256. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FONTELLAS

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2026-2029 aldirako

Fontellasko Udalak, 2025eko azaroaren 13an egin osoko bilkuran, onetsi zuen Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2026-2029 aldirako.

Fontellasen, 2025eko azaroaren 14an.–Alkatea, Erika Lasheras Munárriz.

DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA 2026-2029

1.–Sarrera eta arau-esparrua.

Dirulaguntzen plan estrategiko hau honako arau hauekin bat egin da: 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa (8. artikulua), 887/2006 Errege Dekretua, arau horren erregelamendua onesten duena, eta 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena (112. artikulua).

Plan honen helburua da zenbait irizpide eta helburu ezartzea eta Udalak 2026-2029 aldian emanen dituen dirulaguntzen plangintza orokorra ezartzea, eta bermatzea eraginkortasun-, efizientzia- eta gardentasun-printzipioak betetzen direla funts publikoen kudeaketan.

2.–Helburu orokorrak.

1. Udalerriaren garapen sozial, ekonomiko eta kulturala sustatzea.

2. Herritarrak bultzatzea parte hartzera eta elkarteak sortzera.

3. Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datozen udal-politikak bultzatzea.

4. Efizientzia eta gardentasuna bermatzea dirulaguntzen kudeaketan.

5. Aldian behin ebaluatzea nolako inpaktua izan duten emandako dirulaguntzek.

3.–Printzipio gidariak.

–Publizitatea eta gardentasuna.

–Aukera-berdintasuna.

–Efizientzia baliabideak esleitzean.

–Erantzukizuna eta kontrol finantzarioa.

–Emaitzak eta inpaktu soziala ebaluatzea.

4.–Jarduketa-eremuak eta ildo estrategikoak.

Fontellasko Udalak honako eremu hauetan emanen ditu dirulaguntzak:

Kultura eta ondarea: kultura-jarduerak sustatzea eta tokiko ondarea kontserbatzea.

Gizarte-zerbitzuak, hirugarren adina eta berdintasuna: inklusioa, berdintasuna, elkartasuna eta egoera ahulean dauden kolektiboen babesa bultzatzea.

Kirola: kirol-jarduera eta gazteen prestakuntza sustatzea.

Gazteria eta hezkuntza: gazteen parte-hartzea eta hezkuntza ez-formala sustatzea.

5.–Denboraren eta aurrekontuen plangintza.

Ikusita nolako bilakaera izan duen udal-aurrekontuaren betearazpenak azken urteetan, 2026-2029 aldirako 11.000 edo 12.000 euro erabiltzen ahalko dira urtean, gutxi gorabehera, herri honetan definitutako eremu eta ildo estrategikoetan laguntzak emateko.

Kultura eta Ondarearen Alorra: 1.000 euro inguru urtean (antzerki-taldeen jarduerak, auroroen taldeak eta abar).

Gazteria eta Hezkuntza Alorra: urtean 500 euro inguru (adibidez, guraso-elkarteek antolatutako eskolaz kanpoko jarduerak).

Gizarte Zerbitzuen, Adinekoen eta Berdintasunaren Alorra: 2.000 euro inguru urtean (adinekoen taldeen jarduerak, erlijio-konfesioak, boluntariotza-jarduerak eta abar).

Kirol Alorra: 7.500 euro inguru urtean (kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko laguntzak, kirol-klub edo -elkarteentzako laguntzak eta abar).

6. – Kudeaketa eta kontrolerako tresnak.

Alkatetza Alorraren ardurapean kudeatuko dira dirulaguntzak, eta hark ezarriko ditu oinarri arautzaileak, deialdiak eta kontrol-mekanismoak, indarreko arauekin bat.

Oro har, Udalak zuzenean emanen ditu dirulaguntzak, toki-erakundearen aurrekontu orokorrean aurreikuspen izenduna baitute. Dirulaguntza emateko, Udalak eta onuradunak hitzarmen bat sinatu beharko dute, arauak ezartzeko.

Hala ere, aukera egonen da bestelako zuzeneko laguntza mota bat emateko, legezko arau batean oinarrituta hala ezartzen bazaio Udalari, edo, salbuespenez, hala komeni bada interes sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiengatik edo deialdi publikoa egitea zailtzen duten bestelako inguruabarrengatik; halaber, norgehiagokako prozedura ere erabiltzen ahalko da, deialdi publikoa eta oinarri arautzaileak argitaratu ondoan.

Nolanahi ere, ematen den laguntza orok toki-erakundearen aurrekontuan jasota egon behar du.

7.–Ebaluazioa eta jarraipena.

Urteko ebaluazio-txosten bat eginen da, eta adierazle hauek jasoko dira hartan, besteak beste:

–Diruz lagundutako proiektuen kopurua.

–Aurrekontuaren betearazpen-maila.

–Inpaktu soziala eta ekonomikoa.

–Onuradunen gogobetetze-maila.

Txostena osoko bilkuran aztertuko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

8.–Indarraldia eta berrikuspenak.

Plan estrategiko hau indarrean egonen da 2026ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra bitartean.

Udalak, osoko bilkuran, plana berrikustea erabakitzen ahalko du, politika publikoak edo aplikatu beharreko arau-esparrua nabarmen aldatzen bada.

Iragarkiaren kodea: L2515340