258. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Ordenantza fiskala, Lurraren kontribuzioa arautzen duena 2026rako. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2025eko irailaren 25ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen lurraren kontribuzioa arautzen duen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 205. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 14an.

Jendaurreko aldian aurkezturiko alegazioak osoko bilkuran ebatzi ziren, 2025eko azaroaren 27an. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Zizur Nagusian, 2025eko azaroaren 28an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ORDENANTZA FISKALA, LURRAREN KONTRIBUZIOA ARAUTZEN DUENA

1 artikulua. Izaera.

Lurraren kontribuzioa zuzeneko tributu erreal bat da, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133.etik 145.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2 artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako; hain zuzen, I. eranskinean ageri dena.

3 artikulua. Hobariak.

Honako hauentzako hobariak: familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat edo gurasobakartasun egoeran dauden familientzat eta kotizazio gabeko pentsioak, errenta bermatukoak edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerakoak jasotzen dituztenentzat.

Zergaren kuotaren %90 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza denean ohiko bizilekua familia ugari baten edo guraso bakarreko familia baten titular diren subjektu pasiboentzat, edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titular direnentzat. Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari. Hobari horren ondorioetarako, ohiko bizilekutzat hartuko da erroldako etxebizitza, hori izanik hobariaren xedea.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren hartzaile direnei edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzaile direnei.

Hobari hau aplikatzeko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak). Muga hori gainditu gabe, tarte eta ehuneko hauek ezartzen dira hobarirako, errentaren arabera:

ERRENTA TARTEAK FAMILIA-UNITATEKO

HOBARIAREN EHUNEKOA

< LGSa halako 1 (lanbide arteko gutxieneko soldata)

%90

LGSa halako 1 eta halako 2 artean

%60

LGSa halako 2 eta halako 3 artean

% 20

Betiere, familia-unitatearen per capita errenta ez da izaten ahalko 20.000 eurotik gorakoa.

Errenta-tarteen araberako aurreko hobari-ehunekoak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan, baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga). Hobaria kalkulatzeko, aintzat hartuko da indarrean den PFEZaren gaineko araudian xedatutako familia-unitatea.

Kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da zerga sortzean indarrean dagoena.

Hobaria erreguzkoa da, eta zerga-hobariaren titularrak higiezin batean bakarrik aplikatzen ahalko du. Hobaria zer ekitalditarako eman den, ekitaldi horretan soilik izanen du balioa, eta eskatu beharko da dagokion zergaldiaren urtarrilaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean, nahitaez aurkeztuta honako agiri hauek:

–Ohiko bizilekua den etxebizitzarako hobaria familia ugari baten edo guraso bakarreko familia baten titular diren subjektu pasiboentzat, edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titular direnentzat:

a) Eskabidea, sinatuta.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, edo guraso bakarreko familia batena edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia batena.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

–Ohiko bizilekua den etxebizitzarako hobaria kotizazio gabeko pentsioak dituzten edo errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera hartzen duten subjektu pasiboentzat:

a) Eskabidea, sinatuta.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

Epez kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.

Erroldatutako ohiko etxebizitzaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria jasotzeko eskubidea galtzea hurrengo zergaldirako, eta higiezin berrirako eskatu beharko da, egokitzen ahal bazaio.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Aurreko artikuluetan arauturiko hobariak aplikatzeko baldintza izanen da subjektu pasiboek egunean izatea Zizur Nagusiko Udalarekiko zerga-betebeharrak.

4 artikulua. Kuota osoa.

Zerga honen kuota osoa izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, behin testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

–Karga-tasa: %0,2563 urtean.

Iragarkiaren kodea: L2515785