Iragarkia
256. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
291E/2025 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, "Ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzak" izeneko 2026ko deialdia onesten duena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 871276.
2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak "Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2021-2025" onetsi zuen. Planaren 1. erronkak talentua erakartzera eta atxikitzera bideratuko zenbait neurri biltzen ditu, I+G+Baren oinarria pertsonak direla ulertuta; hortaz, neurriak ikerketarako talentua prestatzera, mantentzera eta erakartzera bideratuta daude. Ildo horretan, ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzen deialdia interes handiko tresna bihurtzen da, ikerketaren arloko enpresa eta entitateetan ikertzaileak sartzea errazten baitu.
Laguntza neurri honek ibilbide luzea du, eta 2014. urtetik 2025.era bitarteko edizioetan 500 pertsona kontratatzea ahalbidetu du, I+G+b zereginetarako.
Aurten, iaz bezala, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) enpresek eta eragileek parte hartzen ahalko dute.
Laguntzen deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da. Plan hori 2025eko apirilaren 30ean onetsi zuen Nafarroako Gobernuak erabaki bidez.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. "Ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzak" izeneko 2026ko deialdia onestea.
2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, jarraian adierazten den aurrekontu-kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa badago:
AURREKONTUKO PARTIDA HONEN BALIOKIDEA DEN PARTIDA: | EKITALDIA | ZENBATEKOA, |
G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak, teknologiako langileak eta industria doktoreak kontratatzea | 2027 | 750.000 |
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Hala ere, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute Nafarroako Gobernuan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2025eko azaroaren 26an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen helburua da titulazio akademikoa duten pertsonen prestakuntza hobetzea, enpresek gauzatzen dituzten I+G+b jardueretan ikertzaile eta teknologiako langile gisa parte hartuz, eta Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragile akreditatuek eta enpresek egiten dituzten jarduera horietan lagunduz.
2. oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragileak eta enpresa pribatu edo publikoak izaten ahal dira laguntza hauen onuradunak, akredituta egon eta baldintza hauek betez gero:
a) Nafarroako Foru Komunitatean lantoki bat izatea eta diruraguntzaren bidez kontratatuko den pertsonak parte hartzen duen jarduerak lantoki horretan egitea.
b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea. (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5904460).
Betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, 7.4.a) oinarrian adierazitako laguntza eskabidean bertan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak, zuzenean edota bitarteko telematikoen bidez, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez ziurtagiriak eskura ditzan, frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Entitateak eskabidean horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horiek egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak.
3. Laguntza hauen entitate onuradun izateak dakartzan betebeharrak eskabidea aurkezten den unetik dirulaguntzaren indarraldia agortu arte bete beharko dira.
3. oinarria.–Kontratatutako pertsonak egin behar dituen dirulaguntza jasoko duten jarduerak.
Dirulaguntzaren xedea izanen da pertsona bat kontratatzea enpresak eta kontratatutako pertsonak egin beharreko jarduera hauetakoren batean parte har dezan:
1. I+G proiektuak.
2. Berrikuntza jarduerak.
3. I+G+b jardueretan laguntzeko lanak, besteak beste: proiektuak kudeatzeko jarduerak; jabetza industrialaren babesa; merkatuari edo konkurrentziari buruzko azterlanak; ziurtapenak (adibidez, EE marka lortzea). Administrazio lanak kanpoan gelditzen dira.
4. oinarria.–Dirulaguntza jasoko duen kontratazioa.
1. Kontratatzen den pertsonak baldintza hauek bete beharko ditu kontratazioaren unean:
a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu zerbitzu publiko batean inskribaturik egotea enplegu eskatzaile gisa, eta inskripzio horretan hurrengo apartatuan adierazitako titulazioren bat agertzea.
b) Honako titulazio akademiko hauetakoren bat izatea:
i) Unibertsitateko titulua. Atzerriko titulazioa edukiz gero, Espainiako unibertsitateko titulazio eta maila akademiko ofizialera homologatuta egon beharko da edo atzerriko titulazioaren eta Espainiako unibertsitateko titulazio eta maila akademiko ofizialaren arteko baliokidetasun adierazpena izan beharko da, urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz. 889/2022 Errege Dekretu horrek atzerriko hezkuntza sistemetako unibertsitateko irakaskuntzak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko baldintzak eta prozedurak ezartzen ditu eta aurreko antolamendu akademikoetako unibertsitate titulu ofizialek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duten baliokidetza maila ezartzeko prozedura arautzen du.
ii) Goi Mailako Lanbide Heziketako tituluak. Atzerriko titulazioa edukiz gero, homologatuta eta baliozkotuta egon beharko da, urtarrilaren 29ko 104/1988 Errege Dekretuaren arabera (unibertsitatez kanpoko atzerriko tituluak eta ikasketak homologatu eta baliozkotzeari buruzkoa).
c) Honako kontratazio hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:
i) Entitate onuradunarekin edo harekin lotutako edo elkartutako enpresekin kontratu harremana izan dutenek, 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean agertzen diren definizioen arabera (https://www.boe.es/buscar/doc.php?lang=eu&id=DOUE-L-2014-81403), deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den arte.
ii) Entitate onuradunaren kontrola dutenek, zuzendari-kargua dutenek edo haren administrazio organoetako kide direnek. Era berean, ez zaio emanen kontrataziorako dirulaguntzarik baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza edo odol ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitate onuradunaren kontrola bere gain daukaten pertsona, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kideak.
iii) Entitate onuradunaren kapitalean partaidetza dutenek edo harekin akzioen edo sozietateen bidez lotutako beste entitate baten kapitalean partaidetza dutenek.
iv) Norberaren kontura lan egiten dutenek eta langile autonomoen araubide berezian kotizatzen dutenek.
v) Kontratazioaren xedeko lanpostuan enplegua deuseztatu denean deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte.
Entitate onuradunek, 10.2.c) oinarrian adierazitako kontratazioarekin lotutako dokumentazioarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute, azken baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko.
2. Kontratazioak bete behar dituen baldintzak:
a) Lan kontratu bat sinatuko dute laguntza eskatu duen entitateak edo entitate onuradunak eta kontratatu beharreko pertsonak.
b) Idatziz formalizatuko da, indarreko legediaren arabera, proposamen bakoitzaren inguruabar zehatzekin hobekien bat datorren kontratazio modalitatean eta horiek hobekien ahalbidetzen duten moduan. Berariaz jaso beharko da honako hau:
i) Kontratatutako pertsonaren prestakuntza maila eta titulazio espezifikoa. Horiek bat etorriko dira 7.4.a) oinarrian aipatutako eskabidean eta dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitakoekin.
ii) Hasierako eguna eta bukaerako eguna (bukaerako eguna ez da kontuan hartuko kontratua mugagabea bada). Era berean, ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.
iii) Beteko den lanpostua.
iv) Urteko soldata gordina, eurotan adierazia; ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.
v) Dirulaguntza deialdi honen aipamena.
vi) Lan eskaintzak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan duen erregistro zenbakia, 5.1 oinarrian aipatzen dena.
c) Kontratua lanaldi osokoa izatea, eta gutxienez 12 hilabetekoa.
d) Hasiera data ez da izanen 2026ko otsailaren 2a baino lehenagokoa eta:
i) 9.2 oinarrian aipatutako dirulaguntza emateko baterako ebazpenaren arabera diruz lagundutako eskabideen kasuan, 2026ko ekainaren 30a baino lehenagokoa izanen da (egun hori barne). Hala ere, 13. oinarrian ezarritakoaren arabera luzapenik baimendu bada, urte bereko uztailaren 31 baino lehenagokoa izanen da (egun hori barne).
ii) 9.3 oinarrian ezartzen den prozeduraren arabera dirulaguntza emateko baterako ebazpenaren ondotik diruz lagundutako eskabideen kasuan, 2026ko urriaren 30 baino lehenagokoa izanen da (egun hori barne).
e) Kontratatzen den pertsonak Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan beteko ditu dirulaguntzaren xede diren jarduerak, eta 7.4.a) oinarrian aipatutako eskabide telematikoan nahiz, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako titulazio akademikoarekin bat datorren lanpostu batean arituko da.
f) Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu kodeari dagokionez, kontratatzen den pertsona entitate onuradunaren lantoki batean sartua egonen da.
g) Diruz lagundutako kontratazioa Gizarte Segurantzaren kotizazio talde hauetan sartuta egonen da:
i) 1. edo 2. taldeak, unibertsitateko titulazioetarako, 1.b) i) puntuan adierazitakoaren arabera.
ii) 1-5 taldeak, Goi Mailako Lanbide Heziketako titulazioetarako, 1.b) ii) puntuan adierazitakoaren arabera.
h) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 20.000 eurokoa izanen da gutxienez.
i) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko da.
3. Oinarri arau honetako 1. eta 3. apartatuetan aipatzen diren baldintzak, bai lanean hasten den pertsonarenak bai kontratuarenak, dirulaguntzaren indarraldi osoan bete beharko dira.
5. oinarria.–Kontratatu beharreko pertsonak hautatzeko prozedura.
1. Lan eskaintza. Entitate eskatzaile edo onuradunek, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura jo beharko dute, deialdi honen babesean kontratazio prozesu bat hasteko asmoa dutela jakinarazteko. Horretarako, dagokion lan eskaintza telematikoki aurkeztu beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Eskaintzan honako hauek agertu beharko dira:
a) 7.4.a) oinarrian aipatzen den eskabidean adierazitako profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa.
b) "Ikertzaileak eta teknikariak kontratatzeko laguntzak" deialdira bilduko direla adieraziko dute.
2. Aurrehautaketa eta hautaketa. Ondoko kasu hauek hartuko dira kontuan:
a) Entitate eskatzaileak edo onuradunak lanposturako hautatutako pertsona bat badu, horren berri eman beharko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.
b) Entitate eskatzaileak edo onuradunak ez badu lanposturako hautatutako pertsonarik: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskaintzaren berri emanen du bere webgunean argitaratuz eta egokitzat jotzen dituen bitartekoak erabiliz. Era berean, entitateak hala eskatzen badu, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eginen du aurrehautaketa, eskatzen den profilarekin bat datorren hautagai zerrendatik. Entitateak eginen du azken hautaketa, eta, hala badagokio, lanpostura egokitzeko egokitzat jotzen dituen probak egiten ahalko ditu.
Bi kasuetan, entitate eskatzaileak edo onuradunak hautatutako pertsonaren datuak eman beharko dizkio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.
3. Egiaztatzea. Kontratua formalizatu aurretik, entitate eskatzaileak edo onuradunak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin egiaztatu beharko du hautatutako pertsona Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo edozein enplegu zerbitzu publikotan inskribatuta dagoela, eta inskripzio horrek 7.4.a) oinarrian aipatzen den eskabidean adierazitako profil akademikoa, prestakuntzakoa eta lanekoa jasotzen dituela.
4. Kontratazioa. Kontrataziorako, 7.4.a) oinarrian jasotako eskabidean zehaztutako soldata, titulazioa eta kotizazio taldea hartuko dira kontuan, bai eta oinarri honetako 1. apartatuan aipatzen den lan eskaintzan zehaztutakoa ere, eta, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean edo 13. oinarrian xedatutakoaren arabera baimendutako aldaketetan zehaztutakoa.
5. Aldaketak. Edozein aldaketa egiteko, 13. oinarrian xedatutako beteko da, eta lan eskaintza egin aurretik eta, nolanahi ere, kontratua formalizatu aurretik jakinarazi beharko da.
6. Balidazioa. Kontratazioa diruz lagunduko da, baldin eta oinarri honetan deskribatutako prozeduraren arabera egin bada eta deialdiaren ebazpenaren bidez laguntza eman bada, 9. oinarrian aurreikusitako baldintzetan.
6. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta laguntzen zenbatekoa.
1. Emanen diren dirulaguntzak horien bidez kontratatzen diren pertsonen lan eta soldata kostuak finantzatzeko erabiliko dira, eta baita Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio gastuak finantzatzeko ere.
2. Dirulaguntzak moduluen araubidearen bidez eman eta justifikatuko dira, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin (https://www.boe.es/buscar/act.php?lang=eu&id=BOE-A-2006-13371&tn=1&p=).
3. Lan eta soldata kostuak (Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio gastuak barne) konpentsatzeko laguntza moduluak, I. eranskinean adierazitakoak izanen dira.
7. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskabideak aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 2an hasiko da, eta urte bereko urtarrilaren 30ean bukatuko da (egun hori barne).
2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko webgunearen bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-contratacion-de-personal-investigador-y-tecnologico-2026), aurrerantzean, laguntzen webgunea.
Eskabide horretan adierazi beharko da jakinarazpenak telematikoki jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektroniko bakarra izatea (aurrerantzean, GHEb), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.
Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.
3. Entitate bakoitzak gehienez hiru eskabide aurkezten ahalko ditu, eta, beraz, eskabide bakoitzaren bidez pertsona bakarra kontratatzen ahalko da.
4. Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen arabera:
a) Eskabide telematikoa, 2.1. oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena jasotzen duena.
b) Jarduketen memoria, II. eranskinean jasotako irizpideen arabera baloratuko diren apartatuak beteta. Gainera, behar adina informazio aurkeztu beharko da Ezagutza Transferitzeko Atalak –aurrerantzean organo kudeatzaileak– egiaztatu ahal izan dezan 3. oinarrian azaldutakoen artean daudela kontratatuko den pertsonak eginen dituen jarduerak.
c) Laguntzaren xede den jarduera eginen den lantokian langileen batez besteko plantillak 250 langile baino gutxiago baditu, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorreko alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldirako.
d) I. eranskineko 2.a) apartatuan adierazitako laguntza osagarria eskuratu nahi izanez gero, berdintasun plana.
e) 2.b) apartatuko laguntza osagarria jaso nahi izanez gero, alta emanda dauden langileen txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak laguntzak eskatu aurreko hilabetean egina.
Eskabidearekin batera aurkeztu behar diren dokumentu guztiak fitxategi bereizietan aurkeztu beharko dira, bakoitzaren izenarekin behar bezala identifikatua. Entitateak eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, puntu honetako c), d) eta e) apartatuetan adierazitako agiriak lehenengoan baino ez dira aurkeztu beharko.
5. Eskabideak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatzen diren baldintzak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
6. Ez da zuzentzen ahalko oinarri honetako 4.b) apartatuan aipatutako jarduketen memoria aurkeztu ez izana.
8. oinarria.–Eskabideak baloratzeko irizpideak.
1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, II. eranskineko irizpideen arabera baloratutako eskabideak elkarrekin konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.
2. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, eskabideei I. eranskinean ezarritako moduluak eta, hala badagokio, laguntza gehigarriak aplikatuko zaizkie.
3. II. eranskineko A) eta B) apartatuetan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten eskabideak ezetsi eginen dira.
4. Eskabideei emandako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, II. eranskineko ataletan eta ordenan lortutako puntuak kontuan hartuta ebatziko da berdinketa: C.6, A, B, C.5, C.4, C.3, C.2, C.1. Hala ere, entitate bereko eskabide bat baino gehiagoren artean puntuazio berdinketa gertatzen bada, lehenengo aurkeztu denari emanen zaio lehentasuna.
9. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Organo kudeatzaileak, eskabideak ebaluatu eta laguntzen zenbatekoa zehaztu ondotik, ebazpen proposamena aurkeztuko dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari (aurrerantzean, organo eskuduna). Proposamen horretan, adieraziko du entitate onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ebazpen proposamenean hauek jasoko dira gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda, esleitutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.
Zerrenda hori konfiguratzeko, kontuan hartuko da hasiera batean dirulaguntza bakarra emanen dela entitate onuradun bakoitzeko. Hala ere, eskabide guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, bigarren dirulaguntza bat ematen ahalko da entitate bakoitzaren eskabideen artean bigarren balorazio handiena lortu duena kontuan hartuta, eta prozedura bera errepikatuko da hirugarren eskabiderako, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.
Era berean, 3.3 oinarrian adierazitako "I+G+b jardueretan laguntzeko lanak" atalean sartuta dauden eta diruz lagundu behar diren eskabideak bost izanen dira deialdi osoan, bat entitate onuradun bakoitzeko.
b) Ezetsi beharreko eskabideen zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.
2. Organo eskudunak baterako ebazpen baten bidez ebatziko du dirulaguntzak ematearen gainean. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, onuradunen gaitutako helbide elektroniko bakarrean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskabideak administrazioaren isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onetsi edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.
3. Entitate onuradun batek laguntzari uko egiten badio edo laguntza eman den urte berean kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratzen bada, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuan krediturik ez egoteagatik ezetsita gelditu diren eskabideei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio. Laguntza berri horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, organo kudeatzaileak epe berriak ezartzen ahalko ditu kontrataziorako eta laguntzaren justifikaziorako.
10. oinarria.–Laguntza eman ondotik dokumentazioa aurkezteko modua eta epeak.
1. Onuraduna entitate pribatua bada, gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluaren arabera (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5950152).
2. Behin kontratua formalizatuta, entitate onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
a) Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren xede den pertsonak sinatutako kontratuaren kopia.
b) Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren konturako langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).
c) Entitate onuradunaren arduradun batek sinatutako adierazpena, 4.1.c) oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituela adierazteko.
3. Dokumentazioa aurkezteko epea honako hau izanen da:
a) 2026ko ekainaren 30a (egun hori barne), dirulaguntzak emateko baterako ebazpenaren bidez diruz laguntzen diren eskabideen kasuan (9.2 oinarrian aipatutako ebazpena). Hala ere, luzapen aukera kontuan hartzen ahal da, 13.2.b) oinarrian ezarritako baldintzak betez gero.
b) 2026ko urriaren 30a (egun hori barne), dirulaguntzak emateko baterako ebazpenaren bidez diruz laguntzen diren eskabideen kasuan (9.3 oinarrian aipatutako ebazpena).
4. Goiko 1. eta 2. puntuetako dokumentazioa aurkezten ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.
1. Gehienez ere hilabeteko epean, 12 hilabeteko benetako kontratazio aldia betetzen denetik edo, hala badagokio, kontratazioa 15.2.b) oinarriarekin bat etorriz azkentzen denetik zenbatzen hasita, entitate onuradunek honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Kontratatutako pertsonak parte hartu duen jardueren justifikazio memoria, laguntzen webgunean eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa. Bereziki, 7.4.a) oinarrian adierazitako eskabidean aurkeztutako jarduketen memoriaren betetze maila adierazi behar da.
b) Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren konturako langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).
c) Deialdi honetan diruz lagundutako kontzeptuetarako beste dirulaguntzarik jaso ez izanaren adierazpena, laguntzen webgunean eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa.
d) Gainera, 17.1.g) oinarrian aipatzen den ausazko kontrola duten entitate onuradunek dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:
i) Memoria ekonomikoa, laguntzen webgunean eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa.
ii) Nominen kopia.
iii) Nominak ordaindu izanaren justifikazio agiriak.
iv) "Langilearen kalkulu globalak" dokumentua (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema), Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarena.
12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.
2. Ordaintzeko ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 11. oinarrian adierazitako agiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.
3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, entitate onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.
13. oinarria.–Hasierako baldintzak aldatzea.
1. Diruz lagundutako kontratazioa oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu beharko da. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabar zehatzak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari, laguntzen webgunean eskuragarri dagoen ereduaren bidez, proposatutako aldaketa arrazoituta, aldaketa egin aurretik, eta organoak eskaera onartzen edo ezesten ahalko du.
2. Honako aldaketa hauek baimentzen ahalko dira:
a) Kontratu mota edo soldata, 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.
b) 9.2 oinarrian aipatutako baterako ebazpenean jasotako emakiden kasuan, kontratazioa hasteko epea; 2026ko uztailaren 31ra arte (egun hori barne) luzapen bakarra baimenduko da, baldin eta urte bereko ekainaren 30a baino lehen eskatzen bada (egun hori barne).
c) Kontratatu beharreko pertsonaren profila, salbu eta aldaketa horrek ebaluazioaren emaitza aldatzen ahal badu eskabideen balorazio irizpideei buruzko 8. oinarrian eta II. eranskinean jasotakoaren arabera, eta, betiere, hasierako eskabidean adierazitako izaera eta helburuak desitxuratzen ez badira.
d) Kontratatu beharreko pertsonaren kotizazio taldea, 4.2.g) oinarrian ezarritakoaren arabera.
e) Aurreikusitako jarduerak, salbu eta aldaketa horrek ebaluazioaren emaitza aldatzen ahal badu eskabideen balorazio irizpideei buruzko 8. oinarrian eta II. eranskinean jasotakoaren arabera, eta, betiere, hasierako eskabidean adierazitako izaera eta helburuak desitxuratzen ez badira.
14. oinarria.–Kontratazioa etetea.
1. Deialdi honen babesean sinatzen diren kontratuak arrazoi hauengatik eteten ahalko dira:
a) Honako kasu hauetan etenen dira:
i) Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.
ii) Amatasunagatik edo aitatasunagatik.
iii) Haurdunaldiko arriskuagatik.
iv) Edoskitzaro naturaleko arriskuagatik.
v) Adopzio edo harrerarako zaintzagatik.
vi) Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 54. artikuluan aurreikusten diren egoeretan (https://www.boe.es/buscar/act.php?lang=eu&id=BOE-A-2015-11430&tn=1&p=), genero indarkeriaren biktima diren emakumeak babesteko neurri gisa.
b) a) apartatuan jasota ez dauden kasuetan, organo kudeatzaileak erabakiko du kontratatutako pertsonaren kontratua etenen duen ala ez.
2. Oinarri honetako 1. puntuan adierazitako egoeraren bat gertatuz gero, entitate onuradunek eskatzen ahal dute epe horretan laguntza ere eten dadila; beraz, ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak aldi horretan dituen soldata gastuak. Organo kudeatzaileak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eskatzen ahal ditu.
Etetea eragin zuen egoera bukatu ondotik, entitate onuradunak laguntza berraktibatzeko eskatuko du. Organo kudeatzaileak, bidezkotzat jotzen dituen txostenak eskatu ondotik, laguntza aktibatuko du etendako denbora bererako.
3. Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.
15. oinarria.–Kontratazioa azkentzea.
1. Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta azkentze horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu, kontratua azkendu eta hilabeteko epean gehienez.
2. Kontratua azkentzen bada, honako hauek hartuko dira kontuan:
a) Kontratazio aldia sei hilabetetik beherakoa izan bada, edo Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 52. artikuluaren c) apartatuan (https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2015-11430) jasotako arrazoi objektiboengatik kontratua azkentzen bada, dirulaguntza osoa kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
b) Kontratazio aldia sei hilabetekoa edo luzeagoa eta urtebetetik beherakoa izan bada, bete ez den kontratu aldiaren araberako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
16. oinarria.–Kontratatutako pertsona ordezkatzea.
1. Behin kontratua azkenduta eta 15.1 oinarrian ezarritakoaren arabera jakinarazita, entitate onuradunak hasieran kontratatutako pertsona ordezkatzeko interesa badu, ordezkapen hori honako irizpide hauen arabera eginen da:
a) Ordezkapena bidezkoa izanen da, baldin eta kontratua arrazoi hauetako batengatik azkentzen bada: ez gainditzea probaldia, lana borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna. Kasu horietan, ez da beharrezkoa izanen organo kudeatzailearen baimena.
b) Aurreko apartatuan jasota ez dauden kasuetan, organo kudeatzaileak ordezkapena baimendu edo ukatuko du.
2. Aurreko puntuaren arabera ordezkapena egitea bidezkoa denean edo baimentzen denean, kontratazio berriak 5. oinarrian aurreikusitako prozedurari jarraituko dio. Hala ere, lan eskaintza berriz egitetik salbuesten ahal da, baldin eta lehen aurrehautaketa eta hautaketa prozesutik ordezkapena egiteko gai den hautagairen bat badago. Era berean, kontratazioak 4. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu, 2.d) i) edo 2.d) ii) apartatuetan hasiera datari dagokionez adierazitakoa izan ezik.
3. 10.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
4. Inola ere ez da handituko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
5. Ordezkapen kontratua gehienez ere bi hilabeteko epean hasiko da, hasierako kontratua burutzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori ez da inola ere luzatuko.
6. Diruz laguntzen den kontratu bakoitzeko ordezkapen bakarra onartuko da.
17. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Laguntza hauen onuradun diren entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea telematikaz, laguntzen webgunean eskuragarri dauden ereduak erabiliz.
Betebeharra betetzen ez bada, ez da ordaintzen ahalko emaniko dirulaguntza ordaindu, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezarritakoa betez (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5932573), eta, hala badagokio, aurreratutakoa itzuli beharko da.
b) Kontratatu beharreko pertsona 5. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera hautatzea.
c) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 10. eta 11. oinarrietan adierazten den moduan.
d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.
e) Kontratuaren etetea, azkentzea eta, hala denean, ordezpena egiaztatzea, hurrenez hurren 14., 15. eta 16. oinarrietan adierazitako moduan eta epeetan.
f) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak entitate onuradunari eta kontratatutako pertsonei buruz eskatzen duen informazioa ematea, laguntza ebaluatzeko, laguntzen gauzapenari, emaitzari eta inpaktuari buruzko adierazleak lortze aldera.
g) Organo kudeatzaileak egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea; besteak beste, egindako gastu errealaren espedienteen ausazko kontrolaren zati gisa, 11.1.d) oinarrian adierazitako dokumentazioa eskatzea entitate onuradunei. Era berean, kasuan-kasuan bidezko diren finantza kontroleko jarduketak egin beharko dituzte.
h) Kontratatzen den pertsonak parte hartzen duen eta diruz lagundutako I+G+b jardueretan eragina izaten ahal duen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.
i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Baldin entitate onuradunek ez badute betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.
Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.
b) Helburuak edo jarduera jakin batzuk partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.
Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, organo kudeatzaileak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera.
18. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.
Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen I+G+b jardueren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute. Aipamen horretan testu hau edo antzekoa sartuko da:
"Nafarroako Gobernuak teknologoaren kontratazioa finantzatu du, 'Ikertzaileak eta teknologiako langileak kontratatzeko laguntzak' izeneko 2026ko deialdiaren esparruan"
"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiltzen ahal da. Hemen dago eskuragarri: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
Era berean, "teknologo" terminoaren ordez, kontratatutako pertsonaren izen-abizenak erabiltzen ahal dira.
Betiere, diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haien zabalkundea egiteko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.
19. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=OJ:L_202302831).
Aipatu erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Horretarako, organo kudeatzaileak egiaztatuko du laguntza emateko proposatutako entitateek ez dutela aipatutako zenbatekoa gainditzen.
20. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskabidea eta entitate eskatzaileek edo onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen webgunearen bitartez.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira (GHEb), bai eta herritarren karpetan ere:
https://carpetaciudadana.gob.es/carpeta/clave.htm
Gaitutako helbide elektroniko bakarra Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbidean lor daiteke (https://dehu.redsara.es/). Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektroniko bakarra lortzen den helbide berean.
21. oinarria.–Bateragarritasun araubidea.
Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) xede bererako ematen duen beste edozein dirulaguntza, laguntza edo diru sarrerarekin.
Entitate onuradunek aditzera eman beharko diote organo kudeatzaileari dirulaguntzaren xede diren jarduerekin lotutako beste laguntza batzuk lortu dituztela, laguntzen eskabidean berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 11. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.
22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Organo kudeatzaileak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/inicio), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.
Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.
23. oinarria.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak parte hartzen duten entitateen datuak tratatzea.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta entitate publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen webgunean kontsultatzen ahalko da.
24. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, oinarriak argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
I. ERANSKINA – LAGUNTZAREN ZENBATEKOAK
1. Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundutako kontratazioa inskribatzen den Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren kotizazio taldearen arabera ezartzen da, taula honetan adierazitakoa kontuan hartuta:
MODULUA | KOTIZAZIO TALDEAK | MODULUAREN ZENBATEKOA (KONTRATAZIO URTE BAKOITZEKO) |
A | 1 edo 2 | 16.000 euro |
B | 3, 4 edo 5 | 13.000 euro |
2. Aurreko puntuan ezarritako moduluaren zenbatekoz gain, entitate eskatzaileek laguntza osagarria jasotzen ahalko dute, honako kasu hauetakoren bat betetzen dutenean:
a) 1.000 euroko laguntza osagarria, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatera behartuta ez dauden entitateentzat, hau da, 50 langile baino gutxiago dituzten entitateentzat, baldin eta plan hori hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistroan eta gordailuan inskribatuta badute (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-hitzarmen-kolektiboak-lan-akordio-kolektiboak-eta-berdintasunerako-planak-erregistratzea).
b) 1.000 euroko laguntza osagarria, honako baldintza hauetakoren bat betetzen denean:
i) Baldin eta entitate eskatzailearen plantilla osoan 50 langile edo gehiago badaude eta horietatik % 4k baino gehiagok desgaitasunen bat baldin badute.
ii) Entitate eskatzailearen plantilla osoan 50 langile baino gutxiago badaude, eta horietatik % 2k baino gehiagok desgaitasunen bat baldin badute.
II. ERANSKINA.–ESKABIDEAKBALORATZEKO IRIZPIDEAK
IRIZPIDEA | BALORAZIO ETA PUNTUAZIO IRIZPIDEAREN XEHETASUNA | GEHIENEKO NOTA | GUTXIENEKO NOTA | |
A. – Dirulaguntzaren xede diren jarduerak (3. oinarria) | 30 | 15 | ||
A.1 | Proposamenaren aurkezpenaren kalitatea eta argitasuna. | Proposamen osoa deskribatzeko eta aurkezteko izandako zehaztasun, argitasun eta egokitasun maila baloratuko da. | 5 | - |
A.2 | Dirulaguntzaren xede diren jardueren helburuak (3. oinarria). | Jardueren helburuak definitzeko argitasuna eta egokitasuna baloratuko dira (I+G proiektuen edo berrikuntza jardueren kasuan, nahitaez sartuko dira helburu zientifiko-teknologikoak); lortu nahi den helbururako ikuspegia; helburu horien kuantifikazioa, ahal den neurrian. Era berean, baloratuko da kontratatuko den pertsonak zenbateraino parte hartzen duen planteatutako helburuak lortzen. | 5 | - |
A.3 | Aurrekariak. Dirulaguntzaren xede diren jardueren ekarpena (berrikuntza osagaia) (3. oinarria). Bete nahi diren erronkak. | Jardueren eremuko/arloko aurrekarien deskribapena baloratuko da; abiapuntuaren deskribapena, ezagutzari, prozesuari, produktuari edo aurreko egoerari dagokionez. I+G proiektuen edo berrikuntza jardueren kasuan, ingurune tekniko-teknologikoari buruzko aipamenak egitea baloratuko dira. Jarduerek, deskribatutako aurrekariekin edo entitate eskatzailearen egungo egoerarekin alderatuta, dakartzaten hobekuntzak; aldez aurretik aurkitu diren konplexutasunen eta zailtasunen deskribapena eta egin beharreko jarduerekin konpondu nahi direnak; planteatutako ezaugarri bereizleak; kontingentzia planak. I+G proiektuen edo berrikuntza jardueren kasuan, ingurune tekniko-teknologikoari buruzko aipamenak egitea baloratuko dira. Era berean, baloratuko da kontratatu beharreko pertsonak zenbateraino laguntzen duen planteatutako hobekuntzak egiten eta gainditu beharreko konplexutasunak eta zailtasunak konpontzen. | 10 | - |
A.4 | Metodologia eta lanerako plana. | Honako hauek baloratuko dira: jardueretan bete beharreko zereginen deskribapena eta xehetasun maila, planteamenduan duten argitasuna, plangintza, erabili beharreko metodologia eta lan horietatik espero diren emaitzak; planteatutako helburuak lortzeko koherentzia eta orientazioa. Probak, saiakuntzak eta abar eginez gero, saiakuntza plana eta aurreikusitako metodologia, materialak eta bestelako baliabideak deskribatu beharko dira. Era berean, baloratuko da kontratatuko den pertsonak zenbateraino parte hartzen duen deskribatutako zereginetan. | 10 | - |
B. – Entitate eskatzailearen eta kontratatu beharreko pertsonaren arteko harremana. Pertsona horren profila egokitzea. Prestakuntza plana. Jardueren garrantzia. | 20 | 10 | ||
B.1 | Entitate eskatzaileak kontratatu beharreko pertsonaren jardunean duen inplikazioa. | Entitate eskatzaileak kontratatu beharreko pertsonaren jardunean duen inplikazio maila baloratuko da, entitateak dirulaguntzaren xede diren jardueren eta kontratatu beharreko pertsonaren eskura jarriko dituen giza baliabideak, jardun eremua, ekipoak eta materialak zehaztuta. | 5 | - |
B.2 | Kontratatu beharreko pertsonaren profila dirulaguntzaren xede diren jardueretara egokitzea (3. oinarria). Prestakuntza plana. | Kontratatuko den pertsonaren profila diruz lagunduko diren jardueretara, helburuetara eta egin beharreko zereginetara egokitzen den baloratuko da: titulazio akademikoa, aurretiko lan esperientzia, jarduerekin lotutako ezagutzak, zeharkako gaitasunak. Prestakuntza plana: helburuak, entitateari buruzko informazioa, barne prozedurak, lan prozesuak eta tresnak, lanpostuaren funtzio espezifikoak, zeharkako alderdiak, barneko edo kanpoko prestakuntza, plangintza eta kronograma. | 10 | - |
B.3 | Dirulaguntzaren xede diren jardueren garrantzia (3. oinarria). Espero den eragina. | Jarduerak egin ondoren eskuratu/lortu nahi diren ezagutzen/produktu/prozesu berriaren deskribapena edo horien hobekuntzaren deskribapena baloratuko da; entitate eskatzailean eta haren estrategian duen garrantzia, ezaugarri nagusiak nabarmenduta (I+G proiektuen edo berrikuntzako proiektuen jardueren kasuan, teknikak eta funtzionalak adieraziko dira), bai eta alderdi bereizgarri esanguratsuenak ere. Espero den eragina: zientifiko-teknologikoa (argitalpenak, jabetza intelektuala, transferentzia, etab.), ekonomikoa (produktu edo prozesu berriak, merkatua, fakturazioa, kostuak, eskalagarritasuna, etab.), antolamendukoa eta kudeaketakoa, soziala eta ingurumenekoa (eraginkortasuna, emisioak, baliabideak, enplegua, aintzatespena, etab.), zeharkakoa (aliantzak, sareak, teknologien integrazioa, etab.). Inpaktu hori kuantitatiboki edo kualitatiboki balioestea. | 5 | - |
C.–Zeharkako irizpideak | 50 | - | ||
C.1 | Nafarroako Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategia: dirulaguntzaren xede diren jarduerak kokatzea (3. oinarria)¹. | Jarduerak kokatzen diren lehentasun/trantsizioaren azterketa sakon eta egokia egin da, eta gutxienez Nafarroako Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategiaren lan ildo bat identifikatu da (5) | 5 | - |
Jarduerak kokatzen diren lehentasun/trantsizioaren azaleko azterketa egokia egin da, eta gutxienez Nafarroako Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategiaren lan ildo bat identifikatu da (3) | ||||
Ez da aztertu lehentasun/trantsizioa edo lan ildoa, edo azterketa hori egin arren ez da egokitzat jo edo ez da identifikatu Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategiaren lan ildorik (0) | ||||
C.2 | Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH): dirulaguntza jaso duten jardueren inpaktua eta ekarpena helburu horiek lortzeko (3. oinarria)². | Jarduerek ekarpenak egiten dizkiete garapen jasangarriko helburuei, bat edo bat baino gehiago lortzeko, eta garapen jasangarriko helburu horien azterketa sakona eta egokia egin da, jarduerak zer adierazletan (gutxienez adierazle bat aipatuta) izanen duen inpaktua adierazita eta justifikatuta (5) | 5 | - |
Jarduerek ekarpenak egiten dizkiete garapen jasangarriko helburuei, bat edo bat baino gehiago lortzeko, eta garapen jasangarriko helburu horien azaleko azterketa egokia egin da, jarduerak zer adierazletan (gutxienez adierazle bat aipatuta) izanen duen inpaktua adierazita eta justifikatuta (3) | ||||
Ez dira aztertu jarduerek ekarpenak eginen dizkieten garapen jasangarriko helburuak, bat edo bat baino gehiago lortzeko, edo ez da egokitzat jo egindako azterketa edo ez da adierazi/ justifikatu jarduerak zer adierazletan (gutxienez adierazle bat aipatuta) izanen duen inpaktua (0) | ||||
C.3 | Entitate eskatzailearen batez besteko plantilla³. | 10 langile baino gutxiago (10) | 5 | - |
10 langiletik 49ra bitarte (7) | ||||
50 langiletik 249ra bitarte (4) | ||||
249 langile baino gehiago (0) | ||||
C.4 | Lurralde kohesioa: entitate eskatzailearen lantokiaren kokapena. | Iruñerrian ez dagoen 1.500 biztanleko edo gutxiagoko udalerri batean egotea (10) | 10 | - |
Iruñerrian ez dagoen 1.500 biztanletik gorako udalerri batean egotea (5) | ||||
Entitatea Iruñerrikoa ez den udalerri batean egotea (0) | ||||
C.5 | Aurreko deialdietan dirulaguntzaren bidez kontratatutako langileak mantentzea⁵. | Gutxienez % 50 (10) | 10 | - |
% 50 eta % 30 bitartean.(5) | ||||
Aurreko deialdietan kontrataziorik diruz lagundu ez bada (0) | ||||
C.6 | Onuradun berria⁶. | Inoiz onuradun izan ez den entitate eskatzailea (15) | 15 | - |
Noizbait onuradun izan den entitate eskatzailea (0) | ||||
OROTARA | 100 | 30 | ||
¹ C.1 apartatua baloratzeko, 7.4.b) oinarrian adierazitako eta Nafarroako Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategiaren ataritik (https://s4navarra.es/eu/) ateratako jarduketa memorian emandako informazioa hartuko da oinarritzat, eta, zehazki, lehentasunen apartatu espezifikoetako (https://s4navarra.es/eu/prioridades-economicas-de-navarra/) eta trantsizioen apartatu espezifikoetako (https://s4navarra.es/eu/transicion-ecologica-y-digital/) informazioa. Gehienez ere bi lehentasun/trantsizio aztertuko dira. ² C.2 apartatua baloratzeko 7.4.b) oinarrian adierazitako eta Nafarroako 2030 Agendaren ataritik ateratako jarduketen memorian emandako informazioa hartuko da oinarritzat (https://ods-agenda2030.navarra.es/eu/), eta, zehazki, NaStat Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean jasotako adierazleena (https://nastat.navarra.es/es/indicadores/indicadores-ods). GJH bakoitzeko gehienez bi GJH eta bi adierazle aztertuko dira. Apartatu honen azterketatik eta baloraziotik kanpo geratzen dira 4. GJHa (kalitatezko hezkuntza), 5. GJHa (genero berdintasuna), 8. GJHa (lan duina eta hazkunde ekonomikoa), 9. GJHa (industria, berrikuntza eta azpiegitura), 16. GJHa (bakea, justizia eta instituzio sendoak) eta 17. GJHa (helburuak lortzeko itunak). Helburu horiek guztiak diruz lagundutako jardueren zeharkakotzat jotzen dira, diruz lagundutako jarduerak GJH horiei dagozkien gaiei buruzkoak direnean izan ezik. ³ C.3 apartatua 7.4.c) oinarrian adierazitako langileen batez besteko plantillaren agirian adierazitako balioaren arabera baloratuko da. ⁴ C.4 apartatua NaStat Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean eskuragarri dagoen biztanleriaren erroldaren arabera baloratuko da (https://nastat.navarra.es/es/tablas_powerbi/-/tag/censos-poblacion/) 2025eko urtarrilaren 1ekoa. ⁵ C.5 apartatua baloratzeko, dirulaguntza hauen 2022, 2023 eta 2024ko deialdien babesean diruz lagundutako kontratuen ehunekoa zehaztuko da, eta SINAIko eragileen kasuan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko "Investigo. Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. Investigo Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa" Programaren 2023ko deialdikoak soilik. ⁶ C.6. apartatua baloratzeko, 15 puntu emanen zaizkie dirulaguntza hauen 2023, 2024 edo 2025eko deialdietan dirulaguntzarik jaso ez duten entitate eskatzaileei, eta SINAIko eragile eskatzaileen kasuan, aipatutako deialdietan edo "Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. Investigo Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa" Programaren 2023ko deialdian dirulaguntzarik jaso ez duten eragileei. | ||||
Iragarkiaren kodea: F2515662
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
