1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1422E/2025 EBAZPENA, abenduaren 9ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpen aldekoa egiten baita Aceros Moldeados de Lacunza SAk (AMLSA) Lakuntzan sustatzen duen jarduera-proiektu honentzat: altzairuzko piezak fabrikatzea galdaketaz.
Egin dira jardueraren funtzionamendu-baldintzak eguneratzeko izapideak; izan ere, txertaturiko aldaketen ondorioz, areagotu egin da ekoizpen-gaitasuna eta gainditu egin du eguneko 20 tonako muga. Hori dela eta, hasieran eskuratu zuen baimenaren ordez (hau da, jarduera sailkatuaren udal-lizentzia), ingurumen-baimen integratua eskuratu behar du, Kutsadura Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.
Deskribatutako proiektua, bere ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da, 4. taldeko d) atalean; beraz, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarriko da.
2002an ireki zenetik, zehazki, 1.000 kg-ko edukierako bi galdaketa-labe elektrikoren ordez beste bi labe paratu dituzte, hozteko dorreak dituztenak eta 1.500 eta 2.000 kg-koak, hurrenez hurren. Aldaketa horien ondorioz, jarduerak murriztu egin ditu emakidaren bolumena, Arakil ibaira isuritako urak eta energia-kontsumoaren tasa, eta titular beraren Arbizuko lantegira eraman ditu, besteak beste, aurreko lizentzian sartutako piezen desugertze- eta kontrol-prozesuak.
– Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea:
2024ko azaroaren 7an, proiektuaren titularrak ingurumen-baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuan, eta ingurumen-inpaktuaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen horrekin batera.
2024ko abenduaren 24an (260. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen-inpaktuaren azterketa eta aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez, eta kontsulta-tramitea ireki zuen proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin.
Ukituriko administrazio publiko gisa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak kontsulta egin zien Ingurumen Ebaluazioko Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Lakuntzako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari. Espedientean jasota daude Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren erantzunak. Horrez gain, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, baina ez da haien erantzunik jaso.
Ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen II. eranskinean jaso da ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioaren emaitzen laburpena.
2025eko irailaren 16an, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zuen titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuan.
2025eko irailaren 19an, zerbitzu horrek Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura igorri zuen espedientea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, azterketa teknikoa egin eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen arrunta eman zezan.
– Espedientearen azterketa teknikoa.
Hiri-lurzoru industrialaren barruan eraikitako eremu baten barruan gauzatzen da jarduera, eta haren izapidearen xedea da funtzionamendu-baldintzak eguneratzea txertaturiko aldaketen ondotik, ikusirik jarduera sailkaturako udal-lizentziarekin zabaldu zutela 2002ko urtarrilean.
Jarduera guztiak Arakil ibaiaren lautada alubialean, Zaragoza-Altsasu trenbidearen arteko espazioan eta ibai-ibilguaren alboko uholde-eremuan gauzatzen dira. Industria-lurzoruan gauzatzen den jardueraren ezaugarriak direla medio, eta ez denez aurreikusten zuzkidura gehiago, ez da aurreikusten afekziorik.
Arakil ibaiari dagokionez, jarduerak badu 1. labearen hozte-urak hornitzeko eta isurtzeko emakida. Labe horren hartze- eta irteera-puntuak ibaiaren erriberan daude, fabrikaren ondoan, eta ez dute eteten espazio horren iragazkortasuna. Era berean, jarduerak baditu isurketa-lerro bereiziak prozesuan sortzen diren uretarako, euri-uretarako eta saneamendu-uretarako, eta industrialdeko kolektoreetara konektatuta daude guztiak ere.
Aurrekotik salbuetsiko litzateke 2. poligonoko 321. partzela, poligonora sartzeko bidearen beste aldean dagoena eta urbanizatu gabeko zatian belardiz estalia. Partzela horretarako, hain justu, erabat ixtea eta zolatzea dago aurreikusita, euri-urak hartzea eta tratatzea barne, aparkaleku eta kanpoko biltegi gisa erabiltzeko. Jarduketa horiek lurzoru urbanizagarrian eginen lirateke, jabari publiko hidraulikoan, uholde-eremutik kanpo.
Jasota dago Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 2025eko martxoaren 3ko txostena, ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko izapidean eskatua. Txosten horrek aztergai ditu izapidetutako handitzeak eskatzen dituen tramiteen ondorioz ingurune hidrikoan izan litezkeen inpaktuak. Handitze horretako eraikinak 1986ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak dira, eta ez zuten behar aldez aurreko baimenik, eraikitako unean indarrean zegoen uren legeriari jarraikiz. Beraz, arroko organoaren ondorioetarako, ez da beharrezkoa lehendik dauden instalazioak baimentzea edo legeztatzea.
Hauek dira jarduera-motaren ingurumen-inpaktu bereizgarriak: baliabide mineralak eta energetikoak kontsumitzea; emisio atmosferikoak eta zarata; produktuak eta hondakinak biltegiratzea eta kudeatzea; eta ura kontsumitzea eta ibilgura isurtzea. Alderdi horiei aplikatzekoak zaizkie jarduera-sektoreko teknika erabilgarri onenak, eta, zehazki, proiektuaren ingurumen-baimen bateratuan jasotzen direnak.
Interesgarria da, orobat, euri-urak kontrolatzea aire zabaleko biltegiratze-eremuetan, Arakil ibaiaren ondoan baitaude eta ibaiaren dinamika naturalari lotutako arriskuak ageri baitira. Arrisku horien gaineko eskumena, baina, arroko organoak dauka, jabari publiko hidraulikoan baitago.
Jarduerak baditu isurketa-emakida eta -baimena, eta hartzen ditu ibaia babestearekin eta kontserbatzearekin lotutako neurri zuzentzaileak, erakunde baimendu batek ontzat emaniko isurketa-mugak kontrolatzeko eta gainbegiratzeko. Badaukate, berebat, ingurumena kudeatzeko sistema normalizatu bat, ISO 14.001 arauari jarraitzen diona, eta, Arakil ibaiaren uholde-eremuan dagoenez, jarduerak badu uholde-eremuetan egin beharreko jarduketei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioko Atalak ondorioztatzen du —espedientean sarturiko txostenak, jendaurreko informazioaren emaitza eta espedientearen azterketa teknikoa ikusi ondotik— behar bezala egin dela ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura. Ildo horretan, jakinarazten du proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, betetzen dituela proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak (konpentsazioa), eta betetzen dituela, orobat, ebaluazio honetatik eratortzen direnak ere; beraz, ingurumen-inpaktuaren adierazpen aldekoa egitea proposatzen du.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Altzairuzko piezak galdaketa bidez fabrikatzeko Lakuntzako Aceros Moldeados de Lacunza SAk (AMLSA) sustatutako jarduera-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen aldekoa egitea.
2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:
–Esku hartuz gero 2. poligonoko 321. partzelan, ikusirik Arakil ibaiaren ibilguaren ondoan dagoela, kontuan hartuko dira dagozkion baimenak, eta aintzakotzat hartuko dira, orobat, ibaiarekin muga egiten duten lurzoru eta ibar-basoari eta trenbidearen ondoko hariztiari ez eragiteko neurriak.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Ultzama-Arakil koordinazio-unitatea, ogfoular4@cfnavarra.es) behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Metal ferrosoak galdatzeko instalazioa, egunean 20 tona baino gehiago ekoizteko gaitasuna duena, karbono-altzairuzko piezak, pieza herdoilgaitzak eta nikelezko aleazioak ekoizteko, hareazko moldekatzea erabiliz. Instalazioetan silizezko hareaz eta fenol-erretxinaz osatutako moldekatzeko piezak eta moldeak sortzen dira, metala indukzio elektrikoko labeetan galdatzen da eta metal urtuzko galdak erabiltzen dira pieza metalikoak eratzeko; era berean, desmoldekatzeko eta granailaketa bidez garbitzeko lanak egiten dira, piezen tratamendu termiko eta tenplaketa gauzatzen da, eta moldeak osatzen dituzten harea eta kromitenak berreskuratzen dira.
Instalazioek zenbait gela dituzte.
–1. eraikina: Ekoizpen-prozesua eta eraldaketa elektrikorako gelak daude bertan. Eraikin horri lotuta daude mantentze-lanetako tailerra, bulego teknikoa eta gas naturala erregulatzeko eta neurtzeko estazioa.
–2. eraikinean langileen bulegoak eta ebakitzeko oxigeno-biltegia daude (hari atxikita).
–Tailerren eta eredu-biltegien gunea.
–Kanpoko patioak, zolatuta. Han daude hondar-, amina- eta erretxina-biltegiak, baita harea-, txatar- eta hondakin-edukiontziak ere. Han daude, era berean, hozte-dorrea eta gasolio-biltegia.
Instalazioak energia-kontsumo intentsiboa du, eta, hiru transformadore elektriko ez ezik, badu gas naturala erregulatzeko eta neurtzeko estazio bat ere. Baliabide energetiko gisa, elektrizitatea erabiltzen du fusio-labeek funtzionatzeko; eta gas naturala baliatzen du, bestalde, moldekatzeko labeetarako, pieza metalikoen tratamendu termikorako, hareak berreskuratze makinarako eta metxeroetarako. Azkenik, automozio-ekipoek gasolioa baliatzen dute.
Materiei dagokienez, hauek baliatzen dira prozesuan: burdinazko txatarrak; burdina; burdina- eta kromo-aleazioak eta beste metal batzuekin lorturikoak; piezak osatzeko Si, Ni, Mb, Cr, Cu eta Al metalikoak; moldekatze-hareak; erretxinak; pintura erregogorrak eta alkohol isopropilikoa, pinturen osagai gisa molde eta granailetarako; baita oxigenoa ere ebaketa-makinetan, akaberarako.
Prozesuak poligonoko sareko ura erabiltzen du hozteko 2. eta 3. labeetako eta berreskuratutako hareetako zutabe lurrunkorretan eta ontzeko igerilekuan. Gero, industrialdeko industria-uren kolektorera isurtzen ditu. Bestalde, Arakil ibaiko ura hartzen du 1. labea hozteko plakak dituen zirkuitu tubularreko trukagailurako, eta, ondoren, ibilgura isurtzen du. Instalazioak isurketa-lerro bereiziak ditu euri-uretarako eta saneamendu-uretarako.
Emisio kanalizatuen foku bat baino gehiago ditu atmosferara, errekuntza- eta galdaketa-labeenak, bai eta gasenak eta moldeak egin eta berreskuratzeko eta granailatzeko partikulenak ere. Sustatzaileak badu hondakin arriskutsuen ekoizle txiki izateko eta hondakinak sortzeko baimena.
Jarduerak sektoreko teknika erabilgarri onenak hartzen ditu, badu zarata kontrolatzeko programa, eta aurkeztu ditu ingurumena ISO 14.001 Arauan oinarrituta kudeatzeko sistema bat, larrialdi-plan bat eta uholde-eremuetako jarduketen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.

1. planoa. Jarduketaren kokalekua. Lehendik dagoen instalazioa (gorriz) eta 321. partzela (urdinez)
II. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN ETA INFORMAZIO PUBLIKOAREN IZAPIDEAREN LABURPENA
Hona hemen tramite horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:
–Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.
Ingurumen Ebaluazioaren Atala | X |
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala. | X |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | X |
Lakuntzako Udala | |
Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea. | |
Ekologistak Martxan - Landazuria | |
Ekologistak Martxan | |
Sustrai Erakuntza Fundazioa | |
SEO/BirdLife | |
Gurelur | |
Greenpeace España | |
Ingurumen Ebaluazioaren Atalak Arakil ibaiaren eta Aralar mendilerroaren hegalaren artean dagoen industria-lurzoruko eremuaren ingurumen-balioak azaldu ditu. Zaragoza-Altsasu trenbideak bereizten ditu bi eremu horiek. Txostenak adierazten duenez, Aralar mendilerroko ES2200020 Kontserbazio Bereziko Eremutik datozen haritz azidofiloen masak ageri dira kokalekuaren ondoan, eta ez da aurreikusten horien gaineko afekziorik; izan ere, jardueraren ezaugarriak direla eta, lurzoru urbanizatuaren gaineko industria-nabe baten barnean garatzen da.
Alderdi interesgarrien artean nabarmentzen du jarduera Arakil ibaiaren uholde-eremuaren eraginpean egotea, bai eta jarduerak ibaiarekin harreman zuzena izatea ere. Hain zuzen, ibaiaren ertzean ageri dira galdaketa-labeetako bat hozteko eta isurtzeko behar den ura ateratzeko eroanbideak. Halaber, adierazten du badela partzialki urbanizatutako eremu osagarri bat ibarrean, eraikitako gunetik bereizita, eta aparkaleku eta biltegiratze eremu gisa erabiltzen dela.
Aurreko balorazioaren arabera, eskatzen du sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izapidetzeko zehaztu egin behar dituela Arakil ibaiaren uren, ertzen eta ibarren kalitateari eragin diezaioketen alderdiak, eta xehatu egin behar duela, era berean, ibaiak ura hartzeko eta isurtzeko eremuetan ageri duen naturalizazio-egoera. Horretaz gainera, aparkaleku eta biltegi gisa erabilitako eremu osagarrian egin beharreko jarduketen irismena argitzeko eskatzen du, baita obren ingurumen-integraziorako hartzen ahal diren landareztatze-neurriak ere, kasuak hala eskatuz gero.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatzen duenez, proiektuak betetzen ditu forjaketa- eta galdaketa-industriarako emisioei buruzko Batzordearen 2024ko azaroaren 29ko 2024/2974 (EB) Betearazpen Erabakian ezarritako teknika erabilgarri onenak, eta, horrenbestez, proiektuak dokumentazioan sartu behar du jardueraren Ingurumena Kudeatzeko Sistema.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak adierazi duenez, "ES091551: Arakil ibaia Altzania ibaitik Larraun ibairaino" azaleko ur-masaren mugapearen barnean dago instalazioa. Jakinarazi du, berebat, Arakil ibaiaren polizia-eremuan daudela instalazio ia guztiak, uholde-eremuan, eta instalazioaren zati bat, azkenik, 10 urteko errepikatze-denborako uholde-laminaren barnean.
Txostenak aztergai ditu izapidetutako handitzeak eskatzen dituen tramiteen ondorioz ingurune hidrikoan izan litezkeen inpaktuak. Handitze horretako eraikinak 1986ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak dira, eta ez zuten behar aldez aurreko baimenik, eraikitako unean indarrean zegoen uren legeriari jarraikiz. Beraz, arroko organoaren ondorioetarako, ez da beharrezkoa lehendik dauden instalazioak baimentzea edo legeztatzea.
Adierazten duenez, ingurumen-inpaktuaren azterketak hartu ditu kontuan azaleko eta lurpeko drainatze-sarearen alterazioa, baita uren kalitatean eta ur-kontsumoan izandako afekzioak ere, eta, hortaz, eskatutakoaren alde egiten du, betiere proiektuan jasotako neurriekin eta lehen adierazitako ondorioak minimizatzeko hartu beharreko neurriekin. Era berean, sustatzaileari gogorarazten dio ezen, beharrezkoa bada beste emakida bat, haren ezaugarriak aldatzea edo isurtzeko baimenean ezarritako emari-mugak gainditzea, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ur Komisarian izapidetu beharko dela.
Jarduera hartzen duen lurzati osoa uholde-eremuan dagoenez, beharrezkotzat jotzen da eskatzaileak uholdeak gertatuz gero izaten ahal diren arriskuak eta ondorioak aztertzea, baita uholde-eremuetan egin beharreko jarduketen erantzukizunpeko adierazpena (DRAZI) bidaltzea ere, bere eginbeharrei jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F2516320