251. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ARANGUREN

Deialdia, barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzeko C mailako bost plaza hauek: mantentze-lanetako ofiziala (hiru), argiteriaren mantentze-lanetako ofiziala (bat) eta mantentze-lan orokorretako ofiziala (bat)

Tokiko Gobernu Batzarrak 2025eko azaroaren 27an hartutako erabaki baten bidez onetsi du C mailako bost plaza oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdia egitea.

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzea C mailako bost plaza hauek Arangurengo Udalean, plantillan lanposturik gehitu gabe: mantentze-lanetako ofizialaren hiru plaza, argiteriaren mantentze-lanetako ofizialaren plaza bat eta mantentze-lan orokorretako ofizialaren plaza bat.

1.2. Prozesu honetarako deia egin da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina). Arangurengo Udaleko plantillako langileentzat da, deialdi honetan eskatzen diren betekizunak frogatzen badituzte.

1.3. Deialdi honen karietara izendatuak diren izangaiak, hautaprobak gainditu ostean betiere, mantentze-lanetako ofizial / argiteriaren mantentze-lanetako ofizial / mantentze-lan orokorretako ofizial izanen dira, C mailakoak, jabetza hartzen dutenetik. Aurretik okupatzen zituzten lanpostuak automatikoki amortizatuko dira, eta, ondorioz, plantilla organikoko lanpostu kopurua ez da handituko.

1.4. Mailaz igotzeko deialdi honetan parte hartzeak ez du, behin ere, langileak barne igoera baino lehen zuen lan araubide juridikoa aldaraziko (funtzionarioen araubidea edo lan-araubidea) eta Gizarte Segurantzako araubide orokorreko afiliazio berari eutsiko dio.

1.5. Ordura arte egiten zituzten lan eta eginkizunetan jardunen dute izendatuek, bai eta haien gain uzten diren beste edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo talde berriarekin bat etorririk.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Arangurengo Udaleko langile finkoa izatea, zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, mantentze-lanetako enplegatuaren lanpostuan.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoaren zerbitzutik kendua ez izatea.

d) Goi mailako batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide heziketakoa edo baliokideren bat izatea, eta frogatzea bost urteko antzinatasun aitortua dutela administrazio publikoetan.

Titulazioaren baldintzaren ordez, kasu honetan (C mailako plaza hutsak) aukeran egonen da zortzi urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoen zerbitzuan, bat etorriz 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.2 artikuluan ezarritakoarekin.

e) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa edukitzea.

f) B1 motako gidabaimena izatea.

2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapenaren unera arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Arangurengo Udalaren erregistro elektronikoan (Udalaren egoitza elektronikoan) aurkeztu beharko dira modu telematikoan, 30 egun naturaleko epearen barnean, deialdi honen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.3. Eskabidearekin batera deialdiaren 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Salbuespena: administrazio kontratatzaileak lehendik dauzkan frogagiriak ez dira atzera aurkeztu behar.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Arangurengo Udalaren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du deialdiko lanpostuak bete gabe uzteko.

Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: José Javier Arguiñáriz Larráyoz, Arangurengo Udaleko Langileriako zinegotzia.

Ordezkoa: Manuel Romero Pardo, Arangurengo Udaleko alkatea.

–Epaimahaikidea: Felix Azparren Uriz, Arangurengo Udaleko Instalazioen Mantentze-lanetako Zerbitzuaren arduraduna.

Ordezkoa: Luis Muriel Santesteban, Arangurengo Udaleko Zerbitzu Anitzetako eta Bideen Garbiketako Alorreko arduraduna.

–Epaimahaikidea: Raquel Reguera Iribarren, Arangurengo Udaleko Langileriako teknikaria.

Ordezkoa: Susana Casimiro Ilincheta, Arangurengo Udaleko kontu-hartzailea.

–Epaimahaikidea: Nora Bengochea Goya, Arangurengo Udaleko enpresa batzordeak izendatua.

Ordezkoa: Elena Díaz Arranz, Arangurengo Udaleko enpresa batzordeak izendatua.

–Idazkaria: Raquel Asiáin Valencia, Arangurengo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Olatz Zabaleta Tellería, Arangurengo Udaleko kudeatzailea.

Kalifikazio epaimahaia berbera izanen da deialdiko plaza guztietarako.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Ariketa izanen da proba teoriko-praktiko bat egitea, berariazkoa deialdi honetako enplegu bakoitzerako (mantentze-lanetako ofiziala, argiteriaren mantentze-lanetako ofiziala eta mantentze-lan orokorretako ofiziala) eta enplegu bakoitzaren egitekoei, atazei eta eginbeharrei buruzkoa (II. eranskinean zehazten dira).

6.2. Oposizioaldiko ariketari gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio. Oposizioko ariketa baztertzailea izanen da. Bazterturik geldituko dira ariketan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.3. Ariketa egin ondoren epaimahaiak Arangurengo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioa zehaztuta. Kalifikazioak argitaratu ondoren bost egun naturaleko epea irekiko da izangaiek alegazioak aurkez ditzaten.

6.4. Deialdi bakarra eginen da probarako, eta izangaiek hara agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala. Bazterturik geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo nor diren frogatzen ez dutenak.

6.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

6.6. Oposizioaldia 2026ko urtarriletik aurrera hasiko da.

Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua.

7.–Proba gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Arangurengo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du gainditutakoen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

7.2. Epaimahaiak deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea edo kontratatzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautapen prozesua bukatutakoan alkate udalburuak, izendapen-proposamena aintzat hartuta, ebazpen bidez izendatuko ditu oposizio-fasea gainditu eta deialdiko lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak, eta bakoitzak izanen duen maila berria zehaztuko du. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuek lanpostuaz jabetu beharko dute, edo lan kontratuaren eranskina formalizatu, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean. Norbait epe horren barnean lanpostuaz jabetzen ez bada, edo lan-kontratua sinatzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den ekintza jakinarazi eta biharamunetik, bi hilabeteko epean, aldez aurretik erabakia hartu duen organoari errekurritzeko asmoa jakinaraziz.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Mutiloan, 2025eko azaroaren 28an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

Deialdia, barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzeko C mailako bost plaza

IZEN-DEITURAK

NANa/AIZa

JAIOTEGUNA

NAZIONALITATEA

EGUNGO HELBIDEA

POSTA KODEA / HERRIA

TELEFONO MUGIKORRA

TELEFONO FINKOA

HELBIDE ELEKTRONIKOA

Desgaitasuna egiaztatzea. (Bidezkoa denean bakarrik).

Desgaitasuna dut, eta eskabidearekin batera frogatzen dut.

Desgaitasuna dut eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Aparteko orri batean).

AZALTZEN DUT:

–Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

–Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan eta ez naizela desgaitua ez eta gabetua ere eginkizun publikoak betetzeko.

–Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

–Arangurengo Udalari eskatzen diodala ofizioz aurkez ditzala 2. oinarriko a) eta b), letretan ezartzen diren baldintzak betetzen ditudala frogatzen duten agiriak.

–2.d.) oinarrian eskatzen den baldintza betetzen dudala frogatzen duen titulazioa aurkezten dudala.

–2.f) oinarrian eskatzen den baldintza betetzen dudala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu dudala.

Hori dena kontuan harturik, ESKATZEN DUT:

Lanpostu hau (markatu X batez lauki egokia) barne oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartzeko:

4.11., 4.12. eta 4.14.

Mantentze-lanetako ofiziala

4.13.

Argiteriaren mantentze-lanetako ofiziala

4.15.

Mantentze-lan orokorretako ofiziala

Mutiloan, 202..........(e)ko ...........................................aren ...........................................(e)(a)n

(Sinadura)

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Mantentze-lanetako ofiziala: berariazko gai-zerrenda.

1. gaia.–Instalazio elektrikoei buruzko ezagutza orokorrak: Zirkuitu elektrikoak, kontsumoak, elementu elektrikoak, neurketak eta matxurak.

2. gaia.–Igerilekuetako operadorea. Indarrean dagoen araudia:

–86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena.

–742/2013 Errege Dekretua, irailaren 27koa, igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituena.

–6/2022 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua aldatzen duena.

3. gaia.–Legionellosia prebenitu eta kontrolatzeko mantentze-lanak. 487/2022 Errege Dekretua, ekainaren 21ekoa, Legionellosia prebenitzeko eta kontrolatzeko osasun baldintzak ezartzen dituena.

4. gaia.–Soinu ekipamenduak erabiltzea. Nahasketa mahaia, mikrofonoak, potentzia etapak eta abar.

5. gaia.–Informatika eta telekomunikazio sareei buruzko ezagutzak. Parametroak, neurketak, konektagarritasuna, wifi sareak eta sare mapak.

6. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: Komunontziak, txorrotak, zisternak, berokuntza zirkuituak, instalazioak betetzea eta purgatzea.

7. gaia.–Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiei aurrea hartzea; norbera babesteko ekipamenduak.

8. gaia.–Aranguren ibarra. Kale-izendegia: herriak eta kaleak. Udalaren eraikinak eta lokalak.

Argiteriaren mantentze-lanetako ofiziala: berariazko gai-zerrenda.

1. gaia.–Barnealdeko eta kanpoaldeko instalazio elektrikoen eta argiteria publikoaren kontzeptu orokorrak. Behe tentsioko instalazio elektrikoen osagaiak. Eroaleak eta kableak, motak, izendapena eta koloreak. Karga aurreikuspena eta eroaleen sekzioa. Babesteko elementuak. Gehienez onartzen diren intentsitateak. Aginte eta babes gailu orokorrak eta indibidualak; motak.

2. gaia.–Gainintentsitateen, gaintentsioen eta kontaktuen aurkako babesak. Definizio orokorra eta hartu beharreko neurriak.

3. gaia.–Parametro elektrikoen neurriak; ekipoak eta funtzionamendu printzipioak: tentsioa, intentsitatea, potentzia eta kontsumoa. Multimetroa, amperemetroa eta sare analizagailua, luxmetroa; funtzionamendua.

4. gaia.–Kanpoaldea argiztatzeko instalazioak. Aireko eta lurpeko sareak. Instalazioen elementuak, osagaiak, materialak eta gauzatzea. Aginte zentroak; babesak eta kontrol tresnak.

5. gaia.–Lokal publikoetako instalazioak. Instalazioaren agindu orokorrak, larrialdietako argiak.

6. gaia.–Barnealdeko eta kanpoaldeko argiztapena. Kontzeptu orokorrak, lanpara motak eta erabileraren arabera aukeratzeko irizpideak.

7. gaia.–Makina elektrikoak Transformadoreak, sorgailuak, motorrak. Muntaketa, abiaraztea, babes ekipamenduak eta mantentze-lanak.

8. gaia.–Eguzki instalazio fotovoltaikoa: Instalazioaren elementuak. Martxan jartzeko eta mantentze-lanak egiteko teknikak eta eragiketak.

9. gaia.–Soinu ekipamenduak erabiltzea. Nahasketa mahaia, mikrofonoak, potentzia etapak eta abar.

10. gaia.–Informatika eta telekomunikazio sareei buruzko ezagutzak. Parametroak, neurketak, konektagarritasuna, wifi sareak eta sare mapak.

11. gaia.–Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiei aurrea hartzea; norbera babesteko ekipamenduak.

12. gaia.–Aranguren ibarra. Kale-izendegia: herriak eta kaleak. Udalaren eraikinak eta lokalak.

Mantentze-lan orokorretako ofiziala: berariazko gai-zerrenda.

1. gaia.–Instalazio elektrikoei buruzko ezagutza orokorrak: Zirkuitu elektrikoak, kontsumoak, elementu elektrikoak, neurketak eta matxurak.

2. gaia.–Berokuntzaren eta klimatizazioaren kontzeptu orokorrak. Ekoizteko eta banatzeko sistemak. Mantentze-lanak eta matxurak.

3. gaia.–Suteetatik babesteko instalazioak, suteetarako segurtasunari buruzko oinarrizko dokumentuaren arabera. Suarekiko egonkortasuna eta suarekiko erresistentzia. Ebakuazio bideak. Konpartimentazioa. Babes pasiboko elementuak. Babes aktiboko elementuak.

4. gaia.–Hornidurako eta saneamenduko sistemak. Kontzeptu orokorrak. Instalazioen elementuak.

5. gaia.–Eraikinak gasez hornitzea. Oinarrizko kontzeptuak. Segurtasun sistemak.

6. gaia.– Aireztapen sistemak: oinarrizko kontzeptuak.

7. gaia.–Soinu ekipamenduak erabiltzea. Nahasketa mahaia, mikrofonoak, potentzia etapak eta abar.

8. gaia.–Informatika eta telekomunikazio sareei buruzko ezagutzak. Parametroak, neurketak, konektagarritasuna, wifi sareak eta sare mapak.

9. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: Komunontziak, txorrotak, zisternak, berokuntza zirkuituak, instalazioak betetzea eta purgatzea.

10. gaia.–Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiei aurrea hartzea; norbera babesteko ekipamenduak.

11. gaia.–Aranguren ibarra. Kale-izendegia: herriak eta kaleak. Udalaren eraikinak eta lokalak.

Oharra: Gai guztiak eskatuko dira deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2515787