254. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERIN

Partaidetza aurrekontuen erregelamendua. Behin betiko onespena

Leringo Udalak, 2025eko urriaren 6an egin zuen osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen partaidetza aurrekontuen erregelamendua.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko urriaren 21eko 210. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Jendaurrean ikusgai egon den aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Erregelamendu hori behin betiko onetsi da eta testu osoa argitaratu da.

Aplikatzekoa den araudia: Nafarroako administrazio lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua.

Lerinen, 2025eko abenduaren 10ean.–Alkatea, María Esmeralda Masó Cabezón.

PARTAIDETZA AURREKONTUEN ERREGELAMENDUA

Sarrera

Leringo partaidetza aurrekontuen bitartez udal kudeaketa publikoaren eta gardenaren aldeko apustua egiten da. Udalaren partaidetzarako eta kudeaketarako tresna da eta, haren bidez, herritarrek proposamenak egin eta erabakiak har ditzakete udal aurrekontu batzuen inguruan.

Leringo partaidetza aurrekontuaren helburu nagusia da herritar guztien artean eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko espazio bat sortzea. Horrela, auzotarren eskaera eta kezka nagusiak finkatuko dira eta bideratu eginen dira jarduera proposamenen, inbertsioen, programen eta zerbitzuen bidez. Herri bozketetan aukeratutako proposamenak udal aurrekontuen partidaren onuradun izanen dira eta zuzen betetzen direla bermatzeko aurrekontu jarraipena eginen da.

Erregelamendu honen bidez ezarriko dira urtero partaidetza aurrekontuen prozesuaren arauak. Hala, prozesua garatzeko pauso eta ekintza guztiak ezarriko dira.

Agiri hau idazteko oinarria izan dira herriko asoziazio-sare guztiarekin partaidetzan egin diren bileretan eta lan espazioetan sortutako iritziak, adostasunak eta erabakiak. Dokumentu dinamikoa da eta urtero ebaluatuko da beharrezko aldaketak egiteko. Hala, ziurtatuko da agiria herritarren eskarietara egokitzen dela eta garatu egiten dela. Halaber, Leringo Udalarentzat agiri loteslea da eta urtero zaindu beharko du betetzen dela.

1. artikulua. Lurralde-eremua eta eskumenak.

Aurkezten eta betetzeko hautatzen diren proposamenak oso-osorik garatuko dira Leringo udal-mugartean.

Era berean, jarduera proposamen, inbertsio edo ekimen horiek bat etorriko dira udal eskumeneko auzigaiekin. Ez dira onartuko beste administrazio batzuetako (Nafarroako Gobernua edo Espainiako Gobernua) eskumenen barneko proposamenak, ezta ere xede pribatua dutenak.

2. artikulua. Partaidetza aurrekontuetan parte hartuko dutenak.

Partaidetza aurrekontuetan parte hartzeko proposamenak aurkezten ahalko dituzte Lerinen erroldatuta dauden 16 urte baino gehiagoko guztiek.

Zinegotziek edo udal teknikariek ez dute proposamenik aurkezten ahalko. Horrela bermatuko da soilik herritarren prozesua dela.

Proposamenak aurkezten dituztenek indibidualki edo herriko erakunde kolektibo bat ordezkatuz jarduten ahalko dute.

Proposamenak bozkatzeko eskubide hori egikaritzen ahalko dute Lerinen erroldatuta dauden eta gutxienez 16 urte beteta dituzten guztiek.

3. artikulua. Partaidetza aurrekontuen organoak.

Leringo partaidetza aurrekontuen organoak erregelamendu hau sortzeko egin zen partaidetza prozesuan eratu ziren. Hauek dira organo horiek:

–Herritarren batzarra.

–Talde eragilea.

–Udala.

4. artikulua. Herritarren batzarra.

Herritarren batzarra Leringo partaidetza aurrekontuen prozesua analizatzeko, eztabaidatzeko, ideiak partekatzeko eta erabakiak hartzeko espazioa da. Urtean behin bilduko dira kideak.

Herritarren batzarrean hitz egin eta bozkatzeko aukera izanen dute Lerinen erroldatuta dauden eta 16 urte beteta dituzten guztiek.

Deialdiak egiteko eta elkartzeko udalaren laguntza izanen du batzarrak.

Herritarren batzarraren bileren ordutegiak, egunak eta gai-zerrendak prozesuaren talde eragileak finkatuko ditu. Deialdiak jendaurrean eginen dira parte hartzeko eskubidea duten guztiek jakin dezaten.

Herritarren batzarrak funtzio hauek izanen ditu:

–Urtero partaidetza aurrekontuen prozesuaren aurretiko informazioa jasotzea.

–Aurreko ekitaldian egindako partaidetza aurrekontuen prozesuaren balorazioa egitea eta, hala badagokio, erregelamendu honetarako aldaketak proposatzea.

–Partaidetza prozesua herri osoari zabaltzea: egutegia eta proposamenak aurkeztu eta bozkatzeko sistema.

5. artikulua. Talde eragilea.

Talde eragilea lantalde bat da. Herriko elkarte eta erakundeetako 4 ordezkari eta udaleko 3 ordezkari (udal talde bakoitzeko bat) egonen dira bertan. Udalaren ordezkaritza ez da inolaz ere gehiengoa izanen.

Talde eragilean parte hartzeko eskubidea izanen dute Lerinen jarduerak egiten dituzten eta udalean talde horretan parte hartzea eskatu duten elkarteek edo erakundeek hautatu dituzten 4 ordezkarik.

Talde eragileko ordezkari bakoitzak boto bakarra emanen du organo horrek erabakiak hartzen dituenean.

Hauek izanen dira talde eragilearen funtzioak:

–Urte bakoitzeko partaidetza aurrekontuen prozesu osoan zehar dibulgazioa, dinamizazioa, jarraipena eta koordinazioa egitea erregelamendu honetan ezarritakoan oinarrituta.

–Udalak hala proposatzen duenean urtero partaidetza aurrekontuetarako egutegia, aurkezteko modua eta bozketa ezartzea.

–Hautatutako proposamenen jarraipena egitea eta prozesuko konpromisoak betetzen direla zaintzea.

–Partaidetza aurrekontuen erregelamendua aldatzeko proposamenak egitea udalean.

Talde eragileak beharrezkoak diren bilerak eginen ditu partaidetza aurrekontuen urteko prozesu bakoitzean. Udalak finkatuko du bileren ordutegia, lekua eta eguna.

Bilerak gizarte alderdiaren ordezkariak gidatuko ditu. Beste batek lagundu ahalko dio bilerak gidatzen. Azken horrek idazkari gisa jardunen du eta bileraren akta idatziko du. Ondoren, akta hori talde eragileko kide guztiei bidaliko zaie. Bilerak ez ditu sekula zinegotzi batek gidatuko.

6. artikulua. Udala.

Leringo Udala da funts publikoak kudeatzearen arduradun politikoa. Horrenbestez, Leringo Udalak onesten du partaidetza aurrekontuen prozesuaren garapen guztia, herritarren batzarrak eta talde eragileak planteatutako proposamenetan oinarrituz.

Udalak erabakitzen ahalko du erabakiak nork hartuko dituen, udalaren osoko bilkurak ala dagokion batzordeak (eskuordetze bidez).

Zehazki, udalari dagokio:

–Partaidetza aurrekontuen erregelamendua eta aldaketa posibleak onestea, talde eragileak planteatutako proposamenetan oinarrituta.

–Udal aurrekontuetan erabakitzea ekitaldiko partaidetza aurrekontuetarako partidaren zenbatekoa.

Urtero talde eragileari proposatzea egutegia eta partaidetza aurrekontuak aurkezteko modua eta bozketa sistema, erregelamendu honetan ezarritakoa betez.

Teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki baliozkotzea aurkeztutako proposamenak, bozketan sartzeko ala ez. Aurkeztutako proposamenen bat baliozkotzen ez bada, udalak arrazoitutako txosten bat idatziko du. Modu horretan justifikatuko du proposamena zergatik ez den onartu eta talde eragileari eta eraginpekoei jakinaraziko zaie.

Partaidetza prozesuan hautatutako proposamenen gastuen fakturak jasotzea eta ordaintzea. Faktura guztien hartzailea Leringo Udala izanen da.

7. artikulua. Proposamenen ezaugarriak.

Partaidetza aurrekontuen urteko deialdira aurkezten ahalko diren proposamenek, erregelamendu hau betez, Leringo udalerrirako eta/edo auzotar guztientzat hobekuntza soziala, kulturala, kirolekoa, ingurumenekoa eta/edo ondarekoa eraginen dute.

Proposamenak udal eremukoak eta eskumenekoak izanen dira. Proposamenetan kokapen fisikoa eta/edo jarduketa eremua definituko dira. Edonola ere, sarbide eta zirkulazio librekoak eta/edo erabilera publikokoak izanen dira. Ez dira onartuko titulartasun pribatuko inbertsioetarako, jardueretarako edo gastu arruntetarako proposamenak, ez daudenak auzotar guztiek parte hartzeko bideratuta eta/edo irekita.

Urteko deialdiari dagokion aurrekontu ekitaldian bete beharko dira. Urte anitzeko proposamenak egiten direnean, dagokien urteetan betetzeko faseak finkatuko dira eta bozketa independentea izanen dute.

8. artikulua. Partaidetza aurrekontuetarako gastua.

Leringo Udalak konpromisoa hartzen du urtero udal aurrekontuetan partaidetza aurrekontuei zuzendutako gastu partida bat sartzeko.

Urteko zenbatekoa udalaren osoko bilkurak ezarriko du aldez aurretik aurreikuspena talde eragileari informatu eta gero.

Partaidetza aurrekontuen prozesurako bideratutako udal gastuaren zenbatekoak jendaurrean erakutsiko dira eta prozesuaren gainerako informazioarekin batera hedatuko dira herritarrek proposamenak aurkezteko epea ireki baino lehen.

9. artikulua. Proposamenak aurkeztea.

Herritarrek talde eragileak ezarritako epearen barnean aurkeztu beharko dituzte proposamenak, horiek biltzeko kanalen eta bitartekoen bidez.

Proposamenak aurkezteko epeak eta formak errespetatuz beteko da inprimaki labur, sinple eta oinarrizko bat. Bertan azalduko dira proposamenaren ezaugarri nagusiak (proposamenaren izena, deskribapena, xedea, aurrekontua eta oharrak) eta proposamena egiten duten pertsonak eta/edo erakundeak identifikatuko dira (izena, IFZ, helbidea, telefono zenbakia eta/edo helbide elektronikoa).

Inprimakia berbera izanen da proposamen guztietarako. Horretarako, inprimakia paperean eta agiri digital moduan banatuko zaie Leringo herritarrei, eskuragarri dauden bitarteko guztietan.

Proposamen bakoitzak gehienez ere 5.000 euro jasotzen ahalko ditu. Helburua partaidetza aurrekontuen urteko bozketa bakoitzean ekimen bat baino gehiago aukeratzea izanen da.

Proposamenak gastuaren benetako aurrekontua izan beharko du. Aurrekontua informazio teknikoaren edo langile kualifikatu baten bidez zehaztu beharko da eta horrek ziurtatuko du adierazitako zenbatekoa.

Norbanako edo erakunde bakoitzak nahi beste proposamen aurkezten ahalko ditu.

Xede bererako proposamen bat baino gehiago aurkezten badira, talde eragileak proposamen bakarrean biltzen ahalko ditu eta horren berri emanen die proposamena egin duten pertsonei edo erakundeei.

Inprimakia aurkeztea errazteko udal teknikarien laguntza emanen da eta prestasuna izanen dute beharrezko laguntza edo azalpenak emateko.

10. artikulua. Proposamenak baloratzea eta hautatzea.

Bideragarritasun batzorde bat osatuko dute talde eragileak eta teknikariek eta proposamenen ebaluazio teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa eginen dute.

Batzorde horren funtzioa izanen da Leringo herritarrek bozkatuko dituzten proposamenak hautatzea. Batzordekideak proposamenak bildu eta gero elkartuko dira eta irizpide teknikoak, ekonomikoak, juridikoak, interes sozial handiena dutenak eta exekuzio epeak aintzat hartuta definituko dute zein proposamen diren bideragarriak eta zeintzuk ez, eta bozkatuko direnak hautatuko dituzte. Bideragarritasun batzordeak txosten publiko bat egin beharko du. Bertan azalduko ditu balorazio positiboak eta negatiboak eta puntuak emanen ditu interes gehienetik gutxienera, bozkatuko direnak hautatze aldera. Batzordearen irizpena ez da errekurritzen ahalko.

Talde eragileak baliozkotutako proposamen guztiak herritarrei zabalduko zaizkie bozketa hasi baino lehenago. Horretarako, udalaren webgunean orrialde bat gaituko da eta bertan eskegiko dira aurkeztutako proposamen guztiak, beren edukiarekin eta kostu ekonomikoarekin. Orrialde horren helbidea udalaren komunikabide guztietan zabalduko da (mezu elektronikoak, sare sozialak, Whatsapp taldeak...).

11. artikulua. Proposamenak bozkatzea.

Talde eragileak agindutako egun eta orduetan bozkatuko dira Lerinen erroldatutakoek aurkeztu dituzten proposamenak. Bozkatzaileek gutxienez 16 urte beteta izan beharko dituzte eta NAN edo AIZ zenbakiarekin identifikatu beharko dira.

Herritar bakoitzak proposamen bakarra bozkatzen ahalko du baliozkotu eta hedatu direnen artean aukeratuz.

Online bozketa egiaztapen bikoitzeko sistema baten bidez eginen da. Lehenik eta behin, bozkatzaile bakoitzak NAN edo AIZ zenbakia, jaiotze eguna eta baliozko helbide elektronikoa idatziko ditu inprimakian, hautatutako proposamenaren ondoan. Botoa bidali eta berehala mezu elektroniko bat jasoko du eta baliozkotu egin beharko du botoa zenbatua izan dadin. Helbide elektroniko bera erabiltzen ahalko da soilik bi pertsona ezberdinen botoa bidaltzeko baldin bada.

Halaber, proposamenak modu presentzialean bozkatzeko sistema bat ezarriko da herritar guztiek parte hartzea errazteko. Bozketa presentziala online bozkatzeko epea bukatzen denean eginen da. Talde eragileak erabakitako egunean eginen da goizez eta arratsaldez, ahalik eta herritar gehienek parte har dezaten. Bozketa presentzialean parte hartzen ahalko dute bakarrik online bozkatu ez dutenek.

Bozketa presentziala udalaren lokal irisgarri batean eginen da, talde eragileko hautatutako kideek zuzenduko dute eta udalaren teknikariek lagunduko diete. Horiek egiaztatuko dute bozkatzailea erroldan izena emanda dagoela eta ez duela aurretik bozkatu. Horretarako, bozkatzaileak NANarekin, AIZrekin edo gidabaimenarekin identifikatu beharko dira.

12. artikulua. Proposamenak hautatzea.

Botoak zenbatu eta gero hautatuko dira boto gehien eskuratu dituzten proposamenak. Ordenan aukeratuko dira urtero partaidetza aurrekontuetarako ezarritako gastuaren zenbatekoraino iritsi arte.

Aurrekontu kreditua bukatzen bada eta ezin izan bada hautatutako azken proposamenaren gastu osoa estali, udalak horren berri emanen dio proposamena egin duenari eta azken horrek aukera izanen du proiektua eskuragarri dagoen aurrekontura egokitzeko. Baliabide ekonomiko nahikorik ez dagoelako proposamena betetzeari uko eginez gero, boto gehien eskuratu duen hurrengo proposamena kudeatuko da, modu berean. Proposamen bat ere gauzatu nahi ez bada, aurrekontu partidatik geratzen den zenbatekoa talde eragileak erabakitzen duen xederako erabiliko da.

Proposamenen baten bozketan berdinketa gertatuz gero, udalak zozketa eginen du horien artean eta horrela ebatziko da proposamenen ordena.

13. artikulua. Proposamenak gauzatzea.

Hautatutako proposamenak erakunde edo norbanako proposatzaileek kudeatuko dituzte udalaren laguntza teknikoarekin.

Udalak betearazpenaren jarraipena eginen du eta epeak eta esleitutako aurrekontua betetzen direla zainduko du.

Fakturak Leringo Udalari zuzenduko zaizkio hautatutako proposamenak guztiz bete eta gero. Leringo Udalak ordainduko die proposamen bakoitzerako kontratatutako hornitzaileei, esleitutako aurrekontuan oinarrituz.

Proposamenak betetzeko arazoak sortuz gero, udalak talde eragileari egoeraren berri emanen dio eta bere iritzia eskatuko dio arazo horiek konpontze aldera.

14. artikulua. Partaidetza prozesua ebaluatzea.

Gauzatu diren proposamenak egin dituzten erakundeek eta/edo pertsonek proposamen bakoitzaren betearazpenaren inguruko txosten labur bat entregatuko dute. Txostenarekin batera entregatuko dituzte partaidetza aurrekontuei buruz egokitzat jotzen dituzten balorazioak, kritikak eta proposamenak.

Talde eragileak txosten horiek analizatuko ditu proposamenak bete izana baliozkotzeko eta prozesuaren urteko txostena eginen du. Egokitzat joz gero, erregelamendu honetarako aldaketak proposatuko ditu.

15. artikulua. Prozesuaren egutegia.

Urtero, udal aurrekontuak onetsi ondoren, udalak talde eragilea bilduko du partaidetza aurrekontuen informazioa emate aldera. Bilera horretan herritarren batzarra ere egonen da eta horrela, herritarrek eginen den prozesuaren informazioa jasoko dute. Hauek izanen dira epeak:

a) Informaziorako herritarren batzarra, talde eragileak finkatutako egunean.

b) Herritarren batzarra egiten denetik aurrera zenbatzen hasita 30 eguneko epea irekiko da partaidetza aurrekontuen proposamenak aurkezteko.

c) Udalak 7 egun izanen ditu proposamenak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera kontatzen hasita proposamenen bideragarritasun teknikoa analizatzeko eta izan ditzaketen akatsak konpontzeko.

d) Proposamenak aurkezteko azken egunetik aurrera zenbatzen hasita zortzigarren egunean talde eragilea bildu eginen da. Aurkeztutako proposamenen informazioa jasoko du eta erregelamendu hau betez dagozkion erabakiak hartuko ditu.

e) Talde eragilea bildu eta hurrengo astelehenean hasiko da talde eragileak baliozkotu dituen proposamenak bozkatzeko epea. Lehenik eta behin online bozketak eginen dira 14 egunez.

f) Online bozketak akitzen direnean, eta talde eragileak agindutako egunean, bozketa presentziala eginen da, goizez eta arratsaldez.

g) Bozketa presentziala akitzen denean botoak zenbatuko dira, proposamen irabazleak ezarriko dira eta proposamenak egin dituztenei emaitzak jakinaraziko zaizkie, proposamenak gauzatzeko prozesua has dadin.

Iragarkiaren kodea: L2516192