1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
435E/2025 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizpena ematen baita San Adriango udal mugartean aurrez prestatutako jakiak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena amoniako-hotzaren instalazio berria ezartzea, ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Instalazioaren titularra General Mills San Adrián SL da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 28ko 324E/2015 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 23ko 406E/2025 Ebazpenaren bidez aldatua.
2025-09-03an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi du, amoniako-hotzaren instalazio berri bat ezartzeko, hau da, egungo hotz-instalazioaren ordez amoniakoa oinarri duen instalazio bat jartzea, zeina energia aldetik gaur egungo sistema baino efizienteagoa izanen baita.
Ikusirik industria-instalazioa aldatzeko proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honen iritziz aldaketa hori ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena da, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Izan ere, ez dakar berekin aipatutako erregelamenduaren artikulu horretan ezarritako inguruabarretatik bat ere, ez eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako inguruabarretatik bat ere (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
Nolanahi ere, aldaketa ez-funtsezko eta ez-nabarmen hori egiteko proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren testua aldatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Bestalde, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aldaketa-proiektuak ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, ez baita proiektu independente bat, dagoeneko eginda dagoen jatorrizko proiektu baten aldaketa baizik, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horren 2. puntuko c) letran zehaztutako handitzerik edo ukipenik.
Aldaketa horren ondorioz, ur kontsumoa %20 handituko da: 375.209 m³/urte izatetik 450.309 m³/urte izatera. Igoera hori kontuan hartuko da etorkizuneko aldaketen ondorioz kontsumoak eta isurketak metatzearen ondorioetarako, aldaketa funtsezkoaren gaineko irizpena emateari begira.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da. Tramite horretan, titularrak ohartarazpen batzuk aurkeztu ditu, eta, horiei esker, ingurumen baimen integratuaren I. eranskinaren testua egokitu ahal izan da. Gainera, zenbait alegazio egin ditu, eta horien zerrenda eta emandako erantzunak ebazpen honen eranskinean daude jasota.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Irizpena ematea San Adriango udal mugartean aurrez prestatutako jakiak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena amoniako-hotzaren instalazio berria ezartzea, ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Instalazioaren titularra General Mills San Adrián SL da.
Bigarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), titularrak aurreikusitako proiektua gauzatzen ahalko du. Halere, horrek ez du esan nahi tramitatu behar ez direnik dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk.
Hirugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Laugarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen integratuaren testua aldatzea, bertan sartuz ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau General Mills San Adrián SLri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko azaroaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2515564