254. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2026rako

Zizur Zendeako Udaleko alkate udalburuak 555/2025 Ebazpena eman zuen 2025eko abenduaren 2an. Hona hemen haren testua:

Abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearekin bat (haren bidez aldatu zen ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzkoa, eta orobat ezarri zen zenbatekoa den urteko lanaldia Nafarroako administrazio publikoetako enplegatu batzuentzat; zehazki, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aplikazio eremuan sartzen direnentzat), eta kontuan hartuta zer ezartzen den Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 390/2025 Ebazpenean (haren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2026ko jaiegunen egutegi ofiziala), eta hori dena loturik dagoenez Udalak langileekin sinatutako lan-hitzarmenarekin, zeina luzatzea eskatu baitute langileek, eta espedientean dauden agiriekin bat.

Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak alkateari ematen dizkion eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–2026rako luzatzea "Zizur Zendeako Udala enpresaren lan hitzarmena (lan-kontratudunak)", zeina indarrean baitago 2007ko urtarrilaren 1etik, Udalak ez baitu salatu haren indarraldia amaitzeko eguna (2025eko abenduaren 31n) baino bi hilabete lehenago.

Bigarrena.–Onestea Zizur Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen 2026. urteko jaiegunen lan-egutegia. Hona hemen:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Martxoaren 20a: San Jose egunaren biharamuna.

–Apirilaren 2a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 3a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 6a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 6a, 7a, 8a, 9a eta 10a: Sanferminak.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 2a: Santu Guztien egunaren biharamuna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Orobat, baliogabeak izanen dira, epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta Udaleko langileendako jaiegunak.

Hirugarrena.–Lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1.592 ordukoa izanen da Zizur Zendeako Udaleko Administrazioan, eta honela banatuko da:

1. Eguneroko lanaldia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, 7 ordu eta 30 minutukoa orokorrean, eta nahitaez lanpostuan egon beharra izanen da 09:00etatik 14:30erako tartean. Langileek malgutasunez eginen dituzte laneko gainerako 120 minutuak, nahi dutenean, betiere 07:30etik 09:00etara eta 14:30etik 16:50era bitartean.

2. Abenduaren 4a eta 7a ez dira lanegunak izanen, lanaldi soberakinagatik. 2026rako onetsitako lan-egutegian, 13 ordu gelditzen dira sobera, eta Udaleko langileek hautatuko dute noiz hartu ordu horiek.

3. Artikulu honetako aurreko apartatuetan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko zerbitzuaren beharrak direla-eta lanaldi berezia duten langileei, ezta ordu konpentsazioren bat dutenei ere (txandakako lana, gauekoa etab.), lan-egutegi berariazkoa izanen baitute.

Halakoetan, urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarri ez bezalako sistema baitute, lan-egutegi berezi hori indarrean dagoen sistemari lotuko zaio (betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz), bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk ezartzeko aukera edo urteko lanorduak banatzeko bestelako sistemak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek halakorik komenigarri egiten badute.

Laugarrena.–Zizur Zendeako Udaleko Erregistro Orokorra 09:00etatik 14:00ak arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.

Bosgarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

Seigarrena.–Ebazpen hau Udaleko langileei igortzea.

Aditzera ematen da, denek jakin dezaten, eta bereziki ohartarazten da errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara, ebazpen honen aurka, bakoitzean aipatzen diren epeetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita: berraztertzeko errekurtsoa, alkatetza honi zuzendua, edo gora jotzekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Gazolatzen, 2025eko abenduaren 2an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

Iragarkiaren kodea: L2515974