252. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

14686E/2025 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileak Erreskate Teknikorako Taldean sartzeko hautapen prozesu bat.

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legeak biltzen du, 45. artikuluan, uretako eta ur azpiko eta mendiko erreskate eta salbamendu teknikoko salbamendu-talde bereziak sortzea. Talde horietan behar bezala prestatutako eta kualifikatutako langileak arituko dira.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren uztailaren 31ko 102/2018 Foru Aginduaren bidez, Erreskate Teknikorako Taldea sortu zen, funtzionalki atxikia Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Suhiltzaile Etxeen, Kanpainen eta Taldeen Atalari, dimentsionamendu, espezializazio eta osaera irizpide hauekin: gutxienez 20 kide.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Erreskate Teknikorako Taldeko kideak ez dira nahikoak gaur egun, eta, beraz, dagokion hautapen prozesua hasi behar da, talde hori betetzeko.

Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala esleitzen baitizkit otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituenak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileen hautapen prozesua, hauetarako:

–Hiru pertsona berri sartzeko Erreskate Teknikorako Taldean.

–Erreserbako lau pertsonako zerrenda bat sortzeko, premiei erantzun eta, horrela, taldearen gutxieneko operatiboari eusteko.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari; Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei.

Iruñean, 2025eko azaroaren 26an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

NAFARROAKO SUHILTZAILEEN ZERBITZUKO LANGILEAK ERRESKATE TEKNIKORAKO TALDEAN SARTZEKO HAUTAPEN PROZESUA, ZAZPI KIDE BERRI TALDEAN SAR DAITEZEN

1.–Xedea.

Hautapen prozesu honen xedea da Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileak hautatzea, hauetarako:

–Hiru kide berri sartzeko Erreskate Teknikorako Taldean.

–Erreserbako lau pertsonako zerrenda bat sortzeko, premiei erantzun eta, horrela, taldearen funtzionamendu egokirako behar den zuzkidurari eusteko.

2.–Betebeharrak.

Hautapen prozesu honetan parte hartuko duten izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan suhiltzaile, suhiltzaile-gidari edo suhiltzaile-kabo izendatu izana eta lanpostu bat betetzen ari izatea, eta bigarren jarduerako egoeran ez egotea.

b) Borondatezko eszedentzia egoeran edo nahitaezko eszedentzian ez egotea eskaera aurkezten den unean.

c) Gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan.

d) Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko beste talde berezi bateko kide ez izatea.

3.–Eskaerak aurkezteko era, epea eta tokia.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa "Enplegatu publikoentzako informazioa: barne igoerak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk", hautapen prozesu honi dagokion fitxan.

Parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena hautaprobak egiteko adina ezagutza teoriko eta praktiko dituela eskiari, eskaladari eta mendizaletasunari buruz.

4.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Barneko zuzendari nagusiak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du www.nafarroa.eus helbidean argitaratzeko, deialdiaren fitxan, esanez ezen, ondorengo bost egun naturaletan, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta zuzentzen ahalko dituztela egindako akatsak, halakorik badago. Hori telematikoki eginen dute, Interneten bidez, www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Barneko zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe utzi dela deklaratzeko ebazpena emanen du, eta argitaratu eginen du.

Baztertutako izangairik ez bada, behin betiko zerrenda onetsiko da zuzenean eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Barneko zuzendari nagusiak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan. Zerrenda horrekin batera hautapen prozesuan ezartzen diren probak egiteko eguna eta ordua argitaratuko dira.

5.–Epaimahaiaren osaera.

5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Jon Diez de Ure Uraul jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Suhiltzaile Etxeen, Kanpainen eta Taldeen Ataleko burua.

–Ordezkoa: Mikel Miren Oiaga Artajo jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.

–Epaimahaikidea: Juan Carlos Cisneros Samper jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko bitarteko suhiltzaile-ofizialordea.

–Ordezkoa: Alberto Garde Sesma jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko bitarteko suhiltzaile-ofizialordea.

–Epaimahaikidea: Eneko César Goñi jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzailea.

–Ordezkoa: Carlos Iturriaga Arrabal jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

–Epaimahaikidea: Iñigo Balbás Ruiz jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileen batzordeko ordezkaria, langileen batzordeak izendatua.

–Ordezkoa: Fermín Astiz Goñi jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileen batzordeko ordezkaria, langileen batzordeak izendatua.

–Idazkaria: Alfredo Fanlo Nuin jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko prestatzaile fisikoa.

–Ordezkoa: María Teresa Osta Peteiro andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

5.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean eratu beharko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu hautapen prozesuaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

5.4. Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.–Hautapen prozesua nola eginen den.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean lehenengo proba egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

Fase bakoitzaren behin betiko kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez beren burua identifikatzen ez dutenak.

Hautapen prozesuak hiru fase izanen ditu. Lehenengo fasean, ezagutza proba eta proba fisikoa eginen dira; bigarren fasean, proba psikoteknikoak; eta hirugarren fasean, prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko dute izangaiek.

Lehenengo fasean proba hauek egin beharko dira:

–Ezagutza proba:

Teorikoa izanen da. Test motako 40 galderari –gehienez ere– erantzun beharko zaie idatziz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Probaren iraupena, probaren datarekin batera, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Erreskate Teknikorako Taldearekin lotutako gai hauei buruzkoa izanen da:

1.–Guardiako aginte postuen egituraren kodetzea.

2.–Irrati bidezko komunikazioak ingurune naturaleko esku-hartzeetan.

3.–Esku-hartzeak pertsonen bilaketetan.

  • Datuak biltzeko fitxa.
  • Galdutako pertsonen profilak.
  • Bilaketa motak.
  • Kalteberatasun taula.
  • Orux eta Google Earth.

4.–Nafarroako geografia.

5.–Meteorologiari buruzko kontzeptu orokorrak.

6.–Segurtasuna eskaladan, arroila-jaitsieran, espeleologian, goi mendietan eta mendiko eskian.

7.–Ezaugarri teknikoak, hauenak:

  • Eskaladako, arroila-jaitsierako eta espeleologiako sokak.
  • Zintak eta kordinoak.
  • Mosketoiak, poleak (RIG, I’D, GRIGRI, MAESTRO, PRO TRAXION) zerbitzuko erreskate ohatilak, ARVA.

Lehenengo proban gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira probari esleitutako gehieneko puntuazioaren erdira, hau da, 10 puntura, iristen ez diren izangaiak.

–Proba fisikoak:

Epaimahaiak proba bakoitza egiteko ordena, data eta tokia argitaratuko ditu deialdiaren fitxan, deialdi honen 6. oinarrian ezarritako aurrerapenarekin.

Egun bakoitzean, proba bakoitza hasi aurretik, zozketa bat eginen da izangaien artean, probak egiteko ordena zehazteko.

Proba hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute. Bertan berariaz adieraziko dute badutela proba egiteko nahikoa den sasoia eta osasun egoera. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Adierazpena sinatzen ez dutenek edo hura sinatzeko moduan ez daudenek proba egiteko eskubidea galduko dute, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, probak egin bitartean edo beste une batean, ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz zein ausaz aukeratuta. Horretarako deia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren arauen arabera ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan hura egitera agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, trabak jartzea dopin kontrola legeak xedatu bezala egiteko, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, bai eta, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea saihesten, eragozten, nahasten, edo oztopatzen duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita saihestea hartu beharreko laginak biltzea, egitez edo ez-egitez.

Debekatuta dagoen edozein substantzia hautemanez gero, ukitutako izangaia hautapen prozesutik baztertuko da, deusetan galarazi gabe izangaiak kontraanalisia egin diezaiotela eskatzeko duen eskubidea, baita kalifikazio epaimahaiari bidezko alegazioak aurkezteko aukera ere.

Horren ondorioetarako, debekatuak egonen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2024ko azaroaren 27ko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuak dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2024ko 289. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 30ekoan).

Izangairen batek ezin badu proba hau egin arriskuko haurdunaldia edo erditzea dela kausa, eta egoera hori behar bezala justifikatzen bada, epaimahaiak baloratuko du ea proba hori egitea atzera daitekeen izangai horientzat bakarrik. Izangai horien egoera hautapen prozesua bukatzearen baldintzapean geratuko da, eta atzeratutako proba gainditzearen baldintzapean; baina atzerapena ezin izanen da luzatu beste izangaiek prozesua arrazoizko epeen barruan ebatz dadin daukaten eskubidea urratzeraino, eta epaimahaiak inguruabar hori baloratu beharko du. Edonola ere, proba hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu baino lehen egin beharko da.

Oinarri honetan jasotako probak ikus-entzunezko baliabideen bidez grabatuko dira. Grabazio horien helburu bakarra izanen da epaimahaiak lagungarri bat izatea probak epaitzeko, probak egiteko moduari dagokionez, baina ez du balioko izangaiek probak egiten emandako denborak neurtzeko. Era berean, grabazio horiek ez dira proba fisikoak egiten diren egunetik harago gordeko.

Bigarren probako ariketak honela kalifikatuko dira:

  • Proba baztertzaile eta puntuagarriak:
    • Alpinismo eskiaren proba: 30 puntu gehienez.
    • Mendi lasterketaren proba: 20 puntu gehienez.
    • Kirol eskaladaren proba: 30 puntu gehienez.
    • Eskalada alpinoaren proba: 20 puntu gehienez.
  • Proba puntuagarriak:
    • Soketako progresioaren proba (espeleologia): 20 puntu gehienez.
    • Arroila-jaitsierako teknikaren proba: 20 puntu gehienez.
    • Erreskate teknikoaren proba: 20 puntu gehienez.

Proba baztertzaileak gainditzeko, nahitaezkoa izanen da probak ezarritako denboran egitea, bai eta ondoren zehazten diren baldintzak betetzea ere. Baztertzeko arrazoia izanen da segurtasun akats larriren bat egitea.

  • Alpinismo eskia.
    • Proba honetan, igoeren eta jaitsieren ibilbide bat egin beharko da, 10 kilogramoko pisuarekin, zenbait elur motatan. Zenbait trantsizio egin beharko dira. Pisua probaren hasieran eta amaieran egiaztatuko da. Gehieneko denbora bat egonen da ibilbidea egiteko. Trantsizioak hauek izanen dira: igoeratik jaitsierara, jaitsieratik igoerara, eskitik kranpoiak eta pioleta erabiltzera, eta kranpoiak eta pioleta erabiltzetik eskira. Probaren tokiaren araberakoak izanen dira kopurua eta ordena.
    • Ezin izanen da materiala ibilbidean abandonatu.
    • Tokia, aurreikusitako denbora eta behar den materiala deialdiaren fitxan jakinaraziko dira proba egin baino egun batzuk lehenago.
    • Gehienez 30 puntu emanen dira: denbora, teknika eta segurtasuna ebaluatuko dira. Izangaia baztertu eginen da aurreikusitako denbora gainditzen badu edo bere osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten segurtasun akats larriak egiten baditu.
    • Behar den materiala:
      • Alpinismorako arropa egokia; gutxienez hiru geruza gomendatzen dira, horietako bat iragazgaitza eta transpiragarria.
      • Mendiko ekipamendu osoa, finkagailu artikulatuak dituzten eskiak, foka azalak, bastoiak eta kranpoiak (altzairuzkoak eta hamabi puntakoak).
      • Mendiko piolet klasikoa.
      • Bi eskularru pare.
      • Kaskoa eta betaurrekoak.
      • Motxila, proba egiteko egokia dena, gutxienez 30 litrokoa, behar den materiala garraiatu eta gehienez 10 kilo gordetzeko.
      • ARVA, pala eta zunda.
      • Manta termikoa.
      • Eguzkitako krema.
      • Janaria eta edaria.
  • Mendi lasterketaren proba. Beriain mendia.
    • Proba honetan, gutxi gorabehera 850 metroko desnibela gainditu beharko da aurreikusitako denboran, 10 kilogramoko motxila bat eramanik.
    • Izangaiak bastoiak erabiltzen ahalko ditu proba honetan.
    • Izangaia behar adinako edukiera duen motxila batekin joan beharko da, eta barruan 10 kilogramo egon beharko dira. Antolatzaileek probaren hasieran eta amaieran pisatuko dute motxila. Bazterturik geldituko da 67 minutuan edo gehiagoan iristen den izangaia.
    • Guztira, 20 puntu emanen dira.
    • Denborak:
      • 50 minutu edo gutxiago: 20 puntu.
      • 51 minutu: 18,75 puntu.
      • 52 minutu: 17,5 puntu.
      • 53 minutu: 16,25 puntu.
      • 54 minutu: 15 puntu.
      • 55 minutu: 13,75 puntu.
      • 56 minutu: 12,5 puntu.
      • 57 minutu: 11,25 puntu.
      • 58 minutu: 10 puntu.
      • 59 minutu: 8,75 puntu.
      • 60 minutu: 7,5 puntu.
      • 61 minutu: 6,25 puntu.
      • 62 minutu: 5 puntu.
      • 63 minutu: 3,75 puntu.
      • 64 minutu: 2,5 puntu.
      • 65 minutu: 1,25 puntu.
      • 66 minutu: 0 puntu.
      • 67 minutu edo gehiago: baztertua.
  • Kirol eskaladaren proba.
    • Proba honetan, kirol eskaladako ibilbide bat kateatuko da.
    • Sokako lehendabiziko gisa ikusi ahalako bide bat kateatu beharko da denbora jakin batean.
    • Izangaiak bi saialdi izanen ditu gehienez. Lehenengo saialdian kateatzea lortzen badu, puntuazio hori lortuko du. Ainguratzea, espres zinta edo soka zapalduz gero edo horiei helduz gero progresioan laguntzeko, bidea ez da kateatutzat joko. Espres zinta alderantziz sartuz gero, bidea ez da kateatutzat joko.
    • Eroriz gero edo esekita geratuz gero, lurrera jaitsiko da ainguratzetik. Bigarren saialdian, bidea aldatzen ahal da.
    • Izangaiak bideko eta jaitsierako segurtagailu guztietan segurtatu behar du bere burua lehendabiziko gisa. Sokaz lotzeko korapiloa zortzi bikoitza izanen da.
    • Guztizko denbora probaren egunean adieraziko da.
    • Puntuazioak:
      • 6b-ko bidea = 0 puntu.
      • 6c-ko bidea = 10 puntu.
      • 7a-ko bidea = 20 puntu.
      • 7b-ko bidea = 30 puntu.
    • Nahitaezko gutxieneko materiala:
      • Eskaladako arnesa eta kaskoa.
      • Eskalatzeko oinetakoak.
      • Janaria eta edaria.
    • Proba honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 6b-ko bidea kateatzen ez duten izangaiak eta beren osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten segurtasun akats larriak egiten dituztenak.
  • Eskalada alpinoa.
    • Izangaiak V eta 6b arteko bide bat egin beharko du eskalada librean eta elementu flotagarriekin denbora jakin batean.
    • Ibilbidea eskalada bide erdihornitu batean eginen da. Bidean zenbait ainguratze flotagarri jarri beharko dira. Erabiltzen ahal diren ainguratze finko bakarrak aurrez instalatuta egonen dira (espres zinta bat jarrita egonen da).
    • Ibilbidea segurtasunez osatu behar da, emandako denbora baten barruan eta ainguratze flotagarriak behar bezala jarrita. Progresio teknika eta segurtasuna baloratuko dira.
    • Nahitaezko gutxieneko materiala:
      • Arrokan eskalatzeko arropa.
      • Kasko homologatua.
      • Eskaladako arnesa.
      • Eskalatzeko oinetakoak.
      • Janaria eta edaria.
    • Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira bidea zehaztutako denboran eta baldintzetan egiten ez duten izangaiak. Bazterturik geldituko dira beren osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten segurtasun akats larriak egiten badituzte.
  • Soketako progresioaren proba (espeleologia).
    • Izangaiak gutxienez 50 metroko zirkuitu bat egin beharko du; zirkuituak zenbait zailtasun izanen ditu.
    • 10 kilogramoz lastatutako zaku bat eraman beharko du, eta antolakuntza teknikoak zehaztutako denboran baino gutxiagoan egin beharko du ibilbidea; maniobrak aise egin beharko ditu, segurtasun protokoloak errespetatu beharko ditu eta saialdi bakarra izanen du.
    • Espeleologiako progresio denbora eta teknika baloratuko dira.
    • Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira. Izangaiak, proba ezarritako epean gainditzen ez badu, ez du punturik lortuko, baina hautapen prozesuarekin jarraitzen ahalko du. Bazterturik geldituko dira beren osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten segurtasun akats larriak egiten badituzte.
    • Nahitaezko gutxieneko materiala:
      • Ariketa egiteko arropa erosoa.
      • Kirol oinetakoak.
      • Kasko homologatua.
      • Eskaladako, arroila-jaitsierako edo espeleologiako arnesa.
      • Soka finkoan igo eta jaisteko progresio ekipamendua (crolla, stopa, jumarra, ainguratze bikoitzeko soka).
      • Stop motako jaisgailua.
      • Janaria eta ura.
  • Arroila-jaitsierako teknika.
    • Proba honetan, arroila-jaitsierako ohiko egoera teknikoak ebatzi beharko dira. Egoera jakin batetik edo batzuetatik abiatuta, izangaiak maniobrak proposatu eta egin beharko ditu.
    • Proba egiteko gutxi gorabeherako denbora bat izanen da.
    • Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira. Izangaiak, proba ezarritako epean gainditzen ez badu, ez du punturik lortuko, baina hautapen prozesuarekin jarraitzen ahalko du. Bazterturik geldituko dira beren osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten segurtasun akats larriak egiten badituzte.
  • Erreskate teknikoaren proba.
    • Proba honetan, egoera jakin batetik abiatuta, erreskate tekniko baten egoera bat edo batzuk ebatzi beharko dira. Izangaiak maniobra proposatu eta egin beharko du.
    • Proba egiteko gutxi gorabeherako denbora bat izanen da.
    • Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira. Izangaiak, proba ezarritako epean gainditzen ez badu, ez du punturik lortuko, baina hautapen prozesuarekin jarraitzen ahalko du. Bazterturik geldituko dira beren osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten segurtasun akats larriak egiten badituzte.
    • Lehen fasearen kalifikazioa bukatu ondotik, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

–Bigarren fasea: proba psikologikoak.

Galdetegi batzuk bete beharko dira izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak ezagutzeko, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak eginen dira; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako.

Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko du eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Proba honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

–Hirugarren fasea: prestakuntza ikastaroa.

Izangaien aurreko faseetako kalifikazioa amaitu ondotik, kalifikazio epaimahaiak prestakuntza ikastaroan onartutako izangaien zerrenda bat eginen du. Puntuazio ordenaren arabera puntuaziorik onena lortu duten zazpi izangaiak hautatuko dira.

Hautapen prozesuko puntuazioetan berdinketarik izanez gero, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan lanean denbora gehien eman duenaren alde eginen da. Oraindik ere berdinketarik bada, zozketaz erabakiko da. Zozketa bakarra eginen da, eta izangai guztiei dei eginen zaie zozketara joateko.

Prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da eta irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz arautuko da (Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesteko foru dekretua). Kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

Ikastaroetako ikastorduak lanordutzat hartuko dira.

7.–Gainditu dutenen zerrenda eta atxikitze proposamena.

–Prestakuntza ikastaroa amaitutakoan, gainditu dutenen zerrenda onetsiko da, eta Barneko zuzendari nagusiari aurkeztuko zaio taldeari atxikitzeko proposamena. Hark ebazpena emanen du, Erreskate Teknikorako Taldera atxikitzeko, haren kide gisa, puntuazio onena duten hiru izangaiak.

–Erreserbako zerrenda bat onetsiko da gainerako lau pertsonekin, eta bost urteko indarraldia izanen du. Zerrenda horretan daudenek berariazko konpromisoa hartuko dute Erreskate Teknikorako Taldearentzat programaturiko praktikak urtero egiteko eta taldean sartzeko, hala eskatzen bazaie. Ez badituzte praktika horiek egiten, erreserbako zerrendan egoteari utziko diote.

8.–Kideen araubide berezia.

Erreskate Teknikorako Taldeari atxikitzen zaizkion izangaiak lanean hasten direnean Talde horren araubide espezifikoaren mende egonen dira, bai eta ondoren onesten ahal direnen mende ere.

Gainera, lanpostuko osagarria hasierako soldataren %10 handituko zaie kide berri horiei, Erreskate Teknikorako Taldeko kide guztientzat ezarrita dagoen bezala. Osagarri hori jasotzeari utziko diote aipatu taldeari funtzionalki atxikirik egoteari uzten diotenean, 100/2005 Foru Dekretuaren 7.20 artikuluan jasotzen den bezala (100/2005 Foru Dekretua, uztailaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa onesten duena).

9.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hautapen prozesuaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahai kalifikatzaileak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin.

Iragarkiaren kodea: F2515622