254. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Udal ordenantza, Ordezko betearazpenen tasak eta betearazteko aginduenak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2025eko martxoaren 18an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Ordezko betearazpenen tasak eta betearazteko aginduenak arautzen dituen udal ordenantzan.

Onespenaren erabakia 2025eko 179. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 9an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, zenbait ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen dira argitara, behar diren ondorioak izan ditzaten; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Zuñigan, 2025eko azaroaren 27an.–Alkate udalburua, Pedro María Oteiza Díaz.

UDAL ORDENANTZA, ORDEZKO BETEARAZPENEN TASAK ETA BETEARAZTEKO AGINDUENAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Legeari, hain zuzen ere lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

1. Zerga-egitatea da honako kasu hauetan zerbitzu egitea edo laguntza ematea:

a) Ibilgailuak, zaborrak eta obra-hondakinak kentzea, baldin lur eta lokalen jabeek eta okupatzaileek –edo pilaketaren arduradunek– uko edo aurka egiten badiote kentzeko aginduari.

b) Betearazteko aginduak, eraispenak, konponketak, partikularrei dagozkien urbanizazio lanak, eta, oro har, nahitaez bete beharreko udal ordenantza edo erabakien ordezko betearazpenak.

2. Ordainarazpena sortuko dute interesdunek eragindako zerbitzuek (nahiz eta interesdunek ez eskatu), edo bereziki haien mesederako diren horiek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik eman beharrekoak direnek ere, ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio.

3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, betiere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak emateko. Presako kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak. Gero horren berri eman beharko diote Alkatetzari edo, hala badagokio, Udalbatzari.

Tasaren sortzapena

4. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten den momentuan berean, eta zilegi da eskatzea ordaindu daitezela konturako nahiz zatikako likidazioak.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hots, honako hauek:

a. Ondasunen jabeak edo zerbitzua eragin duten egitateen erantzuleak, bai eta zerbitzua ematearekin onura partikularrak jasotzen dituzten horiek ere.

b. Halakorik bada, errentariak edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c. Espresuki egindako betearazteko erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule direnak.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarri:

a) Betearazteko aginduak: eginkizun dagoen obrari egin beharreko baloraziotik helduko dena.

b) Ordezko betearazpena: egin behar izandakoaren kostu osoa, honako hauen arabera zehaztua:

a.–Zerbitzu egitean parte hartzen duten pertsonen lanaren kostua, zuzendaritza, zaindaritza eta kontrol zerbitzuak barne.

Arkitekto, aparejadore edo kasuan kasuko kidegoak tarifatutako ordainsariak dituzten bestelako teknikarien esku-hartzea beharrezkoa baldin bada, kasuan kasuko kidegoaren tarifa ofizialen arabera zehaztuko da zerga-oinarria.

Gainerakoetan, langileek zenbat denbora egin eta zer kategoriatakoak izan, halakoxea izanen da haien kostua, zerbitzu egiteko unean indarra duten soldaten arabera baloratua.

b.–Baliabide material suntsikorren kostua, Udalak erosi dituen kostuan baloraturik, hornitzaileen fakturetan oinarrituta.

c.–Udalak laguntza edo zerbitzua enpresa pribatu batekin kontratatu badu, enpresa pribatuak aurkezten duen faktura edo likidazioa egotziko da.

Kudeatzeko arauak

7. artikulua. Udalak, obrak egiteko, zilegi izanen du kautelazko likidazioak egitea, tasen zenbateko kalkulatuaren arabera, aldez aurretik, baita haiek ordainarazi eta bildu ere, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legean ordainarazpenetarako agintzen den gisara. Obrak burututakoan, tasak likidatuko dira, eta, soberakinik bada, eskatu edo bihurtuko dira.

Zilegi izanen da kautelazko likidazio horiek erantzuleen artean zatitu edo banatzea edo, erabiltzaile nahiz errentari gisa, borondatez kostuaren zati proportzional bat beren gain hartu nahi dutenen artean.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gorabehera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aitzinean; hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean eta haren garapenerako erregelamendua onesten duen apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Betearazteko aginduak.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergarako ezartzen den huraxe bera izanen da karga tasa.

II. epigrafea.–Ordezko betearazpenak.

Jarduketaren kostu osoa jasanaraziko da, eta horri %30 gehituko zaio, kudeaketa kostuarena.

Iragarkiaren kodea: L2515694