2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORKOIEN
Udal ordenantza, Cruz Blanca industrialderako sarbidea arautzen duena. Behin betiko onespena
Orkoiengo Udalak, 2025eko maiatzaren 28ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Orkoiengo Cruz Blanca industrialderako sarbidea arautzen duen udal ordenantza.
Espedientea jendaurrean egon da eta iragarkia 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2025eko ekainaren 17an, baita udal honetako iragarki-taulan ere. Arauzko epea inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan denez gero, behin betiko onetsitzat jo da.
Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako administrazio lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.
ORKOIENGO CRUZ BLANCA INDUSTRIALDERAKO SARBIDEA
ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
HITZAURREA
Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluarekin bat etorriz eta Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, udalerriei esleitu zaie beren titulartasuneko hiri barruko bideetan trafikoa antolatzeko eta kontrolatzeko eskumena.
Era berean, Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen "Zenbait gairi buruzko arau-hausteak eta zehapenak tipifikatzea" 139. artikuluan hau xedatzen da:
Toki-erakundeek toki-intereseko elkarbizitza-harremanak eta beren zerbitzuen, ekipamenduen, azpiegituren, instalazioen eta espazio publikoen erabilera egoki antolatzeko, arloan berariazko araudirik egon ezik, hurrengo artikuluetan ezarritako irizpideekin bat arau-hausteen sailkapena finkatzen ahalko dute, baita zehapenak ezarri ere, kasuan kasuko ordenantzetan jasotako eginbeharrak, debekuak zein murrizpenak ez betetzeagatik".
Aipatutako xedapenak eta Nafarroako administrazio lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru legearen 177. artikulua betez, Orkoiengo Udalak ordenantza hau onetsi du. Helburua Cruz Blanca industrialderako sarbidea arautzea da gauetan, modu horretan, bertan legez kanpoko jarduerak egitea prebenitzeko, hala nola ibilgailuen lasterketak. Gainera, herritarren segurtasuna eta lasaitasuna bermatu nahi dira.
Aurreko paragrafoen bidez justifikatzen da betetzen direla premiaren, eraginkortasunaren eta gardentasunaren printzipioak, eta haietan argi frogatzen da ekimena arrazoitzen duen interes orokorra justifikatua dagoela, lortu nahi den helburua zalantzarik gabe identifikatua dagoela, eta hori lortzeko hautatu den tresna egokia dela.
Arauaren hartzaile diren pertsona eta taldeen parte-hartze aktiboa sustatzeko prozesu bat egin da.
Proportzionaltasun printzipioari dagokionez, ordenantza honetan jasotzen den erregulazioa da haren xedeari erantzuteko beharrezkoa dena, ez besterik –bateragarri egitea, batetik, hiriaren alde jakin batean ibilgailu motordunekin sartzeko eskubidea; eta bestetik, herritarrek beren ibilgailuak aparkatzeko beharra eta joan-etorrien arintasuna bermatzekoa–. Ezin da jardun modu eraginkorragoan, ez eta eskubideak gutxiago murriztuz edo erabiltzaileei betebehar gutxiago ezarriz ere.
Gainera, irudiak hartzeko erabiltzen diren elementuek betetzen dituzte datu pertsonalak babesteko erregulazio arauetan aplikagarriak diren mugak eta ordenantza honetan ezarritako helburua besterik ez dute, alde batera utzita arau-hausteak eta delituak atzemateko erabil daitezkeela, beharrezkoa bada, aplikagarriak diren xedapenetan ezarri bezala.
I. TITULUA.–ESKUMENA, HELBURUAK ETA ERAGINPEKO EREMUA
1. artikulua. Eskumenak.
Ibilgailuen zirkulaziorako diren espazio publikoen erabilera arautzeari dagokionez, ordenantza hau onetsi da Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen eta Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legea onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren babesean, udalei dagozkien eskumenak erabiliz.
2. artikulua. Helburuak.
Ordenantza honek, araututako eremuan ibilgailu motordunen sarbidea kontrolatzeko sistema ezartzearen bidez, honako helburu hauek ditu:
1. Prebenitzea Cruz Blanca industrialdean legez kanpoko lasterketak eta baimendu gabeko bestelako jarduerak egitea.
2. Herritarren segurtasuna eta lasaitasuna gehitzea.
3. Gauetan gune horretako sarbidea arautzea eta soilik baimena duten ibilgailuei sartzen uztea.
3. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza honen aplikazio eremua Orkoiengo Cruz Blanca industrialdea da eta atxikitako planoaren arabera mugatu da.
II. TITULUA.–SARTZEKO ARAUBIDEA
4. artikulua. Sartzeko murrizketak.
Cruz Blanca industrialdera sartzeko murrizketak ezarriko dira 22:30etik 06:30era. Ordutegi horretan bakarrik ibilgailu hauek sartzen ahalko dira:
1. Larrialdietarako ibilgailuak eta segurtasun indarrenak.
2. Industrialdean lan egiten duten enpresetako ibilgailuak, udalak aurretiaz baimena eman eta gero.
3. Zuzen identifikatuta dauden langileen ibilgailuak.
4. Udalaren berariazko baimena duten beste ibilgailuak.
5. artikulua. Sarrerak kontrolatzea.
Sarrerak kontrolatzeko kamerak eta matrikulak irakurtzeko sistemak instalatuko dira sarrera eta irteera puntuetan honako hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarria, Segurtasun indar eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatzen eta betearazten duen erregelamendua onesten duen apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarra, eta Datu pertsonalak babesteko araudia.
6. artikulua. Datu pertsonalak babestea.
Orkoiengo Udala izanen da kamerek eta matrikulak irakurtzeko sistemek bildutako datuak tratatzeko arduraduna. Datu horiek Cruz Blanca industrialdeko sarrerak kontrolatzeko eta, hala badagokio, zehapenak kudeatzeko erabiliko dira.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bitartez (delegadoprotecciondatos@orkoien.com).
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat araudiarekin, eskubidea izanen dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
Interesdunek informazio zabalagoa eskuragarri dute udalaren webguneko pribatutasun-politikan edo gardentasun-atarian eta harremanetan jar daitezke datuak babesteko ordezkariarekin helbide honetan: delegadoprotecciondatos@orkoien.com.
III. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
6. artikulua. Arau-hausteak.
1. Mugatutako ordutegian baimenik gabe industrialdera sartu izanagatiko arau-hausteak arinak izanen dira.
2. Arau-hauste astunak izanen dira hauek:
a) Mugatutako ordutegian baimenik gabe behin eta berriz sartzea industrialdera.
b) Sarbideak kontrolatzeko sistemak manipulatzea.
c) Baimenik ez duten hirugarrenei baimenak ematea.
3. Arau-hauste oso astuntzat hartuko dira arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea.
4. Gainerako arau-hausteak Trafikoari buruzko legearen eta Zirkulazioko erregelamendu orokorraren arabera kalifikatuko dira.
5. Azaldutakoa ezartzen da ezertan galarazi gabe jabari publikoko ondasunetan egin daitezkeen kalte-galerak ordaintzeko dagoen betebeharra, ordenantza hau betetzeari lotuta egon ala ez.
7. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste arinek 1.000 euroko isuna izanen dute.
2. Arau-hauste astunek 1.500 euroko isuna izanen dute.
3. Arau-hauste oso astunek 2.000 euroko isuna izanen dute.
8. artikulua. Organo eskudunak.
Prozedura irekitzeko eta hura ebazteko erabakia hartzeko organo eskuduna Orkoiengo Udaleko alkatetza izanen da eta lehen alkateordeari dagokio prozedura izapidetzea.
10. artikulua. Subjektu erantzuleak.
Ordenantza honi dagokionez, egiten diren arau-hausteen erantzule dira sarbideen kontrolerako ezarritako irudiak atzemateko sistemek identifikatzen dituzten ibilgailuen titularrak.
Beharrezkoa bada, titularren erantzukizuna da identifikatzea une horretan ibilgailua gidatzen zuen pertsona, hura izanen baita salatutako arau-haustearen erantzulea.
11. artikulua. Zehapen-prozedura.
Jasotako zehapenak ezarriko dira indarreko Administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore publikoaren araubide juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako printzipio eta zehapen-prozedurei hertsiki lotuz, eta Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruz kasu bakoitzean aplikagarriak diren xedapenetatik ezar daitezkeen berezitasunak kontuan hartuta.
Administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 96.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, alkateak zehapen-prozeduraren izapidetze erraztua adosten ahalko du ulertzen duenean badaudela aski irizpide zehapena arin gisa kalifikatzeko, eta interesdunak ez dio berariaz horri kontra egiten ahalko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Xedapen indargabetzailea.–Foru dekretu hau indarrean jartzen denean, indargabetu eginen dira haren edukiaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek toki erakundeei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.
Orkoienen, 2025eko abenduaren 2an.–Alkatea, Alejandro López Orejuela.
Iragarkiaren kodea: L2515956