256. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

123/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 12koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, foru agindu hauek aldatzen dituena: 286/2001 Foru Agindua, azaroaren 15ekoa, 192 eredua onesten duena; 177/2010 Foru Agindua, abenduaren 14koa, F-50 eredua onesten duena; 133/2018 Foru Agindua, urriaren 18koa, 199 eredua onesten duena; 30/2022 Foru Agindua, martxoaren 16koa, 195 eredua onesten duena; eta 111/2022 Foru Agindua, urriaren 25ekoa, 345 eredua onesten duena.

Informazio ereduetan jasotako zerga informazioaren kalitatea hobetzeko asmoz, foru agindu honek zenbait arau-aldaketa jasotzen ditu, zerga informazio hori behar bezala eguneratzeko, jarraian deskribatzen diren aldaketak sartuta.

Foru agindu honen lehenengo artikuluak aldatu egiten du azaroaren 15eko 286/2001 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baita 192 eredua, Altxorraren letrekin egindako eragiketen urteko aitorpen informatiboa egitekoa, 2. motako erregistroaren (aitortuaren erregistroa) diseinuetan aldaketa batzuk sartzeko; zehazki, "Herrialdearen kodea", "Eragiketa mota" eta "Eragiketaren gastuak" eremuak eguneratzen dira.

Bigarren artikuluak aldatu egiten du abenduaren 14ko 177/2010 Foru Agindua, F-50 eredua onesten duena, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena egitekoa, erregistroaren diseinuetan "Deialdiaren NGDDB zenbakia" izeneko eremu berri bat sortzeko 2. erregistro motan (aitortuaren erregistroa). Bertan, hala badagokio, administrazio publikoek emandako dirulaguntzen eta laguntzen deialdiaren zenbakia jasoko da, laguntza horiek F-50 ereduan jakinarazi behar badira hartutakoaren gakoan E adieraziz.

Hirugarren eta laugarren artikuluek aldatu egiten dituzte urriaren 18ko 133/2018 Foru Agindua, 199 eredua onestekoa, eta martxoaren 16ko 30/2022 Foru Agindua, 195 eredua onestekoa, hori guztia eguneratzeko asmoz 2. motako erregistroaren (aitortuaren erregistroa) diseinuetan "Herrialde Kodea" eremuko herrialdeen kodeen erreferentzia.

Azkenik, bosgarren artikuluak aldatu egiten du urriaren 25eko 111/2022 Foru Agindua, 345 eredua onesten duena, hots, "Aitorpen informatiboa. Planak, pentsio funtsak eta sistema alternatiboak. Gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, aurrezpen sistematikoko banakako planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Partaide, ekarpen eta kontribuzioen urteko aitorpena" izenekoa. Zehazki, "60.000 eurora arteko lan etekin osoak" eremua aldatzen da (2. motako erregistroko 271 idazgunea, aitortuaren erregistroa), eta, behar bezala betetzea errazteko, izen berria ematen zaio: "60.000 eurotik gorako lan etekin osoak". Eremu hori "S" batez bete beharko da, kopuru horretatik gorakoak badira, edo "N" batez, bestela.

Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Horrenbestez, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan emandako gaikuntzaz baliatuta,

AGINTZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak azaroaren 15ean emandako 286/2001 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, 192 eredua onetsi zen, Altxorraren letrekin egindako eragiketen urteko aitorpen informatiboa egitekoa.

Aldaketa hauek egiten dira azaroaren 15eko 286/2001 Foru Aginduaren II. eranskinean:

Bat.–"HERRIALDEAREN KODEA" eremua aldatzea, zeina agertzen baita 2. motako erregistroko (aitortuaren erregistroa) 2. erregistro motako (aitortuaren erregistroa) 78-80 idazguneetan. Aurrerantzean, honela idatziko da:

"78-80

ALFABETIKOA

HERRIALDEAREN KODEA

Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarren kasuan, aitortuaren bizilekuko herrialdeari edo lurraldeari dagozkion karaktere alfabetikoak adieraziko dira, abenduaren 15eko EHA/3496/2011 Aginduaren II. eranskinean jasota dauden herrialde eta lurraldeen kode alfabetikoen arabera.

Espainiako lurraldean establezimendu iraunkor baten bidez jarduten duten egoiliar eta ez-egoiliarren kasuan, 78-80 idazguneak zuriunez beteko dira".

Bi.–"ERAGIKETA MOTA" eremua aldatzea, zeina agertzen baita 2. motako erregistroko (aitortuaren erregistroa) 98-99 idazguneetan. Honela idatziko da:

"98-99

ZENBAKIZKOA

ERAGIKETA MOTA

Dagokion gakoa idatziko da

Altako eragiketa mota:

01: Harpidetza

02: Erosketa edo berrerosketa

03: Baloreen mailegua

04: Beste kudeaketa erakunde batek eskualdatzeagatiko alta

05: Balore-tituluen eraldaketa

06: Finantza-kontuei lotutako aldi baterako lagapenak

07: Finantza-kontuei lotu gabeko aldi baterako lagapenak

08: Balore-maileguen atzerako lagapena

09: Bigarren mailako merkatuan egin ez diren eskualdaketak (Balore Merkatuei eta Inbertsio Zerbitzuei buruzko martxoaren 17ko 6/2023 Legearen 62. artikulua)

10: Etekinak sortzen dituzten beste eragiketa batzuk

Bajako eragiketa mota:

11: Amortizazioa

12: Salmenta edo birsalmenta

13: Baloreen mailegua

14: Beste kudeaketa erakunde batek eskualdatzeagatiko baja

15: Balore-tituluen eraldaketa

16: Finantza-kontuei lotutako aldi baterako lagapenen kitapena

17: Finantza-kontuei lotu gabeko aldi baterako lagapenen kitapena.

18: Balore-maileguen atzerako lagapena

19: Bigarren mailako merkatuan egin ez diren eskualdaketak (Balore Merkatuei eta Inbertsio Zerbitzuei buruzko martxoaren 17ko 6/2023 Legearen 62. artikulua)

20: Etekinak sortzen dituzten beste eragiketa batzuk"

Hiru.–"ERAGIKETAREN GASTUAK" eremuaren deskribapena aldatzea. Eremu hori erregistro-diseinuen 2. motako erregistroko (aitortuaren erregistroa) 163-175 idazguneetan dago, eta aurrerantzean honela idatziko da:

"163-175

ZENBAKIZKOA

ERAGIKETAKO GASTUAK

Eremu horretan, hala badagokio, eragiketari atxikitako gastuei dagokien zenbatekoa jasoko da.

Transmisio kasuetan edo eskualdatzeaagatiko baja kasuetan, eragiketa horri atxikitako gastuen berri emanen da, bai eta eskuratzearen edo jatorrizko altaren eragiketako gastuen berri ere.

Eragiketari lotutako hainbat aitortu daudenean, haietako bakoitzean adieraziko da haietako bakoitzari egotz dakiokeen eragiketako gastuen zenbateko osoa, bakoitzaren partaidetza portzentajearen arabera.

Eremu hau bitan banatzen da:

163-173

Eragiketako gastuen zenbatekoaren osoko zatia.

174-175

Eragiketako gastuen zenbatekoaren zati dezimala".

Bigarren artikulua. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak abenduaren 14an emandako 177/2010 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, F-50 eredua onetsi zen, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena egitekoa.

Aldaketa hauek egiten dira abenduaren 14ko 177/2010 Foru Aginduaren II. eranskinean:

Bat.–"ERAGIKETAREN GAKOA" eremuko E gakoa aldatzea. Eremu hori 2. erregistro motako (aitortuaren erregistroa) erregistro-diseinuen 82. idazgunean dago, eta aurrerantzean honela idatziko da:

"E. Administrazio Publikoek emandako dirulaguntza, sorospen eta laguntzak, zenbatekoa edozein dela ere.

Gako hau Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 4.2 artikuluan aipatzen diren administrazio publikoek baizik ez dute erabiliko, dirulaguntza, sorospen eta laguntza horiek ordaintzen dituztenean. Bertan aitortu gisa agertzen direnek ez dute inoiz gako hau erabiliko".

Bi.–Zenbakizko eremu berri bat gehitzea, "DEIALDIAREN NGDDB ZENBAKIA" izenekoa, 2. erregistro motako (aitortuaren erregistroa) 300-305 idazguneetan. Eduki hau izanen du:

"300-305

ZENBAKIZKOA

DEIALDIAREN NGDDB ZENBAKIA

Dirulaguntzaren edo laguntzaren deialdiaren kodea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

Eragiketaren gakoa "E" denean bakarrik betetzen ahalko da".

Hiru.–2. erregistro motako (aitortuaren erregistroa) "ZURIUNEAK" eremuak honako idazgune hauek beteko ditu:

"306-500

ZURIUNEAK"

Hirugarren artikulua. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren urriaren 18ko 133/2018 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, 199 eredua onetsi zen, hots, "Kreditu entitateek txekeekin egiten dituzten eragiketak identifikatzeko urteko aitorpen informatiboa" egitekoa.

Aldatu egiten da "HERRIALDEAREN KODEA" eremua, zeinak 199 ereduko erregistro-diseinuetan 2. erregistro motako (aitortuaren erregistroa) 133-135 idazguneak betetzen baititu (diseinuak I. eranskinean daude). Aurrerantzean honela idatziko da:

"133-135

ALFABETIKOA

HERRIALDEAREN KODEA

Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez direnen kasuan, aitortuaren bizilekua den herrialdeari dagokion kodea adieraziko da, abenduaren 15eko EHA/3496/2011 Aginduaren II. eranskinean jasota dauden herrialde eta lurraldeen kode alfabetikoen arabera.

Egoiliarren kasuan, 133-135 idazguneak zuriunez beteko dira".

Laugarren artikulua. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren martxoaren 16ko 30/2022 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, 195 eredua onetsi zen, hots, "Kreditu-erakundeei identifikazio fiskaleko zenbakia ezarritako epean eman ez dieten titularren kontu edo eragiketen hiruhileko aitorpena" egitekoa.

Aldatu egiten da "HERRIALDEAREN KODEA" eremua, zeinak 195 ereduko erregistro-diseinuetan 2. erregistro motako (aitortuaren erregistroa) 118-120 idazguneak betetzen baititu (diseinuak I. eranskinean daude). Aurrerantzean honela idatziko da:

"118-120

ALFABETIKOA

HERRIALDEAREN KODEA

Espainiako lurraldean establezimendu iraunkor baten bidez jarduten ez duten ez-egoiliarren kasuan, aitortuaren bizilekua den herrialdeari dagokion kodea adieraziko da, abenduaren 15eko EHA/3496/2011 Aginduaren II. eranskinean jasota dauden herrialde eta lurraldeen kode alfabetikoen arabera.

Espainiako lurraldean establezimendu iraunkor baten bidez jarduten duten egoiliar eta ez-egoiliarren kasuan, 118-120 idazguneak zuriunez beteko dira".

Bosgarren artikulua. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urriaren 25eko 111/2022 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, 345 eredua onetsi zen, hots, "Aitorpen informatiboa. Planak, pentsio funtsak, sistema alternatiboak. Gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, aurrezpen sistematikoko banakako planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Partaide, ekarpen eta kontribuzioen urteko aitorpena" izenekoa.

"60.000 EURORA ARTEKO LAN ETEKIN OSOAK" eremua aldatzea, zeinak 345 ereduko erregistro-diseinuetan 2. motako erregistroko (aitortuen erregistroa) 271 idazgunea betetzen baitu, urriaren 25eko 111/2022 Foru Aginduaren eranskineko 345. ereduaren erregistro-diseinuetan. Aurrerantzean, eremu horrek izen eta testu hau izanen ditu:

"271

ALFABETIKOA

60.000 EUROTIK GORAKO LAN ETEKIN OSOAK

"Eremu hori "S" bat idatziz beteko da, baldin eta langileak, ekitaldian, kontribuzioa egiten duen enpresatik lortutako lan etekin osoak 60.000 eurotik gorakoak badira. Bestela, "N" adieraziko da.

Eremu horrek azpigako hauetan baino ezin du edukia izan: A02, C01, C03, F02, G01, G02, J01, J02, J03 eta J05".

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatuko da 2025eko ekitaldiari dagozkion aitorpen informatiboetan, zeinak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztuko baitira.

Iruñean, 2025eko abenduaren 12an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2516471