258. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Ordenantza, hobariak arautzen dituena lur-ondasunen gaineko kontribuzioan. Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2025eko azaroaren 12an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, hobariak arautzen dituena Galarko Udalaren lur-ondasunen gaineko kontribuzioan.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 228. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 14an.

Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

ORDENANTZA FISKALA, HOBARIAK ARAUTZEN DITUENA GALARKO UDALAREN LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAN

ATARIKOA

Galarko Udalak, ordenantza fiskal honen bidez, lur-ondasunen gaineko kontribuzioari aplikatzekoak zaizkion hobariak ezartzen ditu, horretarako baliatuz honako xedapen hauetan aitortuta dituen ahalmenak arauak emateko eta zergak ezartzeko: Espainiako Konstituzioaren 133. artikulua eta Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. artikulua. Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean.

Arau honen xedea da udal-esparruan garatzea foru-legedian ezarrita dauden onura fiskalak, bultzatu beharrez urbanizazioari, eraikuntzari eta higiezinen sustapenari lotutako jarduera ekonomikoa eta erantzun beharrez zerga justiziari eta elkartasunari. Horretarako, bada, zerga-onurak aplikatuko zaizkie familia ugariei, familia gurasobakarrei edo gurasobakartasun egoeran daudenei eta baliabide ekonomiko gutxiko kolektiboei.

Horiek horrela, Galarko Udalak, 2025eko azaroaren 13an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

ORDENANTZA

1. artikulua. Hobariak.

1.Urbanizazioa, eraikuntza eta higiezinen sustapena.

1. Zergaren kuotan %90eko hobaria izanen dute urbanizazioko, eraikuntzako eta higiezinen sustapeneko enpresen jardueraren xede diren higiezinek, baldin eta ez badaude ibilgetuko ondasunen artean.

2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako onurei buruzko erabakiak hartuko dira alderdi batek eskatuta.

3. Hobariaz gozatzeko epeak barnean hartuko du urbanizazio- edo eraikuntza-denbora, eta urtebete gehiago obrak bukatzen direnetik aurrera; epe hori ezin izanen da hiru urtetik gorakoa izan, urbanizazio- eta eraikuntza-obrak hasten direnetik aurrera.

2.–Familia ugariak, familia gurasobakarrak edo gurasobakartasun egoeran daudenak.

1. Zergaren kuotaren %90 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza denean ohiko bizilekua familia ugariaren edo familia gurasobakarraren titular diren subjektu pasiboentzat edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboentzat.

Hobaria aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari.

2. Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren hartzaile direnei edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzaile direnei.

3. Subjektu pasiboaren errentak (salbuetsiak bazter utzirik) ez dira izanen lanbide arteko gutxieneko soldataren halako lau baino handiagoak.

4. Hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko balorazio txosten osoaren onespena edo azken berrikuspena izatea aurreko bost urteko epean egina, gehienez ere.

5. Nolanahi ere, hobariaren onuradun izateko, Galarko Udalean erroldatuta egon beharko dute eskaera egiten den urteko urtarrilaren 1a baino urtebete lehenagotik gutxienez.

3.–Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa:

PER CAPITA ERRENTAREN ARABERAKO TARTEA (euroak)

HOBARIA
(%)

< 6.000,00 euro

%90

6000,01 - 7.000,00 euro

%70

7.000,01 - 8.000,00 euro

%50

8.000,01 - 10.000,00 euro

%30

10.000,01 - 12.000,00 euro

%15

4.–Errenta zehaztea eta aplikatzeko baldintzak:

1. Per capita errenta kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan. Horretarako batuko dira zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak. Edo, bestela, errenta aitorpeneko 507, 8810 eta 8808 laukiak batu eta 708 laukiko zenbatekoa kenduko da, eta ateratzen dena zatituko da familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaz.

2. Hobari hau erreguzkoa da, eta soilik aplikatuko zaio titular bakoitzeko higiezin bati.

3. Hobaria zer ekitalditan eskatzen den, ekitaldi horretatik aurrera aplikatuko da. Horretarako, hobaria jasotzeko baldintzak bete beharko dira zergaren sortzapen egunean eta eskaera aurkezten den uneko urteko apirilaren 1a baino lehen.

4. Familia-unitateko kide guztiek egon beharko dute erroldatuta hobaria jasoko duen etxebizitzan.

5.–Aurkeztu beharreko agiriak:

a. Familia ugariak, familia gurasobakarrak edo gurasobakartasun egoeran daudenak:

1. Eskabidea, sinatuta, adieraziz etxebizitza familiaren ohiko bizilekua dela.

2. Familia ugaria edo familia gurasobakarra dela frogatzen duen agiri, titulu edo txartel ofiziala.

3. Familia-unitateko kide guztien PFEZaren azken aitorpenaren kopia edo hura aurkezteko obligaziorik ez dutela egiaztatzen duen agiria.

Halakorik ezean, familiaren diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena, frogagiriek lagunduta.

4. Erroldatze-ziurtagiria (urtebeteko antzinatasunarekin, gutxienez).

b. Kotizazio gabeko pentsioen, errenta bermatuaren edo gutxieneko diru-sarreren hartzaileak:

1. Eskabidea, etxebizitzaren katastroko erreferentzia adierazita.

2. PFEZaren azken aitorpenaren kopia edo hura aurkezteko obligaziorik ez dutela egiaztatzen duen agiria.

3. Erroldatze-ziurtagiria (urtebeteko antzinatasunarekin, gutxienez).

6.–Beste xedapen batzuk:

1. Ez dira aurkeztu beharko jada aurkeztutako agiriak beste udal-prozedura batzuetan. Kasu horretan, nahikoa izanen da zer espedientetan dauden adieraztea.

2. Ohiko bizilekua aldatuz gero, hobarirako eskubidea galduko da. Higiezin berrirako hobaria nahi izanez gero, berriro eskatu beharko da, zergaldia hasi aurretik.

3. Hurrengo ekitaldietan ere hobariari eusteko, agiri eguneratuak (PFEZa edo zinpeko adierazpena) aurkeztu beharko dira uneko urtearen apirilaren 1a baino lehen.

4. Onuradunak behartuta daude baldintzak betetzeari eragiten dion aldaketa oro komunikatzera.

5. Ezin izanen da zorrik eduki Udalarekin.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu 2026ko urtarrilaren 1ean, eta indarrean egonen da berariaz aldatu edo indargabetu arte.

Ordenantza hau partez aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean jarraituko dute.

1. ERANSKINA

Karga-tasa hau ezartzen da 2026. ekitaldirako: %0,215.

Getze Galarren, 2025eko abenduaren 18an.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

Iragarkiaren kodea: L2516695