251. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LOS ARCOS ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko familia-langilearen lanpostu bat, lan-kontratudun finkoen araubidean eta errelebo-kontratu bidez

Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruaren 2025eko urtarrilaren 27ko 78/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, kontratazio bat egiteko oposizio-lehiaketa bidez, familia-langilearen lanpostuan jarduteko errelebo-kontratuarekin.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez), estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea familia-langile lanpostu bat, D mailakoa, lan-araubidekoa eta lanaldi osokoa, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura arituko dena eta destinoa Etxeko Laguntza Zerbitzuaren Programan (ELZ) izanen duena; baliatzen ahalko da lanpostu hutsak bitarteko izaeraz betetzeko, laneko bajak behin-behinean ordezkatzeko, oporraldietarako, edo zerbitzuak indartzeko behar puntual guztietarako.

1.2. Behar diren hautaprobak gainditu ondoren kontratatzen den langilea D mailan edo taldean egonen da eta Udalaren plantilla organikoan ezarritako ordainsariak jasoko ditu.

1.3. Lan kontratu finkoa eginen zaio deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituenari.

1.4. Halaber, deialdi honen bidez hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 7. oinarrian xedaturikoarekin bat:

a) Probak gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketan gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

1.5. Lanpostuko eginkizunak oro har bere kategoria profesionalari dagozkionak dira; besteak beste, honako hauek:

–Sostengu pertsonaleko jarduketak.

  • Norberaren garbiketa eta higienea.
  • Janzten eta oinetakoak jartzen laguntzea.
  • Etxe barrenean mugitzen laguntzea.
  • Erabiltzailearen elikadura kontrolatzea.
  • Jarduketa soziosanitarioak.

–Etxeko lanetan sostengu emateko jarduketak.

  • Erabiltzailearen elikadurari lotuak.
  • Erabilera pertsonaleko arroparen eta oinetakoen zainketari lotuak.
  • Etxeko mantentze-lan oinarrizkoei lotuak.

–Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak:

  • Jarduketa psikosozioedukatiboak.
  • Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduketak.
  • Sostengu soziokomunitarioko jarduketak.

–Sostengu teknikoko jarduketak etxebizitzan.

  • Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.

2. Baldintzak.

2.1. Oposizioetan onartuak izateko, baldintza hauek bete behar dituzte izangaiek:

–Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa. Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

–Hamasei urte beteta izatea, eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea, betiere eskatzen diren gainerako baldintzak betez gero.

–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

–Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Eskola-Graduatuaren titulua, lehen mailako Lanbide Heziketaren titulua edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko egoeran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

–Honako titulu hauetako bat izatea:

a) Gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0208 kodea).

b) Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0108 kodea).

c) Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria (SSCS30 kodea).

d) Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak. Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

e) B1 motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta eutsi egin behar zaie prozedurak iraun bitartean, harik eta Los Arcos aldeko Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitateak izendatu arte edo kontratua sinatu arte.

3. Eskabideak.

3.1. Eskabideak, ahal dela, telematikoki aurkeztu behar dira, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://ssblosarcos.sedipualba.es/). Aukeran, NAN elektronikoa, ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve erabil daitezke. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, hautapen prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera aurkeztu beharko dituzte 3.2 oinarrian zehaztutako agiriak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan ere aurkezten ahal dira, jendeari arreta emateko ordutegiaren barnean, edo 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hogei egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkeztuko dira jarraikiz deialdi honen I. eranskineko ereduari. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen prozesuan parte hartzeko.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.2. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabideari behar bezala bete eta honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) 2.1 oinarrian eskatzen den titulazio akademikoa, jatorrizkoa edo fotokopia.

c) B1 motako gidabaimenaren kopia.

4. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Mankomunitatearen egoitza elektronikoan (https://ssblosarcos.sedipualba.es/) argitaratuko da izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahal dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, Udalaren erregistroan eskabidea aurkeztuta.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

Aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori jendaurrean jarriko da egoitza elektronikoan, hautaproba egiteko tokia, eguna eta ordua adierazita.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, ulertuko da egin dela interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5. Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua. Ordezkoa: Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.

–Epaimahaikidea: Ana Isabel Arnedillo Astrain, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea. Ordezkoa: Rosa Ana Ruiz Martínez, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

–Epaimahaikidea: Cristina Martínez Osés, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko familia-langilea. Ordezkoa: Olga Álvarez de Eulate Ciordia, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko familia-langilea.

–Epaimahaikidea: Leticia Escarza Santos, Los Arcosko Udaleko Enplegu Zerbitzuko teknikaria. Ordezkoa: Magdalena Sainz Ábalos, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko administrari laguntzailea.

–Idazkaria: Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkari kontu-hartzailea. Ordezkoa: Bargotako Udaleko idazkaria.

Kalifikazio epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Kalifikazio epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta kide anitzeko organoa jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Kalifikazio epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6. Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko da lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Hautapen-prozesua bi probaren bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztertzaileak izanen dira. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 100 puntukoa izanen da.

1. Proba teorikoa: 30 galderari erantzun beharko zaie. Galderak deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak izanen dira, eta bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. 45 puntu eskuratzen ahal dira, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,50 puntu kenduko da. Bazterturik geldituko dira proban 22,50 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

2. Proba praktikoa. Banakako proba praktiko bat egin beharko da idatziz, lanpostuko eginkizunekin zerikusia duena. Gehienez ere 55 puntu emanen dira. Hurrengo probara pasatzeko gutxienekoa: 27,50 puntu.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. Deia eta kontratazio zerrenda.

7.1. Probak egin ondoan zerrenda bat eginen da, izangaiak puntuazio ordenan ezarrita. Zerrenda egoitza elektronikoan ere kontsultatzen ahalko da.

Berdinketak ebatziko dira kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena. Emaitzak Mankomunitatearen egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

7.2. Zerrendan lehenengo dagoenari dei eginen zaio, eta errelebo-kontratua eskainiko zaio. Kontratuak iraunen du plaza betetzen ari zen langilearen erretiro jazotzen denera arte. Izangaiak, bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko Funtzio Publikoan.

b) Europar Batasunetik kanpoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

c) B1 motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.

7.3. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen prozesuan parte hartu ondotik plaza lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

7.4. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda eta Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean kontratatzeko zerrenda.

Sartzeko hautapenaren epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, honako zerrenda hauek onesteko: batetik, probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda, eta, bestetik, lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gainditu bai, baina plazarik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

7.5. Sortzen diren beste behar batzuetarako deiak prozedura honen arabera eginen dira:

a) Probak gainditurik, epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoaz gain, deia egiterakoan, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan; horren bidez, hain zuzen, desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33ko edo maila handiagoko desgaitasun aitortua dutenek egoera hori frogatu beharko dute, organo eskudunak berariaz emaniko agiri jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez.

7.6. Dei egiteko arau orokorrak:

1.–Izangaia errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek jakinarazi beharko dute harremanetarako telefono bat bederen. Horrez gain, eman ditzakete harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta 9.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, dei eginen zaio zerrendan hurrengo ageri denari, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.

8. Uko egitea.

8.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik kanpo geldituko da, salbu eta ondoko egoera batean dagoela frogatzen badu:

–Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

–Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kabuz baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

–Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.

8.2. Beste alde batetik, zerrenda honek indarra duen bitartean edozein administrazio publikotan ari direnak familia-langile gisa, mankomunitate honek eskainitako kontratu bati uko egiten badiote, zerrendaren hondarrera igorriko dira eta ez zaie dei egiten ahalko harik eta aipatu kontratua azkentzen den arte.

Hori bigarren aldiz gerta daiteke eta, horren ondotik, eskubide guztiak galduko dituzte Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskainitako kontratu bati hirugarrenez uko egitean.

8.3. a) apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen antzeko egoeretan daudenek, bost eguneko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

8.4. Uko egiteko moduko arrazoiak dauden kasu guztietan, izangaiek jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztuko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.5. Zerrendatik baztertzea.

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

–Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

–Sinatutako kontratuari uko egitea.

–Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

–Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ondoz ondoko hiru lan-eskaintzari era justifikatuan uko egiten badiete, eskainitako kontratua bi astetik gorakoa den kasuetan.

9. Errekurtsoak.

9.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

9.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetako bat jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Los Arcosen, 2025eko azaroaren 25ean.–Mankomunitateko burua, Eduardo García de Galdiano Baños.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. Eranskina.–Eskabide eredua

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–Gai zerrenda

1.–Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak.

2.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

3.–Ordenantza, Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen etxeko laguntza zerbitzua arautzen duena.

4.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

5.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.

6.–Nafarroako Foru Komunitatean adinekoek jasaten dituzten tratu txarren egoerak goiz detektatzeko eta esku hartzeko gida.

Iragarkiaren kodea: L2515915