258. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

121/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 11koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 150/2022 Foru Agindua. Haren bidez onetsi zen 369 eredua, "Balio erantsiaren gaineko zerga. Autolikidazioa, subjektu pasibo ez diren pertsonei zerbitzuak ematen dizkieten, ondasunen urruneko salmentak egiten dituzten eta barneko ondasun-entrega jakin batzuk egiten dituzten subjektu pasiboei aplika dakizkiekeen araubide bereziena" izenekoa.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeak leihatila bakarreko araubide berezi batzuk arautzen ditu VIII. tituluaren XI. kapituluan, enpresaburu eta profesionalek baliatu ditzaketenak Erkidegoan establezimendua duten azken kontsumitzaileen alde egindako ondasun-entrega eta zerbitzu-prestazioengatik sortutako BEZaren aitorpena eta likidazioa egiteko. Oro har, eragiketak zergari atxikita geratzen diren Europar Batasuneko estatuan establezimendurik ez dutenek baliatzen dituzte araubideok.

Leihatila bakarreko sistema horretan honako araubide hauek daude sartuta: Batasunaren kanpo araubidea (EUOSS), Batasunaren araubidea (USOS) eta inportazio araubidea (IOSS). Sistema horren bidez, enpresaburuek edo profesionalek autolikidazio bakarraren bitartez egin dezakete Erkidegoan (kontsumoko estatu kideetan) egindako eragiketa guztiengatik sortutako BEZaren sarrera. Autolikidazio hori bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dute, aukeratu duten edo aplikatzekoa zaien Europar Batasuneko estatuko zerga administrazioari zuzendua (identifikazioko estatu kidea).

Azaldutako araubide horiek abian jarri ahal izateko, abenduaren 30eko 150/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi zen 369 eredua, "Balio erantsiaren gaineko zerga. Autolikidazioa, subjektu pasibo ez diren pertsonei zerbitzuak ematen dizkieten, ondasunen urruneko salmentak egiten dituzten eta barneko ondasun-entrega jakin batzuk egiten dituzten subjektu pasiboei aplika dakizkiekeen araubide bereziena" izenekoa.

Foru agindu horretan, zenbait bide ezarri ziren autolikidazioaren sarrera egiteko: ordainketa telematikoa, banku-helbideratzea, banku-transferentzia eta ordainketa-gutuna.

Hala ere, denbora pasata atzeman da helbideratze bidezko ordainketa ez dela egokia. Helbideratutako ordainketek gainerako ordainketa bideetarako oro har ezarritako epeak baino luzeagoak dituzte, eta horren ondorioz, eredu honi dagokionez, epe barnean egindako sarrerak epez kanpo egindakotzat jo ditzakete, oker jo ere, beste zerga administrazio batzuek.

Horrenbestez, foru agindu honen bidez aldatzen dira 369 eredurako ordainketa moduak, zeinak arauturik baitaude abenduaren 30eko 150/2022 Foru Aginduaren 8. artikuluan, eta, orobat, 369 eredua kentzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduaren eranskinetik. Foru agindu horren bidez hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Horregatik guztiagatik, eta bat etorriz uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 25. artikuluan emandako gaikuntzarekin,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 150/2022 Foru Agindua. Haren bidez onetsi zen 369 eredua, "Balio erantsiaren gaineko zerga. Autolikidazioa, subjektu pasibo ez diren pertsonei zerbitzuak ematen dizkieten, ondasunen urruneko salmentak egiten dituzten eta barneko ondasun-entrega jakin batzuk egiten dituzten subjektu pasiboei aplika dakizkiekeen araubide bereziena" izenekoa.

150/2022 Foru Aginduaren 8. artikulua aldatzen da. Aurrerantzean honela idatziko da:

"8. artikulua. 369 ereduaren ordainketarako prozedura.

Aurkezpena egin ondotik, eredua aurkezteko web zerbitzuak aukera emanen du autolikidazioaren ondoriozko zorraren sarrera egiteko, eta horretarako ordaintzeko aukera hauek emanen ditu:

a) Ordainketa telematikoaren bidez, web inprimakia bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketa jarraibideak betez.

Diru-sarrera egin ondoren, sistemak aukera emanen du ordainagiria inprimatzeko, eta bertan ordainketa data agertuko da.

b) Banku-transferentziaren bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 145/2022 Foru Aginduan xedatutako baldintzetan. Foru agindu horrek zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen ditu.

c) Ordainketa-gutun bat lortuta (502 eredua 369U aitorpenerako edo 503 eredua 369I aitorpenerako), Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein gordailu-erakundetan sarrera egiteko."

Azken xedapen bakarra. Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

51/2024 Foru Aginduaren eranskinetik kentzen da 369 eredua, "Balio erantsiaren gaineko zerga. Autolikidazioa, subjektu pasibo ez diren pertsonei zerbitzuak ematen dizkieten, ondasunen urruneko salmentak egiten dituzten eta barneko ondasun-entrega jakin batzuk egiten dituzten subjektu pasiboei aplika dakizkiekeen araubide bereziena" izenekoa. Izan ere, eranskin horretan ezartzen da zein eredutarako balia daitekeen banku-helbideratzearen bidezko ordainketa.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatuko zaie 2026ko urtarrilaren 1etik aitzina aurkeztu beharreko 369 ereduko aitorpenei.

Iruñean, 2025eko abenduaren 11n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2516397