2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ELORTZIBAR
Erregelamendua, Udaleko osoko bilkuraren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa. Behin betiko onespena
Elortzibarko Udalak, 2025eko irailaren 16an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udaleko osoko bilkuraren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua.
Iragarkia 2025eko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 7an, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, onetsitako aldaketak eta indargabetzeak behin betiko onetsitzat jotzen dira, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Hona hemen testua osorik:
UDALEKO OSOKO BILKURAREN ANTOLAMENDUARI ETA FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA
Deialdia
1. artikulua. Deialdia.
1. Osoko bilkura arruntetarako deia bi egun baliodun lehenago egin behar da gutxienez, salbu presako osoko bilkura berezien kasuan. Hain zuzen, Osoko Bilkurak berretsi beharko du horiek presakoak direla.
2. Deialdiari gai-zerrenda erantsiko zaio, bai eta aurreko bilkuraren aktaren zirriborroa eta jorratuko den gai bakoitzari dagokion dokumentazioa ere.
2. artikulua. Banaketa.
1. Deialdia eta, halakorik bada, erantsitako dokumentazioa, udalkideei igorriko zaizkie.
2. Deialdia baliabide telematikoen bidez igorriko da, eta ulertuko da deialdia egina dela eskuragarri dagoen unetik beretik, baldin eta erabili bada bitarteko bat aukera ematen diena udalkideei jaso izana frogatzeko.
Gai-zerrenda
3. artikulua. Finkatzea.
Osoko bilkura arrunten gai-zerrenda alkate udalburuak finkatuko du, Udaleko idazkariak lagunduta. Orobat, beharrezkoa bada, udal taldeen bozeramaileei entzuten ahalko die.
4. artikulua. Gai-zerrenda.
1. Bilkura arrunten gai-zerrendan puntu hauek agertuko dira:
a) Lehen puntua: aurreko aktaren onespena.
b) Puntu bat, berariaz jardunen duena Udaleko gobernu organoen kontrolari buruz. Hari erantsiko zaio zerrenda bat, jasoko dituena aurreko bilkuraz geroztik alkatetzak emandako ebazpenen zerrenda, eta, kasua bada, zinegotzi ordezkariek edo bereziek emandakoak.
c) Presako gaiak, deialdiarekin batera igorritako gai-zerrendan sartuta ez zeudenak eta galde-eskeen puntuan sartzeko modukoak ez direnak.
d) Puntu bat edo batzuk, berariaz deialdia baino lehen aurkeztutako mozioetarako. Mozioak erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira, eta titulu bat jarri behar zaie, non agertuko baita nork aurkeztu dituen (taldeak edo zinegotziak). Orobat, taldearen ordezkariak sinatuta egon behar dute.
e) Bilkura arruntetako gai-zerrenden azken puntua nahitaez izanen da galde-eskeena.
2. Bilkura berezietan gai-zerrendako gaiak baizik ez dira aztertuko, salbu eta presakoak badira, Udalbatzako kide guztiak bertan badaude eta aho batez hala erabakitzen badute.
Osoko bilkuraren nondik norakoa
5. artikulua. Eraketa balioduna.
1. Osoko bilkura formalki hasi baino lehen, idazkariak egiaztatuko du ea badagoen eraketa baliodunerako quoruma.
2. Bilkurak ezin dira ez hasi ez egin, bertan ez badaude udalburua eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak. Halaber, udalkideen legezko kopuruaren herena agertu behar da (hiru kide, gutxienez, beti). Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori.
3. Udalkideren batek bilkura aretotik alde egin nahi badu aldi baterako edo behin betikoz, edo bilkurara itzuli nahi badu, alkateari edo idazkariari esan behar dio unean bertan.
6. artikulua. Aurreko bilkuraren aktaren onespena.
1. Osoko bilkuraren hasieran, buruak galdetuko du ea udalkideren batek oharren bat egin behar duen aurreko bilkuraren aktari buruz. Akta hori, hain zuzen, deialdiarekin batera igorri zitzaien. Oharrik egiten ez bada, onetsitzat joko da, baiespenez. Oharrik bada, eztabaidatu eta bidezkoak diren zuzenketak eginen dira.
Udalkideek aldez aurretik bidaltzen ahalko dizkiote oharrak idazkariari, mezu elektroniko bidez edo telefonoz, idazkariak dagokion egiaztapena egin dezan. Ahal dela, 24 ordu lehenago bidali behar dira oharrok.
2. Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta huts material edo egitatezkoak baino ezin izanen dira zuzendu.
3. Akta bakoitzean aurrekoaren irakurketa eta onespena aipatzean, egindako ohar eta zuzenketak agerraraziko dira.
7. artikulua. Gaien ordena.
1. Gai-zerrendako hurrenkeraren arabera eztabaidatu eta bozkatuko dira gaiak. Dena den, alkateak gaien hurrenkera aldatzen ahalko du, edo gai bat kendu onespenerako gehiengo berezia behar denean eta gehiengo hori ezin denean lortu gai-zerrendan hasiera batean aurreikusitako unean edo ez dagoelako nahikoa informazio eskuragarri hura onetsi ahal izateko.
2. Azkeneko osoko bilkuratik hartu diren erabakien berri emateko puntuan, behin bakarrik hartzen ahalko da hitza, eta gehienez ere minutu batez, Udalbatzari jakinarazten zaion erabaki edota ebazpen bakoitzeko.
Bilkuran alkatearen ebazpenei buruzko zalantzen edo argibideen berri eman nahi izanez gero, aldez aurretik adierazi beharko zaio alkateari edo idazkariari, osoko bilkura hasteko ordua baino 24 ordu lehenago, gutxienez, eta zehaztu zer zenbaki duen hizpide izanen den alkatearen ebazpenak.
Mozioak
8. artikulua. Mozioak.
1. Udal taldeek eta atxiki gabeko zinegotziek mozioak aurkezten ahalko dizkiote Osoko Bilkurari. Mozioak proposamena egin duen taldearen edo taldeen ordezkari batek sinatu behar ditu, eta, nolanahi ere, osoko bilkuraren aurretik.
Mozioak proposatzen dituzten taldeek bilkurako edozein unetan kentzen ahal dituzte gai-zerrendatik.
9. artikulua. Aurkezteko epea.
1. Mozioak osoko bilkuraren gai-zerrendan sartuko dira, baldin eta egoitza elektronikoaren edo posta elektronikoaren bidez aurkezten badira Idazkaritzan osoko bilkura arrunterako deialdia bidali behar den eguneko bezperaren 23:59 baino lehen.
2. Ondoren aurkezten diren mozioak osoko bilkuran tratatuko dira baldin eta presako izaera aitortzen bazaie dagokion unean. Presakotzat hartzeko erabakiak arrazoitua behar du izan.
Gai-zerrendan ez dagoen mozio bat zuzenean aurkeztu nahi bazaio Udalbatzari, haren sustatzaileak Udalbatza osoari eta Udaleko idazkariari helarazi beharko die, aztertzeko aukera izan dezaten. Mozioa helarazteko, posta elektronikoa balia dezake edo paperean eman (baldin eta dagokion osoko bilkura hastean bertan aurkezten bada).
Udalbatzari mozioaren berri eman ondotik, mozioa aurkeztu duenak haren presa justifikatu beharko du eta, orduan, Udalbatzak, kideen legezko kopuruaren erabateko gehiengoaren quorumarekin, mozioa eztabaidatzea bidezkoa den ala ez erabakiko du.
Presakoa dela onartzen bada, mozioa eztabaidatu eta bozkatu eginen da, bidezkoa bada, betiere erregelamendu honetan osoko bilkuretan mozioak tratatzeko moduari buruz ezarritakoari jarraituz.
10. artikulua. Mozioen tratamendua.
Aurkeztutako mozioak, gai-zerrendan agertu edo presaz izapidetuak izan, ezin izanen dira zuzendu, salbu eta sinatzaileek zuzenketa espresuki baimentzen badute; kasu horretan, lehenik eta behin zuzenketa bozkatuko da eta ondotik, mozioa. Hortaz, ez dira aurkeztutako mozioaz besteko testuak onartuko; horiek izapidetu nahi badira, mozio gisa aparte aurkeztuko dira, erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraituz.
Aurkeztutako mozioak ezin izanen dira zatitu, puntuz puntu bozkatzeko, salbu eta sinatzaileek espresuki baimentzen badute. Zatitzeko, nahitaez, parte hartzen dutenetako batek eskatu beharko du.
11. artikulua. Mozio kopurua taldeko.
1. Udal talde bakoitzak eskubidea du mozio bat aurkezteko osoko bilkura bakoitzean.
2. Udalbatza osatzen duten talde politikoen eta atxiki gabeko zinegotzien kopurua zein den, mozioen kopuru hori, gehienez, tratatuko da osoko bilkura bakoitzean. Ez dira halakotzat zenbatuko adierazpen instituzionalaren itxura dutenak edo udal talde guztiek sinatutakoak.
3. Adierazpen instituzionalak edo udal talde guztiek sinatutako mozioak aldez aurretik eztabaidatu gabe bozkatuko dira.
4. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionalei dagokienez, haiei buruzko kontsulta egin bazaie aldez aurretik gainerako taldeei eta aho batez onetsi badira, inguruabar horien berri eman beharko da erabakian. Testuan erabateko adostasunik ez badago, talde zehatz batek adierazpenari sostengua ematen diola jasotzen ahalko da.
Eztabaidak
12. artikulua. Eztabaidak antolatzeko arauak.
1. Gaiak, bozkatu baino lehen, eztabaidatu eginen dira, salbu inork ez badu hitza eskatzen. Osoko Bilkurako buruari dagokio eztabaidak zuzendu eta haietan ordena gordetzea.
2. Eztabaidarik sortzen bada, buruak honako arauen arabera antolatuko ditu mintzaldiak:
a) Buruak baimentzen duenean soilik hartzen ahalko da hitza.
b) Hizlariari inork ezin izanen dio moztu mintzaldia, salbu buruak.
c) Honela jokatuko da gai-zerrendako puntu guztietan, salbu eta mozioen puntuan: Osoko Bilkurako buruak edo zinegotzi bereziak edo dagokion informazio batzordeko kide batek jorratuko den gaia azalduko du eta, ondoren, idazkariak irizpena irakurriko du (osorik edo zati bat).
d) Eztabaidatu beharreko gai guztietan, udal talde edo zinegotzi bakoitzak hitz egiteko bi txanda, gehienez, izanen ditu, ordezkaritza txikienetik handienera ordenatuta. Mintzaldi guztiek iraupen bera izan dezaten zainduko du buruak.
Talde bereko kideek elkarri uzten ahalko diote dagokien txanda, eta Udalbatzari hitz eginen diote beti, eta ez pertsona jakin bati.
Taldeen mintzaldiak amaituta, buruak amaitutzat eman dezake eztabaida; alkateak azken mintzaldia egiten ahalko du.
d) Mintzaldiren batean bera aipatzen dutela uste duenak aipamenen txanda eska diezaioke udalburuari, esandakoari erantzun diezaion, eztabaidaren gaiaren muinean sartu gabe; txanda hori laburra eta zehatza izanen da, gehienez ere minutu batekoa. Horren harira, aipamen gisa hartuko dira eztabaidan egiten diren adierazpenak, baldin eta balio-iritziak edo baieztapen subjektiboak jasotzen badituzte, Udalbatzako kideen izen onaz edo jokabideaz edo duintasunaz; ez da horrelakotzat hartuko bere jarduerari buruzko erreferentzia hutsa egitea. Aipamenei bilkura berean erantzun beharko zaie. Aipatua bertan ez badago, udal talde politiko bereko beste kide batek erantzuten ahalko du haren izenean.
e) Buruak soilik egiten ahalko die ohartarazpena osoko bilkuraren ordenari eragiten dioten jokabideak dituztenei edo hitz egiteko txanda eduki gabe hitz egiten dutenei. Orobat, buruari dagokio eskatzea eztabaidatzen ari den kontuari lotzeko.
Zinegotzi bati hiru ohartarazpen egiten bazaizkio osoko bilkura batean, osoko bilkuren aretotik irten beharko du, eta ezin izanen da hara sartu bilkura egiten den bitartean.
Demagun kanporatzeko unean hasita dagoela gai-zerrendako puntu bati buruzko eztabaida eta puntu hori bozkatu behar dela. Kasu horretan, eta puntu horri dagokionez, kanporatutakoaren botoa izanen da abstentzio teknikoa. Gainerako puntuak bozkatzeko, aretoan dauden udalkideen botoak soilik hartuko dira kontuan.
13. artikulua. Mozioen punturako arau bereziak.
1. Proposamena egin duen talde politikoak edo atxiki gabeko zinegotziak mozioaren testua irakurriko du, osorik edo zati bat.
2. Mozioa irakurri eta gero, hari buruzko eztabaida hasiko da. Talde politiko edo atxiki gabeko zinegotzi bakoitzak hitz egiteko bi txanda, gehienez, izanen ditu.
a) Lehen mintzaldiak, gehienez ere, sei minutu iraunen du.
b) Talde politiko edo atxiki gabeko zinegotzi bakoitzaren bigarren mintzaldiak, gehienez ere, lau minutu iraunen du.
14. artikulua. Mintzaldien ordena.
1. Talde politikoak edo atxiki gabeko zinegotziak mozioa irakurri eta gero, hitz egiteko lehen txanda irekiko da. Nahi duten talde guztiek hitz egiten ahalko dute lehenbiziko txandan.
Talde politikoek eta atxiki gabeko zinegotziek ordezkaritza txikienetik handienera ordenatuta hitz eginen dute, salbu eta mozioa proposatu duen taldea. Izan ere, talde horrek mintzaldien txanda bakoitzaren amaieran hitz eginen du.
Mozioa bi taldek edo gehiagok aurkeztu badute, hitz egiteko ordenari eutsiko zaio. Proposamena egin duten taldeek erabaki beharko dute zein taldek hitz eginen duen amaieran.
2. Hitz egiteko lehen txanda amaituta, bigarren txanda irekiko da, parte hartu nahi duten talde politiko eta atxiki gabeko zinegotzientzat. Ordezkaritza txikienetik handienera ordenatuta hitz eginen dute, eta proposamena egin duen taldeak itxiko du txanda.
3. Mozioa proposatu duen talde politikoak edo atxiki gabeko zinegotziak bigarren txandan hitz egin eta gero, amaitutzat emanen da eztabaida, eta udalkide batek ere ezin izanen du hitza hartu.
Udalkideren batek hitza eskatzen badu aipamen pertsonalen bat dela eta, erregelamendu honetan ezarritakoari jarraikiko zaio.
15. artikulua. Mozioak bozkatzea.
1. Eztabaida amaituta, mozioa bozkatuko da.
2. Erabaki-proposamenak zenbait puntu baditu, puntuka bozkatzen ahalko da, baina horretarako baldintza izanen da hitz egin dutenetako batek eskatzea eta mozioa proposatu duen talde politikoak edo atxiki gabeko zinegotziak baimentzea.
16. artikulua. Herritarrek proposatutako mozioak.
1. Talde politikoek eta atxiki gabeko zinegotziek bere egiten ahalko dituzte herritarrek proposatutako mozioak eta Osoko Bilkuran aurkeztu. Haiekin, osoko bilkuran dagokien mozioen kupoa agortuko dute.
2. Talderen batek herritarrek proposatutako mozioak sinatu eta aurkezten baditu, moziook proposatu dituzten herritarrek irakurtzen ahalko dituzte osoko bilkuran. Aitzitik, ezin izanen dute osoko bilkuran hitz egin.
3. Herritarrek aurkeztutako mozioak eztabaidatzeko, talde politiko edo atxiki gabeko zinegotzi batek aurkeztutako mozioetarako ezarritakoari jarraikiko zaio. Dena den, mozioa proposatu duten herritarrek ezinen dute eztabaidan parte hartu.
Bozeramaileei kontsulta egitea
17. artikulua. Bozeramaileei kontsulta egitea.
Alkateak udal taldeko bozeramaileei dei egiten ahalko die, biltzeko, baldin eta beharrezkotzat jotzen badu, aztertu beharreko gaien premia eta garrantzia direla eta. Bilera horietara modu informalean deituko du. Bilerotan, erabakiak hartu eta konpromisoak finkatzen ahalko dira, baina nahitaez izan beharko du aho batez.
Bozeramaileek hartutako erabakiak eta finkatutako konpromisoak udal organo eskudunei (alkatea, Tokiko Gobernu Batzarra edo Osoko Bilkura) igorriko zaizkie, dagokion erabakia har dezaten modu formalean.
Aztertu beharreko gaien garrantzia dela eta, gerta liteke, beharrezkoa bada, teknikariei ere egitea bilera horietarako deia.
Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Noainen, 2025eko azaroaren 20an.–Alkatea, Luis Maya Armendáriz.
Iragarkiaren kodea: L2515267