1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
27/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zuzentzen baita urtarrilaren 16ko 21/2025 Ebazpenean atzemandako akatsa. Ebazpen horren bidez iragarri zen lekualdatze-lehiaketa, Justiziako Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako funtzionarioen artean lanpostu hutsak betetzeko.
Akats bat atzeman da aipatu ebazpenaren hirugarren oinarriko 2. puntuan (Autonomia erkidegoko bertako hizkuntza ofiziala hitz egiten eta idazten jakitea) eta zuzendu egiten da, Administrazio Publikoen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Zuzentzea urtarrilaren 16ko 21/2025 Ebazpenaren hirugarren oinarriko 2. puntuan (Autonomia erkidegoko bertako hizkuntza ofiziala hitz egiten eta idazten jakitea) atzemandako akatsa. Hauek dira zuzenketak:
–Honela dioen tokian:
2. Autonomia erkidegoko bertako hizkuntza ofiziala hitz egiten eta idazten jakitea. Berezko hizkuntza ofiziala duten autonomia erkidegoetako lanpostuetan, haren ahozko eta idatzizko ezagutzak –behar bezala egiaztatua autonomia erkidegoko egiaztagiri ofizialaren bitartez edo aurkeztutako tituluaren eta tituluko mailaren homologazioaren bitartez– 12 puntu bitarte eskuratzeko eskubidea ematen du, frogatutako ezagupenen mailaren arabera, honako honi jarraikiz:
2.1. Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren esparruan:
1.–B2 mailako ziurtagiria edo baliokidea: lau puntu.
2.–C1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: zortzi puntu.
3.–C2 mailako ziurtagiria edo baliokidea: hamabi puntu.
Hizkuntzaren ezagutza frogatzen duten egiaztagiriak aurkeztuko dira Izena emateko Laguntzaren Esku-liburuaren 3.6 puntuan jasotako kasuetan. Laguntzaren Eskuliburuak lehiakideari hizkuntza maila bat proposatuko dio, Ministerioak aurreko lehiaketetatik erregistratuta duena. Baliteke ezer ez proposatzea, ez badago daturik erregistratuta. Maila bat proposatzean, ez bada aldatu ez da dokumentazio berririk aurkeztu beharko.
Baina beste maila edo hizkuntza bat hautatuz gero, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko da. Maila edo hizkuntza aldatu baina ez bada dagokion egiaztagiria aurkezten, ez da aintzat hartuko.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzeko eguna izanen da merezimenduak baloratzeko erreferentzia. Ziurtagiri horiek ezin dira metatu. Hortaz, lehiakideak maila bateko baino gehiagoko tituluak baldin baditu, maila gorenekoa bakarrik baloratuko da.
–Honela behar du:
2. Nafarroako Foru Komunitateko bertako hizkuntza ofiziala hitz egiten eta idazten jakitea. Lanpostuak kokatuta baldin badaude Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluak zehazten dituen eremu euskaldunean eta mistoan, euskara ahoz eta idatziz jakiteak, hori behar bezala frogatzen bada Nafarroako Foru Komunitateko ziurtagiri ofizialaren bidez edo aurkeztutako titulua eta tituluari dagokion maila homologatuz, gehienez hamabi puntu aitortzea dakar ondorio horietarako soilik, frogatutako ezagutza mailaren arabera, honela:
1.–B1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: lau puntu.
2.–B2 mailako ziurtagiria edo baliokidea: zortzi puntu.
3.–C1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: hamabi puntu.
Hizkuntzaren ezagutza frogatzen duten egiaztagiriak aurkeztuko dira Izena emateko Laguntzaren Esku-liburuaren 3.6 puntuan jasotako kasuetan.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzeko eguna izanen da merezimenduak baloratzeko erreferentzia. Ziurtagiri horiek ezin dira metatu. Hortaz, lehiakideak maila bateko baino gehiagoko tituluak baldin baditu, maila gorenekoa bakarrik baloratuko da.
2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 28an.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.
Iragarkiaren kodea: F2501386