2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AGUILAR KODES
Ordenantza fiskala, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena
Aguilar Kodesko Udalak, 2025eko irailaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Aguilar Kodesko Udalaren trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.
Iragarkia 2025eko 205. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 14an, bai eta Udalaren ediktuen taulan ere, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da jarraian.
Argitara ematen da, orok jakin dezan, eta bete dadin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Aguilar Kodesen, 2025eko abenduaren 5ean.–Alkatea, Jesús Ángel Amescua Martínez de Rituerto.
ORDENANTZA FISKALA, AGUILAR KODESKO UDALAREN TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Aguilar Kodesko trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautuko da bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean edo horren ordezko araudian ezarritakoarekin.
2. artikulua. Bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162.4 artikuluarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), honako hobari hauek ezartzen dira trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren kuotaren gainean:
a) %25eko hobaria "ECO ibilgailuetarako".
b) %50eko hobaria "0 isuriko ibilgailuetarako".
3. artikulua. "ECO ibilgailuak" dira:
Turismoak eta merkataritzako ibilgailu arinak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (IEH), gas natural konprimatuz (GNK) higiarazitako ibilgailuak edo petrolio-gas likidotuz (PGL) higiarazitakoak. Betiere, parametro hauek ere bete beharko dituzte: erregaia eta gasolina duten ibilgailuak, EURO 4/IV, 5/V edo 6/VI emisio-mailakoak, edo diesel erregaia, EURO 6/VI emisio-mailakoa.
8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, hibridoez-entxufagarriak (IEH), gas natural konprimatuz (GNK) higiarazitako ibilgailuak edo petrolio-gas likidotuz (PGL) higiarazitakoak. Ibilgailuen emisio-maila EURO 6/VI izatea ere bete beharko dute beti, erregai-mota edozein izanda ere.
Ibilgailu arinak (L kategoria), Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu hibrido entxufagarriak (PHEV), edo ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV); eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak halakotzat sailkatutako beste batzuk.
4. artikulua. "0 isuriko ibilgailuak" dira:
Ziklomotorrak, trizikloak, kuatrizikloak eta motozikletak; turismoak; furgoneta arinak, 8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, honela sailkaturik daudenak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroan: bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarriak (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, bai eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak halakotzat sailkatutako beste batzuk ere.
5. artikulua. Hobariak aplikatzeko baldintzak.
Ordenantza honetan ezarritako edozein hobari aplikatzeko, zergaren subjektu pasiboak eskaera egin beharko du, eta behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu, frogatzeko ibilgailu mota horrek hobaria izateko baldintzak betetzen dituela.
Hobariez gozatzeko, Udalak aldez aurretik onartu beharko du, eta subjektu pasiboak eskaera egin eta hurrengo hiruhileko naturaletik hasita aplikatuko da. Zergaren kuota hiruhileko naturaletan hainbanatuko da, ondorio horietarako. Matrikulazio berriko ibilgailuek 2 hilabeteko epea izanen dute, Trafiko Burutzan alta hartzen dutenetik, hobaria eskatzeko, urte horretan bertan ondorioak izateko.
Udalerrian erroldaturik egon beharko du zergaren subjektu pasibo den eskatzaileak.
Hobaria jasotzeko beharrezkoa izanen da egunean egotea zergaren ordainketan; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, ezetsi eginen da hobaria jasotzeko eskaera, edo hobaria galdu eginen da, jada eman bazen.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea edo haren ordezko araudia aplikatuko da.
Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta indarrean egonen da harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.
Iragarkiaren kodea: L2516027