252. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

293E/2025 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, Nafarroarentzat interesa duten doktorego programak egiteko doktoratu aurreko laguntzen 2025eko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 868962.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten batean eman du aditzera ezen, ikerketa, zientzia eta berrikuntza Nafarroako Foru Komunitatearen modernizazio eta aurrerakuntzarako elementuak diren aldetik, Nafarroako Gobernuak horiek garatzeko egiten dituen ekintzen artean daudela Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiaren laguntza programen deialdiak, helburu dutenak ikertzaileak trebatzea eta Nafarroarentzat interesa duten ikerketa-proiektuak egitea. Programa horiek guztiek eratzen dituzte Prestakuntzako eta I+Gko laguntza planak izenekoak, helburu estrategiko nagusi batekin: ikertzaileen masa kritiko bat trebatzea eta lortzea Nafarroan, Foru Komunitatean ezagutzan oinarritutako eredu sozioekonomikoaren garapena bultzatzeko gai izanen dena.

Txosten horretan esaten da, halaber, helburu estrategiko hori ez ezik, plana osatzen duten askotariko programak berariaz beste helburu hauek ere lortzera bideratuta daudela: a) Doktoreen prestakuntza sustatzea laguntza bidez, Nafarroarentzat interesa duten doktorego programak egin ditzaten, Nafarroako goi mailako hezkuntzaren eta ikerketa zientifikoaren sisteman ikerketarako talentua sartzeko; b) Ikertzaile berriak kalitateko doktorego programa batean trebatu eta gaitu daitezen bultzatzea, ikerketa zientifikoaren esparruan; c) Unibertsitatetako ikerketa departamentu eta institutuak sendotzea, kalitateko prestakuntza jaso duten ikertzaileak hartuz interes estrategiko handieneko arloetan, d) Nafarroako ikertzaile eta unibertsitateek egiten duten ikerketa jarduna nazioartekotu dadin laguntzea, eta e) Nafarroako medikuntza pertsonalizatuaren estrategia integralaren garapena bultzatzea. Amaitzeko, txostenak dio arestian aipatutako a), b), c) eta e) helburuak lortu nahi badira zenbait programa abiatu behar direla 2025. urtean, horietako bat izanik Nafarroarentzat interesa duen doktorego programak egiteko doktoratu aurreko laguntzen programa, zeinak 4 urteko laguntzak ematen baitizkie, doktoratu aurreko kontratupean, Nafarroarentzat interesa duen doktorego programa bat Espainiako unibertsitate zentro batean egiten duten ikertzaileei.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroarentzat interesa duten doktorego programak egiteko doktoratu aurreko laguntzen programaren deialdia, zeinaren oinarriak ebazpen honen eranskinean jaso baitira.

2. Zenbait urtetarako 927.378 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2026, 2027, 2028, 2029 eta 2030eko "Prestakuntzarako eta Ikerketa eta Garapenerako (I+G) Planerako laguntzak" izeneko G10001-G1100-4800-322302 gastu partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

Deialdirako hasieran aurreikusten den gehieneko gastuaren banaketa honako hau da:

AURREK. 2026

AURREK. 2027

AURREK. 2028

AURREK. 2029

AURREK. 2030

GUZTIRA

201.360 euro

201.360 euro

211.792 euro

277.030 euro

35.836 euro

927.378 euro

Gastuaren banaketa hori aurrerago aldatu ahalko da Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, betiere aldaketak ez badakar deialdiaren guztizko gastua handitzea.

3. Ebazpen hau eta haren eranskina, onetsitako deialdiaren oinarriak dituena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpena eta haren eranskina jakinaraztea Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeei eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Iruñeko eta Tuterako zentro elkartuetako zuzendariei.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko azaroaren 14an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Eva Perujuániz Bermúdez.

ERANSKINA.–DOKTORATU AURREKO LAGUNTZEN PROGRAMA NAFARROARENTZAT INTERESA DUEN DOKTOREGO PROGRAMA BAT EGITEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

DOKTORATU AURREKO LAGUNTZAK NAFARROARENTZAT INTERESA DUEN DOKTOREGO PROGRAMAK EGITEKO 2025EKO DEIALDIA.

1. oinarria.–Xedea edo helburua.

Deialdi honen helburua da doktoreen prestakuntza sustatzea ezagutza arlo guztietan, jatorrizko ikerlan baten proiektua (doktorego tesia) xede nagusi duten doktorego programak egiteko laguntzak emanez norgehiagokako araubidean. Ikerlan horrek interesa izan behar du Nafarroarentzat, halako moduz non ikerketarako talentua sartzen lagunduko baitu Nafarroako goi mailako hezkuntzaren eta ikerketa zientifikoaren sisteman.

2025eko deialdi honetan, eta Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak parte hartzen duen hainbat estrategia sustatzeko, lehenetsiko da honako ezaugarri hauetakoren bat betetzen duten eskaerei gutxienez laguntza bat ematea:

A) %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenen eskaerak.

B) 2. edo 3. taldeei atxikitako eskaerak, medikuntza pertsonalizatuaren eremuan doktorego tesi bat egitea planteatzen dutenak.

C) 4. taldeari atxikitako eskaerak, Nafarroako erronka soziodemografikoaren eremuan doktorego tesi bat egitea planteatzen dutenak.

D) 3. taldeari atxikitako eskabideak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Tuterako campusean doktorego tesi bat egitea planteatzen dutenak, ingeniaritzaren eremuan.

2. oinarria.–Betebeharrak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten goi mailako tituludunek eskuratzen ahalko dituzte laguntza hauek:

1. Nafarroarekin lotura izatea. Deialdi honen ondorioetarako, baldintza hori beteko du, soilik, egoera hauetako batean dagoenak:

a) Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko azken bi urteetan, gutxienez, etenik gabe.

b) Nafarroan erroldaturik egon izana 10 urtez gutxienez.

c) Nafarroan jaioa izatea, eta Nafarroako unibertsitate batean edo unibertsitate-zentro batean onartua egotea edo onartua izateko eskaera egina izatea 2025-2026 ikasturtean doktorego programa bat egiteko.

d) Doktorego programetan sartzeko bide ematen duten masterreko ikasketak Nafarroan eginak izatea, eta erkidego honetako unibertsitate batean edo unibertsitate-zentro batean onartua egotea edo onartua izateko eskaera egina izatea 2024-2025 ikasturtean doktorego programa bat egiteko.

Nafarroarekin lotura izatearen baldintza betetzearen ondorioetarako, c) eta d) egoeretan, Nafarroan dauden unibertsitateetako campusetan eginiko doktorego programak bakarrik aintzat hartuko dira.

2. Egiaztatzea ikasketa espedientearen batez besteko nota altuagoa dela jakintza arlo bakoitzerako erreferentziako nota baino, 0-10 eskalan. Koadro honetan azaltzen dira erreferentziako nota horiek, Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroan titulazio bakoitzari dagokion atxikipenaren arabera.

JAKINTZA ARLOA

%33KO EDO GEHIAGOKO DESGAITASUN MAILA EZ DUTEN ESKATZAILEAK

%33KO EDO GEHIAGOKO DESGAITASUNA DUTEN ESKATZAILEAK

Artea eta Giza Zientziak

7,710

7,340

Zientziak

7,390

7,060

Osasun Zientziak

7,500

7,430

Gizarte eta Zuzenbideko Zientziak

7,680

6,950

Ingeniaritzak eta Arkitektura

6,980

6,900

3. 2025-2026 ikasturtean Espainiako unibertsitate batean doktorego programa bat egiteko matrikulatuta egotea edo onartua izateko eskaera egina izatea. Matrikulazioa egiaztatzen ez duten eskaerak kautelaz onartuko dira. Horiek baiesteko, eskatzaileak doktorego programan matrikulatu dela egiaztatu beharko du laguntza onartzeko ezarritako epearen barruan, laguntza jasotzeko proposatua izan baldin bada. (10.3 oinarria).

4. Laguntza ematearen gaineko aldeko txostena izatea, atxikipen zentroak emana.

5. Antzeko laguntzarik jaso ez izana 12 hilabetetik gorako aldirako, eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Deialdi honen ondorioetarako, antzeko laguntzatzat hartuko dira doktoratu aurreko prestakuntzarako, ikerketa proiektuak garatzeko edo espezializazio zientifiko edo teknikorako emandako laguntza guztiak, baldin beren helburuen artean onuradunak doktorego ikasketak egitea aurreikusi badute.

6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako baldintza orokorrak betetzea eskaerak aurkezteko epean.

3. oinarria–Atxikipen zentroak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, atxikipen zentrotzat hartuko dira Espainiako unibertsitateak edo ikerketako erakunde publiko nahiz pribatuak, irabazi asmorik gabeak, I+Gan gaitasun eta jarduera frogatuak dituztenak eta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin bat, doktoratu aurreko kontratuaren modalitatean kontrata dezaketenak.

2. Unibertsitateak ez diren atxikipen zentroek lotura egonkor eta formalizatua izan behar dute unibertsitateekin, lankidetza hitzarmen baten bidez, hain zuzen ere laguntzaren eskatzaileak zer unibertsitatetan matrikulatu diren doktoregoa egiteko, unibertsitate horiekin, halako moduz non segurtatuko baita, alderdien arteko akordioen bidez, beteko direla, bai prestakuntza programaren garapen egokia, bai deialdiak onuradunei eta atxikipen zentroei eskatzen dizkien betebeharrak.

3. Atxikipen zentroak laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile izanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako. Foru lege horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezartzen du.

4. oinarria.–Laguntzaren ezaugarriak.

4.1. Izaera eta iraupena.

1. Laguntzak doktoratu aurreko kontratuak izanen dira, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legean ezarri bezalakoak.

2. Laguntzak 4 urterako emanen dira gehienez ere, eta beti egonen dira 14.3 oinarrian ezarritako prozeduraren arabera urtero egin beharreko jarraipen txostenen aldeko balorazioaren menpe. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonei emandako laguntzen kasuan, laguntzak 5 urtekoak izanen dira gehienez.

4. Eskatzaileak doktoratu aurreko beste laguntza bat, kontratu izaerakoa, jaso badu deialdian baimendutako mugen barrenean, laguntzaren aldia murriztuko da, eskatzaileak hura jaso zuenetik Nafarroako Gobernuaren laguntza hasi bitartean iragandako denboraz.

5. Doktore titulua lortzeak bukaera emanen dio doktoratu aurreko prestakuntza-etapari, eta hasiera emanen dio doktoratu ondoko etapari. Azken etapa horren helburua izanen da doktoratu ondoko orientazioa ematea, gehienez ere 12 hilabetez. Nolanahi ere, kontratuaren iraupenak ezin izanen du gainditu aurreko paragrafoetan adierazitako gehieneko denbora.

4.2. Zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoan kontzeptu hauek izanen dira:

a) Doktoratu aurreko kontratuen finantzaketa:

1. Laguntzen xedeko doktoratu aurreko kontratuen ordainsariak eta Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren kostuak finantzatzeko zenbatekoa 24.670 euro izanen da lehen eta bigarren urteetan, 25.974 euro hirugarren urtean eta 31.313 euro laugarren urtean. Kontratuetan jaso beharko diren hileko gutxieneko ordainsariak 1.305,10 euro izanen dira lehenengo eta bigarren urteetan, 1.398,32 euro hirugarren urtean eta 1.747,89 euro laugarren urtean.

Desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzen kasuan, laguntzaren bosgarren urtean laguntza finantzatzeko zenbatekoa eta gutxieneko ordainsariarena aurreko paragrafoan laugarren urterako adierazitakoak izanen dira.

Laguntza jasotzen den urte bakoitzean 12 hileroko eta aparteko bi paga ordainduko dira.

2. Kontratuak amaitzeagatiko kalte-ordainaren kostua finantzatzeko zenbatekoa 3.218,03 euro izanen da, eta 4.022,55 euro desgaitasuna duten pertsonen kasuan.

Atxikipen zentroak bere gain hartu beharko du emandako laguntzak gainditzen dituen kontratatze edo azkentze kostu oro, Gizarte Segurantzako enpresa kuotarenak barne, aplikatzekoa den araudiaren ondorioz soldatak igotzen direnean.

3. Administrazio-gastuen kostua.

2.000 euro emanen dira, gehienez (2.500 euro, desgaitasuna duten eskatzaileen kasuan), laguntzak irauten duen urteetan izandako administrazio gastuak finantzatzeko (matrikula, unibertsitate tasak, titulua eskatzeko gastuak, etab.).

5. oinarria.–Aurrekontuko diru kopurua.

Laguntza hauen ondoriozko gastuak honako honi egotziko zaizkio 2026an eta hurrengo urteetan, aurrekontuetako baliabideen arabera: "Prestakuntzarako eta Ikerketa eta Garapenerako (I+G) Planerako laguntzak" izeneko G10001-G1110-4800-322302 aurrekontuko partida. Deialdi honen kargura, 927.378 euroko gastua eginen da gehienez.

Hasiera batean aurreikusten den urtez urteko banaketa honakoa da:

–2026. urtea: 201.360 euro.

–2027. urtea: 201.360 euro.

–2028. urtea: 211.792 euro.

–2029. urtea: 277.030 euro.

–2030. urtea: 35.836 euro.

6. oinarria.–Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Prozedura hasiko da laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2. Unibertsitateko Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzio organoa, eta ofizioz erabakiko ditu eskaeren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko eta haien ebaluaziorako beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Instrukzio-jarduketak izanen dira, besteak beste, sortzen diren arazo guztiak ebaztea eta prozedura garatzeko eta betetzeko jarraibideak prestatzea.

3. Eskaerak hautatzeko batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

–Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendaria, edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

–Unibertsitateko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua, edo horrek eskuordetzen duen pertsona; batzordeko idazkaria izanen da.

Batzordeak aholkua eskatzen ahal die, organo kudeatzailearen bidez, gai honetan kualifikatuta dauden pertsona fisikoei edo entitateei.

Batzordea eraturik, laguntzak emateko behin-behineko proposamena onetsi beharko du, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, 10.2 oinarrian ezarritako arauekin bat etorriz. Proposamen hori Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan jarriko da, dagokion fitxan (aurrerantzean, laguntzen fitxa), eta hor agertuko dira onuradunen zerrenda izenduna eta haien atxikipen zentroak.

4. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ebatziko da, instrukzio organoak proposaturik. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik lau hilabeteko epea izanen da gehienez ebazpena eman eta laguntzen fitxan argitaratzeko. Epe horretan ebazpenik ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da.

7. oinarria.–Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak:

a) Laguntza hauetan interesa duten guztiak behartuak daude deialdia egin duen administrazioarekiko tramite guztiak bitarteko elektronikoen bidez egitera, administrazio prozeduraren fase guztietan. Era berean, administrazio errekurtsoak jartzeko, baliabide elektronikoak erabili beharko dira, bai eta errekurtsoa jartzearekin hasten den prozeduraren fase guztietan ere. Baliabide elektronikoen bidez tramitatuko dira, orobat, errebokatzeko eta dirua itzultzeko prozedurak.

b) Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

c) Jakinarazpenak laguntzen fitxan argitaratuko dira. Banakako jakinarazpenak egin behar direnean, telematika bidez eginen dira eta eskatzailearen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) igorriko dira. Jakinarazpen edo komunikazio horien bidalketen berri emanen da eskabide-orrian adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

Jakinarazpena elektronikoki egiten bada ere, abisu bat bidaliko da eskatzaileak emandako posta elektronikoko helbidera, jakin dezan jakinarazpen bat duela administrazio honetako egoitza elektronikoan. Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da.

Eskaerak nahitaez telematikaz aurkeztuko dira, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen formularioa beteta.

Formulario telematiko horretan bi gauza ageri dira: batetik, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoa betetzen duela dioen adierazpena, eta, bestetik, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari ematen dion baimena, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ahal dezan. Eskaeran eskatzaileak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

Formularioa betetzean, eginen den doktorego programaren talde eta arlo zientifikoa adieraziko dira, I. eranskineko sailkapenaren arabera. Halaber, berariaz adierazi beharko da eskatzaileak %33ko edo hortik gorako desgaitasun maila duen, doktorego tesia medikuntza pertsonalizatuaren esparrukoa den, erronka demografikoaz den eta doktorego tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Tuterako campuseko Ingenieritza arloan eginen den, hurrenez hurren.

8. oinarria.–Eskaerari erantsi behar zaizkion agiriak eta horien tratamendua.

Laguntzen fitxaren bitartez aurkeztuko dira prozeduraren lehen fasean, behar bezala betetako formularioarekin batera, fitxategi bereizietan eta izenarekin behar bezala identifikaturik, honako agiri hauek:

A) Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. 2.1 oinarrian loturari dagokionez ezarritako betebeharra betetzen duela frogatzen duen agiria.

2. Ikasketa espedientean eskatutako batez besteko nota lortu duela egiaztatzen duen ikasketa ziurtagiria. Ikasketak atzerrian egin badira, batez besteko notaren aitorpena aurkeztu beharko da, III. eranskineko 6. atalean ezarritakoaren arabera.

3. Eskatzailea 2.3 oinarrian adierazitako moduan doktorego programa batean onartuta dagoela (edo onartzeko eskaera egina duela) frogatzen duen agiria.

4. Atxikipen zentroak emandako aldeko txostena doktorego tesia egiteko.

a) Txostena entitatearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta entitateak laguntza jasoko duen ikertzailea kontratatzeko konpromisoa hartzen duela adierazi beharko da bertan, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 20. eta 21. artikuluetan adierazitako moduan. Horrekin batera, adierazi beharko du Prestakuntzaldian ari diren Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko konpromisoa, bai eta deialdi honetan araututako betebeharrak betetzekoa ere; bereziki, entitate laguntzailea izatea onartzen duela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

Atxikipen zentroa unibertsitate bat ez bada, aurrekoaz gain aurkeztu beharko da tesia egiten den unibertsitatearekin dagoen lankidetza hitzarmenaren kopia, edo agiri baliokidearena.

5. Doktoregaiaren merezimenduak, II. eranskineko ereduaren arabera, eta bertan azaltzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko ziurtagiriak.

6. Nazioartekotzeari eta Nafarroako I+G+b sistema sendotzeari buruz 10.1.1 oinarriaren 3. atalean ezarritako puntuazioa lortzeko, berariazko atalak bete beharko dira eskaera egiteko formulario telematikoan, eta fitxategi bereizietan erantsi tesiaren tutoretza partekatuari, tesiaren zuzendaritza partekatuari, lankidetza proiektuetan parte hartzeari eta abarrei buruz ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak. Tesiaren tutoretza partekatuari dagokionez, tesia tutoretza partekatuko araubidean egin ahal izateko berariaz egiaztatu beharko da dagokion unibertsitateko organo eskudunaren baimena, edo, gutxienez, baimen hori eskatu izana. Azken kasu horretan, onartutako eskaeren behin betiko zerrenda argitaratu aurretik baimena egiaztatzen bada soilik emanen da puntuazioa.

7. Deialdian lehentasunezkotzat ezarritako laguntzaren bat jasotzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako lehentasunezko laguntza jasotzeko: egoera hori egiaztatzen duen agiria.

b) Medikuntza pertsonalizatuaren edo erronka demografikoaren eremuan egindako tesietarako lehentasunezko laguntza bat eskuratzeko: tesi proiektuaren deskribapen memoria: Tesi proiektuaren deskribapen memoria.

c) Tuterako campusean ingeniaritza arloan egindako tesietarako lehentasunezko laguntza jasotzeko aukera izateko.

–NUPeko Ingeniaritzako Graduko titulua lortu izanaren egiaztagiria (Tuterako campusa).

–NUPeko organo eskudunaren ziurtagiria, tesiaren zuzendariak edo zuzendarikideak nagusiki Tuterako campusean egiten duela bere jarduera akademikoa egiaztatzen duena.

–Laguntzaren onuradun izanez gero, doktoratu aurreko kontratuan Tuterako campusa lantoki gisa jasoko dela dioen konpromisoa.

B) Dokumentazioaren tratamendurako arauak.

1. Ez badira aurkezten 8.A.1, 2, 3 eta 4 oinarrian adierazitako agiriak edo horietan akatsen bat baldin badago, 9. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz zuzentzen ahalko da hori.

2. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan ezin izanen da zuzendu eskatzailearen merezimenduei buruzko 8.A.5 agiria aurkeztu ez izana, ez eta agiri horri lotutako datuak erabat edo parte batean aipatu ez izana ere, interesdunari egotz dakiokeen akatsa edo arrazoia izan bada. Halaber, epe hori iraganda ez da onartuko azaldutako merituen gaineko datu berririk, ez eta haien egiaztagirien gainekorik ere.

3. Ez da datu berririk onartuko 10.1.1 oinarriko 3. apartatuan ezarritako puntuazioa lortzeko baldintzei buruz, ez eta deialdi honetan lehentasunezkotzat ezarritako laguntzak lortu ahal izateko baldintzei buruz ere, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren. Egiaztagiriren bat faltan izatea zuzentzen ahalko da, bakar-bakarrik, aurkeztutako eskaera-formularioan adierazi diren baldintzak betetzeari buruzkoa baldin bada.

4. Instrukzio organoak, noiznahi, jatorrizko agiriren bat aurkeztea eska dezake, egoki jotzen dituen egiaztapenak egiteko. Halaber, prozeduraren edozein fasetan eskatzen ahalko ditu alegaturiko merezimenduei buruzko argibide eta datu osagarriak, agiriei buruzkoak eta oro har jasotako laguntza eskatzearekin, eskuratzearekin eta, kasua bada, mantentzearekin zerikusia duten bestelako inguruabarrei buruzkoak.

5. Ez dira kontuan hartuko haien arau erregulatzaileen arabera ziurtatzeko eskumenik ez duten pertsonek, organoek edo erakundeek luzatutako agiriak.

6. Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean luzatutako agirien itzulpen ofiziala edo zinpekoa eskatzen ahalko du organo kudeatzaileak. Itzulpen hori aurkezten ez bada, agiriak ez dira kontuan hartuko.

7. Deialdi honetako oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskuetan baldin badago, interesdunek ez dute berriro aurkeztu beharrik, baina idazki bat aurkeztu beharko dute, adierazteko zer agiri utzi den aurkeztu gabe, zer artxibotan dagoen eta noiz aurkeztu zen. Kasuan-kasuan ordezten den dokumentazioa aurkezteko ezarritako epe berean aurkeztu beharko da idazki hori.

C) Datu pertsonalen tratamendu automatizatua:

Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak bekak emateko prozesuetan parte hartzearen ondorioz jasotako datu pertsonalak "Unibertsitateko ikasketetarako dirulaguntzak, bekak eta laguntzak" izeneko tratamenduko jardueran sartuko dira.

Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.

9. oinarria.–Eskaerak onartzea.

1. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da, laguntzaren fitxaren web-orrian, deialdian onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda.

Zerrenda horretan adieraziko dira eskaera bakoitzean atzemandako akatsak, eta bost eguneko epea emanen da horiek zuzentzeko eta behin-behineko zerrendaren aurka alegazioak aurkezteko. Onartutako eskaeretan, halaber, adieraziko da deialdi honetan lehentasunezkotzat ezarritako laguntzaren bat jasotzen duten.

Eskaera atxikita dagoen arlo taldea oker esleitu bada, adierazitako arlo zientifikoa ez datorrelako bat eginen den doktorego programaren ikasketa eremuarekin, eskaera onartuko da, baina talde egokian birsailkatuko da hurrengo hautaketa prozesurako. Berresleipen hori egiteko, bat ez-etortze nabarmena izan behar da aukeratutako arlo zientifikoaren eta egin beharreko doktorego programaren ISCED kodeen artean.

10.1.1 oinarriko 3. apartatuko baldintzak behar bezala egiaztatzen ez badira, eskaera onartu eginen da, baina adieraziko da ezen, zuzendu ezean, ez duela dagokion puntuazioa jasoko hurrengo hautaketa prozesuan.

Deialdi honetan lehentasunezkotzat ezarritako laguntzaren bat jaso ahal izateko baldintzak behar bezala egiaztatzen ez badira, eskaera onartuko da, baina adieraziko da ezen, zuzendu ezean, ez duela lehentasunezko laguntzarik jasoko hurrengo hautaketa prozesuan.

Eskaerak medikuntza pertsonalizatuaren edo Nafarroako erronka soziodemografikoaren arloko lehentasunezko laguntzarako aurkezten badira, bete beharreko baldintzen artean egonen da balorazio batzordeak aintzat hartzea aurkeztutako tesi proiektua oso ongi egokitzen zaiela eremu horiei.

2. Zuzenketa-tramitea egindakoan eta aurkeztutako alegazioak kontuan hartu ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

10. oinarria.–Hautapen prozesua.

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratu ondotik, betebeharrak betetzen dituztela frogatu duten eta, horrenbestez, laguntza jaso dezaketen eskaerak sailkatuko dira, deialdi honen I. eranskinean adierazitako taldeen arabera, non zientziaren arlo eta gaiak bildu baitira.

10.1. Puntuak emateko irizpideak.

Eskaera bakoitzak 100 puntu jasoko ditu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

1. Eskatzailearen ikasketa espedientea, gehienez ere 70 puntu. Azken puntuazioa honela kalkulatuko da: ateratako batez besteko nota bider 7.

Eskatzaileak graduko titulu bat, lizentzia bat edo diplomatura bat baino gehiago baldin baditu eta horietako edozeinek bidea ematen badio doktorego programan onartua izateko, eskaera formularioan hautatuko du zein titulazio nahi duen aintzat hartzea. Titulazio horrek finkatuko du ikasketa espedientearen puntuazioa. Egindako hautua ezin izanen da aldatu eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren.

Espedientearen batez bestekoa kalkulatzeko, gradu, lizentzia edo diplomatura ikasketetan lortutako notak bakarrik hartuko dira kontuan, eta betiere ikasketa horiek 240 ECTS kreditu edo gehiago badituzte baino ez. Ez dira kontuan hartuko master ikasketen notak, salbu eta eskatzaileak 1. zikloko ikasketak baditu (diplomaturak, ingeniaritza teknikoak, arkitektura teknikoa, etab.) edo 240 kreditu baino gutxiagoko graduak baditu; kasu horretan, batez besteko nota bateratua lortzeko, master ikasketen espediente akademikoa ere hartuko da kontuan.

III. eranskinean ezarritako arauen arabera baloratuko dira ikasketa espedienteak.

2. Eskatzaileak ikerkuntzaren arloan dituen merezimenduak, gehienez ere 15 puntu, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

3. Nazioartekotzea bultzatzea eta Nafarroako I+G+b sistema sendotzea, gehienez ere 15 puntu, honela xehatuta:

a) Nazioartekotzeko bultzada. (10 puntu gehienez).

–7 puntu emanen zaizkie tutoretza partekatuaren araubidean eginen diren tesietarako laguntza eskaerei, tutoretza partekatua Nafarroako unibertsitate baten eta atzerriko beste baten artekoa bada. Tutoretza partekatua Erasmus+ 2. gako ekintzaren barruan onartutako "Europako unibertsitate aliantza" batean sartzen bada, 3 puntu gehiago emanen dira.

–3 puntu esleituko zaizkie zuzendaritza partekatuarekin eginen diren tesietarako laguntza eskaerei, Nafarroako unibertsitate bateko eta atzerriko beste bateko ikertzaileek partekatzen badute zuzendaritza. Zuzendaritza partekatu hori doktorego eskolaren dokumentazio ofizialaren bidez egiaztatu beharko da. Ez dira kontuan hartuko irakasle edo ikertzaile batek bere aldetik emandako ziurtagiriak.

–3 puntu jasoko dituzte Nafarroako unibertsitate batek eta, gutxienez, atzerriko beste unibertsitate batek parte hartzen duten baterako ikerketa proiektuen esparruan garatuko diren tesietarako laguntza eskaerek, baldin eta nazioarteko programa batean lortutako finantzaketa badute. Puntuazio hori lortzeko, interesdunak eta tesiaren zuzendariak edo zuzendarikideak proiektu horretan parte hartu dutela egiaztatu beharko da, bai eta proiektuaren gaia eskatzaileak egin beharreko tesiaren gaiarekin bat datorrela ere.

b) Nafarroako I+G+b sistema sendotzea. 5 puntu gehienez.

–5 puntu emanen zaizkie Nafarroako unibertsitateen doktorego programetan egiten diren tesiei, baita zenbait unibertsitateren baterako doktorego programetan eginen direnei ere, baldin horietan Nafarroako unibertsitateek parte hartzen badute. Nafarroakoak ez diren unibertsitateetako doktorego programetan egiten diren tesiei, non zuzendaritza partekatua Nafarroako unibertsitate bateko ikertzaile bati dagokion, 3 puntu emanen zaizkie atal honetan.

2.1.d) oinarrian ezarri bezala, nazioartekotzeagatik eta Nafarroako I+G+b sistema sendotzeagatik aurreikusitako puntuazioa esleitzerakoan, "Nafarroako unibertsitateetakoak" izanen dira soilik Nafarroan kokatuta dauden kanpusak, zentroak, unibertsitate-institutuak eta abar, zentro horietan egiten diren doktorego programak eta bertan zerbitzu ematen duten ikertzaileak.

10.2. Laguntzak onartzea eta ukatzea.

Hautapen Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko proposamen bat eginen du, honako arauekin bat:

1. Talde bakoitzaren barruan lehentasun ordena ezarriko da, 10.1 oinarrian ezarritako irizpideen arabera lortutako puntuazioa kontuan hartuta.

2. Guztizko puntuazioetan berdinketak desegiteko, 3, 1 eta 2 irizpideetan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, hurrenez hurren.

3. Lehenik, proposatuko da laguntza ematea I. eranskineko 4 arlo taldeetako bakoitzean puntu gehien lortzen duten eskaerei.

4. Ondoren, proposatuko da gainerako laguntzak ematea zer arlo taldetakoak diren kontuan hartu gabe puntu gehien lortzen duten eskaerei, aurrekontu baliabideak agortu arte.

5. Ahal den guztietan, ziurtatuko da deialdi honetan lehentasunezkotzat ezarritako kategorietako laguntza bat gutxienez ematen dela.

Hasiera batean laguntza bat jasotzeko proposatutako eskaeren artean kategoria horiei dagokien eskaerarik ez badago, puntuazio txikiena duten eskaerak baztertuko dira, arlo talde bakoitzean puntuazio onena jaso dutenak izan ezik, eta aipatutako lehentasunezko kategoria bakoitzean puntuazio handiena duten eskaeren alde eginen da.

6. Behin laguntzak emanik aurretik azaldutako prozeduraren arabera, gainerako eskaerei laguntza ukatzeko proposamena eginen da, aurrekontua nahikoa ez izateagatik.

7. Aurrekontu nahikoa ez izateagatik laguntza ez jasotzeko proposatzen diren eskaerekin ordezkoen zerrenda bat eginen da. Hala, zerrenda horretara joko da baldin laguntzak jasotzeko proposatutako pertsonek atzera egiten badute edo ezin badute frogatu onuradun izateko betebeharren bat, edo laguntzak eman ondoren norbaitek uko egiten badio laguntzari. Zerrenda hori 2026ko urriaren 30era arte egonen da indarrean.

8. Onartu edo ukatuko diren laguntzen gaineko behin-behineko proposamena laguntzaren fitxan argitaratuko da. Argitaratu ondoren, bost eguneko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

9. Epe horretan berean, laguntza eskuratzeko behin-behinekoz proposatzen diren interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: onarpen idazkia, 2025-2026 ikasturteko doktorego programan matrikulatu izanaren ziurtagiria eta erantzukizunpeko adierazpen eguneratu bat, lehenago eskuratu dituen mota bereko beka eta laguntzei buruzkoa eta bere lan egoerari buruzkoa.

Agiriak epe horretan aurkezten ez badira, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da, eta proposatuko da ordezkoen zerrendan lehenik dagoenari ematea laguntza, 10.4 oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

10. Aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez batzordeak bere iritzi loteslea adierazi ondoren, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko proposamena eginen du.

11. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ebatziko da, instrukzio organoak proposaturik. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik lau hilabeteko epea izanen da ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko. Epe horretan ebazpenik ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da. Ebazpena laguntzen fitxan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Ordezte mekanismoa.

1. Ordezkoen zerrenda indarrean den bitartean 10.3.7 oinarrian aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen bada, eta betiere beste laguntza batzuk emateko nahikoa aurrekontu badago, honela emanen dira laguntzak:

a) Baldin eta arlo talderen batean puntu gehien lortzen duen eskatzaileak uko egiten badu edo atzera egiten badu, eta, gainera, hori baldin bada talde horretan emaniko edo emateko proposaturiko laguntza bakarra, proposatuko da laguntza ematea hutsunea gertatzen den arlo taldean hurrengo dagoen eskaerari.

b) Gainerako kasuetan, proposatuko da laguntza erreserba zerrendako puntuaziorik handieneko eskaerari ematea, zeinahi izanik ere dagokion taldea.

c) Uko egitea edo atzera egitea lehentasunezko 3 kategorietako batean emandako laguntza bakarrari badagokio, proposatuko da lehentasunezko kategoria berean baloratutako puntuazio handiena duen eskaerari laguntza ematea.

2. Organo kudeatzaileak jakinaraziko dio interesdunari laguntza emateko proposamena, 5 eguneko epe luzaezinean onar dezan, 10.3.9 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuz. Hori egin ezean, proposatuko da laguntza ematea ordezkoen zerrendan hurrengo den pertsonari, lehen adierazitako irizpideen arabera.

3. Proposamena onartu ondoren, laguntza emateko ebazpena emanen da eta laguntzaren fitxaren web-orrian argitaratuko da, hura sinatu eta 5 eguneko epean.

11. oinarria.–Onuradunen eskubideak eta betebeharrak.

11.1. Prestakuntzaldian ari diren ikertzaileen eskubideak.

1. Onuradunek, laguntza hau onartuz gero, martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 12. artikuluan aipatzen diren eskubide orokorrak izanen dituzte; izan ere, dekretu horren bidez onetsi zen Prestakuntzaldian ari diren Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua.

2. Jarraipen txostenetan aldeko balorazioa lortzeari buruzko betebeharra betetzen badute, ikertzaileek eskubidea izanen dute kontratuari beste urtebetez eusteko.

Aldeko balorazio hori lortzea ez da berez helburu bat izanen deialdi honen ondorioetarako. Hala ere, kontuan hartuko da erabateko betetzera hurbiltzea garrantzitsua den aldetik, bai eta konpromisoak betetzeko jardunaren dudarik gabeko froga gisa ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Aurrekoaren arabera, jarraipen txostenetan aldeko balorazioa behar den denboran eta moduan eskuratzeak berekin ekarriko du oinarri honetako 11.7 puntuan ezartzen den laguntzaren zatia behin betiko finkatzea. Finkatze hori ez da gertatuko behar den ebazpena eman arte, non betebeharrak betetzeari edo ez-betetzeari buruzko adierazpena eta bidezkoa den likidazio ekonomikoa jasoko baitira.

11.2. Prestakuntzaldian ari diren ikertzaileen betebeharrak.

Prestakuntzaldian ari diren Ikertzaileen Estatutua onesten duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak (Prestakuntzaldian ari diren Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten du), 13. artikuluan ikertzaileei ezartzen dizkien betebeharrez gain, laguntza hauen onuradunek arau hauek ere bete beharko dituzte:

1. Oro har, Unibertsitateko Zerbitzuak laguntzen jarraipen egokirako ematen dituen jarraibideei kasu egitea.

2. Atxikipen zentroan lanean hastea deialdi honetako 14.2 oinarrian ezarritako epean.

3. Atxikipen zentroko funtzionamendu arauak betetzea, dedikazioari, ordutegiei, oporrei eta aldi baterako absentziei dagokienez.

4. Doktorego programan matrikulatzea laguntzak irauten duen hurrengo ikasturteetan, kasuan kasuko unibertsitatean ezarritako prozedurari jarraituz.

5. Aldeko balorazioa lortzea urtero aurkezten diren jarraipen txostenetan. Betebehar hori betetzea ezinbestekoa izanen da laguntzen aplikazio kontratuak urtero berritzeko.

6. Doktorego tesia amaitu eta defendatzea eta doktore titulua lortzea deialdian ezarritako epeetan.

7. Unibertsitateko Zerbitzuan frogatzea doktore titulua 14.4 oinarrian ezarritako epeetan lortu duela, egindako doktorego tesiaren ale bat erantsita.

8. Baldin doktorego tesiaren gaia, zuzendaria edo zuzendarikidea, unibertsitatea edo atxikipen zentroa aldatzen bada, horren berri ematea, idatziz, Unibertsitateko Zerbitzuari.

Ondorio horietarako, kasuan kasuko unibertsitateak edo unibertsitateek aldaketa horietarako baimena eman izana behar bezala frogatuko da.

Kontuan hartuz deialdian ezarritako ordainketa egutegia eta kasuko atxikipen zentroek izenpetutako lankidetza hitzarmenen ondorio ekonomikoak, unibertsitate aldaketak soilik baimenduko dira, bidezkoak badira, ondorioak izanik jatorrizko atxikipen zentroari ordaindutako laguntza-aldia amaitu eta biharamunetik aurrera. Aldaketa eskatzen denetik onartzen den arte laguntza eten eginen da, 11.5 oinarrian borondatezko etenaldietarako ezarritako moduan.

Horrelako aldaketek ez dute inoiz ekarriko betebeharrak bete direla frogatzeko aurreko ataletan ezarri diren gehieneko epeak luzatzea.

9. Unibertsitateko Zerbitzuari idatziz jakinaraztea edozein lan jarduera egiten ari dela edo beste beka edo laguntzaren bat jaso duela.

10. Ikerketaren emaitza batzuk edo guztiak zabaltzen diren orotan, Nafarroako Gobernuak laguntza eman duela agertzea. Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar baimena ematea doktorego tesiaren amaierako memoria Nafarroako Gobernura igortzeko, eskumen arloaren arabera horretan interesa izan dezakeen departamentura, hain zuzen, bai eta Nafarroako Gobernuak sor ditzakeen argitalpen bilduma edo funtsetan sartzeko ere, lanaren kopia, banaketa eta zabalkunde publikorako; kasu horretan, jatorrizko egilearen eta erakundearen izena aipatuko dira beti, eta ez da bestelako erabilerarik izanen helburu komertzialekin ez eta eratorritako lanaren ondorioz ere.

11. Deialdiarekin lotutako ekitaldi instituzionaletara joatea eta Unibertsitateko Zerbitzuak zientzia sustatzeko antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea, hala eskatzen bazaio. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak Zientziaren Astea dela-eta antolatutako ekitaldietako batean behintzat parte hartu beharko du. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoirik izan gabe parte hartzen ez badu, konpromisoa ez duela bete ulertuko da, 11.7 oinarrian aurreikusitako ondorioekin.

12. Organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak eta finantza-kontrolak onartzea eta jarduera horietarako eskatzen dizkioten agiri guztiak ematea.

13. Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

11.3. Atxikipen zentroen betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunei behar duten sostengua ematea eta jardunerako behar dituzten baliabideak erabiltzen uztea.

2. Tesiaren zuzendari bat eta, hala behar denean, tutore edo zuzendarikide bat izendatzea, ikasketak eta ikerketa lanak koordinatu eta bideratzeko eta, bereziki, jarraipena egiteko, laguntzen onuradunen betebeharrak eta laguntzen xedea bete daitezen.

3. Deialdiaren 14.3 oinarrian ezarritako urteko jarraipen txostenak egitea eta Unibertsitateko Zerbitzura igortzea.

4. Prestakuntza programaren garapen egokiaz arduratzea. Onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketarekin edo horretarako behar den prestakuntza berariazkoarekin zerikusirik ez duen inolako jarduerarik egiteko.

5. Unibertsitateko Zerbitzuari jakinaraztea zentroan prestakuntzan sartutako ikertzaileak doktore titulua eskuratu duela, eskuratu eta hogei egun balioduneko epean gehienez ere.

6. Atxikitzen zaizkien ikertzaileei emandako laguntzak kudeatzeko, entitate laguntzaile izaera onartzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Gobernuaren eta onuradunen atxikipen zentroen arteko lankidetza hitzarmena sinatzeak ez du eskumenaren aldaketarik ekarriko. Izan ere, hitzarmenean aurreikusten diren elementuei soilik eraginen die, eta, betiere, deialdiko prozeduren aplikazioak eskatzen dituen eginkizunen aplikazio praktikoaren ondorioz.

7. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin bat, prestakuntzaldian ari diren ikertzaile onuradunen kontratuak egitea, deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

8. Emandako laguntzaren inguruan gertatzen den edozein gorabehera Unibertsitateko Zerbitzuari komunikatzea, gertatzen denetik hogei egun balioduneko epean.

9. Ikertzaileekin formalizatutako kontratuen kopia bidaltzea, sinatzen direnetik hogei egun balioduneko epean.

10. Laguntzaren erabilerari lotuta jasandako gastuen egiaztagiriak igortzea, ordaindutako aurreko aldia bukatzen denetik hogeita hamar eguneko epean.

11. Zentroen eta prestakuntzaldian ari diren ikertzaileen arteko kontratuetan, eta laguntzen deialdi honen babesean egindako ikerketen emaitzak osorik edo zati batean aditzera ematen direnean, Nafarroako Gobernuak kontratua finantzatu duela aipatu beharko da.

12. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan entitate laguntzaile izateko eskatzen diren baldintzak eta entitate laguntzaileei lege horrek ezartzen dizkien betebeharrak betetzea.

13. Egiaztapen eta kontrolak egiteko eskumenak behar bezala erabili ahal izan daitezen, eskatzen zaien informazioa ematea eta kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, aplikatu behar den legeria sektorialean agindutako moduan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.e) artikuluan ezarritakoarekin bat.

11.4. Hasiera data geroratzea.

Unibertsitateko Zerbitzuak baimena ematen ahalko dio ikertzaileari entitate hartzailean geroago sartzeko eta, horrenbestez, laguntzaren onuradun geroago bihurtzeko, bidezko arrazoiengatik hala eskatzen badu, zentro hartzailearekin ados jarrita, bertan sartu behar zuen eguna baino lehen. Sarrera hiru hilabete geroratzen ahalko da gehienez. Emandako epea igarota zentroan sartzen ez bada, laguntzari uko egin diola ulertuko da.

11.5. Laguntzak etetea.

1. Langileen Estatutuaren 45. eta 46. artikuluetan azaltzen diren arrazoiengatik kontratua eteteak ez du ekarriko laguntzaren iraunaldia luzatzea, salbu eta kontratuak iraun bitartean aldi baterako ezintasuna, amatasuna edo haur-harrera gertatzen denean, gertaera horiek laguntzaren iraunaldia eten egiten baitute, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2002 Lege Organikoa aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren azken xedapenetan hirugarrenean ezarritakoarekin bat. Halakoetan etenaldiko denbora berreskuratzen ahalko da, gutxienez 30 eguneko aldietan, eta aurrekontuetan dirurik baldin badago.

2. Kontratua eteten bada, aldeen adostasunez, hiru hilabetetik gorako aldirako, laguntza galdu eginen da.

3. Etenaldia amaitutakoan ikertzailea atxikipen zentrora itzultzen ez bada, laguntzari uko egin diola ulertuko da.

4. Ikertzailearen itzulera Ikerketa Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, itzulera gertatu eta 5 eguneko epean, etendako aldirako laguntza luzatzeko eskaera idazkiarekin batera. Aurkeztutako datuak ikusita, laguntzaren datak aldatzeko ebazpena emanen da.

11.6. Betebehar akademikoak betetzeko epearen luzapena.

Laguntzaren aldia amaituta, epea luzatzen ahalko da (diru zuzkidurarik gabe) doktorego tesia amaitzeko eta doktore titulua eskuratzeko, Unibertsitateko Zerbitzuak horretarako berariaz baimena eman ondoren. Luzapenak aukera emanen dio doktoregaiari bere helburua lortzeko, alegia, doktorego tesia bukatzeko eta doktore titulua eskuratzeko.

Zerbitzuak, bere jardunbidean, honako arau hauek bete beharko ditu:

a) Luzapena emanen da soilik interesdunak hori idatziz eskatzen badu laguntza hauen kargura finantzatutako kontratua amaitu eta ondoko 30 egunetan.

b) Luzapen arruntek urtebeteko iraupena izanen dute.

c) Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

–Bere unibertsitateko doktorego programaren Batzorde Akademikoaren baimena luzapena emateko.

–Arrazoien azalpena.

–Ordu arte egindako ikerketa lanari buruzko txostena.

–Ikerketa egin bitartean gertatu diren desbideratzeak.

–Lanaren kronograma eta bete beharrekoak betetzeko aurreikusitako eguna.

–Ikerlanaren tutorearen/tesi zuzendariaren txostena, eduki hauek jasota, gutxienez: doktoregaiaren dedikazioa eta errendimendua ontzat ematen dituen adierazpena; bere adostasuna doktoregaiak egindako eta egiteko duen ikerketaz azaltzen duen deskribapenarekin; eta luzapenaren beharraren aldeko balorazioa.

–Laguntzaren iraunaldian jasotako beste laguntza batzuen gaineko adierazpena eta, behar izanez gero, justifikazioa.

–Gizarte Segurantzaren lan-bizitzari buruzko egiaztagiria.

d) Luzapenak ez du inola ere ekarriko laguntzaren zenbatekoa handitzea.

e) Zerbitzuak luzapena emateko edo ukatzeko eginen duen proposamena Unibertsitateko zuzendari nagusiari igorriko zaio, ebazpena eman dezan. Luzapenaren xede diren betebeharrak bete direla frogatzeko baldintzak eta epeak ezarriko dira ebazpen horretan.

f) Betebeharrak betetzeko epea luzatzea irizpide bat izanen da mailakatzeko zenbateraino ez den bete doktorego tesia amaitzeko eta doktore titulua lortzeko betebeharra, eta laguntzaren azken urteari dagokion zenbatekoaren %85 mantendu ahalko da.

11.7. Betebeharrak ez betetzearen ondorioak.

Onuradunak deialdi honetan jasotako betebeharretatik eta gainerako baldintzetatik edozein betetzen ez badu, ezohiko jarraipen espedientea irekiko da. Espedientea izapidetu ondoren ondorioztatzen bada ez-betetzeak bere horretan jarraitzen duela, ez-betetzea deklaratzeko ebazpena emanen da. Kontuan izanda zenbaterainokoa den ez-betetzea laguntzaren xedea lortzeko,, ebazpen horrek kobratzeko eskubidea galtzea edo laguntza errebokatzea ekar dezake.

Errebokatzeak ekarriko du jasotako kopuruak Nafarroako Gobernuari itzuli beharra, ezertan galarazi gabe legezko egintzak eta bidezkoak izan daitezkeen zehapenak. Itzuli beharreko diru kopuruari legezko interesak gehituko zaizkio, laguntza kobratu zen egunetik itzultzen den egunera arte sortutakoak alegia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Aipatu diru kopuruak diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.

Doktorego Programako batzorde akademikoak aurkako jarraipen txostenak egiten baditu, eta txosten horiek doktorego programatik kanporatzea eta, ondorioz, doktoratu aurreko kontratua deuseztatzea badakarte, kontratua azkentzen den egunetik aurrera laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Ez bada betetzen doktorego tesia bukatu, defendatu eta behar den denboran eta moduan doktore titulua eskuratzeko betebeharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 14.1.p) artikuluan aipatutakoaren ondorioetarako, ez-betetzea mailakatzeko irizpide gisa, kontuan hartuko da aurkeztutako urteko jarraipen txostenek aldeko balorazioa izan duten edo luzapen arrunt bat lortu duen, edo luzapen arrunta lortzea 14.3.3) eta 11.6.f) artikuluetan, hurrenez hurren, adierazitako baldintzetan. Kasu horretan, onuradunak aldeko ebaluazioa izan duen aldian jasotako laguntza mantentzen ahalko du, eta gainerakoa itzuli beharko du.

Aurrekoa gorabehera, ez-betetzea ezinbesteko arrazoiengatik gertatzen denean, organo kudeatzaileak proposatzen ahalko du laguntza amaitzeko ebazpenean adieraz dadila ez-betetzea halakoa izan dela, eta interesdunak ordura arte jasotako diru kopuruak gordetzen ahalko ditu osorik edo zati batean.

12. oinarria.–Laguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntzen zenbatekoa 2026., 2027., 2028., 2029. eta 2030. urteetako aurrekontuen kargura ordainduko da.

Funtsak egutegi honen arabera emanen zaizkie erakunde laguntzaileei:

–Lehen ordainketa aurrerakin gisa eginen da laguntza hasten den hilabetean, eta laguntzaren seihileko baten zenbatekoa adinakoa izanen da (soldata, enpresa-kotizazioak eta administrazio gastuen zati proportzionala).

–Ordainketak aurrerakin moduan eginen dira, aurreko aldian izandako gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Ordainketa horien zenbatekoa laguntzaren seihileko bat gehi gastu administratiboen zati proportzionala izanen da.

2. Ordainketa guztiak aurrerakintzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusiriko ondorioetarako, eta Unibertsitateko Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen dira.

13. oinarria.–Bateraezintasuna.

13.1. Bateraezintasunerako arrazoien oinarriak eta definizioa:

Bateraezintasun araubideak bi helburu ditu:

–Banaketa-irizpide bat aplikatzea, pertsona berberak baliabide gehiegi ez metatzeko eta baliabide publikoak lanean ari ez diren eta beste beka edo kontraturik ez duten doktoregaiei esleitzeko.

–Irizpide finalista bat sartzea, deialdiak ezartzen duen epean laguntzaren helburua lortzea oztopatuko luketen egoerak saihesteko eta onuradunari dedikazio osoa eskatzeko diruz lagundutako ikerketa lanetarako.

Irizpide horiei jarraikiz, hona hemen laguntza hauekin bateraezinak diren egoerak:

1. Espainiako edo atzerriko diru publiko zein pribatuen bidez finantzatutako beste edozein laguntza edo beka jasotzea. Deialdiko 13.1.3 oinarrian aipatzen diren laguntzak bakarrik baimenduko dira.

2. Onuradunak edozein lan jarduera, lanbide jarduera edo enpresa jarduera egitea.

3. Interesdunak aldez aurretik eskatuta, ondoko hauek baimentzen ahalko dira:

a) Irakaskuntza eta ikerketa lanak egiteagatik dirua eskuratzea, betiere egindako ikerketa lanarekin zuzenean lotuak, noizbehinkakoak eta ezohikoak badira. Diru-sarrera horiek ez dira laguntzaren urteko zenbateko gordinaren %30etik gorakoak izanen. Irakaskuntza-lana egiten bada, urtean 60 ordukoa izanen da gehienez ere. Atxikipen zentroek beren funtsekin handitzen ahalko dute kontratatuen soldata, baina igoera hori kontratuan jaso beharko da, eta zerga eta lan arloko indarreko legeei jarraikiz egin.

b) Biltzar, bilera eta jardunaldi zientifikoetan parte hartzeko laguntzak.

c) Egonaldi laburretarako laguntzak, egonaldiaren xedea ikertzaileak bere prestakuntza osatzea eta ikerketa lanak hobeki egitea baldin bada. Egonaldia bitartean egiten diren jarduerak (ikerketa laborategietan jardun, askotariko liburu edo agiri funtsak kontsultatu, teknika instrumental berriak ikasi eta beste landa lan batzuk) laguntza hauen xedeak betetzeko garrantzitsu eta lagungarriak izan behar dira.

Unibertsitateko Zerbitzuari laguntza horien berri eman behar zaio, eta haren baimena jaso behar da. Ez da inolaz ere erabiliko egonaldi horiek egin izana 11.6 oinarrian ezartzen den moduan luzapena eskatzeko arrazoi gisa. Berariaz baztertuta daude ikertzaileak prestakuntza programa betetzeko eta ikerlana aurrera eramateko egin behar diren jarduera arruntak.

13.2. Noiz sortzen den legezko bateraezintasuna.

Legezko bateraezintasuna une hauetan gertatuko da:

1. Onuradun bihurtzean (alta egunean), baldin eta onuraduna beste laguntzaren bat hartzen ari bada edo edozein lan jardueratan ari bada.

2. Onuradun bihurtu ondoren ere gerta daiteke, onuradunak bestelako laguntza bat jasotzen badu edo beste lan jardueraren batean hasten bada.

13.3. Aplikatu beharreko arauak.

1. Ondorio guztietarako, deialdi honetan lan jardueratzat joko da edozein lan edo enplegu, besteren konturakoa edo norberaren konturakoa, lanaldia eta dedikazio denbora edozein direla, eta, azkenik, gizarte babesaren edo aseguratzearen araubidea edozein dela.

2. Nolanahi ere, onuraduna lanean hasteak laguntza galtzea ekarriko du, 15. oinarriak aurreikusten dituen ondorioekin.

3. Oro har, onuradunak bateraezintasunari eragiten dieten inguruabar guztien berri eman behar du, 11. oinarrian xedatutakoaren arabera.

4. Aurrekoa gorabehera, laguntzak kudeatzen dituen organoak egoera ofizioz egiaztatuko du une hauetan:

–Ikertzaileak etapa bakoitzean eskatzen diren betebehar akademikoak bete dituela frogatzen duenean, edo haiek betetzeko epearen luzapena eskatzen denean.

–Administrazio prozedurari amaiera eman aurretik.

Halaber, noiznahi eskatzen ahalko ditu beharrezkotzat jotzen dituen agiriak, eta behar diren datuak biltzen ahalko ditu, indarra duen legeriari jarraituz.

14. oinarria.–Espedientearen jarraipena eta amaiera.

14.1. Ohar orokorrak.

1. Unibertsitateko Zerbitzuari dagokio deialdi honen bitartez ikertzaileei ematen zaizkien laguntzen aplikazioaren jarraipena eta kontrola egitea. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, ikertzaileen atxikipen zentroekin lankidetzan.

2. Laguntza hauen onuradunak loturik egonen dira haien atxikipen zentroek eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ahaldundutako erakundeek egiten dituzten kontrol ekintzei.

3. Atxikipen zentroak, entitate laguntzaileak diren aldetik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ahaldundutako erakundeen kontrol ekintzei loturik egonen dira.

4. Aurreko 1. puntuan adierazitakoaren ondorioetarako, honako hauek dira jarraipen ekintza arruntak:

–Deialdi honetako 11. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko behar diren agiriak eskatu eta aztertzea.

Honako hauek dira jarraipen ekintza bereziak:

–Espedientean dauden agiriak ikusirik organo kudeatzaileak ofizioz hasten dituen jarduketak, zuzendariek nahiz atxikipen zentroek emandako txostenen ondorioz egiten diren jarduketak, eta deialdiaren baldintzak betetzeari dagokionez egokitzat jotzen diren jarduketa guztiak.

5. Aurreko atalean jasotako faseetarako ezarritako epeak iraganik kasu bakoitzean aipatutako agiriak ez badira jaso, onuradunari edo hura atxikia duen zentroari errekerimendua eginen zaio bost eguneko epe luzaezinean ekar ditzan. Epe berri horretan aurkezten ez badu, 11.7 oinarrian ez-betetzeetarako adierazitako ondorioak sortuko dira.

14.2. Alta edo itzulera tramitatzea.

Doktoratu aurreko laguntzaren onuradunaren alta-eguna edo, hala badagokio, etenaldi baten ondoko itzulera-eguna izanen da ikertzailea Gizarte Segurantzan afiliatzen den eguna.

Deialdi honen ondorioetarako, alta-egoera hasten ahalko da laguntza emateko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Laguntza emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean altarik gertatzen ez bada, onuradunak laguntzari uko egin diola ulertuko da.

Alta tramitatu dadin, interesdunek agiri hauek aurkeztuko dituzte aldez aurretik atxikipen zentroen bitartez:

–Atxikipen zentrora sartu edo itzultzeko eta deialdian ezarritako baldintzak onartzeko akta, unibertsitate departamentuaren edo antzekoaren zuzendariak eta entitatearen legezko ordezkariak ontzat emana.

–Lan-bizitzaren ziurtagiri eguneratua.

14.3. Urteko jarraipen txostena.

1. Laguntzaren lehenengo hiru urteetan (desgaitasuna duten pertsonen kasuan, lehen 4 urteetan), hamargarren hilabetean onuradunek atxikipen zentroetan aurkeztuko dituzte urteko jarraipen txostenak, gero zentroek, erakunde laguntzaile gisa, hurrengo hileko lehen hamabostaldian Unibertsitateko Zerbitzura bidal ditzaten. Txosten horiek interesdunak sinatuak eta atxikipen zentroaren legezko ordezkariak ontzat emanak aurkeztu behar dira.

2. Txostenarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Doktorego programaren batzorde akademikoaren azken txostena, interesdunak egina.

–Ordura arte egindako ikerketa lanari buruzko txostena, tesi zuzendariak ontzat emana, bertan adierazita doktore tesia noraino garatuko den eta hurrengo urtean egin beharrekoaren denbora-plangintza.

–Eskuratutako beste laguntza batzuei buruzko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren lan-bizitzari buruzko egiaztagiria.

Agiri horiek ikusirik, Unibertsitateko Zerbitzuak aldeko edo kontrako txostena eginen du, eta egoki den ebazpena proposatuko du betebeharren betetzeari edo ez-betetzeari buruz eta laguntzaren jarraipenari buruz.

Batzorde akademikoak kontrako txostena ematen badu, ezohiko jarraipen espediente bat hasiko da. Horren ondorioz ez-betetzeak daudela ondorioztatzen bada, 11.7 oinarrian adierazitakoa aplikatuko da.

3. Aurkeztutako urteko jarraipen-txostenean aldeko txostena lortzea irizpide bat izanen da mailakatzeko zenbateraino ez den bete doktorego tesia amaitzeko eta doktore titulua lortzeko betebeharra, eta aldeko txostena jaso duen aldiari dagokion laguntzaren zenbatekoa mantendu ahal izanen da.

14.4. Espedientearen bukaera.

1. Tesia bukatzeko luzapena eskatzeko aukerari buruz 11.6 oinarrian ezarritakoa ezertan galarazi gabe, agiri hauek aurkeztu beharko dira laguntza bukatu eta hilabeteko epean:

–Kontratatutako ikertzaileak lortutako doktore titulua.

–Egindako doktorego tesiaren ale bat, euskarri digitalean.

–Laguntzaren gaineko azken txostena, doktoratu ondoko orientazio-etapa barne, hala badagokio.

–Laguntzaren iraunaldian jasotako beste laguntza batzuen gaineko adierazpena eta, behar izanez gero, justifikazioa.

–Gizarte Segurantzaren lan-bizitzari buruzko egiaztagiria.

Agiri horiek ikusirik, Unibertsitateko Zerbitzuak bidezkoa den ebazpena proposatuko du deialdi honetako betebeharren eta gainerako baldintzen betetzeari edo ez-betetzeari buruz, likidazio ekonomikoari buruz eta prozeduraren bukaerari buruz.

15. oinarria.–Atzera jotzea eta uko egitea.

1. Eskatzaileak, deialdia ebatzi baino lehen, noiznahi uzten ahalko du bertan behera bere eskaera, baita laguntzak emateko behin-behineko proposamenari alegazioak egiteko aldian ere, Unibertsitateko Zerbitzuari jakinarazpen idatzia igorriz.

2. Eskaeran dauden akatsak zuzentzeko errekerimenduari erantzuten ez dion eskatzailearen eskaera bertan behera utzitzat joko da, 9. eta 10.2.1 oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

3. Laguntzaren iraunaldia bitartean, onuradunak noiznahi uko egiten ahalko dio jasotako laguntzari, eta horretarako nahikoa izanen da idatzizko jakinarazpena egitea Unibertsitateko Zerbitzuari.

4. Uko egitean, onuradunak izaera hori galduko du ondorio guztietarako, eta jasotako aurrerakinak gehi legezko interesak itzuli beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, 11.7 oinarriak agintzen duen moduan. Itzuli beharreko zenbatekoak kalkulatzeko, ez-betetzeetarako aurreikusitako modu berean hartuko dira kontuan urteko jarraipen-txostenak aldekoak izatea edo betebeharrak betetzeko epea luzatzea.

5. Laguntza hauen onuradunak mota eta xede bereko beste laguntzaren bat lortu eta hura aukeratzen badu, honako honi uko egin beharko dio, bateraezinak direlako.

Kasu horretan, onuradunak, kobratu dituen diru kopuruetatik, hautatu duen laguntza hasi arteko denborari proportzioan dagokion zatia mantentzen ahalko du, osorik.

16. oinarria.–Laguntzen araubide juridikoa.

Deialdia gobernatuko duten beste arau batzuk:

1. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

2. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa.

3. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4. 2/2023 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa.

5. 14/2011 Legea, ekainaren 1ekoa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoa, irailaren 5eko 17/2022 Legearen bidez aldatu zena.

6. 1497/1987 Errege Dekretua, unibertsitate tituluen lorpenari eta homologazioari buruzkoa, abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatua I. eranskineko 5. ataleko bigarren paragrafoan.

7. 99/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, zeinaren bidez arautzen baitira doktorego irakaskuntza ofizialak, uztailaren 4ko 576/2023 Errege Dekretuaren bidez aldatua.

8. 103/2019 Errege Dekretua, martxoaren 1ekoa, Prestakuntzaldian ari diren doktoratu aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duena.

9. Zehapen prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

17. oinarria.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2515203