257. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Emisio gutxiko eremuak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Iruñeko Udalak, 2025eko urriaren 2an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau, ondoren erregelamenduaren arabera izapidetzeko: Iruñeko emisio gutxiko eremuak arautzen dituen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen hilabetez, iragarkia argitaratu ondoren 2025eko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 7an, eta Udalaren iragarki-taulan. Hala, Iruñeko Udalak, 2025eko azaroaren 27an egindako osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen, eta behin betiko onetsi Iruñeko emisio gutxiko eremuak arautzen dituen ordenantzaren testua.

Argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ordenantzaren testu osoarekin batera, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 1ean.–Alkatea, Joseba Asirón Saez.

IRUÑEKO EMISIO GUTXIKO EREMUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ATARIKOA

I

Den-denek ongi dakite, dagoeneko, zein diren errepideko zirkulazioaren ondorioak hirietan. Hainbat erakundek, Osasunaren Mundu Erakundeak kasu, ohartarazi dute munduko biztanleren %99 kutsadura maila altuen eraginpean dagoela, eta ondorioz arrisku handia dutela horri lotutako osasun arazoak izateko: bihotzeko gaixotasunak, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, istripu zerebrobaskularrak, minbizi mota batzuk eta pneumonia, besteak beste (OME, 2021). Horri dagokionez, Europako Ingurumen Agentziak kalkulatzen du urtean 30.000 heriotza goiztiar baino gehiago gertatzen direla Espainian airearen kalitate txarraren ondorioz (EEA, 2020). Emisio-iturriak askotarikoak izan arren, errepideko zirkulazioak arrisku bat izaten jarraitzen du osasun publikoarendako, eta zuzenean eragiten du hiriko biztanleak aireko kutsatzaileen eraginpean egotea. Zirkulazioa da, halaber, hiri-inguruneetako zarataren iturri nagusia (kutsadura akustikoaren %80 da guztira), eta ondorio negatiboak ditu gehiegizko eta ohiko esposizioagatik, hala nola depresioa, antsietatea, gaixotasun kronikoak izateko arriskua handitzea eta istripuak izateko arrisku handiagoa. Era berean, ibilgailu pribatuak hirian duen presentzia handia trafiko-istripuekin eta mugikortasun eredu sedentarioagoekin lotuta dago, bai eta horrek herritarren osasunean dituen ondorioekin ere.

Errepideko zirkulazioari lotutako osasun publikoarendako arriskuen ebidentzia zientifikotik abiatuta, hirietan klima-aldaketaren erronkari modu integralean heltzeko beharrarekin batera, eta prebentzioari eta hiri-ingurune osasungarriagoak sustatzeari buruz gero eta sentsibilizazio handiagoa dagoenez, hirietan ibilgailu pribatuari eskainitako espazioa murriztea lehentasuna bihurtu da hainbat eragilerendako.

Testuinguru horretan, emisio gutxiko eremuak mugikortasun jasangarriko neurri bat dira hirietako zirkulazioa murrizteko. Errege Dekretuan honela definitzen da emisio gutxiko eremua (EGEa edo LEZa, ingelesezko siglan: Low Emission Zone): hirian zedarritutako eremu bat, zeinetan ibilgailuen sarbidea murrizten edo mugatzen baita ingurumen-sailkapena oinarri hartuta. Eremu horiek espazio publikoa berreskuratzeko aukera ematen dute bizikidetza osasungarri, jasangarri, seguru eta inklusiboko espazio gisa.

Helburu nagusia da zirkulazioa eta ibilgailu motordunen presentzia murriztea espazio publikoan, beharrezko zirkulazio motorduna kontzeptua oinarri hartuta; hau da, honako hauen joan-etorriak soilik baimentzea: zerbitzu publikoenak, larrialdietakoenak, mezularienak, salgaien banatzaileenak, etxez etxeko banatzaileenak, garaje edo aparkalekuetara joaten direnenak, hoteletako zerbitzuenak, mugikortasun urriko pertsonenak edo salgaiak garraiatu behar dituzten egoiliar eta profesionalenak, batez ere. Horrela, emisio gutxiko eremua beste aukera bat da hiri eredu jasangarriago eta osasungarriago batean aurrera egiten jarraitzeko, mugikortasun aktiboa eta ibilgailu pribatuak espazio publikoan duen presentzia murriztea sustatuta, espazio hori berreskuratzeko, bizikidetza jasangarriko, osasungarriko, seguruko eta inklusiboko espazio gisa.

II

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, 25.2 artikuluan ezartzen du udalerriek eskumenak gauzatu behar dituztela hiri-ingurumenaren arloan, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legeek ezarritako eran, eta bereziki, hiriguneetako kutsadura atmosferikoaren aurkako babesaren arloan eta, ibilgailuen zirkulazio, aparkaleku eta mugikortasunaren arloan, barnean dela hiri-bideetan pertsonen eta ibilgailuen zirkulazioa antolatzea.

Zehazkiago, udalerriei dagokie hiri-eremuan zirkulazioa arautzeko eskumena, halaxe xedatu baita urriaren 30eko6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, zeinaren bidez onesten baita Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina. Legegintzako errege dekretu horrek udalerrien esku uzten du hiri-bideetan, eta ingurumen-arrazoiak tarteko, ibilgailu jakin batzuen zirkulazioa mugatzeko eskumena.

Hirian zirkulazioa mugatzeko neurri horiek ezin dira inolako bereizketarik egin gabe aplikatu: plangintza bat egin behar da eta proiektu tekniko bat, zeinetan frogatuko baita neurri horiek beharrezkoak direla ingurumena babesteko, airearen kalitatea hobetzeko eta klima-aldaketa arintzeko. Proiektu tekniko hori ordenantza honi erantsi zaio III. eranskinean.

Zirkulazioa arautzeko udal-eskumen horiez gain, honako jarduketa-mekanismo juridiko hauek lagunduko dute aurreikusitako xedeak erdiesten: maiatzaren 20ko 7/2021 Legea, Klima Aldaketarena eta Trantsizio Energetikoarena, eta, abenduaren 27ko 1052/2022 Errege Dekretua, Emisio Gutxiko Eremuak arautzen dituena. Azken horren helburua da toki erakundeek ezartzen dituzten EGEen gutxieneko baldintzak arautzea.

Ezin dugu ahantzi ezen, airearen kalitatearen eremuan, azaroaren 15eko 34/2007 Legeak, Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzkoak xede duela atmosferako kutsadura prebenitzeko, zaintzeko eta murrizteko oinarriak jartzea, kutsadura horrek pertsonengan, ingurumenean eta edozein motatako gainerako ondasunetan sortzen ahal dituen kalteak saihesteko eta, hori ezinezkoa denean, murrizteko. Hortaz, lege horretako 16.4 artikuluak honako hau ezartzen du:

"(...) toki erakundeek, lege honen xedeak erdieste aldera, zirkulazioa erabat edo partzialki mugatzeko neurriak ezartzen ahalko dituzte, hala nola mugak ibilgailurik kutsatzaileenei, matrikula batzuei, ordu batzuetan edo eremu batzuetan, besteak beste".

Klima Aldaketari buruzko Legearen 14. artikuluak ezartzen du 50.000 biztanletik gorako udalerriek eta araututako kutsatzaileen mugako balioak gainditzen dituzten 20.000 biztanletik gorakoek Hiri Mugikortasun Jasangarriko planak eta eremuak eduki behar dituztela.

Emisio Gutxiko Eremuak arautzen dituen abenduaren 27ko 1052/2022 Errege Dekretuak (biharamuneko BOEn argitaratu zen), bigarren artikuluan adierazten du toki erakundeek EGEak mugatu eta arautuko dituztela, dagozkien araudian, eta horrekin batera proiektu tekniko bat aurkeztu behar dela.

Alde horretatik, Iruñeko Emisio Gutxiko Eremuaren Proiektuak, zeina III. eranskinean jaso baita, EGEaren eremua zedarritzen du udalerriaren barruan, kontuan hartzen ditu tokiko plangintza-tresnak eta justifikatzen du ezen horiekin koherentzian dela. Horrez gain, eremuaren jarraipena egiteko eta hura etenik gabe berraztertzeko prozedurak ezartzen ditu, ebaluatzeko zenbateko eraginkorrak diren ezarritako neurriak eta zer neurritan betetzen ari diren EGEetako helburuak. Horrela, helburuetatik nabarmen eta etenik gabe aldenduz gero, dagokion EGE proiektua zuzenduko da.

EGEaren izaera juridikoa udal ordenantza honen bidez arautzen da eta, honenbestez, proportzionaltasun printzipioa betetzen da, betetzen ari baita, zehatz bete ere, 1052/2022 Errege Dekretuko 2.3 artikuluan ezarritako gaikuntza, hau da, toki erakundeek zedarrituko eta arautuko dituztela EGEak beren udal araudian.

Udal araudi horrek gardentasun-printzipioa ere betetzen du, batetik, arauak argi eta garbi zehazten dituelako EGEaren helburuak, eta, bestetik, zintzoki betetzen direlako jendaurrean jartzeko eta jendaurreko entzunaldia egiteko tramiteak, zeinen bidez parte hartzeko aukera ematen baitzaie bai herritarrei, oro har, bai eta, bereziki, mugikortasunarekin lotutako taldeei eta sektoreei ere. Araua argitaratu eginen da Osoko Bilkurak hura lehenengoz onetsi ondoren, eta udal ordenantzak prestatzeko araudian zehaztutako epeak beteko dira, bat etorrita Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen legearen 49. artikuluan xedatutakoarekin. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzen da, arau-ekimen hau modu koherentean gauzatzen ari baita gainerako ordenamendu juridiko nazionalarekin.

Emisio gutxiko eremuetara sartzeko arautze-irizpideak ordenantza honetako II. tituluan (Zirkulazioa Mugatzeko Neurri Espezifikoak) definitu dira. Apartatu horretan ezartzen da ezen I. eranskinean adierazitako EGEra sartzeko arauek bete behar dituztela bai ordenantza honetan ezarritako mugak bai eta Alde Zaharrera sartzeko eta bertan zirkulatzeko arau erregulatzaileetan (aurrerantzean, Alde Zaharrera sartzeko arau erregulatzaileak) ezarritakoak ere.

Azkenik, Ordenantzak zehatzeko eskumena ezartzen du, eta ezartzen du zer zehapen ezarriko diren erabiltzaileek ez dituztenean errespetatzen eremura sartzeko, zirkulatzeko eta aparkatzeko mugak. Horretarako, abenduaren 20ko 18/2021 Legera igortzen du, zeinaren bidez aldatu baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia. Izan ere, urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzkoak, 27. artikuluan adierazten duen moduan, administrazio arau-haustetzat hartuko dira, bakar-bakarrik, lege batek halakotzat ezartzen dituen ordenamendu juridikoaren urratzeak.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da maiatzaren 20ko 7/2021 Legeak, Klima Aldaketarena eta Trantsizio Energetikoarenak, zehazten duen Iruñeko udalerriaren barnean emisio gutxiko eremuak (hemendik aurrera EGEak) sortu eta kudeatzea,

2. Ordenantza honetan EGEtzat hartuko da, bat etorriz Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legearen definizioarekin, Iruñeko udalak zedarritutako eremu bat. Bere eskumenak baliatuz zedarrituko du, bere lurraldearen baitan. Eremu jarraitu bat izanen da zeinetan ibilgailuak sartzeko, zirkulatzeko eta aparkatzeko mugak ezarriko baitira airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi efektuko gasen emisioa arintzeko. Horretarako, ibilgailuak sailkatu eginen dira emisio-mailaren arabera, bat etorrita Ibilgailuen Araudi Orokorrean ezarritakoarekin.

2. artikulua. Udalaren eskumena EGEa arautzeko.

1. Udalerriek eskumena dute beren udal barrutian ibilgailuen zirkulazioa eta mugikortasuna arautzeko, bat etorrita Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin. Artikulu horretan eskumen batzuk ezartzen dira, hiri-ingurumenaren, zirkulazioaren, ibilgailuak aparkatzearen eta mugikortasunaren arlokoak. Udalerriek berezko eskumen gisa baliatuko dituzte, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legeek ezartzen dituzten baldintzetan.

2. Udalak EGEak ezartzeko eta arautzeko eskumena du, ordenantza hau onetsita, bat etorriz honako hauetan xedatutakoarekin:

a. 7/2021 Legea, maiatzaren 20koa, Klima Aldaketarena eta Trantsizio Energetikoarena, haren 14.3, a) artikuluan ezartzen baita zenbait udalerrik EGEa ezartzeko betebeharra dutela.

b. 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena. 7. artikuluan udalerriei eskumenak ematen dizkie beren titulartasuneko hiribideetan zirkulazioa arautu, ordenatu, kudeatu, zaindu eta diziplina ezartzeko, eta bereziki, hiribideetako erabilerak ordenantza bidez arautzeko, ingurumen-arrazoiak direla-eta ibilgailu jakin batzuen zirkulazioa mugatzeko eta bide jakin batzuk ixteko.

c. 1052/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Emisio Gutxiko Eremuak arautzen dituena.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. EGEaren lurralde eremua ordenantza honetako I. eranskinean mugatutakoa da, eta II. eranskinean dago haren planoa.

2. Ordenantza honetako I. eranskinean ezarritako EGEaren eremuan arautzen da ibilgailuak sartzea, egotea eta zirkulatzea, Iruñeko Alde Zaharrera sartzeko arau erregulatzaileen bidez. Horrenbestez, EGEaren eremura sartzen diren ibilgailuak arau horien eta ordenantza honetan ezarritako arauen menpe egonen dira.

3. Udal-mugartean zirkulatzen duten ibilgailu guztiek ordenantza hau bete behar dute, eta aldi batez salbuespenak ezartzen ahal zaizkie ibilgailuak sartu, zirkulatu eta aparkatzeko mugei, baldin eta ordenantza honetako III. eranskinean sartutako EGE proiektuan ezarritako xedeekin bateragarriak badira.

4. Interes publikoko arrazoiak direla eta, I. eta II. eranskinetan jasotako EGEaren mugak alkatetzako ebazpen bidez aldatzen ahalko dira, mugikortasun eta jasangarritasun arloan eskumena duen alorrak aldeko txostena eman ondoren. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da.

5. Beste EGE batzuk ezartzen eta mugatzen ahalko dira udalerrian airearen kalitatea hobetzeko xedez, mugikortasun eta jasangarritasun alorrean eskumena duen alorrak aldeko txostena eman ondotik.

6. EGE berri bat ezarri aurretik proiektu tekniko bat egin beharko da, eta Emisio Gutxiko Eremuak arautzen dituen abenduaren 27ko 1052/2022 Errege Dekretuan ezarritako edukia izan beharko du, gutxienez.

7.–Udaleko Osoko Bilkuraren eskumena izanen da EGE berriak ezarri edo ordenantza honetako I. eranskinean daudenak kentzea. Horretarako, eranskin hori aldatuko da eta proiektu teknikoa sartu edo kendu beharko da III. eranskinean.

8. EGEak ezartzeko proiektu teknikoak kontuan hartzen ahalko ditu sentikortasun bereziko eremuak (hemendik aurrera, SBE), gainerako EGEetarako hartutakoak baino neurri eta xede gehiagorekin. SBE horiek ezartzen ahalko dira, besteak beste, eskola, ospitale eta zaharren egoitzen inguruetan, eta ordenantza honen I. eranskinean mugatuko dira, halaber. EGEei buruzko udal-arau guztiak ezarriko zaizkie SBEei, berariazko xedeak eta aparteko neurriak izan ezik.

4. artikulua. EGEa ezartzea eta plangintza-tresnekiko koherentzia.

1. EGEak ezartzea bat dator eta koherentea da hiri-plangintzako udal-tresnekin, airearen kalitateari eta zarataren aurkako ekintzari buruzko araudiarekin eta Iruñerriko Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planean (IHMJP) hartutako neurriekin.

2. EGEak etengabe egonen dira indarrean, faseka ezartzeko egutegi bat izanen duen proiektu bat izanen dute, herritarrak eta sektore ekonomikoak EGEen ezaugarrietara pixkanaka ohitzeko eta egokitzeko, eragina izan aurretik, eta ordenantza honen 10. eta 11. artikuluetan ezartzen diren esku hartzeko neurriak jasoko dituzte.

3. Ordenantza hau indarrean sartzen denean, I. eranskinean agertzen diren EGEak ezarriko dira.

4. Iruñeko Udalari dagokio EGEa ezartzearen emaitzak monitorizatzea eta aztertzea, eta arreta jartzea bereziki honako hauetan:

a. Zer eragin duen airearen kalitatea hobetzean eta berotegi efektuko gasen emisioak eta kutsadura akustikoa arintzean, bat etorrita Emisio Gutxiko Eremuak arautzen dituen abenduaren 27ko 1052/2022 Errege Dekretuan edo hura ordezten duen araudian ezarritako adierazleekin.

b. Ordenantzan planteatutako neurrien eragina genero, irisgarritasun eta bestelako adierazle sozioekonomikoen arloan.

5. artikulua. Ordenantza hau arautzen duten printzipioak.

Honako hauek dira EGEaren arauek oinarrian dituzten printzipioak:

1. Emisio kutsatzaileak, berotegi efektuko gasak eta errepideko zirkulaziotik etorritako zarata murriztea, herritarren osasun publikoa hobetze aldera.

2. Sektore publikoaren eta pribatuaren erantzukidetasuna, atmosferaren kalitatea hobetzeko eta garraiobide jasangarriagoak erabiltzea sustatzeko orduan. Iruñeko Udalak bere herritarren osasuna zaintzeko betebeharra du, baita ingurumena garbi, osasungarri eta jasangarri mantentzeko ere.

3. Genero ikuspegia eta diskriminaziorik eza. Iruñeko Udala arduratuko da EGEan genero-berdintasuneko udal-politika sartzeaz, zeina dagozkion berdintasun planetan agertuko baita, bai eta aplikatzekoa den sektoreko araudian ere.

4. Irisgarritasun unibertsala. Iruñeko Udalak EGEan sartuko ditu bere udal-mugartean irisgarritasun unibertsala sustatzeko asmoz Irisgarritasun Integraleko Plan Estrategikoan planteatutako helburuak.

5. Mugikortasun jasangarria sustatzea, honako lehentasun-hurrenkera honen arabera:

a. Oinezkoen mugikortasuna.

b. Bizikleta bidezko mugikortasuna.

c. Garraio publikoa.

d. Ibilgailu motordun pribatua eta gainerako moduak: ibilgailu pribatuari dagokionez, emisio kutsatzaile eta berotegi efektuko gas gutxien isurtzen dituzten teknologiak lehenetsiko dira.

6. artikulua. Ibilgailuen sailkapena, kutsatzen ahal dutenaren arabera.

1. Definizioak: Ordenantza honen ondorioetarako, honako definizio hauek ematen dira:

a. Ibilgailuaren sailkapena, kutsatzeko duen ahalmenaren arabera: abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritako ibilgailuen sailkapena, emisio mailaren eta erabiltzen duten erregaiaren araberakoa. Errege dekretu horren bidez onetsi zen Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra, eta honako kategoria hauek sortu ziren: 0 emisioko ibilgailuak, ECO ibilgailuak, C ibilgailuak, B ibilgailuak eta A ibilgailuak.

b. Ibilgailu historikoa: halakotzat jotzen direnak, bat etorriz Ibilgailu Historikoen Erregelamendu onesten duen irailaren 10eko 892/2024 Errege Dekretuan edo hura ordezkatzen duen arauan xedatutakoarekin.

2. Ordenantza honetan xedatutakoaren ondorioetarako, eta bat etorriz Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onesten duen abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera ibilgailu bakoitzari dagokion ingurumen-sailkapenarekin, ibilgailuen sailkapena honako hau da:

a. Gutxi kutsatzen duen ibilgailua: 0 emisioko ibilgailua, ECO eta C, bat etorriz Ibilgailuen Erregelamendu Orokorreko kutsatzeko ahalmenaren araberako ibilgailuen sailkapenarekin.

b. Ibilgailu kutsatzailea: B ibilgailuak, bat etorriz Ibilgailuen Erregelamendu Orokorreko kutsatzeko ahalmenaren araberako ibilgailuen sailkapenarekin.

c. Ibilgailu oso kutsatzailea: A ibilgailuak, bat etorriz Ibilgailuen Erregelamendu Orokorreko kutsatzeko ahalmenaren araberako ibilgailuen sailkapenarekin.

3. Sailkapen hori eguneratzen ahalko da alkatetzako ebazpen baten bidez, mugikortasuneko eta jasangarritasuneko politika berriak inplementatzeko, edo DGTren edo izaera bereko estatuko edo Europako entitate baten bereizgarri berriak txertatzeko asmoz. Alkatetzako ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, baita eta udaletxeko ediktu-taulan ere.

7. artikulua. Seinaleak.

1. EGEko sarbideetan seinaleak jarriko dira, argi ikusi eta erraz ezagutzeko eran, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak berariazko araudian ezartzen dituen seinaleak erabilita.

2. Trafiko seinaleetan adieraziko da, halaber, zer ibilgailuk duten debekatua EGEra sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea, ingurumen-bereizgarriaren arabera.

3. Halaber, seinalearen azpiko aldean edo seinalearen azpian paratutako panel osagarri batean adieraziko da zer ibilgailu mota sartzen ahal diren EGEra baldin eta, bat etorriz ordenantza honen 11. Artikuluan ezarritakoarekin, dagokion udal-baimena badute.

II. TITULUA.–ZIRKULAZIOA MUGATZEKO NEURRI ESPEZIFIKOAK

8. artikulua. EGEan sartzeko, zirkulatzeko eta aparkatzeko baldintzak.

1. EGEan mugarik gabe sartzen ahalko dira bizikletak, pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak, beste ziklo batzuk eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak.

2. EGEra sartzen diren ibilgailuek Trafiko Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan izena emanda egon behar dute eta dagokien ingurumen-bereizgarria eraman. Bereizgarririk eduki ezean, gutxi kutsatzen duen ibilgailu izaera egiaztatuko dute ordenantza honetako irizpideen arabera, Udalean zirkulazioaren arloko eskumena duen alorrari eskaera eginda. Eskaerarekin batera, ibilgailuaren fitxa teknikoa edo agiri baliokidea aurkeztuko da, zeinetan adierazi beharko da betiere zein diren Euro araudi baliokidea, erregai mota eta lehen matrikulazioaren data.

3. EGEra sartu eta han zirkulatu eta aparkatzen ahalko dute ordenantza honetako 10., 11. eta 12. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten ibilgailuek.

4. Salbuespenez, Udalak, eskumena duen alorrari aurrez eskatuta, sartzeko baimena ematen ahalko die, arrazoitutako ebazpen bidez, honako arrazoi hauek tarteko EGEra sartzeko beharra duten ibilgailuei: interes orokorreko arrazoiak, segurtasun arrazoiak, segurtasun publikokoak, osasun publikokoak, babes zibilekoak edo antzeko beste batzuk.

9. artikulua. Aparteko eta aldi baterako zirkulazio-neurriak.

1. Kutsadura atmosferiko handien kasuan eta interes publikoko arrazoiak daudenean, ordenantza honetan jasotako mugak udalerriko beste eremu batzuetara zabaltzen ahalko dira; edo, ezarritako EGEan neurri murriztaileagoak aplikatzen ahalko dira aldi baterako. Alkatetzako ebazpen baten bidez ezarriko dira murrizketa horiek, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko ediktu-taulan argitaratuko baita.

2. Interes publikoko salbuespenezko eta aldi baterako arrazoiak tarteko, eta mugikortasun eta jasangarritasun arloan eskumena duen alorrak aldeko txostena eman ondotik, EGEra sartzeko eta hor zirkulatzeko muga orokorraren aplikazioa eteten ahalko da aldi batez; etenaldia interes orokorreko zer arrazoirengatik gertatzen den, hura asetzeko behar-beharrezkoa den denboraz besterik ez. Alkatetzaren ebazpen bidez eteten ahalko da, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko ediktu-taulan argitaratuko baita.

10. artikulua. EGEan baimendutako ibilgailuak, ingurumen-sailkapenaren menpe ez daudenak.

1. Artikulu honetan ageri diren ibilgailuek eskubidea izanen dute I. eranskinean zehaztutako EGEan sartu, zirkulatu eta aparkatzeko, edozein dela ere haien ingurumen-sailkapena.

2. Artikulu honetan zehazten diren baimen motak Alde Zaharrera sartzeko arau erregulatzaileetan arautzen dira.

3. Bat etorriz Alde Zaharrera sartzeko arau erregulatzaileetako sailkapenarekin, honako ibilgailu hauek EGEra sartzen ahalko dira, edozein dela ere haien ingurumen-sailkapena:

a. Behin betiko edo aldi baterako baimena duten eta honako zerrenda honetan dauden ibilgailuak:

i. A MOTA. Sarbide kontrolatuko eremuan dauden 1. Sektoreko (MUR) eta Sarasate pasealekua-2. Sektoreko (MUG) bizilagun-txartela duten egoiliarrak.

ii. B MOTA. EGEan bizilekua duten egoiliarrak, autorik jabetzan ez dutenak.

iii. C MOTA. Sarbide kontrolatuko eremuan dagoen garaje plaza baten jabea edo errentaria.

iv. D MOTA. Erabilera pribatuko aparkaleku edo aparkatzeko erreserba baten titularra.

v. E MOTA. Erabilera publikoko aparkaleku baten titularra.

vi. F MOTA. Sarbide kontrolatuko eremuan dagoen merkataritzako establezimendu baten titularra.

vii. G MOTA. Zamalanak.

1.–Salbuespena: 3,5 m³-rainoko zama-bolumena duten paketeak banatzen dituzten ibilgailuek ordenantza honen 11. artikuluan ezarritako ingurumen-murrizketei heldu beharko diete.

viii. H MOTA. Obrak, aldairak eta etxez-etxeko konponketak.

ix. I MOTA. Larrialdietako ibilgailuak.

x. J MOTA. Taxi ibilgailuak.

xi. K MOTA. Bidaiarien garraio erregular eta publikoa.

xii. N MOTA. Mugikortasun urriko pertsonendako aparkatze-txartelaren titularrak.

xiii. O MOTA. Ostalaritza-establezimenduak:

1.–Salbuespena: EGEra zamalanak egitera sartzen diren eta aparkatzeko plazarik ez duten hoteletako bezeroen ibilgailuek ordenantza honen 11. artikuluan ezarritako ingurumen-murrizketei heldu beharko diete.

xiv. P MOTA. Larrialdietako zerbitzu teknikoa.

xv. U MOTA. Egoera bereziak.

b. Merkatu kaleko geralekura edo Joan Labritekoaren kaleko geralekura sartzen diren ibilgailuak.

11. artikulua. EGEan baimendutako ibilgailuak, ingurumen-sailkapenaren menpe daudenak.

1. Artikulu honetan sartuta dauden ibilgailuek EGEan sartzeko, zirkulatzeko eta aparkatzeko eskubidea izanen dute baldin eta, 6. artikuluan ezarritako sailkapenaren arabera, 0 emisio, ECO, C edo B ingurumen-etiketarik badute.

2. Artikulu honetan zehazten diren baimen motek Alde Zaharrera sartzeko arau erregulatzaileak betetzen dituzte.

3. Bat etorriz Alde Zaharrera sartzeko arau erregulatzaileetan ezarritako sailkapenarekin, ibilgailu hauek ezin izanen dute EGEra sartu 0 emisio, ECO, C edo B ingurumen-bereizgarririk ez badute:

a. Behin betiko edo aldi bateko baimena duten ibilgailu hauek:

i. G MOTA. Zamalanak. 3,5 m3-rainoko zama-bolumena duten paketeak banatzen dituzten ibilgailuak.

ii. L MOTA. Administrazio publikoen ibilgailu ofizialak.

iii. M MOTA. Iruñeko Udalaren zerbitzuen emakida duten enpresen ibilgailuak.

iv. O MOTA. Ostalaritza-establezimenduak: EGEra zamalanak egitera sartzen diren hoteletako bezeroen ibilgailuak, aparkatzeko plazarik ez badute.

v. Q MOTA. Etxez etxeko janari-banaketa.

vi. R MOTA. Ekitaldiak ospatzeko baimena.

vii. S MOTA. Guardiako farmaziak.

viii. T MOTA. Iruñeko Udalak emanda, zirkulatzeko baimen bereziak dituzten ibilgailuak.

b. Unean-unean EGEaren eremura sartzea eskatzen duten ibilgailu guztiak, bat etorriz Alde Zaharrera sartzeko arau erregulatzaileekin.

i.–Salbuespena: Muga horretatik salbuetsirik daude merkataritzako establezimenduek beren jardunean baimentzen dituzten unean uneko sarrerak.

12. artikulua. Sartzeko eskaerak.

I. eranskinean ezarritako EGEko eremura sartzeko eskaerak eta baimenak Alde Zaharrera sartzeko arau erregulatzaileetan ezarritako prozeduraren arabera eginen dira.

III. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

13. artikulua. Zehapen-prozedura, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Jarraituko zaio, orotan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan edo hura ordezten duen arauan xedatutakoari.

2. Ordenantza honetako zehaztapenak bete ez eta EGEra sartzen diren ibilgailuek arau-hauste ASTUNA eginen dute, bat etorriz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen, hots, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren 76.z3) artikuluan zehaztutakoarekin.

3. Aurreko puntuan adierazitako arau-haustea 200 euroko isunarekin zehatuko da, bat etorriz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen, hots, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren 80.1 artikuluan xedatutakoarekin.

4. Aurreko apartatuan ezarritako zehapenak % 30 handitzen ahalko dira, ardura duenak arauak berriz ere hausten baditu. Araua berriz ere hautsi dela joko da urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitean, baldin eta halaxe deklaratu bada bide administratiboan ebazpen irmo bidez.

Azken xedapenetako lehena.–EGEen proiektu teknikoen berrikuspenak eta aldaketak jendaurrean jarriko dira, gutxienez 30 egun baliodunez, iragarkiak jarrita Udalaren webgune instituzionalean.

Azken xedapenetako bigarrena.–Estatuko Administrazioak eta Foru Komunitatekoak ahalmena dute toki entitateei errekeritzeko beren egintzak edo erabakiak ezezta ditzaten, eta epe bat dute ezarrita ahalmen hori gauzatzeko. Beraz, ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta, batetik, ordenantzaren beraren testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte, eta, bestetik, administrazioek errekeritzeko duten epe hori iragan arte, edo bi administrazio horiek modu frogagarrian adierazi arte ezen ez dutela ahalmen hori baliatuko.

I. ERANSKINA.–ALDE ZAHARREKO EMISIO GUTXIKO EREMUAN SARTUTAKO KALEEN ZERRENDA

Aldapa kalea.

Barquilleros kalea.

Belenetako zokoa.

Burgoen plaza.

Zaldi Zuriaren zokoa.

Calceteros kalea.

Calderería kalea.

Campana kalea.

Carmen kalea.

Gazteluko plaza.

Txapitela kalea.

Ziudadela.

Comedias kalea.

Compañía kalea.

Compañía plaza.

Errege Kontuetako plaza.

Kontseiluko plaza.

Udaletxe plaza.

Curia kalea.

Descalzos kalea.

Dormitalería kalea.

Maiatzaren Biaren kalea.

Espoz y Mina kalea.

Espóz y Mina zeharkalea.

Estafeta kalea.

Florencio de Ansoleaga kalea.

Francisco Seminario pasabidea.

Hilarión Eslava kalea.

Joaquín Jarauta kalea.

Xabier kalea.

Joan Labritekoaren kalea.

Dindatxikia.

Mañueta kalea.

Kale Nagusia.

Mercaderes kalea.

Merkatuko kalea.

Merced kalea.

Navarrería kalea.

Kale Berria.

Barbazán Apezpikuaren ingurabidea.

Sarasate pasealekua.

Jauregiko Aldapako kalea.

Pellejerías zokoa.

Pozo Blanco kalea.

Errekoleten kalea.

Errekoleten plaza.

Redín kalea.

Redín pasealekua.

Ingurabideko pasealekua.

Salsipuedes kalea.

San Agustin kalea.

San Anton kalea.

San Frantzisko kalea.

San Frantzisko plaza.

San Gregorio kalea.

San Jose plaza.

San Lorentzo kalea.

San Migel kalea.

San Nikolas kalea.

San Nikolas plaza.

San Nikolas zokoa.

San Saturnino kalea.

Santa Ana plaza.

Andre María Erreginaren plaza.

Done Jakue plaza.

Sanduandia kalea.

San Domingo kalea.

Telleria kalea.

O-ko Andre María plaza.

Zapatería kalea.

San Ignazio etorbidea.

Navas de Tolosa kalea.

II. ERANSKINA.–EGEAN SARTUTAKO KALEEN ZERRENDA ETA ALDE ZAHARRERA SARTZEKO ARAU ERREGULATZAILEEK BAIMENDUTAKO SARBIDE PUNTUAK DITUEN PLANOA

Iragarkiaren kodea: L2515986