1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko abenduaren 10ean hartua, Murelu Longidako hilerriko bidea egokitu eta hobetzeko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.
Murelu Longidako Kontzejuak, 2024ko abenduaren 12an egindako bilkuran, erabaki zuen onestea "Murelu Longidako hilerrirako bidea egokitzeko eta hobetzeko proiektua", bai eta hasiera batez onestea ere proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta hura jendaurrean jartzea hamabost egun balioduneko epean. Gainera, aipatutako proiektuaren onura publikoa onartu eta deklaratu zen, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra ere, proiektuaren onespenak hori baitakar berekin. Erabaki hori 2025eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan.
Jendaurreko aldia iraganda, Murelu Longidako Kontzejuak, 2025eko abuztuaren 30ean egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatu proiektua, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa dela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Erabaki hori 2025eko 207. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 16koan.
Murelu Longidako Kontzejuak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da gaur egun hilerriko bidea zelaitu gabeko lurretan dagoelako, malda handikoetan; bideak erradio txikiko bihurguneak, gainazal irregularra eta zuloak ditu, eta errodadura geruzarik ez. Baldintza horiekin, ia ezinezkoa da ibilgailurik pasatzea bertatik, hileta zerbitzuetakoak edo larrialdietakoak barne. Ibilgailu bat hara iristea lortuz gero, atzera egin beharko luke ateratzeko, bidea behar bezain zabala ez delako eta zabalgunerik edo gurutzatzeko tokirik ez dagoelako; horrek guztiak bide segurtasunerako begi bistako arriskua dakar. Horrez gain, bidea zolatu gabe dago eta ez du alboetan eusteko sistemarik, eta horrek areagotzen du ibilgailuak bidetik ateratzeko arriskua malda handia dagoen tarteetan.
Hori dela eta, presakoa da bidea egokitu eta hobetzea, hilerriak sarbide seguru eta funtzionala izan dezan, bai hileta zerbitzuetarako bai herriko bizilagunentzat eta hilerri honetan familiakoak ehortziak dituzten beste herrietako bizilagunentzat. Jarduketa hau nahitaezkoa da funtsezko zerbitzu publiko bat modu jarraituan eta duintasunez eman ahal izateko, arrisku egoerak eta sarbiderik eza gerta ez daitezen, gaur egun hilerria modu egokian erabiltzea ezinezkoa baita.
Gainera, toki entitateko idazkaritzak egindako ziurtagiri bat aurkeztu du, jasotzen duena toki entitateak baduela behar den aurrekontu-kontsignazioa "Murelu Longidako hilerriko bidea egokitu eta hobetzeko proiektuak" ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko.
Nafarroako Gobernuak, Murelu Longidako Kontzejuak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Murelu Longidako hilerriko bidea egokitu eta hobetzeko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Murelu Longidako Kontzejuari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 10ean.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.
Iragarkiaren kodea: F2516163