252. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

447E/2025 FORU AGINDUA, azaroaren 28koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Foru Komunitatean arituko den amiantoaren biktimen balorazio taldea, Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzen duen urriaren 19ko 21/2022 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoa, eta taldeko kideak izendatzen baitira, bai eta arautzen ere amiantoaren esposizioak eragindako patologien ziurtagiria emateko prozedura.

Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzen duen urriaren 19ko 21/2022 Legearen bidez, funts hori eratu zen amiantoaren biktimentzako konpentsazio mekanismo gisa; funtsaren xedea da Espainian bere lan, etxe edo ingurumen eremuan amiantoaren esposiziopean egoteagatik edozein pertsonak bere osasunean izandako kalte-galerengatik erabateko erreparazioa ematea eta, horretarako, xedatzen du onuradunek eskubidea izanen dutela erregelamendu bidez ezarritako konpentsazio ekonomikoak jasotzeko.

Urriaren 19ko 21/2022 Legearen 6.1 artikuluan zehazten da zein diren funtsaren kargura erabateko erreparazioa jasoko duten onuradunak; 6.2 artikuluan, berriz, xedatzen da erregelamenduz ezartzen diren balorazio taldeek eginen dutela eritasunaren diagnostikoa, balorazioa, kualifikazioa eta azterketa, eta zehaztuko dutela eritasunaren arrazoia edo heriotzarena.

Arau horretan xedatutakoa garatzeko, ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez ezartzen baitira amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikoa aitortzeko baldintzak eta prozedura. Horrez gain, xedatzen du ezen amiantoaren biktimen baloraziorako taldeak, urriaren 19ko 21/2022 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusitakoak, osatuko direla autonomia erkidego bakoitzeko osasun departamentuak edo pareko organoak berariaz horretarako ezartzen dituen unitateekin. Horren aurretik, betiere, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak erabakia hartu beharko du, non ezarriko baita talde horien osaketa –osasun publikoan, lan osasunean eta ingurumen osasunean espezializatuko langileekin– eta aurreikusi beharko baita jarduteko protokolo komunak, estatuko lurralde osoan jarduketa homogeneoa izatea bermatzeko.

Balorazio talde horiek irizpen bat prestatuko dute, amiantoaren esposizioak eragindako patologien ziurtagiria emateko beharrezkoa izanen dena, eta ziurtagiria kasuko autonomia erkidegoko osasun departamentuak edo pareko organoak emanen du.

2025eko azaroaren 12an, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluaren osoko bilkurak koordinazio erabakia onetsi zuen, zeinaren bidez onesten baita amiantoaren esposizioak eragindako patologien ziurtagiria emateko prozedura, urriaren 19ko 21/2022 Legea garatzen duen ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoarekin bat, bidezkoa da ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean amiantoaren biktimen balorazio taldeak izanen duen osaketa eta amiantoaren esposizioak eragindako patologien ziurtagiria emateko prozedura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Amiantoaren biktimen baloraziorako taldearen osaketa ezartzea. Talde horrek irizpena eginen du, beharrezkoa izanen dena amiantoaren esposizioak eragindako patologien ziurtagiria, ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoa, Nafarroako lurralde-eremuan emateko.

2. Amiantoaren biktimen baloraziorako taldea honako hauek osatuko dute:

–Osasun arloko profesional bat, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasuneko Zuzendariordetzako Lan Osasunaren Zerbitzuko Laneko Osasuna Zaintzeko Atalekoa. Taldeko burua izanen da.

–Osasun arloko profesional bat, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasuneko Zuzendariordetzako Lan Osasunaren Zerbitzuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalekoa.

–Profesional bat, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko Ingurumen Osasunaren Atalekoa.

–Laguntza administratiboko profesional bat, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasuneko Zuzendariordetzako Lan Osasunaren Zerbitzuko Laneko Osasuna Zaintzeko Atalekoa. Taldeko idazkaria izanen da.

3. Balorazio taldea osatuko duten kideak izendatzea. Honako hauek dira:

a) Taldeko burua: Sagrario Cilveti Gubía.

b) Taldeko kidea: Estrella Extramiana Cameno.

c) Ingurumen osasunaren arloko kide aditua: Jacinto Irisarri Orta.

d) Idazkaria: M.ª Pilar Apellániz Morales.

4. Aurrekoen ordezko hauek izendatzea:

a) Taldeko buruaren ordezkoa: Jose Ignacio Aguado Martín.

b) Taldeko kidearen ordezkoa: Laura Ciprian Moreno.

c) Ingurumen arloko kide adituaren ordezkoa: Teresa Ferrer Gimeno.

d) Idazkariaren ordezkoa: Arantza Lacabe Bedmar.

5. Eskaerak modu elektronikoan aurkezten ahalko dira Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus atarian, eskabidea beteta eta ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuaren 7. artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita duela. Errege dekretu horren bidez ezartzen dira amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikoa aitortzeko baldintzak eta prozedura. Eskaera Laneko Osasuna Zaintzeko Atalak tramitatuko du, SISLANA aplikazio informatikoarekin, bertan kudeatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko amiantoaren esposizioa jasandako langileen erregistroa.

6. Balorazio taldeak aztertuko du eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa, egiaztatzeko agiri horiek ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aipatzen direnak direla (errege dekretu horren bidez ezartzen dira amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikoa aitortzeko baldintzak eta prozedura). Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eskaerak edo dokumentazioak betetzen ez baditu eskatutako baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio hamar eguneko epean zuzenketa egin dezan edo nahitaezkoak diren agiriak aurkez ditzan, eta, hala egin ezean epe horretan, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

7. Eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, balorazio taldeak bere irizpena emanen du eta, ondoren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeaketa zuzendaritzak ebatziko du ziurtagiria emateaz, hain zuzen ere ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aipatzen dena (errege dekretu horren bidez ezartzen dira amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikoa aitortzeko baldintzak eta prozedura).

8. Prozedura tramitatzeko epea hiru hilabetekoa izanen da ziurtagiria emateko eskumena duen organoaren erregistroan eskaerak sarrera izan duenetik hasita; epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ulertuko da epean ez emateak egindako eskaera baiestea dakarrela.

9. Ziurtagiria ematen duen ebazpenaren edo ez onartzea erabakitzen duenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

10. Foru agindu hau igortzea Osasun Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeaketa zuzendaritzara, Lan Osasunaren Zuzendariordetzara, Lan Osasunaren Zerbitzuko burutzara eta Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko burutzara, bai eta foru agindu honetan izendatzen direnei ere.

11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko azaroaren 28an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2515969