laguntza kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen 5.2.a) atalean eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute (dokumentazio horren izena eta zer atal zehatzetan dagoen adierazita).

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokionez, lege hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedaturikoa ere bete beharko da.

Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6.–Antolaketa eta instrukzioa.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari esleitu zaizkio dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Norgehiagokaren araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko prozedura tramitatzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikulua). Horretarako, honako honetan oinarritzen da norgehiagokako prozedura: dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkezten diren eskaerak alderatzen dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, agindu honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza ematen zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez baditu, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

Organo horrek aurkezten den dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela eskatzen ahalko die enpresa eta irabazi-asmorik gabeko erakunde eskatzaileei.

Gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEb) eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa argitzeko edo gehitzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak ebaluatuko ditu aurkezturiko proiektuak, deialdi honen 8. oinarrian zehazten diren irizpideen arabera. Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

Eskaera osorik eta zuzen dagoela eta 1. oinarrian zehaztutako xedearen eta 4. oinarrian ezarritako kontzeptu diruz lagungarrietako baten araberakoa dela egiaztatu ondoren, espedientea ezarritako baremoaren arabera baloratuko da.

Kreditu bat dago erakunde onuradunen mota bakoitzerako, hau da, enpresetarako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeetarako. Onuradun mota bakoitzarentzat baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua besteari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

8.–Jardueraren nahitaezko gaiak, balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

Hauek dira egin beharreko jardueraren nahitaezko gaiak, 2025-2029 aldirako lehentasunezkotzat jo direnak:

–Europako oparotasun eta lehiakortasun jasangarrirako plana:

  • Negozioak erraztea eta merkatu bakarra indartzea.
  • Industria Itun Garbia.
  • Ekonomia zirkularra eta erresilientea.
  • Produktibitatea sustatzea teknologia digitalaren hedapenarekin.
  • Inbertsioei bultzada handia ematea.
  • Gaitasunen eta eskulanaren arloko arrakalak zuzentzea.

–Pertsonei laguntzea eta gure gizarteak eta gizarte eredua indartzea.

  • Justizia soziala ekonomia modernoan.
  • Gure gizarteak bateratzea, gazteei laguntzea.
  • Berdintasunaren Batasuna.

–Gure bizi-kalitateari eustea: elikagaien segurtasuna, ura eta natura.

  • Klima aldaketara egokitzea, prestakuntza eta elkartasuna.

–Gure demokrazia babestea, gure balioak defendatzea.

  • Gure demokraziaren babesa.
  • Zuzenbide estatua indartzea.
  • Herritarrak, demokraziaren erdigunean.

–Europa globala: ahalik eta etekin handiena ateratzea gure ahalmenari eta gure elkarteei.

  • Handitzea manamendu geopolitiko gisa.
  • Gure auzotasunaren ikuspegi estrategikogoa.
  • Kanpo politika ekonomiko berri bat.
  • Multilateralismoa birkonfiguratzea, egungo mundura egokitzeko.

Dokumentu honetan garatu beharreko gaiei buruzko informazio gehiago lortzen ahal da.

Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

1. Eginen den jardueraren deskripzioa (gehienez 50 puntu):

–Jardueraren formulazio argia eta zehatza. Hautatutako gaia identifikatu beharko da, eta jarduerari emanen zaion ikuspegi europarra behar bezala justifikatu. (10 puntu gehienez).

–Jardueraren helburuak eta espero diren emaitzak argi eta zehatz adieraztea (gehienez 10 puntu).

–Xede-audientzia: zenbat bertaratuko diren gutxi gorabehera, haien jatorri soziala, geografikoa, kulturala... (5 puntu gehienez).

–Aurreikusitako parte-hartzaileen ospea: gutxienez pertsona batek Europako eremukoa izan behar du (Europako Batzordea, Europako sareak, Nafarroako kiderik gabeko Europako proiektuak...) (10 puntu gehienez).

–Zabaltze-plana, honako hauek jasoko dituena: aldez aurreko eta aldi bereko komunikazio-kanpaina eta/edo ondokoa (aurreikusitako bitartekoak aipatuz, hala nola sare sozialetako hedapena, mezuen bidalketa masiboa ekitaldiaren berri emateko, prentsako publizitatea, irrati-programetan parte hartzea, talde interesdunekin aldez aurreko bilerak, erakunde akademikoen edo elkarteen lankidetza, besteak beste); ekitaldia online grabatzen eta/edo hedatzen den, eta plataforma batean kontsultatzeko eskuragarri egonen den, doan (gehienez 15 puntu).

2. Aurreko deialdietan laguntzaren onuradun ez izatea (15 puntu).

3. Erakunde eskatzailearen aldez aurreko esperientzia (gehienez 10 puntu):

–Esperientzia eta ibilbidea (gehienez 5 puntu).

–Erakunde eskatzailearen espezializazioa aurkezten diren horien antzeko jardueretan (gehienez 5 puntu).

4. Aurrekontu zenbatetsia (gehienez 15 puntu): aurrekontuaren egokitasuna, koherentzia eta egokitzapena aurreikusitako jarduerak egiteko.

5. Erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa (10 puntu): Erakundean hizkera inklusiboa eta irudi ez-sexistak erabiltzeko berariazko protokolo bat onartzea, aplikatzea, zabaltzea eta erabiltzea, halako moldez non jarduera edo proiektua gauzatzean sortzen diren agiri, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabiliko den, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestuko diren, eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, aniztasunaren, erantzunkidetasunaren eta rol eta genero-identitate pluraltasunaren aldeko irudiak sustatuko diren. Egiaztapena egiteko: Berariazko protokoloaren kopia eta egindako zabalkundearen deskribapen laburra.

Ebaluazioaren ondoren 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Gomendioa: aplikatzen den proiektuetan, hizlarien panelak, ahal den neurrian, presentzia orekatuaren printzipioari erantzun beharko dio; eta hala, emakumeen eta gizonen presentzian osaera orekatua dela ulertuko da baldin eta, dagokion multzoan, sexu bakoitzeko pertsonak ez badira ehuneko hirurogei baino gehiago edo ehuneko berrogei baino gutxiago, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak xedatzen duen bezala.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta adjudikatzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatzen diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta emandako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten erakunde eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, halakorik baldin bada. Gainera, ordezko eskatzaileen zerrenda bat ere jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, onuradunen batek uko eginez gero zerrenda horretara jotzeko. Ordezkapenerako hurrenkeran zerrendatuko diren erakunde horiei dagokienez, diruz lagundu beharreko proiektuak identifikatuko dira, eta norbaitek uko eginez gero bakoitzak lortuko lukeen gehieneko laguntza ere adieraziko da. Dena dela, laguntza hori ez da inoiz ere izanen uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, erakunde eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskaerak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik esanbidez jakinarazi gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

Onuradunen batek uko egiten badio emandako laguntzari, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat ematen ahalko du deialdian aurrekontuko diru erabilgarririk ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu den hurrengo eskatzailearen alde. Kasu horretan, eta ez badago eskatzailerik erakunde onuradunen motetako batean, gelditzen den diru-kopurua erabiltzen ahalko da bestearen zenbatekoa handitzeko, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

10.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, bat etorrita Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. Enpresaren definizioa aipatu erregelamenduaren 4. kontuan hartuzkoak ematen duena izanen da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, onuradunek aitortuko dute, laguntzen eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta, "de minimis" laguntzarik jaso duten deialdiaren aurreko hiru urteetan.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari gutxienez hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraztea aurreikusitako ekintzarako eguna eta programa eta, orobat, baimena ematea zerbitzu horren menpeko Europe Direct Navarra-Nafarroa informazio-zentroaren erakustoki bat jartzeko.

11.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, tramiteen katalogoaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betez (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebeharrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoarekin bat, erakunde onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da erakunde onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu eta espresuki kontra agertzen badira eskaeraren berariazko inprimakian; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

11.4. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari jakinaraztea, gehienez 10 egun balioduneko epean dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarririko epeak bete.

11.5. Deialdi honetan diruz lagundutako programa egiteko erabili beharko da dirulaguntza, ez beste edozertarako.

11.6. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

Egindako jarduketen justifikazioa 2025eko azaroaren 7a baino beranduago aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11.7. Dirulaguntza jasotzen duen ekintzaren gaineko informazio eta publizitate guztietan (liburuxkak, programak, bideoak, web-orriak, sare sozialak...) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak diruz laguntzen duela adierazi beharko da. Betebehar hori Europe Direct Navarra-Nafarroa logoa sartuta beteko da.

11.8. Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko dute, eta begiratuko dute berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

11.9. Jasotako funtsak justifikatzen dituzten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren artean.

11.10. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza guztia bukaeran ordainduko da, hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea bukatutakoan. 2025eko azaroaren 7 bitartean, egun hori barne dela, eskatzaileek diruz lagunduriko proiektuaren memoria ekonomikoa eta jardueretakoa aurkeztu behar dute, deialdi honen oinarrietan ezarririko moduan, onartu eta ziurtatu ondoren aurkezturiko dokumentazioa gauzatu den jarduerari dagokiola.

Dirulaguntza ordaintzeari begira, justifikazioak aurkezteko epea bukatu baino lehen ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat, hau da, 2025eko azaroaren 7ra arte ordaindutakoa.

Justifikatzeko modua:

a) Diruz lagundutako jarduerak egin ondoren, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2025eko azaroaren 7an beranduenez:

–Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria xehatua, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne. Memoria horrek dokumentu base bat izanen du, honako honekin: sortutako entregatzekoak, argazkiak, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duten beste edozein.

–11.7 oinarrian adierazitako publizitate betebeharra bete dela frogatzen duten agiriak.

–Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak, halakorik balego (norberaren diru-sarrerak nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak.

–Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek gastuen zerrenda jasoko duen taula bat prestatu beharko dute, deialdi honen 4. oinarrian adierazitako tipologien arabera.

b) Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZa kanpo); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea (BEZa kanpo) eta ordainketa-data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren.

c) Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (Excel) bidaliko da eta, horrekin batera, fitxategi digitalizatu bat (pdf formatuan edo antzekoan) aurkeztuko da, fakturak edo gastuak frogatzeko balio bera duten bestelako dokumentuak bilduko dituena.

d) Fakturak eta gastuen gainontzeko justifikazio-dokumentuak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira (1, 2, 3... dokumentuak), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean aurkeztu beharko dira. Gastua justifikatzen duen faktura edo agiri bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

13.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote erakunde onuradunek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari, hark baimendu behar baititu.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Funtsezkotzat hartzen diren aldaketen kasuan, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak behar den ebazpena emanen du. Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.

14.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, erakunde onuradunak egin asmo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Dirulaguntzaren itzulketa.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

17.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F2419159