251. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

256/2025 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez argitaratzen baita ikastetxeetan berariazko proiektuak edo programak aztertu eta ezartzeko lanpostu batzuk zerbitzu-eginkizunetan betetzeko deialdia.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleen plazak nola bete arautu zen. Aipatutako arauak ezartzen duenez, oro har, Hezkuntza Departamentuak deialdiak eginen ditu ikastetxeetan hastear diren edo hasi berriak diren berariazko programa edo proiektuak aztertu edo ezartzeko lanpostuak zerbitzu-eginkizunetan betetzeko. Proiektua edo programa zein gairi lotuta dagoen, haren gaineko eskumena duen organoak proposaturik eginen dira deialdiak, aipatu proiektu edo programen bidez Hezkuntza Departamentuak zer arlo estrategiko sustatu nahi duen zehaztu eta gero.

Horrenbestez, jaso ondoren 2026-2027 ikasturtean aztertu eta ezarri nahi diren programa eta proiektuetarako proposamenak, Hezkuntza Departamentuko zerbitzu eskudunek eginak, bidezkoa da behar den deialdia onestea ikastetxeetan berariazko proiektuak edo programak aztertu eta ezartzeko lanpostu batzuk zerbitzu-eginkizunetan betetzeko.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT

1. Onestea ikastetxeetan berariazko proiektuak edo programak aztertu eta ezartzeko lanpostu batzuk zerbitzu-eginkizunetan betetzeko deialdiaren oinarriak.

2. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta II.etik XXV.era bitarteko eranskinak Hezkuntza Departamentuko web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) argitara daitezen agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura.

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.–Deialdia eta proiektu edo programak.

Deialdi bat onesten da ikastetxeetan berariazko proiektuak edo programak (I. eranskinean biltzen direnak) aztertu eta ezartzeko lanpostu batzuk zerbitzu-eginkizunetan betetzeko.

Bigarrena.–Izangaien betebehar orokorrak.

Deialdi honetan parte hartzen duten izangaiek betebehar orokor hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko irakaslea izatea, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa, eta 2026ko irailaren 1ean jarduneko zerbitzu egoeran egotea.

Orobat, izangaiek ebazpenaren eranskinetan lanpostu bakoitzerako eskatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoen eskaera-orria bete beharko dute, horretarako diseinatutako fitxan, eta, bete ondoren, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduta.

Parte hartzeko baldintza orokorrak betetzen direla ofizioz egiaztatuko du Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, izangaien espediente pertsonalaren arabera. Era berean, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du izangaiak dagozkien irakasleen kidegokoak, espezialitatekoak eta hizkuntzakoak edo lanpostu parekatukoak direla, eta, kasua bada, dagozkien profilak dituztela.

Laugarrena.–­Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hamar egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendarekin. Baztertuen kasuan, ez onartzeko arrazoiak agertuko dira.

Ebazpen hori argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten edo parte hartzeko eskabidean egindako akatsak zuzentzen ahalko dituzte, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzendutako eskabide telematiko baten bidez, hamar egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Epe hori iraganik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da, bitarteko berberak erabiliz, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin. Baztertuen kasuan, ez onartzeko arrazoiak agertuko dira.

Ebazpen hori argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Seigarrena.–Hautapen sistema.

1. Hautatua izan ahal izateko, izangaiak nahi duen lanpostuaren eginkizunei lotutako memoria edo proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko du, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren zehaztapenekin bat.

Memoria edo proiektuaren aurkezpena eta defentsa baloratzeko, 0tik 10era bitarteko puntuazioa emanen zaio, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak baztertuko dira.

Lortzen den puntuazioa hautapen organoko kideek emandakoen batezbesteko aritmetikoa izanen da, milarenera biribilduta.

Izangai bakoitzak hautapen organoari azaldu beharko dio memoria edo proiektua, ahoz, 30 minutuz gehienez. Gero, hautapen organoak eginen dizkion galderak erantzun beharko ditu, ahoz, 15 minutuz gehienez.

2. Prozedurari hasiera emateko, hautapen organoaren aurrean aurkezteko ekitaldi bat eginen da. Ekitaldi horretan, izangaiek memoriaren edo proiektuaren kopia bat entregatu beharko dute, pertsonalki eta eskura.

Proiektua entregatzeko ekitaldira agertzerik ez duten izangaiek baimena ematen ahalko diote beste norbaiti beren izenean entrega dezan.

Pertsona hori baimentzeko, www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) eskura dagoen agiri eredua bete beharko da. Izangaiak eta baimendutako pertsonak sinatu beharko dute, eta bi sinatzaileen NANaren kopiekin eta proiektuarekin batera aurkeztuko da.

Aurkezpen eta defentsa ekitaldietara joateko deia Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez eginen zaie izangaiei, prozeduran onartzen diren izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean hain zuzen, zeina Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko baita gutxienez 48 ordu lehenago. Ebazpen horretan hautapen organoen aurreko jarduketa noiz, zer ordutan eta non hasiko den adieraziko da. Deialdi bakarra eginen da izangai guztientzat. Izangaiek bertan egon beharko dute hautapen organoak jarduketak hasteko ezarritako orduan. "Ez aurkeztutzat" joko dira hasierako deia egiten denean agertzen ez diren izangaiak.

Izangaiek proiektua defendatzeko hurrenkera alfabetikoki ezarriko da, bakoitzaren lehen abizenaren hasierako letren arabera, "W" eta "X" letretatik abiatuta, halaxe erabaki baitzen Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 66/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiz egindako zozketan.

3. Izangaien balorazioa bukaturik, hautapen organo bakoitzak behin-behineko kalifikazioak eta esleitutako puntuazioak igorriko dizkio Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, eta horrek Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu.

Puntuazioan berdinketarik baldin badago, hautapen organoak honako hau hartuko du kontuan berdinketa hori hausteko: izangaiek funtzionario gisa duten antzinatasuna eskainitako lanpostu bakoitzean aritu ahal izateko baldintza gisa eskatzen d(ir)en irakasle kidego(et)an edo lanpostu parekatuetan. Berdinketak badirau, kontuan hartuko da Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak otsailaren 21ean emandako 66/2020 Ebazpenean ezarritako zozketaren emaitza.

Kalifikazio horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduak, argitara eman eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, hautapen organoak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura igorriko du prozeduraren espediente osoa, barnean sartuta behin betiko kalifikazioak, zeinak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko baitira (www.nafarroa.eus).

4. Deialdi honen xedeko zerbitzu-eginkizunak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren ebazpen baten bidez emanen dira, izangaiak hautatzen diren ordenaren arabera.

Zazpigarrena.–Hautapen organoa.

1. Hautapen organoak hiru kidek osatuko dituzte; horietako bi Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak edo Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak proposatuko ditu, eta bestea Langile Irakasleen Batzordeak.

Hautapen organoak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko dira. Organo horiek eratu ondoren, jakitera emanen dira, deialdiaren fitxan, proiektu edo programa bakoitzerako balorazio irizpideak.

2. Hautapen organoetako kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute hautapen organoak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

3. Deialdi honetan ezarria ez dagoen guztian, hautapen organoaren eraketari, jarduketari eta funtzionamenduari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartekoetan kide anitzeko organoei buruz jasotako araudiari jarraikiko zaio.

4. Hautapen organoetako kideek beren ohiko lan ordutegiaren barruan lan eginen dute.

Zortzigarrena.–Zerbitzu-eginkizunen araubidea.

1. Proiektu edo programa hauei dagozkien lanpostuak zerbitzu-eginkizunetan beteko dira, bi ikasturtez gehienez, haiek ezarriak dituzten ikastetxeetan, 2026ko irailaren 1etik hasita. Salbuespenez, eta bakoitzaren eranskinean horrela ezarrita daukaten proiektu edo programetarako bakarrik, zerbitzu-eginkizunetako egoerak hiru ikasturte iraunen du.

2. Zerbitzu-eginkizunak emateko ezinbestekoa izanen da, programa edo proiektua egiten den ikasturte bakoitzean, plaza hutsen bat izatea xedeko ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean eta hizkuntzan, baita, hala badagokio, profilean ere, zehaztu ondoren ikasturte bakoitzerako hezkuntza plangintzaren arabera aurreikusitako beharrak zein diren.

Zerbitzu-eginkizunak emanen dira, beraz, kasuan kasuko proiekturako baldintza gisa eskatutako espezialitate edo lanpostuan, hizkuntzan eta, kasua bada, profilean sortzen diren beharretarako.

Izangaiak kasuan kasuko proiektu edo programarako baldintza gisa eskatu diren espezialitateetako edo lanpostu parekatuetako baten baino gehiagoren titularrak direnean, esleituko zaien plaza hutsa izanen da parte hartzeko eskaera egitean atxikita duten espezialitate edo lanpostu parekatu, hizkuntza, eta, kasua bada, hizkuntza-eskakizun berekoa. Plaza hutsik ez badago espezialitate edo lanpostu parekatu horretan, administrazioak zehaztuko du zer plaza huts esleituko zaien, ikastetxeak proposatuta.

3. Deialdi honen ondorioz ematen diren zerbitzu-eginkizunak arrazoi hauetako batengatik bukatuko dira:

a) Zerbitzu-eginkizunetan aritzeko aldia bukatzea.

b) Ikastetxea kentzea edo aldatzea, baldin eta aldaketa horrek ezinezkoa egiten badu zerbitzu-eginkizun horietan jarraitzea.

c) Interesdunak berariaz uko egitea.

d) Gerora sortutako arrazoiak, honako hauen ondorioz: lanpostua betetzeko gaitasun edo egokitzapen falta, langilearen errendimendu eskasak agerian uzten duelako ezin dituela emandako eginkizunak eraginkortasunez bete, edo edukia aldatzea.

Aipatu arrazoi horiengatik zerbitzu-eginkizunak bukatu aurretik, deialdia proposatu duen organoak txosten arrazoitu baten bidez eskatuko dio Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariari hasiera eman diezaiola zerbitzu-eginkizunak bukatzeko prozedurari.

Prozedura Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez hasiko da. Ebazpena ikastetxeko zuzendaritzak igorritako txostenarekin batera igorriko da deialdia proposatu duen organora, honek bidezko iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzan, interesdunari eta Langile Irakasleen Batzordeari entzun ondoren.

Bidezko jarduketak egin ondotik, deialdia proposatu duen organoak plazari atxikitako langilearen gaitasuna eta egokitzapena baloratzeko txostena eginen du, eta Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari igorriko dio.

Txosten hori negatiboa bada, zerbitzu-eginkizunei bukaera emanen zaie, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren ebazpen baten bidez.

e) Jarduneko zerbitzua ez den beste edozein egoera administratibotara pasatzea.

f) Administrazioan beste lanpostu baterako izendatzea.

g) Langileari beste zerbitzu-eginkizun bat ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barnean zein beste edozein administrazio publikotan.

h) Zerbitzu-eginkizunak emateko arrazoia izan zen beharra desagertzea, ikastetxean behin betiko destinoa duten irakasleek plaza hori bete dutelako.

i) Baldintzak gerora ez betetzea.

Behar bezala justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik, zerbitzu-eginkizunak aurreikusitako epea baino lehen bukatzen badira b eta c letretan ezarritako arrazoiren bat gertatzeagatik, ikasturtearekin batera bukatu beharko da zerbitzualdia.

4. Zerbitzu-eginkizunak hasi baino lehen aurreko atalean adierazitako arrazoi bat (a eta d letretakoak izan ezik) gertatzen denean, ez da zerbitzu-eginkizunik emanen.

5. Zerbitzu-eginkizun hauek ez dira bateragarriak maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik baimen aldia hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta deialdi honetan ezarritako zerbitzu-eginkizunak onartzea nahi badu. Orobat, funtzionarioari zerbitzu-eginkizunak onartu bazaizkio edo jadanik zerbitzu-eginkizunetan ari bada eta aipatutako baimenen bat eskatzen badu, baimena ukatuko zaio.

6. Deialdi honetako plazaren bat betetzen ez bada izangai bakar bat ere aukeratzen ez delako, zilegi izanen da gaiaren arabera eskumena duen organoak egindako proposamen arrazoituari jarraikiz betetzea zerbitzu-eginkizunen araubidean, baina behin baino ez, betiere interesdunak deialdiaren baldintzak betetzen baditu eta ikasturte baterako baldin bada.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Hautapen organoen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2025eko azaroaren 28an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.

I. ERANSKINA.–BERARIAZKO PROIEKTU EDO PROGRAMAK

A) Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak proposatutako programak.

PROIEKTUA EDO PROGRAMA

HERRIA

IKASTETXEA

PLAZA
KOPURUA

ERANSKINA

IkasNOVA gela

ANTSOAIN

EZKABA HLHIP

1

II

ARROITZ

ARROIZKO "LA BALSA" HLHIP

1

II

CÁRCAR

VIRGEN DE GRACIA HLHIP

1

II

UHARTE

VIRGEN BLANCA HLHIP

1

II

IRUNBERRI

SAN JUAN HLHIP

1

II

NOAIN

SAN MIGUEL HLHIP

1

II

IRUÑA

AZPILAGAÑA HLHIP

1

II

IRUÑA

HEGOALDE IKASTOLA HLHIP

1

II

IRUÑA

JOSE MARÍA HUARTE HLHIP

1

II

IRUÑA

BIURDANA BHI

1

II

IRUÑA

ITURRAMA BHI

1

II

IRUÑA

JULIO CARO BAROJA BHI

1

II

ZANGOZA

LUIS GIL HLHIP

1

II

TUTERA

HUERTAS MAYORES HLHIP

1

II

ZUBIRI

GLORIA LARRAINZAR HLHIP

1

II

GAITASUN DIGITALA

AÑORBE

AÑORBEKO HLHIP

1

III

LIZARRA

LIZARRAKO IB POLITEKNIKOA

1

III

LARRAGA

LARRAGAKO SAN MIGUEL HLHIP

1

III

NOAIN

ELORTZIBAR DBHI

1

III

IRUÑA

PLAZA DE LA CRUZ BHI

1

III

IRUÑA

OCHOA DE OLZA DBHI

1

III

TUTERA

VALLE DEL EBRO BHI

1

III

VIANA

DEL CAMINO DBHI

1

III

PENTSAMENDU KONPUTAZIONALA

ALTSASU

ALTSASUKO BHI

1

IV

BURLATA

IBAIALDE BHI

1

IV

CADREITA

TERESA BERTRÁN DE LIS HLHIP

1

IV

CASTEJÓN

DOS DE MAYO HLHIP

1

IV

FITERO

CATALINA DE FOIX HLHIP

1

IV

IRUÑA

CARDENAL ILUNDAIN HLHIP

1

IV

IRUÑA

ERMITAGAÑA HLHIP

1

IV

IRUÑA

SAN FRANCISCO HLHIP

1

IV

IRUÑA

SAN JORGE HLHIP

1

IV

IRUÑA

BASOKO BHI

1

IV

IRUÑA

EUNATE BHI

1

IV

IRUÑA

JULIO CARO BAROJA BHI

1

IV

IRUÑA

MENDILLORRI BHI

1

IV

IRUÑA

IPARRALDE DBHI

1

IV

SARRIGUREN

HERMANAS URIZ PI HLHIP

1

IV

SARRIGUREN

SARRIGURENGO BHI

1

IV

TAFALLA

TAFALLAKO IBP

1

IV

TUTERA

HUERTAS MAYORES HLHIP

1

IV

EDUKI DIGITALAK

BURLATA

IBAIALDE BHI

1

V

MENDABIA

SAN FRANCISCO JAVIER HLHIP

1

V

NOAIN

SAN MIGUEL HLHIP

1

V

IRUÑA

ERMITAGAÑA HLHIP

1

V

IRUÑA

BIURDANA BHI

1

V

IRUÑA

ITURRAMA BHI

1

V

IRUÑA

NAVARRO VILLOSLADA BHI

1

V

B) Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak proposatutako programak.

PROIEKTUA EDO PROGRAMA

HERRIA

IKASTETXEA

PLAZA
KOPURUA

ERANSKINA

GELAKO ORDEZKARIAK: BIZIKIDETZA-BITARTEKARIAK

IRUÑA

ITURRAMA BHI

1

VI

ONGIZATE EMOZIONALA

IRUÑA

JULIO CARO BAROJA BHI

1

VII

PRESTATU ZURE ETORKIZUNA: GURE IKASLEEN HAZKUNDE PERTSONALEAN LAGUNDUZ

IRUÑA

MENDILLORRI BHI

2

VIII

ERRESILIENTZIA GARATZEA, IKASLEEN OSASUN EMOZIONALA ETA AUTOERREGULAZIOA SUSTATZEKO

IRUÑA

NAVARRO VILLOSLADA BHI

2

IX

MEMORIA DUTEN ESKOLAK

IRUÑA

PLAZA DE LA CRUZ BHI

1

X

BEHARRAK DITUZTEN IKASLEEI LAGUNTZA EMOZIONALA ETA AKADEMIKOA EMATEA MENTORE-IRAKASLEEN BIDEZ

IRUÑA

BASOKO BHI

1

XI

JARDUERA FISIKO INKLUSIBOA

IRUÑA

PLAZA DE LA CRUZ BHI

1

XII

ANTZERKIA INKLUSIORAKO BALIABIDE GISA

TUTERA

VALLE DEL EBRO BHI

1

XIII

C) Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak proposatutako programak.

PROIEKTUA EDO PROGRAMA

HERRIA

IKASTETXEA

PLAZA
KOPURUA

ERANSKINA

EUSKARAREKIN JOLASEAN: ESKOLA-IRRATIA ITURRAMA BHIn

IRUÑA

ITURRAMA BHI

1

XIV

INGELESEKO ARDURADUNA HAUR HEZKUNTZAN

IRUÑA

BUZTINTXURI HLHIP

1

XV

INGELESEKO HIZKUNTZA-GAITASUNA INDARTZEKO PLANA

BARAÑAIN

SAHATS HLHIP

1

XVI

D) Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak proposatutako programak.

PROIEKTUA EDO PROGRAMA

HERRIA

IKASTETXEA

PLAZA
KOPURUA

ERANSKINA

ETENGABEKO PRESTAKUNTZAREN ARDURADUNAREN FIGURA EZARTZEA ETA GARATZEA.

UHARTE

UHARTEKO IBP

1

XVII

E) Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuak proposatutako programak.

PROIEKTUA EDO PROGRAMA

HERRIA

IKASTETXEA

PLAZA
KOPURUA

ERANSKINA

LH-THINK-MATERIAL DIGITALIZATUEN BILTEGIAK SORTZEA ETA ABIAN JARTZEA

IRUÑA

VIRGEN DEL CAMINO IBP

2

XVIII

LH-THINK-LANDARE AROMATIKOEN ETA INFUSIO EKOLOGIKOEN EGUZKI-LEHORTEGIA EGOKITZEA.

AZKOIEN

RIBERA DEL ARGA BHI

1

XIX

LH-THINK-TRESNAK KUDEATZEKO SISTEMA AUTOMATIZATUA

ELIZONDO

ELIZONDO IBP

1

XX

LH-THINK- "IOTIERRA" LANDA-INGURUNEKO LURZORUA ETA KLIMA MONITORIZATZEKO SISTEMA (PLCa, IOTa ERABILIZ)

TAFALLA

TAFALLAKO IBP

1

XXI

LH-THINK-ERREALITATE MISTOKO SISTEMA AUTOMATIZATU INKLUSIBOA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO ROBOTAK ETA MAKINAK MANIPULATZEKO (TECH4ACCESS)

TAFALLA

TAFALLAKO IBP

1

XXII

LH-THINK-MANTENTZE-LANEN KUDEAKETAREN DIGITALIZAZIOA

IRUÑA

VIRGEN DEL CAMINO IBP

1

XXIII

RIBERA DEL ARGA BHI-REN NAZIOARTERATZEA, JARRAIPENA ETA ERRONKA BERRIAK

AZKOIEN

RIBERA DEL ARGA BHI

1

XXIV

LH-THINK-ERALDAKETA METODOLOGIKOA

ELIZONDO

ELIZONDO IBP

1

XXV

Iragarkiaren kodea: F2515841