1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
171C/2025 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Agropecuaria San Fermín SLU enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Azterturik Agropecuaria San Fermín SLU enpresaren hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31101052012016), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2025eko azaroaren 21ean, enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2025eko azaroaren 17an sinatu ondoren.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuari dagokionez,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Agropecuaria San Fermín SLU enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31101052012016).
Bigarrena.–Agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko azaroaren 26an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
AGROPECUARIA SAN FERMIN SLU-REN HITZARMEN KOLEKTIBOA
Aldeak zehaztea: Agropecuaria San Fermín SLUrako hitzarmen kolektibo hau, alde batetik, enpresaren ordezkariak sinatzen du, Agropecuaria San Fermín SLU enpresaren izenean eta hura ordezkatuz, eta, bestetik, enpresako langileen delegatuak.
1. artikulua. Enpresako hitzarmen kolektibo honek, indarra duen bitartean, Nafarroako Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Hitzarmen Kolektiboa ordeztuko du, salbu eta hitzarmen horri buruz hemen biltzen diren aipamen zehatzei dagokienez.
2. artikulua. Hitzarmen kolektibo honen eremu funtzionala nahitaez bete beharko da Agropecuaria San Fermín SLU enpresan, zeina hegaztien eta zerri aziendaren ustiakuntzan ari baita.
3. artikulua. Eremu pertsonala: hitzarmen kolektibo honek Agropecuaria San Fermín SLU enpresako plantillako langile guztiei eraginen die.
4. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.
Hitzarmenaren iraupena 2026ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra artekoa izanen da.
Hitzarmena automatikoki salatuko dute negoziazio batzordeko alderdiek 2029ko urriaren 1ean; orduan, negoziazio mahai berria eratu beharko da, hurrengo hitzarmenaren negoziazioak hasteko.
Alderdietako edozeinek hitzarmen hau behar den bezala eta behar den epean salatuz gero, haren arauen edukiak indarrean jarraituko du beste hitzarmen bat sinatu arte.
5. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.
Hitzarmena sinatzen duten alderdiek, konpentsazioaren eta absortzioaren gaiari dagokionez, men eginen diote Langilearen Estatutuaren 26. artikuluko 5. zenbakiari. 2016ko urtarriletik aurrera, soldataren ordainagirien egituran kontzeptu berri bat sartuko da, lan kantitatearen plusa izenekoa, jardueraren izaeraren ondorioz sor litezkeen ordu gehiagoko lanaldiak konpentsatzeko. Kontzeptu horren zenbatekoa honako hauek osatuko dute: langileak eranskinetako tauletan aurreikusitako oinarrizko soldataren eta antzinatasunaren gainetik jasotzen ari diren zenbatekoak.
6. artikulua. Langileen sailkapena.
Gai honi dagokionez, Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen hitzarmen kolektiboaren 7. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
7. artikulua. Behin-behineko langileen eskubideak.
Behin-behineko langileek enpresako gainerako langileen eskubide berberak dauzkate.
8. artikulua. Zuzenbide osagarria.
Hitzarmen honetan arautzen ez direnak arautzeko, aplikatu beharreko legezko eta hitzarmeneko xedapenei jarraituko zaie, bat etorriz Langileen Estatutuaren (2/2015 Legegintzako Errege Dekretua) 84.2 artikuluan xedatutakoarekin.
9. artikulua. Osotasunarekiko lotura.
Hemen itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, aplikazio praktikoari dagokionez, osotasunean hartuko dira.
Lan administrazioko agintaritzaren ustez hitzarmeneko punturen batek indarreko legezkotasuna hausten badu, hitzarmen oso hau berraztertu beharko da.
10. artikulua. Lanaldia eta lan egutegia.
Lanaldia Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hitzarmen kolektiboaren 13. artikuluak aurreikusten duena izanen da, hau da, 1750 ordukoa.
Enpresaren jardueraren ardatza hegaztiak eta zerri azienda haztea eta gizentzea denez, asteko egun guztiak joko dira laneguntzat, ezertan ukatu gabe legez aurreikusitako atsedenaldiak, eta langileek asteburuko txandak izanen dituzte, xedatzen den moduan.
Sei ordutik gorako lanaldietan, atseden hartzeko lan etenaldiak ez dira benetan lan egindako denboratzat hartuko.
11. artikulua. Oporrak.
Hitzarmen honek ukitzen dituen langileek, enpresan urtebetez egin badituzte zerbitzuak, eskubidea izanen dute urtean 30 egun naturaleko oporrak hartzeko, ohiko soldataren arabera ordainduak. Gainerako langileentzat, har daitezkeen opor egunak egindako lanaren araberakoak izanen dira.
Oporrak hartzeko epea jarraitua izanen da, eta ezin izanen da bi epetan baino gehiagotan zatitu, non ez duen langileak hala berariaz adierazi.
Oporrak hartzeko egunak enpresa edo nagusia eta langileak ados egonda finkatuko dira, kontuan izanik zein den garairik motelena hitzarmen honetan araututako lanak egiteko.
12. artikulua. Ordaindutako lizentziak eta baimenak.
Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hitzarmen kolektiboaren 15. artikuluan ezarritako baimenak eta lizentziak izanen ditu langileak.
13. artikulua. Osasun kontsultategietara joatea.
Osasun kontsultategi eta kliniketara lanaldiaren barruan joaten denean, ordainsariak jasoko dira hitzarmeneko soldataren arabera, baldin eta ezin bada lanalditik kanpo joan horretarako ordutegirik ez dutelako.
Langileak behar bezala justifikatu beharko du arrazoi horiengatik ez dela lanera joan.
14. artikulua. Oinarrizko soldata.
2026. urtean, Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hitzarmen kolektiboko tauletan adierazitako oinarrizko soldataren zenbatekoa jasoko dute langileek. Hitzarmenaren indarraldiko gainerako urteetarako, oinarrizko soldata Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hitzarmen kolektiboan aurreikusitako ehuneko berberetan igoko da.
15. artikulua. Antzinatasuna.
Kontzeptu hori jasotzen duten langileek 2018an aplikatutako zenbatekoak mantenduko dituzte; hartara, zenbateko horiek izozturik geldituko dira hitzarmen honek indarra duen bitartean.
16. artikulua. Larunbat eta igandeetako lanaldia.
Sinatzaileek berariaz hitzartzen dute hitzarmenean sartzea asteburuetako ordutegia ezartzeko akordioa (7:00-13:00, ordu erdi batekin hamarretakoa hartzeko). Hori dela eta, oraingo lan txandak mantenduko dira, eta langile bakoitzak bi asteburutan lan eginen du hilero, salbu eta txanden garapen normalari eragiten dioten produkzio arloko arrazoiak edo beharrak gertatzen badira.
17. artikulua. Aparteko pagak.
Hitzarmen honi atxikitako langile guztiek aparteko hiru paga jasoko dituzte. Haietako bakoitzaren zenbatekoa izanen da ohiko soldataren arabera hogeita hamar eguni dagokiona, eta kopuru horiek hilero hainbanatuko dira.
18. artikulua. Aparteko orduak.
Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, ohiko lan ordutegitik kanpo edo jaiegunetan egindako aparteko orduak honela ordainduko dira: 15 euro gordin orduko.
19. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Langile batek aldi baterako ezintasuna badu, hura eragn duen kontingentzia edozein dela ere, enpresak prestazioen ordainketa aurreratuko du, 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan legez aurreikusitako zenbatekoa ordainduz.
20. artikulua. Istripuetarako asegurua.
Hitzarmen honi atxikitako langile guztiek aseguru kolektiboko poliza baten estaldura izanen dute. Horren kostua langilea kontratatzen duen enpresaren kargura joanen da, eta ondoko kontingentziak hartuko ditu:
a) Heriotza, lan istripuagatik edo eritasun profesionalagatik. Balioa: 39.813,91 euro.
b) Ezintasun iraunkor osoa edo absolutua, edo baliaezintasun handia, lan istripuagatik edo eritasun profesionalagatik. Balioa: 50.771,50 euro.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzetan sinatu duten polizaren kopia emanen dute enpresek, eta poliza horrek estaliko ditu arriskuak zuzenean.
Aurreko paragrafoetako poliza sinatzeko epea hilabete batekoa izanen da, hitzarmen honen argitalpen ofizialetik aurrera. Egun hori iritsi arte, aplikatu beharko da eta indarrean jarraituko du 2010ean indarra zuen hitzarmenaren 27. artikuluak.
21. artikulua. Tresnak.
Enpresak emanen ditu lan egiteko tresnak. Enpresaburuak ematen ez baditu edo langileak eraman behar baditu, bien adostasunarekin konpentsazio plus bat ordaindu beharko zaio langileari, tresnen higaduragatik.
22. artikulua. Osasun azterketa.
Langileek eskatuta, enpresek prebentziozko osasun azterketa bat sustatu beharko dute, gutxienez urtean behin. Azterketa hori laneko ordutegiaren barruan eginen da.
23. artikulua. Laneko jantziak.
Enpresak laneko arropa egokiak emanen ditu lan mota guztietarako, hala nola sulfatatzeko eta abar. Laneko arropa horiek, gehiago higatzen direnez, beharrezkoa den guztietan ordeztuko dira.
Era berean, uretan edo lokatzetan egin beharreko lanetarako, behar diren oinetako iragazgaitzak emanen zaizkie langileei.
Orobat, arropa iragazgaitzak eman beharko zaizkie langileei aire zabalean egin behar dituzten lanetarako.
24. artikulua. Faltak.
Faltatzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenek eta, oro har, oinarrizko hitzarmen honek ezarritako betebeharrak urratzen edo kontuan hartzen ez dituzten ekintzak edo ez-egiteak.
Garrantziaren arabera, faltak honela sailkatu dira: arinak, astunak edo oso astunak.
25. artikulua. Falta arinen sailkapena.
Falta arinak honako hauek dira:
1.–Hilabeteko epean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.
2.–Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko baja edo lanera ez agertzearen arrazoi bidezkoak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, jakinarazpena egiterik ez dela izan frogatu ezean.
3.–Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.
4.–Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza noizbehinka.
5.–Egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.
6.–Noizean behin mozkortuta agertzea.
26. artikulua. Falta astunen sailkapena.
Falta astunak honako hauek dira:
1.–Lanera berandu iristeagatik lau faltatik zortzira egitea 30 egun naturaleko epean.
2.–Lanera bi egunez ez agertzea 30 egun naturaleko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.
3.–Lanorduetan edozein motatako jokoetan ibiltzea.
4.–Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.
5.–Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Jokabide hori falta oso astuntzat jo daiteke, baldin eta langilea bera edo lankideak istripua izateko arriskuan jartzen badira, edota instalazioak edo salgaiak hondatzeko edo su hartzeko arriskuan.
6.–Lanorduetan norberaren lanak egitea, bai eta enpresaren tresnak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe (falta arina izan liteke).
7.–Langileak ikusitako egintzak edo faltak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruari berehala ez ematea.
8.–Akatsak eta hanka-sartzeak asmo txarrez ezkutatzea eta, horren ondorioz, enpresari kalte egitea.
27. artikulua. Falta oso astunen sailkapena.
Falta oso astunak honako hauek dira:
1.–Behin eta berriz lanera berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.
A) Horrelakotzat hartuko da berandu iristea lanera, justifikaziorik gabe, zortzi aldiz baino gehiagotan hogeita hamar egun naturaleko epean, eta hamasei aldiz baino gehiagotan 180 egun naturaleko epean.
B) Lanera ez joateagatik egindako falten kasuan, horrelakotzat hartuko da lanera hiru egunez ez agertzea hiru hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.
Egiten den jardueraren izaera dela eta, eta igande eta jaiegunetan lan egiteak duen garrantzia dela eta, halako egunetan lanera ez joatea, hau da, enplegatu bakoitzari dagokion egutegiaren arabera bi asteburutan ondoz ondo, edo hiru asteburutan aldizka sei hilabeteko epean, falta oso astuntzat hartuko da, eta kaleratzearekin zigortzen ahalko da.
2.–Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea lantokiaren barnean edo beste edozein lekutan lanean ari dela.
3.–Enpresaren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo agiriak ohartuki desagerraraztea, ezdeus bihurtzea edo hondatzea.
4.–Enpresaren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.
5.–Enpresakoa ez den norbaiti ezagutaraztea nahitaez isilpean eduki beharreko datuak.
6.–Nagusi, mendeko edo lankideak jotzea edo iraintzea, norberaren defentsarako ez bada.
7.–Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik
8.–Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea, arrazoirik gabe.
9.–Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.
10.–Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua.
11.–Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
28. artikulua. Zehapenak.
Falta nolakoa izan den, zehapen hauek ezarriko dira:
1.–Falta arinengatik:
–Hitzezko kargu-hartzea.
–Idatzizko kargu-hartzea.
–Enplegu eta soldata gabe uztea bi egunez, gehienez ere.
2.–Falta astunengatik:
–Enplegu eta soldata gabe uztea hiru egunetik hamabostera bitarte.
3.–Falta oso astunengatik:
–Enplegu eta soldata gabe uztea hamasei egunetik hirurogeira bitarte.
–Kaleratzea.
29. artikulua. Zehapenak betetzea.
Enplegua eta soldata etetea ezartzen den zehapenetan, zehapena betetzeko egunak atzera daitezke, zehapena irmo bihurtu arte.
30. artikulua. Lan gatazken konponketa.
Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren mende jartzea. Arlo horretan, Nafarroako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hitzarmen kolektiboaren I. eranskina aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2515649