252. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko abenduaren 10ean hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat ezarritako 2024ko ordainsariak ehuneko 2,5 igotzen dituena, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei ezarriko zaiela Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2025erako ezartzen den gehieneko igoera globala, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea, ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskuarekin edo nekagarritasunarekin.

2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Lege horren beraren 7. artikuluak, bestalde, lehen apartatuan ezartzen du ezen, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile lan-kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, abenduaren 26ko 19/2024 Foru Lege horren beraren 8. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Ildo berean, arestian aipatutako abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 9. artikuluaren 11. apartatuan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen 2025eko ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

2025eko azaroaren 27an, Espainiako Gobernuak eta UGT eta CSIF sindikatuek enplegu publikoa eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko esparru-akordioa sinatu zuten, administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako ordainsariak igotzeko urte anitzeko esparrua ezartzen duena. Akordio horretan 2025-2028 aldirako soldata-igoera bat aurreikusten da, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ondoz ondoko legeek jaso beharko dutena.

2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorren luzapen-egoera mantentzen dela ikusita, abenduaren 2ko 14/2025 Errege Lege-dekretuaren bidez, sektore publikoaren eremuko ordainsariei buruzko presako neurri batzuk onetsi dira. Zehazki, 1. artikuluak honako hau ezartzen du 1. apartatuan: "2025. urtean, sektore publikoko langileen ordainsariek gehienez ere ehuneko 2,5eko igoera globala izaten ahal dute 2024ko abenduaren 31n indarrean zeudenekin alderatuta, eta azken horien barruan sartzen da ekainaren 26ko 4/2024 Errege Lege-dekretuaren 6.2 artikuluan jasotako ordainsari-igoera gehigarri eta finkagarria, %0,5ekoa, hain zuzen (errege lege-dekretu horren bidez, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zenbait neurri luzatzen dira, eta premiazko neurriak hartzen dira zergen, energiaren eta gizartearen arloan). Ordainsari-igoera hori homogeneotasunaren arabera hartuko da kontuan konparazioaren bi aldietarako, bai langileei dagokienez, bai langileen antzinatasunari dagokionez, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak".

Enplegatu publikoei dagokien ordainsari-igoerari ekiteko behar den estatu-gaikuntza onetsi ondoren, eta bat etorriz Nafarroako 2025erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legean xedatutakoarekin, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordainsariak ehuneko 2,5 igotzea, 2024ko abenduaren 31ko ordainsariak oinarri harturik, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Ordainsari-igoera hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei ordaintzeak dakarren kostua 42.982.553 euroan zenbatetsi da; horietatik 36.181.178 euro 2025eko aurrekontuari egotzi zaizkio, eta 6.801.375 euro 2026ko aurrekontuari.

Ordainsari-igoera horri aurre egiteko, aurrekontu-kontsignazio nahikoa dago Nafarroako 2025erako Aurrekontu Orokorretako "F30001 F3100 1800 921402 Ordainsari-igoera" izeneko partidan. Era berean, 2026ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen proiektuak behar besteko zuzkidura jasotzen du abenduko nominaren Gizarte Segurantzaren ordainketari aurre egiteko (6.801.375 euro).

2025eko soldata-igoera 2025eko abenduko nominan ordainduko da, eta atzeraeragina izanen du 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Horiek horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKITZEN DU

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2024rako ezarritako ordainsariak ehuneko 2,5 igotzea, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 10ean.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2516162