Iragarkia
256. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1387E/2025 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "El Royo", "La Galera" eta "La Muga" eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuentzako aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena formulatzen duena, barne direla haien transformazio eta ebakuazio azpiegiturak, SET La Serna (REE) azpiestaziora arte. Corella eta Tuterako udalerrietan daude, eta Ríos Renovables SL enpresa da sustatzailea.
Hiru eguzki instalazioak elkarrengandik hurbil daude eta azterketak hartzen duen ingurune berean daude; guztira 27,94 hektareako azalera hartzen dute, Corellako udalerrian hedatuta.
Proiektuen ezaugarriak direla eta, horien izapidetzea sartuko litzateke Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldean. Industria Energetikoa, i) letra, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko litzaioke. Hala ere, lege horren 7. artikuluaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaie II. eranskinean jasota dauden eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuei, sustatzaileak hala eskatzen badu, kasu honetan bezala.
1. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.
Ríos Renovables SL enpresak 2024ko apirilean aurkeztu zituen, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, "El Royo", "La Galera" eta "La Muga" eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak, barne zirela haien transformazio eta ebakuazio azpiegiturak SET-Promotores La Serna 66/30kV azpiestazioraino. Aurkeztu zituen, orobat, planta bakoitzari dagozkion ingurumen inpaktuen azterketak ere, aipatutako SET horretara arteko ebakuazio azpiegiturak barne; eta eskatu zuen proiektu horien ingurumen ukipenak baimentzeko administrazio prozedurak hasteko, bai eta horien administrazio baimena emateko beharrezkoak diren prozedurak ere, eta plantak gauzatzeko proiektuak onartzea.
2024ko maiatzean, sustatzaileak jakinarazi zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari akats bat antzeman zuela instalazio horietarako aurkeztutako ingurumen dokumentuetako bakoitzean; aurreko horiek zuzentzen dituzten dokumentu berriak aurkeztu zituen, eta horietako bakoitzerako ingurumen ebaluazio sinplifikatua eskatu zuen.
Ondoren, 2024ko uztailean, eta lehen aipatutako 21/2013 Legearen 7. artikuluan oinarrituta, sustatzaileak Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eskatu zion, ingurumen ebaluazio sinplifikatua egin beharrean, ingurumen ebaluazio arrunta egiteko, instalazio bakoitzerako.
21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, organo substantiboak 30 egunez jarri zituen jendaurrean proiektuak eta haien ingurumen inpaktuaren azterketak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita (165. zk., 2024ko abuztuaren 13koa), eta kontsultak egin zizkien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei.
Ezarritako epea igaro ondoren, hiru txosten jaso ziren, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Kontserbazio Zerbitzuak eta Estatuko Errepideen Demarkazioaren AP-68 autopistaren Ustiapenaren Ikuskaritzaren Aragoiko arloak emanak; eta bi alegazio, Eólica Cascantek eta Sigma Energías Sl-k, TotalEnergies Clientes SAUren izenean, aurkeztuak.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoan eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako alegazioak eta txostenak bidali zizkion sustatzaileari, eta aztertu ondoren, sustatzaileak horiei erantzuna eman zien, eta 2024ko abenduan aurkeztu zuen instalazio bakoitzerako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera.
Handik hurrena, 2024ko abenduan beti, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak sustatzaileari helarazi zion Ingurumen Ebaluazioko Atalak emandako txostena, non adierazten den beharrezkoa dela ingurumen inpaktuaren azterketa bat (IIA) aurkeztea, hiru instalazioetarako eta SET-La Sernaraino ebakuaziorako azpiegiturarako. Eskatutako dokumentua 2025eko urtarrilean aurkeztu zuen sustatzaileak, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko beste eskaera batekin batera, hiru parkeetarako eta SET-La Serna arteko ebakuazio azpiegiturarako.
Berriro ere, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoa betez, organo substantiboak 30 egunez jarri zituen jendaurrean proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita (50. zk., 2025eko martxoaren 13koa), eta kontsultak egin zizkien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.
Ezarritako epea igaro ondoren, erakunde hauek egindako txostenak jaso ziren: Tuterako Udala, Paisaia eta Landa Lurzoruaren Atala, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atala, ADIF, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren Estatuko Errepideen Demarkazioa Aragoin eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoa; eta elkarte hauek egindako alegazioak ere bai: Sustrai Erakuntza Fundazioa, Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria elkartea eta Zangozako Ekologistak Martxan-Ongaitz elkartea. Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak eta ekarpenak, hizpide dituztenak garrantzitsutzat jotzen diren inpaktuak.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako alegazioak eta txostenak bidali zizkion sustatzaileari eta, aztertu ondoren, sustatzaileak bere erantzunak aurkeztu zituen, 2025eko apirilean, ekainean eta abuztuan. Horren ondoren, 2025eko abuztuan, sustatzaileak hiru eguzki instalazio fotovoltaikoetarako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zuen.
Industria Antolamenduaren, Energia Azpiegituren eta Meatzeen Zerbitzuak Biodibertsitate Zerbitzuari bidali zion "El Royo", "La Galera" eta "La Muga" eguzki instalazio fotovoltaikoen eta haien transformazioko eta SET La Sernarainoko ebakuazio azpiegituren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan jasotakoa oinarri hartuta.
Ebaluazioak ez ditu barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasun eremuak, laneko segurtasuna eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna edo bestelako arloak, beren araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak dituztelako ingurumen ebaluazioaren irismenetik kanpo geratzen direnak.
2. Proiektuen deskribapena.
Hiru eguzki instalazioak elkarrengandik hurbil daude eta azterketak hartzen duen ingurune berean daude; nekazaritza alorrak okupatuz, labore desberdinekin, batez ere mahastiak.
"El Royo" eguzki instalazio fotovoltaikoak lau barruti ditu, modu independenteak hesituak, guztira 9,81 hektarea hartuz. "La Galera" eta "La Muga" instalazioek bakoitzak barruti hesitu bana dute, 8,16 eta 9,97 hektareakoak, hurrenez hurren.
"El Royo" eta "La Galera" instalazioak 7.458 eguzki modulu fotovoltaikoz osatuta daude, ardatz bateko jarraitzaileen gainean multzokatuta eta ezarrita. Horien ardatzek ipar-hego norabideari jarraitzen diote, +/-55eko biraketa tartearekin ekialde-mendebalde norabidean, eta lurrera zuzeneko tinkatzearen bidez finkatuak. "La Muga" instalazioak 7.590 modulu ditu, beste instalazioetarako adierazitako ezaugarri berekin.
Solairu bakoitzean, moduluen multzoak konektatzen zaizkie 14 inbertitzaileri guztira, eta horietatik sortutako energia transformazio zentroetara ebakuatzen da, non tentsioa 30kV-ra igotzen den, eta transformatzaile horietatik babes eta neurketa zentroraino, guztiak ere instalazio bakoitzeko esparru hesituen barruan kokatuta. "La Galera" eta "La Muga" babes eta neurketa zentroetatik, energia "El Royo" instalazioko babes eta neurketa zentrora ebakuatzen da eta, hortik, 8.515 metroko lurpeko linea elektriko baten bidez, hiru instalazioetako energia eramaten da SET Promotores La Serna 66/30kV azpiestaziora. Azpiestazio hori beste sustatzaile batzuekin partekatzen da, eta Tuterako 39. poligonoko 144. nekazaritza lurzatian dago, SET-La Serna 66kV-tik gertu, nekazaritzako bide baten ondoan. SET Promotores La Serna 66/30kV azpiestazio hau SET-La Serna 66kV-rekin konektatzen da, konexio puntua onartu den lekuan, 66kV lurpeko 740 metroko linea elektrikoaren bidez.
Ebakuazioko azpiegituraren trazadura gehiena nekazaritzako bideen ertzetik edo barnealdetik planteatzen da.
Instalazioen barrutiak hesitzea egiteko planteatzen da 2 metroko gehieneko altuera duen ehiza sare bat, inguru hartan dagoen basa fauna ez-zinegetikoaren zirkulazioa ez eragozteko, lurretik 15 cm-ko gutxieneko altuera mantenduz, eta elementu ebakitzaile edo ziztatzailerik gabe. Era berean, hegazti faunaren talka saihesteko, 25x25cm-ko seinaleztapen plaka ikusgarriak jarriko dira, 3 baotik batean.
SET Promotores La Serna 66/30kV azpiestazioaren itxitura 2,30m-ko garaierakoa da lurraren gainetik. Sare metalikoz egina da, goiko aldean alanbre arantzadunez errematatua, eta 2,5 metrotik behin zutoinak ditu, lurrera hormigoizko dadoen bidez finkatuak, eta aurrefabrikatutako zintarri batez errematatzen da dadoen arteko espazioa.
Sustatzaileak ez du sarbide berririk eraikitzeko beharrik aurreikusten, ezta daudenak handitzeko edo hobetzeko beharrik ere, eta transformazio zentro guztiak lotzeko beharrezkoak diren barne bideak planteatzen ditu, gutxienez 4 m-ko zabalerarekin, 20 cm-ko zabor geruzarekin eta areka triangeluarrarekin, isuritako urak kontrolatu eta bideratzeko.
Proiektuko beste ekintza batzuk: sortzen den energia lurpetik ateratzeko zangak zulatuko dira; lurrak mugituko dira euskarrien egiturak, inbertsoreak, transformazio zentroak, babes eta neurketa zentroak eta SET Promotores La Serna azpiestazioa instalatzeko.

3. Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.
–Alternatiben azterketa:
Aurkeztu den ingurumen dokumentuan alternatiben analisia dago; bertan 3 aukera aztertzen dira, "0 alternatiba" deitutakoaz gainera. Sustatzaileak baztertu egin du 0 alternatiba deitutakoa, eragin negatiboa izanen lukeelako energia berriztagarrien sustapenean, horrek kutsadura eta mendekotasun energetiko handiagoa eraginen lukeelako, eta ez lukeelako lagunduko berotegi efektuko gasen ekoizpena murrizteko helburuetan.
Instalazioak ezartzeko eremu posibleak hautatzeko, aldez aurreko irizpide batzuk ezartzen dira: ebakuazio puntutik hurbil egotea, intsolazio maila, behar diren azalera eta ezaugarriak, eta bateragarria izatea ingurumen, lurralde eta hirigintza aldetik eta lehendik dauden azpiegiturekiko. Horretarako, bideragarriak izan daitezkeen hiru aukera hautatzen dira nekazaritza eremu lauetan, antzeko lur eremua okupatuz.
Sustatzaileak irizpide anitzeko analisia egin du alternatiba hautatzeko, ingurumen irizpide diferenteak kontuan hartuta, eta azkenean "1" alternatiba hautatu du, egokiena delakoan eguzki instalazio fotovoltaikoak ezartzeko. Ebakuazio sistemarako, "3" alternatiba jotzen da egokiena; izan ere, lurpeko linea elektrikoa denez, inguruneko elementuetan ukipen txikiagoa eragiten du, era berezian paisaian, faunan eta lurzoruaren erabileretan.
–Geomorfologia eta lurzoruak:
Aurkeztutako ingurumen dokumentuaren arabera, instalazioen ezarpen eremuko ezaugarri geomorfologiko adierazgarriena da forma lau eta leuneko erliebeak izatea bere hartan, % 3tik beherako maldak dituztenak, puntu gutxi batzuetan izan ezik, horietan malda handiagoak baitira.
Zehazki, instalazioek hartzen duten azalera guztiak % 3tik beherako malda du. Lurpeko ebakuazio lerroa malda txikiko lursailetan barna igarotzen da gehienbat, baina leku batzuetan malda leuna (% 3-10), ertaina ( % 10-20) eta azkarra (% 10-20) dago, nahiz eta eremu horietan lehendik dauden bideetan barrena igaroko den. Era berean, SET-Promotores La Serna azpiestazioak okupatuko duen lursailaren geomorfologiak profil laua du, % 3tik beherako maldekin.
Ingurumen inpaktuaren azterketak dioenez, inpakturik handienak eraikuntza fasean gertatuko dira, eta horiek identifikatzen ditu ondoko hauekin: lur eremua eraldatu eginen da, eta higadura arriskua areagotuko da, lur mugimenduen eta landare estalkia kentzearen ondorioz, batez ere eremu maldatsuetan.
Hala ere, lurraren orografia kontuan hartuta, ukipena ez da oso handia eta, lur mugimendu handirik ez baitago, inpaktua ia nulua da, eta eraginen liratekeen inpakturik handienak bateragarritzat jotzen dira.
–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:
Ingurumen inpaktuaren azterketak dioenez, eguzki instalazio fotovoltaikoek, SET-Promotores La Serna azpiestazioak eta hortik SET-La Serna (REE) azpiestaziora doan ebakuazio azpiegiturak soilik ukitzen dituzte belarkien eta/edo zurezko landareen laborantzak, lehorrekoak eta/edo ureztatuak. Instalazioetatik SET-Promotores La Serna azpiestaziora arteko ebakuazio azpiegiturak zuhaitzik gabeko baso-lursail bat ukituko luke, aurrekoez gain. Dokumentuak ez du katalogatutako espezierik jasotzen, eta ezarpen eremuaren inguruan hainbat habitat daudela adierazten duten datuak ematen ditu, baina instalazioetatik SET-Promotores La Serna azpiestaziora arteko ebakuazio azpiegiturak soilik ukitzen ditu intereseko habitatak, horietako bat lehentasunezkoa.
Ingurumen azterketaren arabera, inpaktu nagusiak obren fasean izanen dira: ukitutako azalera guztietan landare estalkia eraldatuko da eta landaredia degradatu eginen da, obra eremuaren ondoko inguruetan.
Hala ere, landaredi naturaleko eremuak sare hidrografikoaren eta ureztatze sarearen ertzetan daude, baita muinoetan eta malda handiko eremuetan ere, non aurkitzen ditugun landatutako pinudiak, sastrakak eta larreak. Instalazioek eta SET-Promotores La Serna azpiestazioak okupatutako eremuan ez dago landaredi naturalik, eta ebakuazio azpiegiturak Sasillo errekaren inguruko larreak eta Cierzo mendien iparraldeko mendi hegaleko pinu landaketak zeharkatzen baditu ere, trazadura oso-osoa eginen du lehendik dauden bideei atxikia eta, beraz, ukipen kaltegarria eragiteko arriskua, landaredi naturalaren eta Batasunaren intereseko habitaten gainean, oso txikia da.
Ingurumen inpaktuaren azterketaren arabera, inpaktu handienak bateragarriak dira baina, indarra duen araudia betetzea nahitaezkoa dela, obraren ingurumen zuzendaritzaren zaintza eta prebentzio neurrien aplikazioa kontuan hartuta, azkenean inpaktua ez handitzat jotzen du.
–Fauna, natura gune babestuak eta natura intereseko eremuak:
Ingurumen dokumentuan jaso da proiektuaren eraginpeko eremuan dauden espezieen inbentario bibliografiko bat, lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren datu basearen arabera eta, UTM koordenatuen sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera, 10 km-ko aldea du. Inbentario horretan aipatzen dira 188 espezie: 14 arrain espezie, 7 anfibio, 13 narrasti, 28 ugaztun eta 126 hegazti espezie.
Ingurumen inpaktuaren azterketak detektatzen du, eraikuntzaren fasean, fauna kaltetzen ahalko litzatekeela, habitata galtzearen ondorioz, eragozpen horiengatik faunak alde egin dezakeelako eremutik, eta orobat, autoek harrapatutako animaliak gehiago izan litezkeelako. Ustiapen fasean, detektatu diren inpaktu nagusiak dira faunari eraginen litzaizkiokeen eragozpenak, habitata eraldatzea eta hesi efektua eragitea, eta talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskua.
Aurkeztutako dokumentuaren arabera, landareen ezarpen eremuaren ezaugarri nagusiak dira antropizazio handia, landaredi naturalik ez izatea edo dagoen landaredi natural urriaren degradazio handia, gehiena belarki eta/edo zurezko landareen laborantzak baitira. Beraz, eta haren hedadura txikia eta kokapena ere kontuan hartuta, azterketak dio ezarpen eremuak ez duela garrantzi handirik intereseko hegazti faunarentzat, ez duela eraginik izanen mehatxupean egon daitezkeen harraparien zelaigunean, eta ez dela biotopo egokia faunaren gordelekuak edo egokitzeko eremuak hor kokatzeko, lursaila aldian-aldian lantzen baita. Faunaren gaineko inpakturik handienak neurrizkotzat jotzen ditu.
Naturagune babestuei eta natura intereseko eremuei dagokienez, ingurumen inpaktuaren azterketaren arabera, proiektuak ez du ukitzen, ez zuzenean, ez zeharka, Nafarroako naturagune babestu bakar bat ere, ez Natura 2000 Sareko eremurik, ez eta ingurumen aldetik kaltebera den eremurik ere.
Sustrai Erakuntza fundazioak, Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria elkarteak eta Zangozerriko Ekologistak Martxan-Ongaitz elkarteak adierazi dutenez, proiektua parke eoliko eta fotovoltaikoz betetako eremu batean kokatzen da, eta indar handiko inpaktu sinergikoak eragiten ditu. Zehazki, agerian uzten dute han dauden proiektuek eta azpiegiturek faunarengan eragiten duten hesi efektua, habitatak sakabanaturik eta arrunt urriturik baitaude, eta animaliak hiltzen ari baitira, istripuak direla, odol ahaidetasuna dela, eta abar. Era berean, jakinarazten dute zer eragin izanen duten instalazioek eta haien ebakuazioko azpiegiturek, zeharkatzen baitituzte estepako hegazti fauna kontserbatzeko intereseko eremuak, gaur egun Eremu Kritiko deitzen direnak, eta horrek estepako espezie oso sentikorretan eragiten duela, populazio egoera oso konprometituan daudelarik; eremu horien balio handia aldarrikatzen dute, Naumann belatzarentzat, mirotz urdinarentzat eta mirotz zuriarentzat eta, halaber, atalarrarentzat ere, eta azken aldian basoilo txikiak erabili izan duela diote, eta noizean behin, ganga iberiarrak era erabiltzen duela eremua.
Horregatik guztiagatik, ingurumen organo honek egiaztatu du ebakuazio azpiegitura estepako hegazti faunaren kontserbazio eremuetan barna igarotzen dela, SET-Promotores La Serna azpiestazioa kokatuta dagoelako horietako baten barruan; horrez gain, ebakuazio azpiegituraren trazadura hainbat eskortatatik oso hurbil igarotzen da, Naumann belatzaren hainbat kolonia txiki han ezarri direlarik, eta SET La Serna azpiestazioraino iristen da, non espezie horrek berak migratu aurreko lo leku bat erabiltzen duen; horrenbestez, obrak egin bitartean, ingurumen inpaktuaren adierazpen honek ezarritako espazio, denbora eta ordutegi mugak bete beharko dira.
4. Proposamena.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egoki bete dela iritzita, emandako azalpenekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko Ingurumen inpaktuaren adierazpena ematen da "El Royo", "La Galera" eta "La Muga" eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuentzako, barne direla haien transformazio eta ebakuazio azpiegiturak, SET La Serna (REE) azpiestaziora arte. Corella eta Tuterako udalerrietan daude, eta Ríos Renovables SL enpresa da sustatzailea.
2. Jarduera gauzatuko da aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzei jarraikiz eta, horiez gainera, baldintza hauek ere bete beharko dira:
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, lanak egiten hasi aurretik, Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak eman beharreko aldeko txostena lortu beharko da, eta han ezartzen ahal diren baldintzak bete.
Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
–Eguzki instalazio fotovoltaikoa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, alegia, obrak egin bitartean erasanak guztiz ezinbestekoak diren eremuei soilik eragiteko moduan, eta lur mugimenduak ahalik eta txikienak izan daitezen; lehenetsiko da egitura fotovoltaikoen oinarria lurzoruan zuzenean tinkatzeko aukera. –Lurzorua berdintzeko lanik egin behar bada, ez da area izanen erreferentzia, eta ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilduak; lubeta ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 cm-ko geruza jarriko da, eta begetazio berria jarriko zaie.
–Lehendik dagoen landaretza errespetatuko da ahal den guztian. Makineria eta materialak biltzeko esparruak ez dira kokatzen ahalko berezko landaredia sortzen den lekuetan.
–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasiak garbitzeko makineria erabiltzea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.
–Paisaiaren gaineko ukipenei dagokienez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaia eta Landa Lurzoruaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da.
–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena beteko da.
–Naumann belatzaren koloniak ez kaltetzeko, apirilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko alditik kanpo egin beharko dira ebakuazio azpiegitura gauzatzeko lanak koordenatu hauen artean: (X:609.189, Y:4.660.990) eta (X:605.860, Y:4.662.123).
–SET-La Serna azpiestazioan (REE) Naumann belatzak duen migrazio aurretiko lo lekua ez kaltetzeko, gomendatzen da obrak uztailaren 1etik irailaren 30era bitarteko alditik kanpo egitea. Gomendio hori bete ezin bada, azpiestazio horren inguruko lanak ez dira hasiko eguzkia atera eta ordubete igaro baino lehen, eta beranduenez, eguzkia sartu baino ordubete lehenago burutuko dira.
–Instalazioen perimetroko hesia ez da lurrean sartuko, zutoinei lotzeko lekuetan izan ezin; tamaina txikiko faunaren iraganbidea ez eragozteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Hesia diseinatuko da fauna txikia igarotzeko modukoa izateko (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, txarrantxarik gabekoa), eta seinaleztatzeko, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurriei jarraituko zaie.
–Lagomorfoak, karraskariak edo bestelako animaliak kontrolatu behar badira, dagozkion baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira, eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.
–Lursailean sakabanatuta dauden harri muinoak kontserbatu behar dira, eta lekualdatu, hurbileko ingurune batera.
–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.
–Instalazioan argi punturik jarriz gero, ezinbestekoak direnak bakarrik jartzen ahalko dira, talka eremu potentzialetatik (hesietatik, tentsoreetatik, aireko linea elektrikoetatik eta abarretatik) urrun. Argi kutsadura gutxitzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta pantaila lurrera begira dutela.
–Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze sare naturalaren jarraipena, higaduraren eremu berriak sortzea eta gai solidoak drainatze-sareetara arrastaka eramatea saihesteko.
–Ingurumen arloko integrazioa:
- Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta ukitu ezin diren eremuak balizatuko dira.
- Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek ukitutako azalera guztietatik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko nahiz aldi baterako okupazioko azalerak). Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da 2,0 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago lehengoratze-lanetan berrerabiltze aldera.
- Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran berean erabiliz. Lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazioek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.
- Obrak bukatutakoan behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira, okupatu den eremu osoan, eta hondakinak kudeatuko dira indarreko legediaren arabera.
- Eguzki instalazio fotovoltaikoaren eremu osoa eta obrek ukitutako beste edozein eremu, aldi batez ukitu bada ere, eta bereziki eguzki instalazioko egituren arteko lur zatiak, harrotu eta ereintzarako prestatuko dira, eta belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da bertan. Belar horiek egin beharreko jarduerarekin bateragarriak izan beharko dute, eta agente polinizatzaileen presentzia erraztu. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada edo halako geruzarik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurrez estaliko da gainazala, gutxienez 30 cm-ko geruza batekin; geruza hori aurretik behar bezala erauzi eta metatu behar da. Era berean, berreskuratze planean ezarritakoa eta ingurumen inpaktuaren azterketan jasotako lehengoratze neurriak bete beharko dira.
- Lanak bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia. Landaketak egin behar izaten direnez landaketa garaiaren, klima baldintzen eta abarren mende. Obrak burutu eta ondoko landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki instalazioaren bizitza baliagarri guztian.
- Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.
–Estepako abifaunaren aldeko neurri osagarri gisa, baimendutako eguzki instalazioaren azalera berdineko eremu bat kudeatuko da, eguzki instalazioaren bizitza baliagarri osoan. Azalera hori, ahal dela, AC-16 Castejon-Tutera eta AC-17 Tutera Iparraldea eremu kritikoen barruan kokatu beharko da, eta hori ezinezkoa bada, beste eremu batzuetan kokatuko da, betiere Nafarroako erriberako estepako hegaztientzat interesgarriak diren lekuetan.
Lur eremu hori zerealen lehorreko laborantzako lurzatietan banatuko da, estepako hegaztientzat habitat egokia baita, ingurumen inpaktuaren adierazpen hau ebazten den egunean laborantzan edo lugorri badaude, txandakako erregimenean. Lursail horiek aukeratzeko, aholkua eskatzen ahalko zaio Nafarroako Gobernuaren Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hari aurkeztu beharko zaio aukeratutako lursailen zerrenda, onets ditzan. Lurzati horiek erabiltzeko eskubidearen erabilgarritasuna egiaztatu egin beharko da, bai eta lursailen jabeekin eta/edo nekazariekin hitzartutako akordioak ere. Lursail horien kudeaketa aurkeztu beharko da lanei ekin aurretik; aukerak izan daitezke, besteak beste, lugorri uztea eta 2-3 urtetik behin kontrolatzea landarediaren garapena, azaro-otsail arteko azaleko labore lan bat eginez, beharrezkoa izanez gero, edo lugorrien kudeaketarako beste hainbat eredu, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuz eta labore lanak eginez ugaltzeko garaitik (martxotik abuztura) kanpo. Zurezko laboreak dituzten lurzatiak lugorri utzi edo lehorreko zerealetara aldatzen ahalko dira, neurri berberak aplikatuta. Ez dira erabiltzen ahalko energia berriztagarrietarako beste proiektu batzuengatiko konpentsazio neurri gisa ezarritako nekazaritza eta ingurumen arloko neurriak aplikatuak dituzten lurzatiak.
–Transformazio zentroetan, babes eta neurketa zentroetan eta SET-Promotores La Serna azpiestazioan, tamaina ertaineko edo handiko harrapariek edo hegaztiek pausaleku gisa erabil ditzaketen tentsioko elementu guztiak isolatuko dira. Gutxienez metro bateko tartea utziko da tentsioa duten elementuen eta aurreikusitako pausatze zonen artean.
–Lanak hasi baino 72 ordu lehenago gutxienez, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari jakinarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
5. Ebazpen hau igortzea Tuterako Udalari, Ingurumen Zaintzari (Tuterako Koordinazio Unitatera) eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN IZAPIDEEN ETA KONTSULTEN EMAITZAK
21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, organo substantiboak 30 egunez jarriko ditu jendaurrean proiektuak eta haiei dagozkien ingurumen inpaktuaren azterketak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita (165. zk., 2024ko abuztuaren 13koa), eta kontsultak eginen dizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.
Bi alegazio jaso dira:
–1. alegazioa, Eólica Cascante.
–2. alegazioa, Sigma Energía SL, Totalenergies Clientes SAUren izenean.
Honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta, eta taulan adierazitako txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | TXOSTENA |
Tuterako Udala | |
Corellako Udala | |
Ingurumen Ebaluaziorako Atala | X |
Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala | |
Basoen eta Ehizaren Zerbitzua | |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | X |
Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia) | X |
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioa | X |
Berriro ere, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, organo substantiboak 30 egunez jarriko ditu jendaurrean proiektuak eta haiei dagozkien ingurumen inpaktuaren azterketak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita (50. zk., 2025eko urriaren 13koa), eta kontsultak eginen dizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.
Hiru alegazio jaso dira:
–1. alegazioa, Sustrai Erakuntza Fundazioa.
–2. alegazioa, Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.
–3. alegazioa, Ongaitz-Zangozako Ekologistak Martxan.
Honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta, eta taulan adierazitako txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | TXOSTENA |
Tuterako Udala | X |
Corellako Udala | |
Ingurumen Ebaluaziorako Atala | |
Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala | X |
Basoen eta Ehizaren Zerbitzua | |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | X |
Herri lurren Atala. | X |
Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia) | |
ADIF | X |
Corellako Ureztatzaileen Sindikatua | |
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioa | X |
Iragarkiaren kodea: F2516075
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
