258. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARITZUKO KONTZEJUA

Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin behiko onespena

Aritzuko Kontzejuko Batzarrak, 2025eko maiatzaren 22an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Aritzuko Kontzejuko (Anue) herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2025eko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 24an, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aritzun, 2025eko irailaren 24an.–Kontzejuko burua, Eneko Iraizoz Cía.

ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Aritzuko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, herri-ondasunei buruzko ordenantza hau, eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Aritzuko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Aritzuko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Aritzuko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Aritzuko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Horretarako, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Aritzuko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Aritzuko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Aritzuko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Aritzuko Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Aritzuko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Aritzuko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, azkendu nahi baditu baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Aritzuko Kontzejuak, herri-lurrei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Aritzuko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Aritzuko Kontzejuak, ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantza honek:

a) Herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Epaitzen aprobetxamendua.

d) Produktu naturalen aprobetxamendua.

e) Hiriko herri-lurraren aprobetxamendua.

f) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Aritzuko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

Herri-ondasunen aprobetxamendua eginen da kontuan hartuta baliabide natural berriztagarriak direla, eta bateragarri eginen dira haien erabilera arrazoizkoa eta zaintza egokia.

16. artikulua.

Orokorrean, Aritzuko Kontzejuaren herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Aritzuko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez ere bi urte lehenagotik.

c) Bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

d) Udal honekin dituen zerga-betebeharrak egunean izatea.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3.–Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Aritzuko Kontzejuko Osoko Bilkurak, Herri-lurren Batzordeak, behar denean, txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA.–HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

17. artikulua. Herri-lurren aprobetxamenduak izan daitezke laborantzarako edo aziendaren larreetarako. Hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan adjudikatzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Aritzuko Kontzejuak laborantzarako edo aziendaren larreetarako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK

18. artikulua.

Herri-larreen adjudikazioan, nekazaritza, abeltzaintza eta gizarte arloko irizpideak erabiliko dira.

1. Lehentasuna emanen zaie nagusiki abeltzaintzan eta nekazaritzan aritzen diren eta Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren Araubide Berezian alta emanda ari diren abeltzain eta nekazariei eta indarra duen foru legeriaren arabera lehentasunezkotzat jotzen diren ustiategiei. Baita nekazaritza sektorean sartu diren abeltzain eta nekazari gazteei ere.

2. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateetako titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

3. Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kide horietako bakoitzeko kontuan hartu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.

4. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zerga-kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

19. artikulua. Asko badira herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendurako ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Aritzuko Kontzejuak, aurretiaz Nafarroako Gobernuaren baimena izanik, ordenantza honen 18. artikuluan jasoriko faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Kontzejuak herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamenduaren epea ez da zortzi urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laborantzak badira, eta Kontzejuak baimendu ondoan, epe hori laborearen urte onuragarriak bukatu arte luzatzen ahalko da.

21. artikulua. Nekazaritza Politika Erkidea betetzeko behar den larre azalera baino ez da adjudikatuko, eta beteko dira indarrean dagoen araudian ezartzen diren azienda kargari buruzko xedapenak.

Herri-azaleraren banaketa ustiategi bakoitzaren azienda kargaren arabera eginen da. Horretarako, aziendaren errolda eskatuko da eta bakoitzari dagozkion AzLUen arabera kalkulatuko da.

22. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua eta lagapena. Honi dagokionez, ulertuko da herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen, baldin familia-unitateko titularrek beren aziendaren baja ematen badute dagokien udalerriko Aziendaburuen Katastroan eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.

23. artikulua. Aritzuko Udalak ahalmena izanen du herri-larreen aprobetxamenduan esku hartzeko, osoko bilkuran hala erabakita, herri-lurra defendatzeko eta behar bezala erabil dadin, honako hauekin lotuta: artzaintza aldia, azienda karga edo ondasun horietan eragina duen beste edozein alderdi.

24. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, dioena betetzen dituela 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak (Abereen Osasunari buruzko Foru Legea), bai eta horrekin bat datorren araudi aplikagarria ere, edo hura ordezten duena.

25. artikulua. Debeku da larreetan zerriak sartzea.

26. artikulua.

Herri-lurzatien onuradunek kanon bat ordaindu beharko dute aprobetxamendu modu honetan. Barne-araudian jasotakoa izanen da.

1. Herri-larreen onuradunek kanon bat ordaindu beharko dute larreen aprobetxamenduagatik, onuradunak nekazaritza eta abeltzaintzako jardueran bakarrik aritzen direnean. Barne-araudian jasotakoa izanen da.

Kontzejuak beste kanon bat ezartzen ahalko du bigarren mailako jarduera edo jarduera osagarria egiten duten onuradunentzat.

2. Epe bakarrean ordaindu behar da urteko kanonaren zenbatekoa.

3. Aritzuko Kontzejuak x euroko kanona jasoko du hektareako, herri-larreen aprobetxamenduari buruz ematen duen ziurtagiri bakoitzeko, Nekazaritza Politika Erkidea bete behar dutenentzat.

Kanon hori barne-araudian jasoko da, eta urtero aldatzen ahalko da.

27. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere hartuko da norberak zuzenean landutzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 16. artikuluan adierazitako baldintzak.

Lurzatiak aziendaren larreetarako erabiliz gero, lurzatien onuradunen izenean erroldatutako azienda bakarrik bazkatu ahal izanen da horietan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 25. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

28. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu herri-lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kendu eginen zaizkie, adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Kontzejuaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

29. artikulua. Aritzuko Kontzejuak edozein unetan egin ahalko ditu komenigarritzat jotzen dituen egiaztapenak, ziurtatzeko lurzatiak onuradunak berak zuzenean lantzen dituela eta larreetan onuradunen izenean erroldatutako azienda bazkatzen dela.

Honako kasu hauetan, ulertuko da ez dela lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustez, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzea, jarraikiz ordenantza honen 26., 27. eta 28. artikuluei.

c) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak aurkezteko errekerimendua jaso, eta ez aurkeztea agindutako epean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzea (horiek denak, onuradunek berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak).

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan ematen zaizkienean.

2. ATALA.–HERRITARRENTZAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK

30. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten edo beren izenean erroldatutako aziendaren larreetarako erabiltzen ez dituen lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren herritarren artean.

31. artikulua. Kontzejuak lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren zehaztuko du herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.

32. artikulua. Adjudikatzeko aldia 20. artikuluan ezarritako berbera da.

33. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek kanon bat ordaindu beharko dute aprobetxamendu mota honengatik. Barne-araubidean jasotakoa izanen da.

Zenbateko hori proposaturiko kanonari dagokio, eta urtero eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera.

34. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, bete beharko du 27., 28. eta 29. artikuluetan xedatua.

Lurzatien adjudikaziodunen izenean erroldatutako aziendak aprobetxatuko du larrea.

35. artikulua. Kontzejuak beretzat gordeko du laborantzarako edo aziendaren larreetarako azalera bat, gehienez herri-lurren azaleraren %2, onuradun berriei adjudikatzeko.

Azalera hori zuzeneko adjudikazio bidez emanen da, behar den eperako. Epe hori bukatuko da banaketa berri bat egiten denean.

36. artikulua. Aurkeztutako eskaera kopuruak lurren eskaintza gainditzen badu, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, ezetsi eginen dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraikiko zaie ordenantza honen 18 artikuluan ezarritako irizpide berei.

37. artikulua. Aritzuko Kontzejuak baratzeak uzten ahalko dizkie halaxe nahi duten familia-unitateen titularrei, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da izanen landa-lurren jabea, ezta herri-lurretako beste lote baten onuraduna ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertssionalki landuko da 27., 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Adjudikazioa bost urterako izanen da.

d) Kanona barne-araubidean jasotakoa izanen da, eta urterako eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera.

3. ATALA.–KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA

38. artikulua. Aritzuko Kontzejuak, baldin laborantzako lurrik soberan baldin bada lehen eta bigarren ataletako prozedurak aplikatu ondoren, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak finkatuko du erregu bakoitzaren hasierako prezioa. Barne-araudian zehaztutakoaren araberakoa izanen da, eta kopuruak urtero eguneratuko dira, nekazaritzako KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako edo lareetarako lurra sobera gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

39. artikulua. Aritzuko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, eta ediktua jarrita Kontzejuaren iragarki-taulan, hamar eguneko epea irekiko da, herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek.

40. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazio bat:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez bi urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Egunean izatea udal honekiko betebehar fiskalak.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak kontzeju honetan eta beste batzuetan jabetzan dituen erregu kopuruari buruzkoa.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai kontzeju-mugarte honetan, bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Aritzuko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatu beharrez; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18. artikuluan zehazten den bezala.

41. artikulua. Behar denean herri-lurren Batzordeak proposaturik, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzean, hots, herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioan eta zuzeneko adjudikazioan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

42. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda, 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa izanen da.

43. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

44. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateetako titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritakoaren araberako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

Herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Aritzuko Kontzejuak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 31. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, hamabost egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

45. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako eta larreetarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARRE LIBREEN APROBETXAMENDUA

46. artikulua. III. kapitulu honetan aurreikusten diren larre libreen (larre hesitu gabeak) aprobetxamendua ordenantza honen IV. tituluko II. kapituluan (larre hesituak) aurreikusitakoez bestelako herri-lurretan eginen da.

47. artikulua. Aritzuko Kontzejuaren herri-larre horiek aprobetxatzeko, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa baliatuko da.

48. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, azienda alta emanda eduki behar dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abereen Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

49. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.

50. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

51. artikulua. Kontzejuak urtero baimendutako animalia kopurua (AzLU) bakarrik bazkatzen ahalko da.

Larrea berritzen dela ziurtatzeko, Kontzejuak bazkatze guneak eta aldiak ezarriko ditu, eta horiek urtero berrikusiko dira.

52. artikulua. Aritzuko Kontzejuak kanon bat zehaztuko du ganadu mota bakoitzerako, barne-araudiaren arabera.

AZIENDA MOTA

AZIENDA LARRIKO UNITATEA (AzLU)

Behor azienda, sei hilabetetik gorakoa

1

Behi azienda, bi urtetik beherakoa

0,5

Behi azienda, bi urtetik gorakoa

1

Ardi eta ahuntz azienda

0,1

53. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, egokitzeko, biziaren kostuak dituen gorabeheren arabera, kontuan hartuz Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPIa).

54. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.

55. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak ziurtagiri bat behar du, honakoa egiaztatzen duena: Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela. Aipatu Foru Legean eta haren Erregelamenduetan zehaztutako baldintza guztiak bete beharko dira.

56. artikulua. Prozedura.–Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 10 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek eska dezaten larreen adjudikazioa.

57. artikulua. Adjudikazioa Kontzejuak eginen du behin-behinean, eta lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

58. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

IV. KAPITULUA.–EPAITZEN APROBETXAMENDUA

59. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Aritzuko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie hala eskatzen duten familia-unitateei, betiere haien titularrek ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta, gainera, aurreko urteetako epaitzen kuotak ordainduta badituzte.

Gainera, Iruxabal sozietatea eta kontzeju-etxebizitzan bizi dena epaitzen aprobetxamenduaren onuradunak izaten ahalko dira erroldatuta ez badaude ere, aurrez eskaera egiten badiote Aritzuko Kontzejuari.

Halaber izaten ahalko dira epaitzen onuradunak behar guztiei erantzuteko adina epaitza daudenean.

60. artikulua. Aritzuko Kontzejuak urtero ezarriko du adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

61. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

62. artikulua. Egurra banatzerakoan, Aritzuko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

63. artikulua. Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Aritzuko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan agertzen den bezala.

Epaitzen banaketa zozketa publiko bidez eginen da.

64. artikulua. Kanon bat ordaindu beharko da epaitzen aprobetxamenduarengatik. Aritzuko Kontzejuak, urtero, aurrekontu arruntean zehaztutakoa izanen da.

Kanon bat ordaindu beharko da epaitzen aprobetxamenduarengatik. Aritzuko Kontzejuak zehaztutakoa izanen da.

65. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzen egurra aprobetxatzeko, baldintzak bete beharko dira, eta izapide hauek egin:

a) Arrazoi naturalak tarteko zuhaitzak erori direla jakiten den unean, jakinarazi eginen zaie kontzejuko lehendakariari eta basozainei. Basozainek zuhaitza non erori den markatu eta adieraziko diote Kontzejuari, gero aprobetxatzeko.

b) Kontzejuak enkantean jarriko ditu eta hasierako prezioa basozainak ezartzen duena izanen da.

Arrazoi naturalak tarteko eroritako zuhaitzen egurra aprobetxatzeko kontzesioak ez dira kontuan hartuko epaitzen aprobetxamendu gisa.

66. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko basozainek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

V. KAPITULUA.–PRODUKTU NATURALEN APROBETXAMENDUA

67. artikulua. Aritzuko Kontzejuaren herri-lurretako basafruitu (patxaranak, gaztainak, masustak, intxaurrak...), landare aromatiko, sendabelar, onddo eta perretxikoen aprobetxamendua honako onuradun hauei dagokie:

a) Bizilagun erroldatuak eta bertakoak.

b) Aritzuko kontzeju-mugarteko hiri- eta landa-finken jabeak.

c) Herriko seme-alabak.

68. artikulua. Produktu naturalak norberaren kontsumorako bilduko dira, eta ezin izanen dira saldu, gainerako herritarrentzako herri-lurren aprobetxamenduen kasuan bezala.

VI. KAPITULUA.–LANDABIDE PUBLIKOEN ERABILERA

69. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek arautzen du, indarrean dagoen araudiarekin bat, Aritzuko mugarteko landabide publikoen sarearen erabilera.

70. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Aritzuko Kontzejuko landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. Bi metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Pista nagusia, baserrien ingurura eramaten duena (Gaztainadi ingurua): gehienbat bizilagun talde batek erabiltzen ditu, beren etxeetara joateko edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietara joateko.

b) Baserrietako bideak, gehienetan aurreko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek erabiltzen dituztenak, sartzeko baserrietan eta haien inguruko ustiategietan.

c) Pista nagusiak, normalean herri-basoaren gainean mugarrien lerrotik kanpora egoten direnak, eta erabiltzen direnak mendi alde handietara iristeko. Erabilera asko izaten dituzte, hala nola basogintza, abeltzaintza, turismoa eta/edo ehiza.

d) Bigarren mailako pistak: herri-basoetan egoten dira, sare nagusiaren osagarri, eta aukera ematen dute iristeko mendietara, basoberritze-eremuetara, belardietara eta bestetara.

e) Egurra ateratzeko bide eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, egurra ateratzea batik bat, edo norbanakoen lursailetan sartzea. Horietako asko noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta luzaroan egoten dira ibilgailuak sartu ezin direla.

2. Bide meharrak, 2 metrotik beherako zabalera dutenak.

a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, barne direla lasterbideak, turismorako bidexkak eta GRak.

71. artikulua. Ibilgailu motordunez zirkulatzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin eta jarduera zinegetikoekin. Bai eta baserrien ingururako sarbidetik aurrera ere.

Pista eta bideetarako sarbideak debekatuta egonen dira beti jendea bizi den azken etxebizitzatik aurrera.

72. artikulua. Auzoetako bideetan eta baserrietako bideetan zirkulatzeko baimen orokorra.

Lehenengo bi bide motetarako –71. artikuluaren 1. zenbakiaren a) eta b) apartatuak– baimentzen da motozikletak eta ibilgailu motordunak libre ibiltzea.

73. artikulua. Jendea bizi den azken etxebizitzatik aurrerako gainerako pista- eta bide-zatietan zirkulatzeko baimen orokorra.

Debeku da oro har ibilgailu motordunak eta motozikletak sartzea, baimena dutenak izan ezik (baimenak, pegatinak...).

Baimen edo pegatina horietarako eskubidea izanen dute honako baldintza hauek betetzen dituztenek:

–Aritzuko kontzeju-mugartean etxebizitza baten edo lurraren jabea izatea.

–San Humberto ehiztarien elkarteko bazkide izatea (ehiza-egunean eta ehiza-modalitate justifikatuan soilik).

–Zirkulazio-zerga ordaintzea udalean.

–Erroldatuak eta bertakoak.

–Aritzuko Kontzejuak ezartzen dituenak herriarekiko lotura bereziaren irizpideei jarraituz.

74. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Aritzuko Kontzejuko gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin, jarduera zinegetikoekin edo behar bezala baimendutako beste batzuekin.

75. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Kontzejuak emanen du Aritzuko Kontzejuko pista eta bideetan barna ibiltzeko baimena.

Baimenak izaten ahal dira denbora tarte baterako eta alde jakin batzuetan ibiltzeko.

76. artikulua. Zuraren aprobetxamenduak garraiatzea.

Zuraren aprobetxamenduen kasuan, adjudikazioduna behartua egonen da fidantza bat uztera, pistetan haren ondorioz eragiten ahal diren kalte-galeren ordaina bermatzeko adinakoa.

77. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

78. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Gehieneko abiadura orduko 30 kilometrokoa izanen da.

79. artikulua. Abiadura egokia, pisten egoeraren eta inguruabarren arabera. Istripu arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, bai eta azienda lokabea hurbil dabilenean eta oinezkoak agertzean ere, edo eguraldi idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

80. artikulua. Jarduera debekatuak.

Berariaz debeku dira lehiaketak, lasterketak eta gidatzeko modu bortitz guztiak, arriskutsuak badira paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat.

81. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileak pistetan berek eraginiko kalteen erantzule izanen dira.

82. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustea izanen da.

83. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; isunaren zenbatekoak ez du gaindituko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan edo hura ordezten duen araudian ezarritakoa.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

II. KAPITULUA.–HIRIKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

84. artikulua. Etxebizitzaren edo lursail partikularren alboko herri-lurrak erabiltzen ari diren herritarrek behar den baimen eskatu behar diote Aritzuko Kontzejuari, eta adierazi beharko diote zenbat metro okupatzen dituzten eta lurrak zertarako erabiltzen dituzten.

85. artikulua. Aritzuko Kontzejuak berariaz baimendu beharko du herri-lurren aprobetxamendua eta, ondoren, jendaurrean jarriko, gainerako aprobetxamenduak bezala.

86. artikulua. Herritarrek aprobetxatutako herri-lurren erregistro bat eginen da; zortzi urtez behin eguneratuko da.

87. artikulua. Kanon bat ordaindu beharko da etxebizitzaren edo lursail partikularren alboko herri-lurren aprobetxamenduagatik. Barne-araudian zehaztutakoa izanen da.

88. artikulua. Isuriei dagokienez, indarrean dagoen legedia bete beharko da.

VIII. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

89. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei edo indarrean dagoen legediari jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

Gainera, uxaldi lekuaren berri eman beharko da herriko WhatsApp taldean.

90. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Aritzuko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

91. artikulua. Erabat debeku da harrobiak ustiatzea eta edozein meatze-jarduera egitea herri-lurretan, bai eta Aritzuko Kontzejuko herri-lurretan prospekziorik egitea ere.

92. artikulua. Erabat debeku da eguzki-baratzeak eta haize-parkeak sortzea.

IX. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

93. artikulua. Aritzuko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzeko.

b) Herri-lurrak hobetu eta zuhaitzak landatzeko.

c) Proiektu sozialak egiteko, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

94. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

95. artikulua. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:

a) Aritzuko Kontzejuaren erabakia, onesten dituena proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Aritzuko Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

96. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

97. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, hilabete egonen dira jendaurrean eta, alegazioak aurkezten badira, Udalak ebatzi beharko ditu gero.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

98. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Aritzuko Kontzejuak finkatutako epeetan ez ordaintzea.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.

d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

e) Herri-lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Labore iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

h) Ez betetzea Herri-larreetan Bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen erregelamendua.

i) Larreetan Aritzuko Kontzejuak adierazitako abelburuak baino gehiago edo beste mota batekoak sartzea.

j) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

k) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

l) Produktu naturalak biltzea, ordenantza honetan xedatutakoaren kontra.

II) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

99. artikulua. Arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

–g) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, I) letran aurreikusitakoagatik izan ezik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

–Arau-hauste arina da mendietatik fruituak edo produktu edo material begetal edo mineralak baimenik gabe ateratzea edo horiek baimenik gabe aprobetxatzea, baimen hori legez nahitaezkoa denean eta tasazioa 60 eurotik beherakoa denean. 60 euroko zehapena izanen du, gehi kalteen laukoitza, halakorik badago.

–Arau-hauste astuna da fruituak edo produktu edo material begetal edo mineralak baimenik gabe aprobetxatzea edo ateratzea, baimen hori legez nahitaezkoa denean eta tasazioa 60 eurokoa edo gehiagokoa denean. 1200 euroko zehapena izanen du, gehi kalteen laukoitza, halakorik badago.

–Herri-ondasunetan eragindako kalte-galerak (azpiegiturak, instalazioak, lokalak, basoak, larreak eta abar) udal zerbitzuek edo Kontzejuak kontrataturiko hirugarrenek konponduko dituzte. Konponketa horiei dagozkien gastuak kaltea eragin duenaren kontura izanen dira.

Iragarkiaren kodea: L2516081