3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
LURRALDE POLITIKAKO ETA MEMORIA DEMOKRATIKOKO MINISTERIOA
Errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko Errege Dekretua
Konstituzioak, 149.1.21 eta 149.1.24 artikuluetan, Estatuari eskumen esklusiboa ematen dio komunikabideen araubide orokorrean, bai eta interes orokorreko obretan edo autonomia erkidego bat baino gehiagotan eginen direnetan ere.
Bestalde, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.2 artikuluak Nafarroari eskumen esklusiboa esleitzen dio obra publikoen artetik legez Estatuaren interes orokorrekotzat jotzen ez diren edo Estatuko beste lurralde batzuei eragiten ez dieten horietan. Gainera, 49.1.f) artikuluaren arabera, Nafarroak eskumen esklusiboa du, bere foru-araubidearekin bat, ibilbide osoa hasi eta buka foru-lurraldean duten errepide eta bideen gainean, eta 49.3 artikuluan zehazten da ezen Nafarroak eutsi eginen diela, bere horretan eutsi ere, hizpide dugun gai honetan eta beste batzuetan dituen ahalmen eta eskumenei. Azken batean, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak babesten duen foru-eguneratzearen arabera, Nafarroako Foru Komunitateak errepideen arloko eskumenak har ditzake bere gain, bere lurraldetik osorik edo hein batean igarotzen diren errepide-tarteetan, halaxe ezarri baitzuen Konstituzio Auzitegiak martxoaren 18ko 65/1998 Epaiaren 6. oinarri juridikoan.
Gainera, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrak eta abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuak ezartzen dute zer bideri eta prozedurari jarraitu behar zaien Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Nafarroari eskualdatzeko.
Abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoa betez, Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Transferentzien Batzordea sortu zen. Batzorde horrek, 2025eko abenduaren 16an egin bileran, erabaki bat hartu zuen, errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruz. Erabaki hori, beraz, Gobernuari aurkezten zaio, errege dekretu bidez onets dezan.
Horiek horrela, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorra betez, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak proposatuta eta Ministroen Kontseiluak 2025eko abenduaren 23ko bilkuran aztertu ondoren,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Transferentzien Batzordearen Erabakia onestea.
Onesten da Transferentzien Batzordeak 2025eko abenduaren 19ko Osoko Bilkuran hartutako erabakia, Estatuko Administrazioak errepideen arloan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeari buruzkoa, zeina jaso baita errege dekretu honen eranskinean. Transferentzien Batzorde hori abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuan ezarrita dago, zeinaren bidez ezarri baitziren Estatuaren zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko arauak.
Bigarrena.–Eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzea.
Horrenbestez, Estatuko Administrazioak errepideen arloan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zaizkio, Transferentzien Batzordearen Erabakian jasotakoarekin bat, hartan ezarritako moduan eta baldintzetan.
Hirugarrena.–Eskualdatze-data
Eskualdatzeak ondorioak izanen ditu Transferentzien Batzordearen Erabakian adierazitako datatik aurrera.
Laugarrena.–Argitaratzea eta ondorioak.
Errege dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta argitaratzen den egunean izanen du eraginkortasuna.
2025eko abenduaren 23an.–Felipe e.–Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa, Ángel Víctor Torres Pérez.
ERANSKINA
Jorge García Carreño eta Idoia Tajadura Tejada jaun-andreek, Estatuaren zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko arauak ezartzen dituen abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako Transferentzien Batzordeko idazkariek,
ZIURTATZEN DUTE:
Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Transferentzien Batzordeak, 2025eko abenduaren 16an egin Osoko Bilkuran, erabaki zuela errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea, hemen adierazten diren baldintzetan:
A) Konstituzio arauei eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoari erreferentzia, eskualdatzea haien babespean egiten baita.
Konstituzioak, 149.1.21 eta 149.1.24 artikuluetan, Estatuari eskumen esklusiboa ematen dio komunikabideen araubide orokorrean, bai eta interes orokorreko obretan edo autonomia erkidego bat baino gehiagotan eginen direnetan ere.
Bestalde, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.2 artikuluak Nafarroari eskumen esklusiboa esleitzen dio obra publikoen artetik legez Estatuaren interes orokorrekotzat jotzen ez diren edo Estatuko beste lurralde batzuei eragiten ez dieten obra horietan. Gainera, 49.1.f) artikuluaren arabera, Nafarroari eskumen esklusiboa dagokio, bere foru-araubidearekin bat, ibilbide osoa hasi eta buka foru-lurraldean duten errepide eta bideen gainean, eta 49.3 artikuluan zehazten da ezen Nafarroak eutsi eginen diela, bere horretan eutsi ere, hizpide dugun gai honetan eta beste batzuetan dituen ahalmen eta eskumenei. Azken batean, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak babesten duen foru-eguneratzearen arabera, Nafarroako Foru Komunitateak errepideen arloko eskumenak har ditzake bere gain, bere lurraldetik osorik edo hein batean igarotzen diren errepide-tarteetan, halaxe ezarri baitzuen Konstituzio Auzitegiak martxoaren 18ko 65/1998 Epaiaren 6. oinarri juridikoan.
Azkenik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrak eta abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuak ezartzen dute zer bideri eta prozedurari jarraitu behar zaien Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Nafarroari eskualdatzeko.
Arauzko xedapen horiek oinarri hartuta, bidezkoa da formalizatzea Estatuko Administrazioak errepideen arloan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko erabakia.
B) Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartzen dituen eginkizunak eta eskualdatzen diren zerbitzuak.
1. Nafarroako Foru Komunitatearen esku gelditzen da Bilbo eta Zaragoza arteko AP-68 autobidetik Nafarroako lurraldean diren tarteen titulartasuna (erantsitako 1. zerrenda) bai eta dagozkion eginkizunak eta zerbitzuak ere, Estatuko Administrazioak gaurdaino gauzatu dituenak.
2. Ukitutako emakidari aplikatu beharreko araubide juridikoa beteko da autopista-tarteak eskualdatzean, non eta araubide hori berariaz aldatzen ez duten erabaki honek edo C) apartatuan adierazitako Batzorde Teknikoaren erabaki batek.
3. Gaur egun indarrean den emakida amaitu arte, Estatuko Administrazioak bere gain hartuko ditu, Autopista AP-68 sozietate emakidadunari dagokionez, indarreko emakida-kontratua aplikatzearen ondorioz ondorio ekonomiko eta finantzarioak dituzten betebehar eta eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe bi administrazio publikoak lotzen dituzten koordinazio eta lankidetza betebeharrak.
Epe iragankor horretan, Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak, indarreko araudia oinarri hartuta, modu esklusiboan beteko ditu administrazio emakida-emaile gisa dituen eginkizunak, salbu eta honako alderdi hauetakoak:
–Nafarroako Gobernuak autobidearen zerbitzu-erregelamendua eguneratzeari buruzko txostena eginen du, baldin eta eguneratze horrek eskualdatutako tarteei eragiten badio.
–Nafarroako Gobernuak honako lan hauek eginen ditu: ustiaketa ikuskatzea, bide-ondarea kudeatzea, hura defendatzea eta ahalik ondoen erabiltzea eskualdatutako errepide-tarteetako babes-eremuak. Era berean, jarraipena egiten ahalko die bere tarteetan jazotako ustiatze-intzidentziei, horiek kontrolatu ahal izanen ditu, bai eta Batzorde Teknikoan horiek ebazteko neurriak proposatu ere.
C) Estatuko Administrazioa eta Nafarroako Foru Komunitatearena bat eginen duten eginkizunak, eta elkarlanerako formula instituzionalak.
1. Estatuko Administrazioa eta Nafarroako Foru Komunitatekoa behar bezala koordinatuko dira, eta elkarlanean aritu, zeinek bere eginkizunak betetzean, bat etorrita erabaki honen erabaki osagarrian zehaztutakoarekin. Desadostasunak hurrengo apartatuan adierazitako Batzorde Teknikoan ebatzi ahal izanen dira.
2. Batzorde Tekniko bat eratzen da, zeinetan Nafarroako Foru Komunitateak eta Estatuko Administrazioak kide-kopuru bera izanen baitute. Batzorde horrek kooperazio mekanismoak ezarriko ditu, elkarlana bultzatuko du, informazioa bidaltzeaz arduratuko da, eta akordio hau interpretatzeko, gauzatzeko eta betetzeko orduan suerta daitezkeen arazoei helduko die.
Batzorde Teknikoak gauzatuko ditu, halaber, erabaki honen kudeaketa teknikoa behar bezala egiteko beharrezkoak diren gainerako jarduketa guztiak; zehazki, honako hauek:
–Administrazio bakoitzaren errepide-tarteetako gorabehera guztien berri emanen zaio, eta erabakiak hartuko ditu bere eginkizunen baitako auzietan.
–Bideak zaintzeko eta mantentzeko lanen kontu operatiboak aztertuko ditu. Aztertuko du, bereziki, nola artatu diren eskualdatutako errepide-tarteetan izandako istripu eta intzidenteak, eta neguko bidezaintzako gertakariak.
–Aztertuko du zer ondorio dituen Estatuko bide-sarean eskualdatutako errepide-tarteetan erabiltzaileei bide-sariak edo tasak ezartzeak.
3. Nafarroako Foru Komunitateak Estatuko indarreko legeetan xedatutako arau teknikoak eta seinaleztatze-arauak aplikatuko ditu titulartasuna eskualdatzen den autobide-tarteetan.
4. Nafarroako Foru Komunitateak men eginen die errepideak eraikitzeari eta zaintzeari buruz Estatuak izenpetu dituen nazioarteko itun eta hitzarmenei, bat etorrita abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 68 bis.4 artikuluan ezarritakoarekin.
D) Eskualdatzeak ukitutako aurrekontu-kredituak.
Erantsitako 2. zerrendan ageri da eskualdatze honi lotutako urteko guztizko kostua, estatukoa.
E) Eskualdatzen diren eginkizunen eta zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak.
Eskualdatutako eginkizunei eta zerbitzuei buruzko dokumentazioa eta espedienteak hiru hilabeteko epean aurkeztuko dira, erabaki hau onesten duen errege dekretua argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
F) Eskualdatze-data.
Errege dekretu baten bidez, eskualdatutako autobideko errepide-tarteak Estatuko errepide-saretik aterako dira. Errege dekretu horrek indarra hatzen duen egunetik aurrera izanen da eraginkorra erabaki honetan adierazitako eginkizunen eta zerbitzuen eskualdatzea.
Eta hala jasota gera dadin, ziurtagiri hau egiten da Iruñean, 2025eko abenduaren 16an. Transferentzien Batzordeko idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Idoia Tajadura Tejada andrea.
1. ZERRENDA
Nafarroako Foru Komunitatearen esku uzten diren ondasunen zerrenda.
–AP-68 autobidea (Bilbo-Zaragoza).
–Nafarroako Foru Komunitateko lehen tartea, 4,288 kilometro luze dena, 162+563 eta 166+851 kilometro-puntuen artekoa.
–Nafarroako Foru Komunitateko bigarren tartea, lehen tartetik 39,059 kilometrotara hasten dena eta 35,366 kilometro luze dena, 201+622 eta 236+988 kilometro-puntuen artekoa.
2. ZERRENDA
Urteko guztizko kostua, estatukoa (euroak 2025).
–17. atala. Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioa.
AURREKONTU-EGOZPENA | KAPITULUA | ZENBATEKOA (eurotan) |
17.01.451N | 1 | 136.805,66 |
17.38.453B | 1 | 23.165,64 |
17.38.453C | 1 | 14.297,65 |
17.01.451N | 2 | 46.016,06 |
17.38.453C | 2 | 64.452,02 |
17.20.441M | 4 | 2.494.732,60 |
GUZTIRA | 2.779.469,63 |
453B eta 453C programetako ekarpena murriztu eginen da, erabakiak indarra hartu ondoren diru-sarrerak egiteko hurrengo epean. 451N eta 441M programetako ekarpenak ere murriztu eginen dira, Bilbo eta Zaragoza arteko AP-68 autobidea ustiatzeko, zaintzeko eta eraikitzeko indarrean den administrazio-emakida bukatu eta diru-sarrerak egiteko hurrengo epean.
Iragarkiaren kodea: E2517119