256. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

116E/2025 FORU AGINDUA, azaroaren 28koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Generazinema Emanaldia 2026" dirulaguntza deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 871984.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du "Generazinema Emanaldia 2026" laguntza deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, 188.888,89 euroko gastua baimendu eta erreserbatzea eta foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea "Generazinema Emanaldia 2026" dirulaguntza deialdia.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4609-334106 [PEP: E-25/000764-01]: GENERAZINEMA: toki entitateentzako laguntzak zinema-aretoetarako

2026

20.000.00

A20002-A2500-4816-334113 [PEP: E-25/000764-01 ]: GENEREAZINEMA jaialdiak: elkarteentzako laguntzak zinema jaialdiak antolatzeko

2026

20.000.00

A20002-A2500-4709-334102 [PEP: E-25/000764-01 ]: GENERAZINEMA: Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2026

148.888.89

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete foru agindu honen kontra, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko azaroaren 28an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–"GENERAZINEMA EMANALDIA 2026" DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da arautzea nola eman laguntzak, norgehiagoka, Nafarroan dauden zinema-aretoei eta zinemaguneei, haien jarduera, programazioen aniztasuna eta programa bereziak sustatzeko. Dirulaguntzaren xede diren ekintzak 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira, biak barne.

Abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hauxe ulertuko da:

–Zinema-aretoa: jendearentzat irekita dagoen zinema-lekua edo -esparrua, iraunkorra edo sasoikoa izan, prezio edo kontraprestazio baten truke eskubidea ematen duena film jakin batzuen proiekziora joateko.

–Zinemagunea: emanaldietarako bi pantaila edo gehiago dituen lokala dela, baldin eta errotulu berean identifikatuta dagoen pertsona fisiko edo juridiko beraren titulartasunean ustiatzen bada.

1.2. Dirulaguntza hauek barne merkatuarekin bateragarriak diren estatu laguntzak dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.3 artikuluaren arabera, eta salbuetsita daude jakinarazteko betebeharretik (Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarrita dago), bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu horren bidez zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz). Erregelamendu hori 2014ko 187. Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan. Zehazki, erregelamendu hori aplikatzen zaie kulturarako eta ondarearen kontserbaziorako laguntzei (1. artikulua, j letra), bertan ezarritako baldintzetan, eta pizgarri ondorioa dute 6.5 h) artikuluaren arabera.

Erregelamenduaren 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza honen xede diren laguntzei buruzko informazio laburtua igorri beharko zaio Batzordeari, aurreikusitako formatu normalizatuaren bidez, indarra hartu eta 20 egun balioduneko epean.

2.–Pertsona edo entitate onuradunak eta betekizunak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate.

c) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta partaidetza nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

d) Elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateak.

2.2. Horrez gain, eskatzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroan dauden eta gutxienez ere 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera jendearentzat irekita dauden zinema-aretoen edo zinemaguneen titularrak izatea.

Eskatzaile bera zinema-areto edo zinemagune bat baino gehiagoren titularra baldin bada, laguntza eskaera bat aurkeztu beharko du areto edo gune bakoitzeko.

–ICAAren Zinemagintzako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan, Emanaldi atalean, inskribatuta egotea eskaera egiten denean.

–Ekonomia jardueren gaineko zergaren bidezko epigrafean (zinemagintzako filmak eta bideoak ematea) alta emanik egotea eskaera egiten denean.

2.3. Pertsona edo entitate onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.4. Eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.5. Orobat, ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan krisian dauden enpresak, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era berean, laguntza araubide hau ez da aplikagarria izanen berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresentzat, Europar Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpoko eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, salbu eta hondamendi natural jakin batzuek eragindako kalteei aurre egiteko laguntza araubideak, aipaturiko Erregelamenduaren 4 a) artikuluan jasota daudenak.

2.6. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako entitate hauek:

a) Nafarroako Gobernuaren 2026ko aurrekontuetan xede bererako partida izenduna duten entitateak.

b) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

3.–Aurrekontu kontsignazioa, laguntzaren intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek 188.888,89 euro izanen ditu guztira, honako partida hauen kontura:

–2026ko aurrekontuko A20002 A2500 4709 334102 partida; "GENERAZINEMA: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak": 148.888,89 euro.

–2026ko aurrekontuko A20002 A2500 4816 334113 "GENERAZINEMA: Elkarteentzako laguntza, ikus-entzunezko jardueretarako": 20.000,00 euro.

–2026ko aurrekontuko A20002 A2500 4609 334106 "GENERAZINEMA: Toki entitateentzako laguntzak, zinema-aretoetarako": 20.000,00 euro.

3.2. Laguntzen zenbatekoak 3.1 oinarrian ezarritako muga izanen du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %80 baino handiagoa, gehienez ere:

–Zinema-aretoak: 15.000 euro.

–Zinemaguneak: 20.000 euro.

3.3. Onartutako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: entitateak aurkeztutako aurrekontua ken BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala behar denean, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.4. Laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari, aurreko ataletan aipaturiko mugekin.

3.5. Laguntzak emateko, laguntzen deialdi honetan erabiliko den gehieneko zenbateko osoa hainbanatuko da dirulaguntzaren onuradunen artean, bat etorriz Nafarroako Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 17.1 puntuan ezarritakoarekin. 3.1 oinarrian aurreikusitako zuzkidura proportzionalki banatuko da 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten aretoen artean, lortutako puntuazioaren arabera, esleitutako baliabideak agortu arte. Eskatzaile bakoitzari esleituko zaion zenbatekoa kalkulatzeko, lortu duen guztizko puntuazioa bider bere modalitateko guztizko zenbatekoa eginen da, eta, ondoren, horren biderkadura zati eskatzaile guztien puntuazioen batura.

3.6. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, entitate onuradunari eskatuko zaio eskaera berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak egokitu ditzan ematen ahal zaion dirulaguntzara. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

–Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxaren bidez. Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da, zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio- eta jakinarazpen-kanala izanen dena.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

–Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri.

4.3. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) I. eranskina (Informazio teknikoa eta ekonomikoa), EXCEL formatuan, laguntza eskaeraren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

Aurrekontu diruz lagungarria: Soil-soilik sartuko dira 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarritzat jotzen direnak, kontuan hartu gabe 5.1e eta 5.1f oinarrietan ezarritako portzentaje-mugak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

Soldata gastuak eta Gizarte Segurantzakoak: Aurrekontuan sartutako soldatapeko langileen gastuak jasoko dira, 5.1f oinarrian ezarritako mugak kontuan hartu gabe.

Finantzabideak: Proiektua finantzatzeko dauden finantza-baliabideei dagozkien zenbatekoak jasoko dira. Baliabideak motaren arabera sailkatuko dira, betiere behar bezala egiazta badaitezke.

Onartutako aurrekontua: Emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren eta Nafarroako gastuaren ehunekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak azterketa teknikoa egin ondoren berretsiko da.

I.A eranskina (Eskabidea), sinatuta eta PDF formatuan.

I.B eranskina (Proiektuaren azalpen memoria), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

Aukeran, "Memoriari erantsitako materiala" izeneko dokumentu bat aurkezten ahalko da, formatu librean egina, proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazio artistikoa egiteko garrantzitsutzat jotzen den argibide ororekin.

b) Agiri bat, frogatzen duena eskatzailea alta emanik dagoela Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan.

c) Entitate motaren arabera, agiri hauetako bat:

  • Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo kideen identifikazio fiskaleko zenbakia.
  • Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.
  • Merkataritza sozietateen kasuan: eraketa eskrituraren kopia edo, hala denean, estatutuen aldaketarena, eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren eta identifikazio fiskaleko kodearen kopiak.
  • Elkarte, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateen kasuan, estatutuen kopia.

d) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdi batzuetan parte hartu duten entitate edo pertsona eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko ataleko b, c eta d letrei dagozkien agiriak, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan, eta adieraziko da zer espedientetan dagoen dokumentazio hori.

4.5. Tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxaren bidez bete eta izapidetuko dira eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak.

4.6. Baldin dirulaguntzaren eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

4.8. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira. Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Halaber, eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horri berariaz aurka egin nahi izanez gero, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko eta deialdiak ezarritako epean eginak badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Emanaldien negozioaren administrazioarekin eta kudeaketarekin lotuta dauden programa informatikoen kuotak eta lizentziak.

b) Programazio kostuak: Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola profesionalen eta enpresen zerbitzuak, eta ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

c) Publikoak fidelizatzeko eta sortzeko jardueren kostuak, besteak beste, eskola, hezkuntza, gizarteratze edo kultura arloko programei lotutako jarduerak.

d) Publizitate, seinaleak, afixak eta sustapena.

e) Gastu orokorrak, jaialdiari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak badira. Gastu horiek aurrekontuan jaso beharko dira, eta ezin dira izan onartzen den guztirako aurrekontuaren %20tik gorakoak.

f) Pertsona edo entitate onuradunak proiektua abian jartzeko eta gauzatzeko lanetarako kontratatutako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, haien dedikazioaren proportzioan. Kostu horiek ez dira izanen onartzen den guztirako aurrekontuaren %40tik gorakoak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Joan-etorrietako, ostatuko eta mantenuko gastuak.

c) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

d) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

e) Entitateko langileen ordainsarien gehiegizko kopurua, hau da, lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3tik gora dagoena.

f) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak, halakorik bada.

g) Ordezkaritza gastuak eta protokolozko ekitaldietakoak, hala nola festak, koktelak eta antzeko beste ekitaldi batzuk; elikagaien, edarien eta antzekoen erosketak.

6.–Tramitazio, instrukzio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atala da eskaeren antolaketa eta instrukzioa egiteko ardura izanen duen organoa kudeatzailea.

6.2. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.

6.3. Organo kudeatzaileak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxan argitaratuko dira. Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Zinemagintzaren edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoa edo aditua den pertsona bat, eta Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko burua, edo hori izan ezean, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

6.4. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea.–Balorazio batzordeak aurkeztutako eskaeren balorazioa eginen du. Haren irizpena loteslea izanen da. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusita, 8.1 oinarrian eskatzen diren 50 puntuak gainditzen dituzten proiektuei laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du. Horretarako, kontuan hartuko da lortutako puntuazioen ordena, bai eta 3. oinarrian ezarritako aurrekontu-kontsignazioa ere.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

7.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

7.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak xede eta helburu bererako 2026an eman dezakeen beste batekin.

7.2. 2026an dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuetatik, beste administrazio publiko batzuetatik, beste ente publiko edo pribatuetatik edo partikularrengandik xede eta helburu beretarako lortutakoekin, kostu diruz lagungarri berberetarako (guztiak nahiz haietako batzuk), baldin eta metaketaren ondorioz ez bada gainditzen aplikatzen ahal zaion laguntzaren intentsitate handiena edo laguntza zenbateko handiena oinarri arautzaile hauen eta 651/2014 Erregelamenduaren 8.3 b artikuluaren arabera.

7.3. Laguntza horiek ez dira metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagozkien "de minimis" motako beste laguntza batzuekin, baldin metaketa horrek berekin badakar oinarri arautzaile hauetan eta aipatutako erregelamenduaren 8.5 artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea gainditzea.

7.4. Halaber, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 16.3 artikulua).

7.5. Dirulaguntza hauek, zeinak norgehiagokako araubidean emanen baitira, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

7.6. Laguntza hauen bidez emandako finantzaketa ez da bateragarria Europar Batasuneko beste egitura-funts batzuen kofinantzaketarekin.

8.–Proiektuen balorazioa.

8.1. Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

8.1.1. Eskatzailearen ibilbidea eta aretoaren kokapena (gehienez 35 puntu):

a) Eskatzailearen ibilbidea: zinema-emanaldien arloan jardun duen urte osoen kopurua (gehienez 20 puntu).

IBILBIDEA

HAZTAPENA

15 urte baino gehiago

20 puntu

10 urte baino gehiago eta 15 urte bitarte

15 puntu

4 urte baino gehiago eta 10 urte bitarte

10 puntu

Urte 1etik 4 urtera bitarte

5 puntu

b) 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan kokatutako aretoak (gehienez ere 10 puntu)

HERRIA

HAZTAPENA

10.000 biztanle baino gutxiago

10 puntu

10.001 eta 20.000 biztanle artean

7,5 puntu

20.001 eta 30.000 biztanle artean

5 puntu

30.001 eta 50.000 biztanle artean

2,5 puntu

c) Eskatzaileak egoitza soziala edo fiskala Nafarroako Foru Komunitatean badu, 5 puntu gehituko zaizkio.

8.1.2. Europar Batasuneko eta Iberoamerikako filmen emanaldiak (gehienez ere 30 puntu). Horretarako, Europar Batasuneko eta Iberoamerikako filmen saioen portzentajea baloratuko da, areto bakoitzak 2025ean programatutako saio guztien gainean kalkulatuta. Puntuak eskuratu ahal izateko, %20ko portzentajea eskatuko da gutxienez. Gehienez 30 puntu lor daitezke, tarte hauen arabera:

FILMEN %

HAZTAPENA

%20 eta %24,99 artean

3 puntu

%25 eta %29,99 artean

5 puntu

%30 eta %34,99 artean

10 puntu

%35 eta %39,99 artean

15 puntu

%40 eta %44,99 artean

20 puntu

%45 eta %49,99 artean

25 puntu

%50 eta %100 artean

30 puntu

Puntuak esleitzeko, kontuan hartuko dira ICAAk emandako datu ofizialak, zeinak deialdia kudeatzen duen organoak bilduko baititu.

8.1.3. Ikusleei dagokienez, kudeaketa eta hedapen estrategiak (gehienez 30 puntu).

a) Publikoak sortu eta garatzea (gehienez 20 puntu).

Honako hauek baloratuko dira:

–Beste jarduera batzuekin batera ematen diren filmen programazioa, hala nola talde teknikoak eta artistikoak egiten dituzten aurkezpenak, mahai-inguruak eta proiekzioei buruzko solasaldiak.

–Eskolako, hezkuntzako edo integrazio sozial eta/edo kulturalerako programekin lotutako jarduerak.

–Marketin kanpainak, zinera joateko oro har, edo biztanle-talde jakin batzuei zuzenduak.

–Publikoak sortu eta garatzeko diseinatutako beste edozein jarduera berritzaile.

–Egindako ekintza bakoitzeko puntu 1 emanen da, eta gehienez 20 puntu.

b) Ikusleak fidelizatzeko mekanismoak antolatzea: 10 puntu, gehienez.

Eskatzaileak ikusleak fidelizatzeko mekanismoak baditu (hala nola abonuak edo prezio merkeagoak, doako saioak zinera fideltasunez joateagatik edo urteurren edo ospakizunen batengatik), 10 puntu emanen dira. Deialdiaren urtean aplikatzen diren mekanismo digitalak ere onartzen dira (aplikazioak, CRM, newsletter segmentatuak, puntuak/cashback eta bazkide digitalen programak).

8.1.4. Nafarroako filmen emanaldiak, gehienez 5 puntu. "Generazinema Garapena" eta "Generazinema Ekoizpena" deialdietan (2018-2025) edo Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren Navarra Shortzinema programan laguntzak jaso dituzten filmen emanaldiak baloratuko dira. Aipatutako deialdi edo programetan laguntza jaso eta 2025ean erakutsi den film luze edo film labur bakoitzeko puntu 1 emanen da, eta gehienez 5.

8.2. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.3. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

9.–Beka emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9.2. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.3. Ebazpena pertsona eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta argitaratuko da tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" laguntzen deialdiaren fitxan.

9.4. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona zein entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.5. Presuntziozko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

10.2. Tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharrerako ereduak.

10.3. Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

10.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

10.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

10.6. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.7. Pertsona edo entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik onespena eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko alteraziorik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatzearen eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

h) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.

10.8. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen hedapenerako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

10.9. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako edozein materialen zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke.

10.10. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, hedapen telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko atalean deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.11. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: "El Género como prioridad".

11.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Ordainketa.

Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren gastua egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazio hori proiektua amaitzean eginen da. Justifikazio-agiriak aurkezteko azken eguna 2026ko urriaren 31 da (egun hori barne).

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Pertsona edo entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (IV. eranskina bete, eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera):

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) EXCEL formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

1. Fakturen zerrenda: diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFKa; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta (kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo daudela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoiztetxe eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, antzeko beste zerga batzuk eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

2. Nominen zerrenda: proiektuari lotutako langileen nominen zerrenda zenbakiduna, berariaz adierazita zenbateko gordina, Gizarte Segurantza eta PFEZa. Era berean, proiektuari aplikatutako portzentajea eta Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zatia adieraziko dira.

3. Finantzabideak: Finantzabideen eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

4. Azken memorien datuak: Epigrafe honetako c eta d ataletako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri). Nominen kasuan, Gizarte Segurantza eta PFEZ kontzeptuei dagozkien ordainagiriak.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, IV. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

c) Gauzatutako jardueraren azalpen memoria, filmen emanaldiei eta programatutako jarduera guztiari buruzko informazioa dakarrena, bai eta bertaratze-datuei buruzko informazioa ere, ahal den neurrian, bertaratutako pertsonen adinaren eta sexuaren arabera segmentatuta. Onartuko dira estatistika-laginketako metodologiak eta/edo ticketingean oinarritutako zenbatespenak, betiere metodologia deskribatuta eta datuak babesteko araudia errespetatuta.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena: Ikus V. eranskina.

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

–Programazioan zer gairi heltzen zaion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkunderako erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

11.1.1. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko guztirako gastua justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.

11.1.2. Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

11.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2026ko abuztuaren 31 baino lehen (egun hori barne). Horretarako, entitateak eskaera aurkeztu beharko du telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo tramiteen bilatzaileko "Generazinema Emanaldia" deialdiaren fitxaren bidez, dokumentazio honekin batera:

–Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da, nafarroa.eus helbidean dagoen III. eranskina erabilita (Konturako ordainketaren eskaera).

–Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak, aurreko zerrendaren arabera ordenatuta, PDF formatuan.

–Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

11.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

11.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.5. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12.–Kobratzeko eskubidea galtzea eta dirua itzultzea.

12.1. Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo zati bat, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, osorik edo zati bat, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

12.2. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

12.3. Justifikazio betebeharra 11.1 oinarrian zehaztutako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze irizpide hau hartuko da kontuan bereziki:

–Egiaztagiriak urriaren 31 baino geroago baina abenduaren 1a baino lehen aurkezten badira (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.

–Egiaztagiriak abenduaren 1a baino geroago aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

13.–Datu pertsonalen babesa.

13.1. Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak eman eta kudeatzeko, bai eta, haien jarraipena eta kontrola egiteko ere.

13.2. Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2515958