Iragarkia
25. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
72/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena basogintzako ingeniari teknikoen lau lanpostu betetzeko, oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko.
Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan sartu ziren, besteak beste, basogintzako ingeniari teknikoen lanpostu huts batzuk, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 3511/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basogintzako ingeniari teknikoen lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.
Eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 13ko 4277/2024 Ebazpenaren bidez, bete gabe deklaratu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basogintzako ingeniari teknikoen lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko prozedura.
Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basogintzako ingeniari teknikoen lau lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basogintzako ingeniari teknikoen lau lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 13an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.
DEIALDIA, BASOGINTZAKO INGENIARI TEKNIKOEN LAU LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
Honako hauek dira deialdiaren:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basogintzako ingeniari teknikoen lau lanpostu oposizio bidez betetzea. Lanpostuak funtzionario araubidekoak dira, B mailakoak. Lanpostu zenbakiak, betebeharrak eta destinoak ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira.
1.2. Lau lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
–2 lanpostu txanda irekian.
–2 lanpostu igoera txandan.
1.3. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Basogintzako ingeniari teknikoen lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen graduko titulu unibertsitarioa edo Basogintzako Ingeniaritza Teknikoko titulu unibertsitarioa izatea, edo baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.
d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Txanda honetako izangaiek honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.
Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
2.1.3. Gidabaimena izatea eskatzen duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, nabigazio bide honi jarraituz: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Herritarrentzako enplegu deialdiak", deialdi honen fitxan sartuta.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Funtzio publikoan sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da.
Telematikoki ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta ez badute baimenik ematen langabezia egoera kontsultatzeko, kasu horretan bakarrik, aurkeztu beharko dute behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, aurrekoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.
Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak bazter gelditzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: José Fermín Olabe Velasco jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko epaimahaiburua: Enrique Eraso Centelles jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Elena Baeza Oliva andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoak Kudeatzeko Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Gregorio Oyaregui Arriada jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Ondarearen Bulegoko burua.
–Epaimahaikidea: Cristóbal Molina Terrén jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurune Naturaleko Plan eta Programen Bulegoko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Mikel Repáraz Chacón jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoko Suteei Aurrea Hartzeko Bulegoko burua.
–Epaimahaikidea: Ramón Ismael García Muñoz jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: Carlos García Íñiguez jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.
–Epaimahaikide idazkaria: Salomé Hernando Chicote andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: María Yolanda Val Hernández andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Naturaguneen Bulegoko burua.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2025eko irailetik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.
6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehenbiziko proba:
Teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 80 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba hau egiteko.
Kalifikazioa: Proba honi dagokion puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
6.3.2. Bigarren proba:
Teorikoa izanen da. Ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako zati espezifikoaren II. zatiko bi gai garatu beharko dira, idatziz. Horretarako, kalifikazio epaimahaiak bi gai aukeratuko ditu zozketa bidez, eta izangaiek horietako bat bakarrik garatu beharko dute, norberak aukeratzen duena.
Proba idatzi hori egiteko hiru ordu izanen dira gehienez.
Proba horri dagokion puntuazioa 40 puntukoa izanen da gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
6.3.3. Hirugarren proba:
Teoriko-praktikoa izanen da. Epaimahaiak proposatuko dituen hamar galdera erantzun beharko dira, idatziz. Galderak ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako zati espezifikoaren II. zatiko gaiekin lotuak eta lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei buruzkoak izanen dira.
Proba idatzi hori egiteko hiru ordu izanen dira gehienez.
Hirugarren proban 40 puntu lortzen ahal dira gehienez. Galdera bakoitzean gehienez 4 puntu lortzen ahalko dira.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, galderaren batean zero puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.
6.4. Bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.
6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko, eta egin daitezen lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak.
7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehenengo proban eta bigarrenean lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
–Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.
–B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia, betebehar hori duen lanpostua eskuratu nahi izanez gero.
8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautapen ekitaldirako deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, lanpostu hutsak eskuratzeko.
8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Era berean, hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik lanpostu hutsak hautatzeko, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena lehenestea.
Hautaprobak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren lanpostu hutsak aukeratzeko txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopuruan sartzen ahal direnak.
Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.
9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:
A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanpostuaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta honek aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.
9.6. Izangairen batek ez badu lanpostua hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen prozesuari uko egiten badio, edo betetzen ez baditu lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio organo eskudunak haren baja beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.
Aurreko ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak.
10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostu hutsen esleipena ere eginen da.
10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.
Aipatutako epean izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.
10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostuak.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.
12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.
12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.
Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.
12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren betebeharrak.
Eskatutako betebeharrak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Zati orokorra
1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: atariko titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.
3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.
4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedurak eta ebazpenak.
6. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa: Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
8. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio publikoetako organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.
9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".
10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak.
11. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio egintzak: administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.
12. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearaztea. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
13. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
14. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.
15. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: IV. titulua: Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
17. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
18. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
Zati espezifikoa
I. zatia.
1. gaia.–13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoa: egitura eta edukia. Tokiko, autonomia erkidegoko eta Estatuko administrazioen eskumenak basogintzaren arloan.
2. gaia.–Ingurumena eta garapen jasangarria: Agenda 2030. Printzipioak, helburuak eta aplikazioa Nafarroan. Ekonomia zirkularra: kontzeptu-esparrua. Europako Batzordearen Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Plana. Ekonomia zirkularra Nafarroan garatzeko Agenda 2030 (ECNA 2030): helburuak, egitura, gobernantza, jarraipena eta finantza-baliabideak.
3. gaia.–Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena. Europar Batasuneko legedia biodibertsitateari buruz: hegaztiei eta habitatei buruzko zuzentarauak. Haien aplikazioa Nafarroan. Natura 2000 Sareko eremuak Nafarroan. Natura 2000 Sareko kudeaketa planak Nafarroan: egitura eta edukiaren azterketa.
4. gaia.–42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa: egitura eta edukia. 9/1996 Foru Legea, ekainaren 17koa, Nafarroako Naturaguneei buruzkoa: egitura eta edukiaren azterketa. Naturagune Babestuen Sarea Nafarroan. Babesgune eta babes figura mota bakoitzaren ezaugarriak.
5. gaia.–2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Basa-fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzkoa: egitura eta edukiaren azterketa.
6. gaia.–Faunaren eta floraren katalogoak eta erregistroak. Flora eta fauna espezie babestuak Nafarroan. Nafarroako natura monumentuak. Espezie exotiko inbaditzaileak Nafarroan: kudeaketa eta kontrol neurriak.
7. gaia.–21/2023 Foru Legea, abenduaren 26koa, Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzkoa. Egitura eta edukiaren azterketa.
8. gaia.–17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari buruzkoa, eta haren aldaketak: ehiza kudeatzeko oinarrizko arauak eta salbuespenezko baimenak. Ehiza antolatzeko planak: planen edukia, ehiza inbentarioa, aprobetxamenduen eta hobekuntzen plana eta errolda motak.
9. gaia.–Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoa (NPEPE) Nafarroako Foru Komunitatean. Europako araudia, NPEPEri dagokionez. Basogintzaren eta ingurumenaren arloko neurriak NPEPEren esparruan.
10. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. Egitura eta edukiaren azterketa.
11. gaia.–4/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzkoa. Egitura eta edukiaren azterketa. Nafarroaren ekarpena klima aldaketari buruzko nazioarteko konpromisoari. KLINA: Nafarroako abiaburuko egoera, helburuak, jarduketa-ildoak eta neurriak, konpromisoak eta adierazleak.
12. gaia.–Ingurumen arloko informaziorako sarbidea: Aarhusko Hitzarmena. Parte-hartzea ingurumen kudeaketan. Europar Batasuneko araudia. 27/2006 Legea, uztailaren 18koa, ingurumen arloan informazioa eskuratzeko eskubideak arautzen dituena.
II. zatia
1. gaia.–Nafarroako ingurune naturalaren sinopsia. Geografia fisikoa. Geologia. Edafologia. Klimatologia. Biogeografia.
2. gaia.–Babes mendiak. Onura publikoko mendien katalogoa. Nafarroako Baso Agenda: helburuak, ardatzak eta neurriak.
3. gaia.–Basoak eta basogintzaren sektorea munduan eta Europan. FAOren eta UNECEren aurrera begirako ikuspegiak. Ingurumenaren arloko Europar Batasunaren ekintza programak eta horiek baso-politikan duten eragina. Europako baso-estrategia. Gai honi buruzko nazioarteko hitzarmenak. EUDR eta FLEGT.
4. gaia.–Natura baliabideak antolatzeko planak (NBAPak) eta Erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak (EKPZak). Bi plangintza mota horien arteko desberdintasunak eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak. Haien aplikazioa Nafarroan. Kontserbazio bereziko eremuak kudeatzeko planak Nafarroan: ezaugarri nagusiak, indarraldia eta aldaketa.
5. gaia.–Ehiza larriko espezieen kudeaketa: oreina, orkatza eta basurdea. Biologia, ekologia, populazioen ebaluazioa. Produktibitatea. Habitataren ahalmenaren estimazioa. Kalteak. Ehizaren kudeaketa.
6. gaia.–Ehiza xeheko espezieen kudeaketa: eperra, erbia eta untxia. Biologia, ekologia, populazioen ebaluazioa. Produktibitatea. Habitataren ahalmenaren estimazioa. Hibridazioak. Kalteak. Ehizaren kudeaketa.
7. gaia.–Espezie migratzaileen kudeaketa: usoa, usapala, oilagorra eta galeperra. Biologia, ekologia, estatusa. Populazioen egoeraren eta joeren ebaluazioa. Produktibitatea. Migrazioa. Ehizaren kudeaketa.
8. gaia.–Ehiza antolatzeko planak. Planen edukia. Ehizaren inbentarioa. Errolda motak. Plangintza. Aprobetxamenduen eta hobekuntzen plana.
9. gaia.–Arrantzaren kudeaketa: arrantza kudeatzeko oinarrizko arauak. Arrantza eskualdeak, espezie arrantzagarriak. Arrantza agertokiak. Salmonidoen antolaketa eta kudeaketa Nafarroan. Arrantzaren antolaketa eta kudeaketa eskualde ziprinikolan.
10. gaia.–Kartografia, aireko fotografia, ortoargazkiak eta fotointerpretazioa. Informazio geografikoko sistemak (GIS), teledetekzioa eta posizionamendu globaleko sistema (GPS). Horien aplikazioa basogintzaren eta ingurumenaren arloan.
11. gaia.–Fagus sylvatica Nafarroan. Halako basoen garrantzia, osaera eta banaketa. Espeziearen hazkuntzaren ezaugarri nagusiak. Basogintza. Haren zuretik lortzen diren produktuak.
12. gaia.–Quercus robur eta Q. petraea espezieak Nafarroan. Halako basoen garrantzia, osaera eta banaketa. Espezie horien kultur ezaugarri nagusiak. Basogintza. Quercus faginea, Quercus pubescens eta Quercus ilex espezieak Nafarroan, haien masak kudeatzeko proposamenak.
13. gaia–Pinus sylvestris eta Pinus nigra espezieak Nafarroan. Halako basoen garrantzia, osaera eta banaketa. Espezie horien kultur ezaugarri nagusiak. Basogintza. Pinus halepensis espeziea: banaketa eta haren masak kudeatzeko proposamenak.
14. gaia.–Nafarroan dauden beste konifero batzuk: Abies alba, Pseudotsuga menziesii, Larix sp., Picea abies eta Sequoia sempervirens espezieak: haien masen banaketa eta garrantzia, kultur ezaugarri nagusiak. Kudeaketa proposamenak. Nafarroako basoberritzeetan erabil daitezkeen konifero alternatiboak.
15. gaia.–Castanea sativa: espeziearen hazkuntzaren ezaugarri nagusiak. Banaketa. Nafarroan egindako esperimentazioa eta aurrera begira erabiltzeko aukerak. Egur baliotsuko beste espezie batzuk Nafarroan: Fraxinus excelsior, Acer pseudoplatanus, Acer campester, Prunus avium eta Juglans regia. Banaketa. Hazkuntzaren ezaugarri nagusiak. Kudeaketa proposamenak.
16. gaia.–Ibarbasoak Nafarroan: basoak osatzen dituzten baso-espezie nagusiak, banaketa eta kudeaketa proposamenak. Populikultura. Nafarroan erabiltzen diren klonen ezaugarriak. Landatze lanak, basoen tratamenduak eta makaldien kontserbazioa. Mozteko irizpideak.
17. gaia.–Zuhaixkak eta sastrakadiak Nafarroan. Espezie nagusiak. Haiekin lotutako intereseko habitatak. Egungo erabilerak eta erabilera potentzialak.
18. gaia.–Larre naturalak Nafarroan. Lekadunen eta gramineoen espezie nagusiak larre naturaletan. Haiekin lotutako intereseko habitatak. Egungo erabilerak eta erabilera potentzialak.
19. gaia.–Nafarroako mendietan kontuan hartu beharreko agente patogeno biotikoak: garrantzia, kalteak, kontrolerako metodoak. Nafarroako Ebaluazio Fitosanitarioko Sarea.
20. gaia.–Goi mendietako fauna: basoilarra, hontz boreala, eper zuria, eper grisa eta sarrioa. Deskribapen laburra, eskakizun ekologikoak eta haien habitaten kudeaketa.
21. gaia.–Basoetako fauna: pizidoak: okil gibelnabarra eta okil ertaina. Kiropteroak: Barbastella barbastellus. Mikrougaztunak: muxar grisa. Hartz arrea. Anfibioak: baso-igel jauzkaria. Deskribapen laburra, eskakizun ekologikoak eta haren habitaten kudeaketa.
22. gaia.–Estepako fauna: basoilo handia, atalarra, ganga eta ganga azpibeltza. Deskribapen laburra eta eskakizun ekologikoak. Haien habitaten maneiu integrala. Habitata narriatzeko kausa nagusiak eta zuzenketa.
23. gaia.–Hegazti harrapariak: ugatza, bonelli arranoa, miru gorria, aztorea eta urubia. Deskribapen laburra eta eskakizun ekologikoak. Arrisku faktoreak eta kontserbatzeko lan-ildoak Nafarroan.
24. gaia.–Ibaien morfologia: ibaien sailkapena, goitik begiratuta dituzten formak, ibaiaren geometria hidraulikoa, emari nagusia, landarediaren zeregin morfologikoa, ibai-hondoaren oreka.
25. gaia.–Arroen plangintza agrohidrologikoa. Lurzoruaren higadura. Faktore erabakigarriak. Arroen birgaitzea. Ibarbasoak babesteko eta birgaitzeko obrak. Suteen ondoko jarduketak.
26. gaia.–Arro hidrologikoa. Arro baten parametro fisikoak. Drainatze sarearekin lotutako parametro fisikoak. Prezipitazioa, infiltrazioa, lurrunketa eta isurketa. Landarediak faktore horietan duen eragina. Kurba zenbakiaren eta Témezen metodoak.
27. gaia.–Hidrologia: hidrograma aztertzea, prezipitazioen banaketa, hietogramaren eta isurketaren osagaiak, hidrogramaren forma, osagaien bereizketa, hidrograma unitarioaren metodoa, hidrograma unitario sintetikoak, metodo arrazionala.
28. gaia.–Higadura zuzentzeko hidrotekniak: zeharkako eta luzetarako obrak. Ubideratzeak: helburuak eta ondorioak, oinarrizko parametroak, kai-muturrak, zeharkako dikeak, bazterren babesa.
29. gaia.–Hazkundeen definizioa baso-masetan. Zurgaien produktibitatearen estimazioa. Produkzio taulak. Produkzio taulak egin eta erabiltzea. Eredu dinamikoak.
30. gaia.–Baso-masen azterketa: inbentario kuantitatiboa. Oinen zenbaketaren bidezko inbentarioa. Laginketa bidezko inbentarioa. Laginketa motak. Populazioa eta lagina. Aldagaiak eta laginaren tamaina. Laginketa eremuak. Laginketa-erroreak eta emaitzen baliozkotasun maila.
31. gaia.–Baso garai irregularra. Baso garai irregularren tratamenduak: oinez oinekoak eta zuhaiztika egiten direnak. Espezieak, baldintzak eta aplikatzeko prozedurak.
32. gaia.–Mendietako basogintza. Mediterraneoko basogintza eta suteen kontrako basogintza prebentiboa. Baso zaharrak lehengoratu eta mantentzeko basogintza.
33. gaia.–Baso garai erregularra eta erdierregularra. Birsortzeko mozketak. Hasierako bakanketak. Tarteko bakanketak: helburua, motak, aplikazioa, pisua, txandaketa eta intentsitatea. Inausketa artifiziala.
34. gaia.–Baso-plangintza. Plan orokorra: zehaztu beharreko baso-ezaugarriak eta ezaugarri dasokratikoak, mozteko irizpideak, lehengoratu beharreko azalera zehaztea. Plan berezia: aprobetxamenduak, hobekuntzak eta erabilera planak, balantze ekonomikoa. Unaden araberako antolamendua: abantailak eta desabantailak, antolamendu sistema honen baso-ezaugarriak eta ezaugarri dasokratikoak.
35. gaia.–Baso-aprobetxamenduak eta zuraren industria: zurgaietarako ekoizpenaren merkatua eta haren komertzializazioa Nafarroan eta inguruan: eskaintza, eskaera, espezieak, besterentzeko moduak. Baso-kudeaketa jasangarriko ziurtapen sistemak. Nafarroako baso-aprobetxamenduen estatistikak.
36. gaia.–Basogintzako industriak. Lehenbiziko eraldaketako industria. Errematatzaileak eta zerrategiak. Azpisektoreak Nafarroan duen hedadura. Industria motak. Produktu motak eta makineria. Segurtasuna eta osasuna basolanetan: Araudia. Berezitasunak.
37. gaia.–Basogintzako industriak. Bigarren eraldaketako industria eta papergintzako industria. Azpisektoreak Nafarroan duen hedadura. Industria motak. Produktu motak eta makineria.
38. gaia.–Zurezko zenbait produktu: egitura-taula kontralaminatuak (CLT), taula laminatuak (LVL), txirbil-taulak (OSB, LSL). Bakoitzaren ezaugarriak. Horiek erabiltzearen alde onak eta txarrak. Bakoitzerako erabiltzen diren espezieak.
39. gaia.–Dendroenergia. Basoko produktuen eta hondakinen aprobetxamendu bioenergetikoa Nafarroan. Sistemak, industria prozesuak, sektorearen ezaugarriak. Egungo egoera eta aukera potentzialak.
40. gaia.–Basoen ustiapena: aprobetxamenduen faseak, bitartekoak eta metodoak. Basoko makineriaren eragina mendi-lanetan. Basoko makineria mendian erabiltzeko murrizketak, alternatibak. Baso-aprobetxamenduak arautzeko agiriak.
41. gaia.–Basoko bideak: Basoko bide motak. Bidearen zeharkako sekzioa. Luzetarako profila. Kargalekuak. Lur-berdinketa. Basogintzarako zoruak. Fabrika-obrak. Bideen eraikuntzan erabilitako makineria. Lanen gutxi gorabeherako kostuak.
42. gaia.–Baso-suteak: Suteen kausak. Ahalbidetzen dituzten egoerak. Suteen ondorioak. Suteen ondoren basoak lehengoratzeko estrategiak Nafarroan.
43. gaia.–Baso-suteak. Sua: motak, hedapen motak eta faktoreak. Arrisku indizeak. Lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duen Estatuko eta Nafarroako araudia, Nafarroan baso-suteak prebenitze aldera.
44. gaia.–Basoberritzeak. Baso-landarea sustrai hutsean eta ontzian landatzea. Ugalketarako baso-materialen merkaturatzea eta kanpoko kalitatea, arreta berezia jarriz Nafarroan erabiltzen diren espezieei. Jatorri-eskualdeak, Nafarroako basoberritzeari dagokionez.
45. gaia.–Basoberritzea gauzatzea: landarediaren aurretiazko tratamenduak, lurzorua prestatzea, landaketa, ereintza eta zaintza osagarriak.
46. gaia.–Mendiak ematen dituen mozkinak. Zuzeneko mozkinak. Aprobetxamendu tradizionalak. Zeharkako mozkinak. Kanpoko alderdiak eta ingurumenaren balorazioa. Zerbitzu ekosistemikoak. Mozkinak baloratzeko metodo modernoak. Mendien errentagarritasun finantzarioa eta errentagarritasun ekonomikoa. Kostuen eta mozkinen azterketa. Itzulerako barne-tasa.
47. gaia.–Espezie exotiko inbaditzaileen arloko araudia. Nafarroan dauden espezie exotiko inbaditzaile nagusiak. Kalte nagusiak: ingurumenaren gainekoak eta sozioekonomikoak.
II. ERANSKINA.–BASOGINTZAKO INGENIARI TEKNIKOEN LANPOSTU HUTSAK
LANPOSTU ZK. | DEPARTAMENTUA | ATXIKIPEN ESPARRUA | ARAUBIDE JURIDIKOA | HERRIA | GIDABAIMENA |
6096 | LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEP. | INGURUMEN ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | B |
6612 | LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEP. | INGURUMEN ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | B |
10564 | LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEP. | INGURUMEN ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | B |
10565 | LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEP. | INGURUMEN ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | B |
Iragarkiaren kodea: F2500703
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
