Iragarkia
251. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 18a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
GALAR
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat (elektrizitateko espezialitatea), errelebo kontratuaren bidez
Galarko alkateak, azaroaren 27ko 73/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegaturen plaza bat (elektrizitateko espezialitatea), lan araubidekoa. Horren bidez bete nahi da plaza huts bat, 45 zenbakia duena udal honek 2025erako onetsitako plantilla organikoan. Ebazpen horren bidez, halaber, deialdia arautzeko oinarriak onetsi ziren; hona hemen:
OINARRIAK
1.–Xedea.
1.1. Deialdi bat iragartzen da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren plaza bat (elektrizitateko espezialitatea), lan araubidekoa, Galarko Udalaren zerbitzura jardun dezan errelebo kontratuaren modalitatean. Plaza udal honetako kanpoko zerbitzuei atxikita dago, eta 45 zenbakia du plantilla organikoan.
1.2. Izendapenak Galarko Udaleko langile lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean kidetuko da, kasua bada, eta hartan alta emanen zaio, jabetza hartzen duenetik aurrera, errelebo kontratuaren bidez.
1.3. Plazak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen D mailari dagozkion lansariak. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak jasoko ditu, bai eta hitzarmen kolektiboaren bidez lortzen ahal direnak ere.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua izanen da Galarko Udaleko langileendako ezarritakoa.
1.5. Bete beharreko eginkizunak izanen dira haren mailari eta kategoriari dagozkionak, barne direla mantentze-lan orokorren berezko jarduerak, hala espazio publikoetan nola udal instalazioetan. Haien artean, honako hauek egonen dira, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Udal bulego, instalazio eta biltegietako elektrizitate lanak oro har, eta horien mantentze-lanak; bai eta igeltserotza, pintura eta zurgintza lan txikiak ere.
–Instalatzea eta mantentzea hiri-altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.
–Garraiatzea eta paratzea altzariak eta tresnak, muntatzea eta desmuntatzea karpa, agertokiak, hesiak eta gainerako tresnak, jai eta ekitaldi publikoetan.
–Lorezaintza lanak: zuhaitzak, heskaiak eta landareak landatzea, eta horien ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioa egitea, zuhaitzak eta zuhaixkak inaustea, lorategiak atontzea, belarra moztea eta ureztatze azpiegiturak programatzea eta mantentzea.
–Garbiketa lanak: erratza pasatzea, zakarrontziak hustea eta abar.
–Komunikazioak eta deialdiak banatzea, jakinarazpenak entregatzea, iragarkiak, bandoak eta udal publizitatea paratzea.
–Era guztietako udal zerbitzuak egitea, eta hala alkateak nola eskuordetza duten organoek haren esku uzten dituzten zereginak, guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.
1.6. Halaber, deialdi honen xedea da aldi baterako kontrataziorako zerrenda bat eratzea sartzeko hautapen prozesuan plazarik eskuratzen ez duten izangaiekin, deialdiaren 10. oinarriari jarraikiz.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hemezortzi urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edukitzea, gutxienez, edo eskuratzeko moduan egotea (eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat.
Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioaren frogagiria.
d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinaz kaleratua ere.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
f) B motako gidabaimena edukitzea.
Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte lanpostua eskuratzen duen izangaiek, deialdi honen bederatzigarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eta hautapen prozesu osoan, izendapen eguna arte bete ere.
Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, dagokien erantzukizuna egozten ahalko zaie, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak lehentasunez telematikoki aurkeztuko dira, Galarko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.cendeadegalar.es/mi-carpeta-ciudadana/); hartan sar daiteke NAN elektronikoaren edo ziurtagiri elektronikoaren bidez. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, hautapen prozesuan parte hartzeko, eta horrekin batera aurkeztu beharko dituzte 3.2 oinarrian zehaztutako agiriak.
Deialdian parte hartzeko eskabideak Galarko Udalaren erregistroan ere aurkezten ahal dira (Udaletxe plaza 1), 9:00etatik 12:00etara, edo 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hogei egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak aurkeztuko dira jarraikiz deialdi honen I. eranskineko ereduari. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen prozesuan parte hartzeko.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.2. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.
Eskabideari behar bezala bete eta honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
b) Aurreko 2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoa, jatorrizkoa edo fotokopia.
c) B motako gidabaimenaren kopia.
d) Denborak eta baliabideak egokitzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute epeak eta moduak egokitzeko, ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta beste orrialde batean adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak emandako ebazpen bidez onetsiko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iragandakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Galarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (https://www.cendeadegalar.es/eu/).
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
1.–Epaimahaiburua: Óscar Amóztegui Recalde, Galarko Udaleko alkatea.
–Ordezkoa: Sergio Delgado Bermejo, Galarko Udaleko alkateordea.
2.–Epaimahaikide-idazkaria: Mercedes Arnedo Lana, Galarko Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: Vanesa García Oneca, ekonomia arloko aholkularia Galarko Udalean.
3.–Epaimahaikidea: Daniel Araiz Razquin, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
–Ordezkoa: Carlos Latasa Apezteguía, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
4.–Epaimahaikidea: Carlos Arizaleta Orrio, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
–Ordezkoa: udalen bateko zerbitzu anitzetako arduradun bat.
5.–Epaimahaikidea: Andrés San Juan Ibarra, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
–Ordezkoa: udalen bateko zerbitzu anitzetako enplegatu bat.
Kalifikazio epaimahaiak hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko du.
5.2. Kalifikazio epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta kide anitzeko organoa jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Kalifikazio epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Oposizioaldia.
Ariketak baztertzaileak izanen dira, eta oposizioaldian, gehienez, 70 puntu lortzen ahalko dira.
Aurreikuspenen arabera, ariketak 2026ko otsailaren bigarren hamabostaldian hasiko dira.
Oposizioaldian bi proba eginen dira, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Biak ere baztertzaileak izanen dira.
1.–Proba teorikoa: deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendari buruzko 50 galderari erantzun beharko zaie, 90 minutuan gehienez. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. 50 puntu eskuratzen ahal dira, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko da. Bazterturik geldituko dira proban 25,00 puntu, gutxienez, lortzen ez dituzten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.
Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.
2.–Proba praktikoa: bost proba egitea, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuen ohiko lanei buruzkoak. Gehienez ere 50 puntu emanen dira. Epaimahaiak hamar punturekin baloratuko du proba bakoitza.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.
Proba praktikoak elektrizitateko, lorezaintzako eta igeltserotzako ohiko lanei buruzkoak izanen dira.
Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
6.3. Oposizioko proba bakoitza egin eta kalifikatu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Galarko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa aterako da bi ariketetan lortutako puntuazioak baturik, baina ezinbestekoa izanen da proba biak gaindituta edukitzea.
6.4. Lehiaketaldia.
Izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, oinarri honetan dagoen baremoaren arabera. Soilik baloratuko dira prozesuko lehenbiziko fasea –oposizioaldia, alegia– gainditu duten izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Merezimendu horiek lotuta egon behar dute deialdi honen bidez bete nahi den lanpostuko eginkizunekin.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honen arabera:
6.4.1. Esperientzia. Gehienez ere hogei puntu.
–Zerbitzu anitzetako enplegatuaren postuetako lanetan, administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: bi puntu urte bakoitzeko.
–Argiketari lanetan, administrazio publikoetan edo enpresa pribatuetan emandako zerbitzuak: bi puntu urte bakoitzeko.
Aurreko apartatuan ezarritako merezimenduak frogatzeko, izangaiak aurkeztu beharko ditu lan egindako administrazio publiko, erakunde edo enpresaren ziurtagiriak; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, kontuan hartuko dira bai lan araubidean, bai lan-kontratu administratibo finko nahiz aldi baterakoarekin egindako zerbitzuak, bitarteko nahiz jabetzako lanpostuetan egindakoak.
Denbora-tarte berean administrazio publiko batean baino gehiagotan eman badira zerbitzuak, soilik baloratuko da epealdi luzeena; eta datak bat badatoz, horietako bat bakarrik baloratuko da.
Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.
Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat.
Izangaiak zerbitzuak eman zituen administrazio publikoen, erakundeen edo enpresen ziurtagirietan, hauek jaso beharko dira: lan egindako denbora, zerbitzuen hasiera eta bukaera datak, betetako lanpostua eta lanaldiaren iraupena.
Gehienez ere hogei puntukoa izanen da apartatu honen puntuazioa.
6.4.2. Prestakuntza osagarria. Gehienez ere hamar puntu.
–Sarbidea justifikatzeko aurkeztutako titulazioagatik: 0 puntu.
–Titulazio osagarriagatik (oinarrizko lanbide titulua elektrizitate eta elektronikan, instalazio elektrotekniko eta mekanikoetan eta metalezko elementuen fabrikazioan): bost puntu.
–Titulazio osagarriagatik (goi mailako lanbide titulua mantentze-lan elektronikoetan): bost puntu.
Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, maila handieneko titulua edo ziurtagiria baizik ez da baloratuko.
Gehienez ere hamar puntukoa izanen da apartatu honen puntuazioa.
6.4.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.
6.4.4. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, aurreko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.4.5. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
6.4.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Aurkezten diren frogagiriek aipatu baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute.
6.4.7. Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako behin-behineko puntuazioa Galarko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.
6.4.8. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Galarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
6.5. Ariketa bakoitza egiteko dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Ezarritako moduan nor diren frogatzen ez dutenak edo aurretik zehaztutako egun, ordu eta tokian agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
6.6. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7.–Emaitzak.
7.1. Azken kalifikazioa kalkulatzeko, oposizioaldian lortutako puntuazioa eta lehiaketaldian lortutakoa batuko dira, betiere izangaiak oposizioaldiko bi ariketak gainditu baditu.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen ariketan (proba teorikoan) puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak segitzen badu, bigarren ariketan (praktikoa) lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eta ebatziko da puntuaziorik handiena duenaren alde. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio epaimahaiak berariazko zozketa publiko bakar bat eginen du hura ebazteko.
7.2. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu eta bietako puntuak batu ondotik, epaimahaiak gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du Galarko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Zerrendan, oposizio-lehiaketan guztira lortu den kalifikazioa jasoko da, lortutako puntuazio osoaren ordenaren arabera.
Proba bakoitzaren behin-behineko emaitzak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira, eta bost egun balioduneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko.
Emaitzak ebatzita, epaimahaiak puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko/kontratatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
Proposamen hori epaimahaiburuak argitaratuko du Galarko Udalaren iragarki-taulan, haren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
7.3. Oposizioaldiko bi ariketak gainditu arren plazarik eskuratzen ez duten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan.
8.–Agiriak aurkeztea.
8.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:
–Deialdian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
–Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea. Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, deialdia egin duen erakundeak lanpostuan bete beharreko eginkizunak betetzeko bateragarritasun txostena eskatuko dio Eskubide Sozialetako Departamentuko desgaitasunak baloratzeko arloari.
–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela administrazio publiko batean jarduteko desgaiturik edo gabeturik, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
–Lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko jatorrizko agiriak edo horien kopia autentifikatuak. Agiri horiek ez badira zehatzak edo bat ez badatoz lehenago aurkeztu eta lehiaketaldian baloratu zirenekin, izangaiaren aldeko izendapen-proposamena baliorik gabe geldituko da automatikoki, eta deialditik baztertuko da.
–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
–Langabezian egotearen egiaztagiria (ezinbesteko betekizuna da errelebo kontratua formalizatu ahal izateko).
8.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, horrek deusetan galarazi gabe erantzukizuna eskatzeko aukera, eskabidean faltsukeria egiteagatik.
8.3. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, gainditutakoen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da plaza, aurreko apartatuetan adierazitako moduan.
9.–Izendapena eta kontratazioa.
9.1. Hautapen prozesua bukatu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak aipatutako agiriak ekarri ondotik, alkateak haren izendapena ebatziko du, eta toki erakundeko langile lan-kontratudun finko gisa kontratatuko du lanpostua betetzeko, eta plaza hutsa esleituko zaio.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berak izanen ditu, hala ezartzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
9.2. Izendatzen den izangaiak kontratua sinatu beharko du, eta lanpostuan hasi, izendapenaren ebazpenean adierazitako egunean. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Galarko Udaleko langile lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu.
10.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak eta zerrendaren kudeaketa.
10.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen prozesuan parte hartu ondotik plaza lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.
10.2. Sartzeko hautapenaren epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Galarko alkateak ebazpen bat emanen du honako zerrenda hauek onesteko: probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, batetik, eta lehen ariketan probaren gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda, bestetik.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Galarko Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoan.
Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gainditu bai, baina plazarik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.
10.3. Prozesuan lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
10.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda erabiliko da deialdi honen oinarrietan ezarritakoaren arabera.
10.5. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.
Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
10.6. Sortzen diren beste behar batzuetarako deiak prozedura honen arabera eginen dira:
–Dei egiteko, zorrotz jarraituko zaio lehentasun ordenari, eta plazarik eskuratu gabe gainditu dutenek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aldean, deusetan galarazi gabe kontratua hobetzeko ezarritakoa.
–Dei egiten den unean zerrendetan lan egiteko prest daudenei eginen zaie dei, izangaiari eskaintzaren berri emanez, honako bitarteko hauek erabiliz, hurrenkera honetan eta eskuragarritasunaren arabera:
1. Telefono mugikorra.
2. Telefono finkoa.
3. Telefono mugikorrerako mezularitza (SMS).
4. Posta elektronikoko helbidea.
Horretarako, izangaiek adierazitako zenbaki eta helbideak erabiliko dira, eta haiek arduratu beharko dira etengabe eguneraturik edukitzeaz.
–Iraupen laburrekotzat hartzen diren kontratazioetan, egun berean bi saiakera eginen dira izangaiarekin harremana izateko, ordu desberdinetan, gutxienez ere ordubeteko tartearekin.
–Iraupen luzeko kontratazioetan, bi saiakera eginen dira harremana izateko, bi abisu eginez ordu desberdinetan (gutxienez bi orduko tartearekin), egun baliodun desberdinetan.
Bi kontratazio motetan, eta eskainitako kontratua egunean berean hasten bada edo hurrengo 24 orduetan, dei bakarra eginen da, izangaiak adierazitako komunikazio bitarteko guztien bidez.
Kontratazio unitateak egindako deien berri utziko du.
–Iraupen laburrerako deietan izangaiari 24 ordu balioduneko epea emanen zaio erantzuteko, eta iraupen luzerako deietan bi egun baliodun, eta ulertuko da ezen, denbora hori igarotzen bada erantzunik gabe, eskaintzari uko egin zaiola bidezko arrazoirik gabe.
Premiazko kontratazioen kasuan, eskainitako kontratuaren hasiera hurrengo hiru egun naturalen barruan badago, ez zaio erantzuteko epe hori emanen, eta komunikazioa telefono mugikorraren eta finkoaren bidez eginen da.
–Ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea arestian zehaztutakoari jarraikiz, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte. Halakoetan, lan eskaintza honen gaineko eskubide guztiak galduko dira.
–Baldin, ordenamendu juridikoan jasotako edozein bitartekoren bidez, aldi baterako kontratazio bat deusez deklaratzen bada, zerrendako dei hurrenkerari ez jarraitzeagatik, indarrean den kontratua deuseztatuko da, eta haren ordez kontratatuko da deitua izateko eskubide hobea duena, eta, hori dena, galarazi gabe antzinatasuna aitortzeko eskubidea, ezta, behar denean, bestelako ondorioetarako eskubidea ere.
–Deiak, erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia kasuetan: erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
Lanpostuan sartuko dira erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako edo beste gurasokidearendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.
Horrelakoetan, Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaizkio, erditzea, adopzioa edo harrera gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik, harik eta lanpostuan benetan hasten den egunera arte. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.
–Deia egitean sor daitezkeen bestelako egoera bereziak: Haurdunaldiko bajagatik eta/edo erditzearen lizentziagatik langile bat ordezteko kontratatzen diren izangaiek kontratu bat baino gehiago pilatzen ahalko dituzte bata bestearen atzetik etenik gabe, langilea berriz ordeztu beharra baldin badago edoskitzearen ondoriozko arriskuagatik edo edoskitzealdiak metatzeagatik, edo oporrengatik, bai eta, aipatutako egoera horiek bukatu eta hamabost egun balioduneko epearen barrenean, ordezturiko langilea seme-alabak zaintzeko eszedentzia bereziaren egoerara igarotzen bada.
11.–Datuen babesa.
Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Galarko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).
- DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@cendeadegalar.es).
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
12.–Errekurtsoak.
12.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
12.2. Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetako bat jar daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Getze Galarren, 2025eko azaroaren 28an.–Alkate udalburua, Óscar Amóztegui Recalde.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Galarko udalerria: kaleen, parajeen eta ibaien izena eta kokapena.
2. gaia.–Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa. Kontzeptu orokorrak. Barne instalazioak. Behe tentsioko instalazio elektrikoen osagaiak. Eroaleak eta kableak, motak, izendapena eta koloreak. Karga aurreikuspena eta eroaleen sekzioa. Babesteko elementuak. Gehienez onartzen diren intentsitateak. Aginte eta babes gailu orokorrak eta indibidualak; motak.
3. gaia.–Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa. Gainintentsitateen, gaintentsioen eta kontaktuen aurkako babesak. Definizio orokorra eta hartu beharreko neurriak.
4. gaia.–Parametro elektrikoen neurriak; ekipoak eta funtzionamendu printzipioak: tentsioa, intentsitatea, potentzia eta kontsumoa. Multimetroa, amperemetroa eta sare analizagailua, luxmetroa; funtzionamendua.
5. gaia.–Kanpoaldea argiztatzeko instalazioak: Aireko eta lurpeko sareak. Instalazioen elementuak, osagaiak, materialak eta gauzatzea. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak.
6. gaia.–Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa. Lokal publikoetako instalazioak. Instalazioaren agindu orokorrak, larrialdietako argiak.
7. gaia.–Barnealdeko eta kanpoaldeko argiztapena. Kontzeptu orokorrak, lanpara motak eta erabileraren arabera aukeratzeko irizpideak.
8. gaia.–Makina elektrikoak Transformadoreak, sorgailuak, motorrak. Muntaketa, abiaraztea, babes ekipamenduak eta mantentze-lanak.
9. gaia.–Eguzki instalazio fotovoltaikoa: Instalazioaren elementuak. Martxan jartzeko eta mantentze-lanak egiteko teknikak eta eragiketak.
10. gaia.–Arrisku elektrikoko lanak: 614/2001 Errege Dekretua, ekainaren 8koa, langileen osasuna eta segurtasuna arrisku elektrikoen aurrean babesteko gutxieneko xedapenei buruzkoa.
11. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea.
12. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.
13. gaia.–Lorategiak eta berdeguneak zaintzea eta mantentzea: oinarrizko kontzeptuak. Tresnak: eskuzkoak, elektrikoak eta motordunak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lanak. Ureztatzea, ongarritzea eta inaustea. Ureztatzeko sarearen kontserbazioa: ureztatzeko sareari buruzko oinarrizko ezagutzak, eta ureztatzeko instalazioaren mantentze-lan prebentiboa.
14. gaia.–Aritmetikako, idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.
15. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.
Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.
Iragarkiaren kodea: L2515698
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
