251. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

3545/2025 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita datuen zientziako teknikari lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko hautaproben bidez; bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat datuen zientziako teknikari lanpostuan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, eta bestetik, zerrenda bat aipatutako lanpostuan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten plazak, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, plaza horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hau honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Datuen zientziako teknikari lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdia onestea: bat, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestea, aldi baterako kontratazioetarako, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari, Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2025eko azaroaren 24an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, DATUEN ZIENTZIAKO TEKNIKARI LANPOSTUAN ARITZEKO IZANGAIEN BI ZERRENDA HAUTAPROBEN BIDEZ OSATZEKO: ZERRENDA BAT PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANEN DA, ETA BESTEA ALDI BATERAKO KONTRATAZIOETARAKO

Honako hauek dira deialdiaren,

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hautaproben bitartez datuen zientziako teknikari lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestea, aldi baterako kontratazioetarako, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda erabili baino lehen, langile finkoen zerrendak erabiliko dira, daudenak edo etorkizunean eratzen direnak, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartu nahi dutenek bete beharreko baldintzak.

2.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan egon nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, deialdi honen xede diren lanpostuena baino maila edo talde beheragokoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Bere lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Datuen zientziako teknikari gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

e) Unibertsitateko gradudun edo lizentziadun titulua, ingeniaritzako titulua edo arkitekturakoa izatea, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea, edo, hala badagokio, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Titulu horiek ezin dira izan langile finkoak jarduneko zerbitzuan aritzeko baliatu dituenak.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, izendapenaren unean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.3. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan sartzerik ez dute Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik kanpo dauden langileek ere.

Hirugarrena.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan parte hartu nahi dutenek bete beharreko baldintzak.

3.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan egon nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Unibertsitateko gradudun edo lizentziadun titulua, ingeniaritzako titulua edo arkitekturakoa izatea, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea, edo, hala badagokio, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

3.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, kontratazio-eskaintzaren unean eta kontratuak indarrean iraun bitartean ere.

Laugarrena.–Eskaerak eta agiriak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Herritarrentzako lan deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.

Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4.3. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna ofizialki aitortuta duten parte-hartzaileek eskaeran bertan adierazi beharko dute, eta eskaneatuta erantsi beharko dute IMSERSOk edo autonomia erkidegoko organo eskudunak horren gainean emandako ziurtagiria.

Desgaitasuna duten izangaiek probak egiteko behar diren denboren eta bitartekoen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Horretarako, eskaeran berariaz adierazi beharko dute eta, horretarako prestatutako tokian, zehaztu beharko dituzten egokitzapenak edo denbora- eta/edo baliabide-doikuntzak. Era berean, egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute eskaera aurkezteko unean. Eskaera horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia soilak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta aginduko du argitara daitezela Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, alegazioak aurkezten ahalko dituzte baztertzearen arrazoiari buruz, eta, hala badagokio, baztertzearen arrazoi izan diren akatsak zuzendu. Alegazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Internet bitartez, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Alegazioak egiteko epea igaro ondoren, eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko dira. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, deialdian ezarritako hautapen probak egiteko data, ordua eta tokiarekin batera.

Izangaiek eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, baldin eta, emandako epean, aurkeztutako eskaera zuzendu ez badute edo ongi zuzendu ez badute.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak daukana aztertuta, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Seigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak honako hauek dira:

Epaimahaiburua: Pablo Cebrián Jiménez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Iciar Berrospe García, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Laura Arnedo Ajona, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko NASTAT Nafarroako Estatistika Institutuko Azpiegitura Estatistikoaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Marina Sagaseta López, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko NASTAT Nafarroako Estatistika Institutuko Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Asier Lizarraga Oroquieta, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko sistema informatikoetako goi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: María Teresa Mutilva Contreras, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Datuen Ingeniaritzaren eta Adimen Artifizialaren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Martín Ruiz Rodríguez, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Iñigo Ezquez Tiberio, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Idazkaria: Sandra Eraso Moreno, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko NASTAT Nafarroako Estatistika Institutuko Ekoizpen Estatistikoaren Ataleko burua.

Ordezko idazkaria: María Senosiain Labat, Lehendakaritza eta BerdintasuDepartamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiko kideei.

Zazpigarrena.–Probak.

7.1. Hautaketa prozesuak honako proba hauek izanen ditu:

7.1.1. Lehen proba, teorikoa: test motako 60 galdera, gehienez, erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Probak bi ordu iraunen du gehienez, eta 50 puntukoa izanen da gehieneko kalifikazioa. Gehieneko puntuazio horren %30 lortzen ez dutenak baztertu eginen dira.

7.1.2. Bigarren proba, teoriko-praktikoa: idatziz eta/edo ordenagailua erabiliz (epaimahaiak utziko du) ebatzi beharko da epaimahaiak planteatutako kasu praktiko bat edo batzuk, ebazpen honen II. eranskineko gai zerrendan biltzen diren gaiekin lotutako alderdiei eta lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko behar diren ezagutzei buruzkoak.

Probak hiru ordu iraunen du gehienez, eta 50 puntukoa izanen da gehieneko kalifikazioa. Gehieneko puntuazio horren %30 lortzen ez dutenak baztertu eginen dira. Bazterturik geldituko dira, orobat, azaldutako kasuren batean 0 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

7.2. Probak egiteko ez da inolako testurik ez dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu eta mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza eta epaimahaiak uzten dituen baliabideak.

7.3. Probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute bertara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

7.4. Desgaitasuna aitortua dutenei proba egiteko behar dituzten denbora eta baliabideak egokituko zaizkie, posible den neurrian, hala eskatu badute.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du emaitzei buruzko alegazioak telematika bidez aurkezteko.

8.2. Behin alegazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta zerrenda hauek jasoko ditu, bereizita:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendako hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendako hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

8.3. Epaimahaiak, izangaien puntuazioetan gertatzen diren berdinketak ebazteko, irizpide hauei jarraituko die:

a) Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako izangaiak: berdinketak epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko dira. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

8.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Bederatzigarrena.–Datuen zientziako teknikari lanpostuan aritzeko izangaien zerrendak eta plazen eskaintza.

9.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrendak onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, deialdiaren fitxan. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda.

–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.2. Izangaiei prestakuntzan aritzeko eskaintza egiten zaienean eta, hala badagokie, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzean, honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; deialdi honetako oinarriak; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

9.3. Izangaiei aldi baterako kontratu bidez aritzeko egiten zaien eskaintzan eta, hala badagokie, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; Nafarroako administrazio publikoetako administrazio-araubideko langileen kontratazioa arautzen duen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

9.4. Prestakuntza edo kontratazio eskaintza jasotzen dutenek, prestakuntza edo kontratazioa egin aurretik, eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte. Horretarako, Soziologiako gradudun edo lizentziadun titulu unibertsitarioaren kopia edo horien baliokidetzat aitortutako beste batena aurkeztu beharko dute, edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren agiriarena, edo, hala badagokio, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratzeko moduan egon izanaren ziurtagiria.

Era berean, behar denean, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela eskaintza honen bidez bete nahi den plazaren betebehar espezifikoak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia soilak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

9.5. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. zatia.–Informatika.

1. gaia.–Datu-base erlazionalak. Datu-base erlazionalak kudeatzeko sistemen printzipioak. Eredu erlazionala. Datu-baseak irudikatzea entitate-erlazio diagramen bidez. SQL lengoaia. Datu-base ez-erlazionalak. Oinarriak: CAP teorema, BASE printzipioa. Datu-base ez-erlazionalak: motak.

2. gaia.–Garapen-ingurune integratuak (IDEak). Iturburu-kodea kudeatzeko sistemak: oinarrizko printzipioak eta tresnak (git). Etengabeko integrazioko sistemak: etengabeko integrazioaren oinarriak eta tresnak.

3. gaia.–Python (pandas, numpy) eta R (R Studio) programazio lengoaiak. Taulak (dataframeak), bektoreak, zerrendak, array-ak eta funtzioak. Aldagaiak birkodetzea. Datuak gehitzea eta iragaztea. Fitxategiak batzea. Irudiak inportatzea eta esportatzea.

4. gaia.–Datuak ustiatzeko teknologiak eta sistemak: negozio-adimena: data warehouse, data mart. Big Data: datu-multzo masiboak atzematea, aztertzea, eraldatzea, biltegiratzea eta ustiatzea: data lake, data lakehouse, data fabric, data mesh. Hadoop eta Apache Spark ekosistemak (RDD, memoria-analisia). Batch eta Streaming prozesamenduak. Big data arkitekturak (lambda arkitektura).

5. gaia.–Datuen zientzia. Makinen ikaskuntzarako proiektu baten bizi-zikloa (machine learning). MLops. Tresnak eta lengoaiak. Bias-Variance Trade-Off. Makinen ikaskuntzarako proiektu baten egitura. Ikaskuntza sakona (deep learning): transferentzia bidezko ikaskuntza (transfer learning). Sare neuronalak. Erregularizazioa eta optimizazioa.

2. zatia.–Estatistika ofiziala.

6. gaia.–Probabilitate-laginketetako zenbatespenari buruzko oinarrizko ideiak. Laginaren diseinua. Inklusio-probabilitateak. Estatistikoaren nozioa. Laginaren parte izatearen adierazleak. Zenbatesleak eta haien oinarrizko propietateak. Horvitz-Thompson zenbateslea (π zenbateslea) eta bere propietateak. Laginketa itzuleraduna. Diseinu-efektua. Konfiantza-tarteak.

7. gaia.–Zenbatespen alboragabea oinarrizko unitateetako laginen diseinuetan. Bernoulli-ren laginketa: definizioa, zenbatesleak, bariantza eta bariantzaren zenbateslea. Ausazko laginketa bakuna: itzuleragabea eta itzuleraduna: definizioa, zenbatesleak, bariantza eta bariantzaren zenbateslea.

8. gaia.–Estatistika-datuen arazketaren eta egozpenaren hastapenak. Estatistika-prozesuan estatistika-datuak araztea eta egoztea. Datuak, erroreak, falta diren datuak eta kontrolak (editak). Estatistika-datuak arazteko eta egozteko oinarrizko metodoak. Arazteko eta egozteko estrategia. Egozpen osoaren ikuspegia. Ikuspegi konbinatua. Haztapen osoa berriz egitearen ikuspegia. Egozpena estatistika-arauen arabera.

9. gaia.–Sekretu estatistikoa. Kontzeptuak eta definizioak: sekretu estatistikoa, taula-datuak, mikrodatuak, arriskua eta erabilgarritasuna kontrolatzea. Sekretu estatistikoa kontrolatzeko ikuspegi bat: zergatik den garrantzitsua konfidentzialtasuna babestea, datuen funtsezko ezaugarriak eta erabilerak, zer arriskuren aurka babestu behar den, sekretua kontrolatzeko metodoak, inplementazioa.

10. gaia.–Datuen hedapena: estatistikak aurkeztea. Hastapenak. Mezua transmititzea. Estatistikak bistaratzea. Taulak. Grafikoak. Mapak. Bistaratze-teknika emergenteak. Irisgarritasun kontuak. Power BI. Datawrapper.

11. gaia.–Ekoizpen estatistikoaren metadatuak. GSBPM ereduaren hastapenak. Eredua. Beste eredu eta estandar batzuekin dituen erlazioak. GSBPMren 1. eta 2. mailak. Faseen eta azpiprozesuen deskribapenak. Prozesu orokorrak. GSBPMren beste erabilera batzuk. Negozioaren eta informazioaren teknologiaren ikuspuntuak. SDMX, DDI eta beste estandar batzuk.

12. gaia.–Datuaren estrategia. Datuaren gobernua, datuaren kudeaketa eta datuaren kalitatearen kudeaketa. Katalogoak eta datu-multzoak deskribatzeko teknologiak eta estandarrak: semantikak eta ontologiak.

3. zatia.–Modelizazio estatistikoa eta iragarpen sistemak.

13. gaia.–Zenbatespen puntuala. Hastapenak. Zenbatesleak aurkitzeko metodoak: momentuen metodoa, gehieneko zenbatesle sineskorrak, Bayesen zenbatesleak, zenbatesle inbarianteak. Zenbatesleak ebaluatzeko metodoak: batez besteko errore koadratikoa, zenbatesle alboragabe optimoak, nahikotasuna eta alboragabetasuna, galera-funtzioaren optimizazioa.

14. gaia.–Eredu linealak: karratu minimoak. Hastapenak. Karratu minimoen eredua doitzea. Datuen proiekzioak espazioen ereduaren gainean. Aldakortasunaren laburpena eredu lineal batean. Hondarrak, palanka-efektua (leverage) eta eragina. Karratu minimoen eta karratu minimo orokortuen optimizazioa.

15. gaia.–Eredu linealak: inferentzia estatistikoa. Aldagai normaletarako eta ez-normaletarako banaketaren teoria. Eredu lineal normaletarako eta ez-normaletarako esanahi-testak. Konfiantza-tarteak eta iragarpen-tarteak eredu lineal normaletarako eta ez-normaletarako. Konparazio anizkoitzak: Bonferroni, Tukey eta FDR metodoak.

16. gaia.–Osagai nagusien azterketa. Hastapenak. Arazoa planteatzea. Osagaiak kalkulatzea. Osagaien propietateak. Analisi arautua edo korrelazioduna. Osagaiak interpretatzea. Analisi diskriminatzailea. Hastapenak. Bi populazioren arteko sailkapena. Zenbait populazio normalentzako orokortzea. Populazio ezezagunak (kasu orokorra). Aldagai kanoniko diskriminatzaileak. Diskriminazio koadratikoa.

17. gaia.–Prozesu estokastiko geldikorrak. Denborazko serieak. Prozesu estokastiko geldikorrak zentzu hertsian eta ahulean. Batezbestekoak, bariantzak eta autokobariantzak, ergodizitatea. Zarata zuria. Espektroa eta haren zenbatespena. AR eta MA prozesuak. ARIMA eta SARIMA prozesuak.

Oharra: Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2515605