25. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

21/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, lekualdatze lehiaketarako deialdia egiten duena Justiziako Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako funtzionarioen artean.

Justizia Zuzendaritza Nagusiak xedatu du deialdia egitea Justizia Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletan Nafarroako Foru Komunitateak kudeatzen duen lurralde eremuan eta aurrekontu zuzkidura duten Justizia Administrazioan dauden lanpostu hutsak betetzeko lekualdatze lehiaketarako. Hori guztia bat etorriz Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren VIII. tituluan ezarritakoarekin eta Justiziako Administrazioko funtzionarioak funtzio publikoan sartzeko, lanpostuak betetzeko eta lanbidean igotzeko Erregelamenduaren 43. artikuluarekin eta ondokoekin eta xedapen indargabetzaile bakarrarekin (erregelamendu hori abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horregatik guztiagatik, I. eranskinean zerrendatzen diren lanpostu hutsak honako oinarri hauen arabera beteko dira:

OINARRIAK

Lehena.–Eskatzen ahal diren lanpostuak.

1. Parte hartzen duten funtzionarioek I. eranskineko lanpostuetako edozein eskatzen ahal dute, baldin eta deialdi honetan eskatzen diren baldintza orokorrak eta baldintza zehatzak betetzen badituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako, eta guztiei eusten badiete lehiaketa behin betiko ebatzi arte, destinoko herria dela-eta mugarik izan gabe.

2. Lanpostu huts horiek organo judizialaren hurrenkera zenbakiaz identifikatuko dira. Organo judizial baten hurrenkera zenbakia eskatuta, ulertzen da organo horretan dauden eta hurrenkera zenbaki horretarako iragarri diren kidegoko lanpostu huts guztiak eskatzen direla, bai eta prozesuaren ondorioz sortzen direnak ere, iragartzen badira.

3. Lehiaketa hau ebaztearen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak ere eskatzen ahalko dituzte, eskainitako lanpostuei gehituko baitzaizkie prozesuaren ondoriozko lanpostu gisa, salbu eta behin-behinekoz atxikitako funtzionario titularrek betetzen badituzte, non ez diren amortizatu nahi, plantilla organikoa aldatzeko edo langileak birkokatu edo berrantolatzeko proiektua dela eta, edo organo judizial batek atxikia duen langile zuzkidura gaindituta badago funtzionario titular bat edo gehiagorekin, kasu horretan ez baita prozesuaren ondoriozko lanposturik sortuko kasuan kasuko kidegoaren lanpostuei dagokionez. Era berean, ez da prozesuaren ondoriozko lanposturik sortuko deialdi honetan lanpostu batean behin-behineko atxikipena duten funtzionarioek deialdian parte hartu eta lanpostu bat behin betiko lortu ondoren uzten dituztenekin. Lanpostu hutsak eta prozesuaren ondoriozkoak tarteka eska daitezke.

Bakar-bakarrik prozesuaren ondoriozko lanpostu gisa iragartzen diren lanpostuak ere organo judizialaren hurrenkera zenbakiaz identifikatu beharko dira. Organo judizialaren hurrenkera zenbakia eskatuta, ulertzen da dagokion kidegoko hurrenkera zenbaki horretarako prozesuaren ondorioz hutsik gera daitezkeen lanpostu guztiak ere eskatzen direla.

Ez dira prozesuaren ondoriozko lanpostutzat hartuko honekin batera egiten diren beste lehiaketa batzuetan funtzionario parte-hartzaileek bete gabe uzten dituzten lanpostuak.

Lehiaketako parte-hartzaileek lehiaketa ebatzi ondoren prozesuaren ondorioz sortutako lanpostuak eskatzeko eskubideaz baliatu ahal izateko, zerrenda bat jarriko da ikusgai, agindu hau argitaratzen denetik eskaerak aurkezteko epea amaitu bitarte, Justizia Ministerioaren web-orrian (www.mjusticia.gob.es) eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak hartzeko eskumena eskualdatua duten autonomia erkidegoetako departamentu eskudunetan. Zerrenda horretan, deialdian iragarritakoen izaera bera duten Justizia Administrazioaren organo judizialak, fiskalak eta zerbitzuak agertuko dira, eskatzen ahal direnak, organo horien hurrenkera zenbakia adierazirik.

Parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute beren eskabidean zehazten dituzten deialdiko hurrenkera zenbakiak lehiaketa honetarako argitaratu direnekin bat datozela, bai I. eranskinean bai prozesuaren ondoriozko lanpostuetan, beste lehiaketa batzuetako kodeak eman ditzaten saihesteko.

4. Zenbait lanpostutan agertzen diren EAI siglek esan nahi dute organo judizial horiek, arlo zibileko eta zigor-arloko eginkizunekin batera, emakumeen aurkako indarkeriaren gainekoak ere hartuko dituztela beren gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2005eko ekainaren 22an egindako osoko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz (2005-6-28ko Estatuko Aldizkari Ofiziala). Hona hemen Izena eta ONN izeneko zutabeetako gainerako siglen esanahia: BL (biktimentzako laguntza); E (espetxea); DB (dedikazio berezia); GU (guardiak); OB (ordutegi berezia); AM (auzitegiko medikuntza), ORD. PROB. ADM. (ordezkaritza probintzialetako administrariak).

5. Urteko lehiaketa orokorraz gainera ondoriozko lanpostuak betetzekoa ere den lehiaketa honetan, lanpostu hutsak eta ondoriozkoak kontuan hartuz eskatzen ahal den organo judizialen gehieneko kopuruak ezin izanen du 200 hurrenkera zenbakia gainditu, ulerturik hurrenkera zenbaki bakoitzak organo judizialaren lanpostu guztiak hartzen dituela, bai lanpostu hutsak bai ondoriozkoak ere, horrelakorik badago. Muga hori abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 42. artikuluak baimentzen duen ahalmenarekin bat ezartzen da, lehiaketa arintzeko, funtzionario askok hartuko baitute parte, eta hiru kidego edo eskalak ukitzen dituen lehiaketa orokorra denez, Justizia Ministerioak eta langileak eta baliabideak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoek izenpetutako esparru hitzarmenean xedaturikoarekin bat.

6. Behin eskabideak aurkezteko epea iraganik, ez da inolako aldaketarik onartuko egindako destino eskaeran. Ez da onartuko, era berean, lortutako destinoari uko egitea lehiaketa behin betiko ebatzi ondoren, edozein dela ere alegatzen den arrazoia, are lehiakideak huts egin badu ere eskabidean hurrenkera zenbakia betetzean. Beraz, lehiaketan parte hartzen duten interesdunek ziurtatu beharko dute eskatzen diren deialdiko hurrenkera zenbaki guztiak bat datozela zehatz-mehatz eskainitako organo judizialen izenekin.

7. Lehiaketan parte hartzeari uko egiten ahalko zaio eskabideak aurkezteko epearen barnean eta epe hori amaitu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

8. Ohiz kanpoko egoeretan, lanpostu huts gisa edo prozesuaren ondoriozko lanpostu gisa iragarritako lanposturen bat kentzen ahalko da hori egitera behartzen duen gorabeherarik gerora sortuz gero.

9. Justizia Ministerioaren lurralde eremuko epaitegi barrutiren bateko jurisdikzio banaketa gertatuz gero, ondorioztatuko da banaketak ukitutako lanpostuak, bai deialdi honen I. eranskinean iragarrita daudenak bai horien ondoriozkoak, izen berriko organo judizialetakoak direla.

Bigarrena.–Parte hartzeko betebehar eta baldintza orokorrak.

1. Justiziako Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako funtzionarioek parte hartzen ahal dute lehiaketa honetan, edozein delarik haien egoera administratiboa, eta, horrela, organo judizialetan kidego eta eskala horietan dauden lanpostu hutsak eskatzen ahalko dituzte. Hala ere, egoera hauetan dauden funtzionarioek ezin izanen dute parte hartu: aurreko lehiaketetan destinoa lortuta ere, esleitu zitzaien destinoaren jabetza hartu ez dutenak; epai irmo baten bidez eginkizunez gabetuak daudenak (gabetzeak iraun bitartean); eta nahitaez lekualdatzeko zehapena jaso dutenak, urtebete edo hiru urte pasatu arte, zehapena jarri zitzaien tokiari dagokion destinorako, falta astuna edo oso astuna denean, hurrenez hurren. Kasu horretan, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43.2.c) artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz kontatuko dira epeak.

Jarduneko zerbitzuan dauden funtzionarioek egoera hori mantendu behar dute lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietako egoeran edo ahaideak zaintzeko borondatezko eszedentzian daudenei, gordetako lanpostuan berriz sartzen badira, ez zaie eragotziko lehiaketan parte hartzea. Zerbitzu berezietako egoerara edo ahaideak zaintzeko borondatezko eszedentziara pasatzen diren jarduneko funtzionarioak ere ez dira baztertuko.

Jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo ahaideak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden parte-hartzaileek lehiaketan parte hartzetik baztertuko dira baldin eta, lehiaketa ebazteko prozesua bitartean, egoera hauetako batera igarotzen badira: borondatezko eszedentzia egoera sektore publikoan zerbitzuak emateagatik; borondatezko eszedentzia interes partikularragatik; borondatezko eszedentzia familia elkartzeagatik; edo behin betiko etenaldia.

Justizia Administrazioko Letraduen kidegoan ordezko letradu gisa aritzeagatik borondatezko eszedentzian den funtzionario batek lehiaketan parte hartzen badu bere lanpostura itzultzeko eta, lehiaketa prozesua bitartean, Kudeaketa kidegora atxikitzen badute behin-behinekoz, haren administrazio egoera ez da aldatutzat joko, lehenengo oinarriaren 1. puntuan aurreikusitako ondorioetarako. Ez da baztertuko, ezta ere, administrazio egoera aldatzeagatik Kudeaketa kidegora behin-behinekoz atxikitako funtzionarioa, ordezko letradu gisa aritzeagatik borondatezko eszedentzian izandakoa, baldin eta, eskabideak aurkezteko epea igarota, ordezko letradu izendatzen badute berriro.

2. Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidego edo eskaletako funtzionarioek jardunean daudeneko kidego edo eskala bererako parte hartzen ahalko dute, baldin eta, eskabideak aurkezteko azken egunean, bi urteko epea igaro bada funtzionarioak abiaburuko kidego edo eskalako azken behin betiko destinoa esleitu zion lekualdatze lehiaketa deitzeko ebazpena eman zenetik, betiere destino horretatik hartzen badu parte, edo behin betiko destinoa esleitu zion ebazpena eman zenetik, funtzionario berrien kasuan. Urteak zenbatzeari begira, lehenengo urtea izanen da kasuan kasuko ebazpenak eman ziren urte naturala, zein egunetan eman ziren kontuan hartu gabe, eta bigarren urtea izanen da hurrengo urte naturala (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 art.).

3. Jardunera behin-behineko atxikipenaren bidez itzultzen diren funtzionarioak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.c) art.), baldin eta behartuta badaude lehiaketetan parte hartzera indarra duen legediarekin bat, oinarri honen 2. atalean ezarritako aldi bateko mugapenetik kanpo egonen dira. Atxikirik dauden probintzian beren kidegoan edo eskalan iragarririk eta bete gabe dauden lanpostu guztiak eta ondoriozko guztiak eskatzera behartuak egonen dira. Behin-behineko atxikipenaren ondoren deitutako lehenbiziko lehiaketan parte hartu ezean, interes partikularragatiko borondatezko eszedentziara pasatuko dira. Atxikipenaren probintzian lanposturik egonda, baten batek lanpostu guztiak eskatzen ez baditu, edo lanpostuak beste probintzia batean eskatzen baditu eta ez badu destinorik eskuratzen, behin betiko esleituko dio lanpostu bat eskumenak eskualdatuta dituen autonomia erkidegoko organo eskudunak edo, zein ministeriori dagoen atxikita, haren esparrukoak, behin-behinekoz atxikita dagoen probintziaren eremuan, eta, halakorik ez badago, autonomia erkidegoaren eremuan.

Behin betiko destinorik lortzen ez badu eta behin-behinekoz betetzen ari zen lanpostua hartzen badiote, lehiaketari begira lanpostu hutsak bateratu diren probintziako edo lurralde eremuko edozein bulego judizial edo zentrotako lanpostu huts bat esleituko zaio behin-behinekoz. Hurrengo lehiaketan behin betiko destinorik lortzen ez badu, behin betiko esleituko zaio lehiaketa horretan edozein lurralde eremutan hutsik gelditzen diren lanpostuetatik edozein (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 69. art.). Eskabidearekin batera, egun jardunean dauden lanpostuari behin-behinekoz atxikitzeko F1R agiria ere aurkeztu beharko dute.

Behin-behinekoz atxikitako funtzionarioek Auzialdiko Epaitegiak ezarri eta egokitzeko lehenengo faseak ukitutako barruti judizial bateko antolaketa-unitate batean dutenean destinoa, ez dute lehiaketan nahitaez parte hartu beharko, haiek eskatu beharko lituzketen plazak ez direlako lehiaketan iragarri eta, beraz, plaza horietara behin-behinekoz atxikita jarraituko dute. Hori guztia, Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz. Edonola ere, lehiaketan parte hartu nahi duten langileek aukera izanen dute, eta ez badute destinorik eskuratzen behin-behinekoz atxikita jarraituko dute.

4. Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d artikuluan ezarritako borondatezko eszedentzia egoeran (sektore publikoan zerbitzuak emateko eszedentzia) dauden funtzionarioek ez dute inolako denbora mugarik izanen egoera horretan zein kidegotan dauden, bertara lanera itzultzeko.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoren 506. artikuluko e) eta f) letretan ezarritako borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek (familia elkartzeko eta interes partikularrengatiko eszedentziak) lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, bi urte iraganak izan behar dituzte gutxienez egoera horretan deklaratu ziren datatik.

5. Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan (abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak aldatua) xedatuaren babesean, ahaideak zaintzeko eszedentzian dauden funtzionarioek parte hartzen ahalko dute lehiaketan, bakar-bakarrik, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako bi urteak iragan badira.

6. Behin betiko gabeturik dauden funtzionarioek, betiere behin-behineko atxikipena badute (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.e) artikulua), lehiaketa honetan parte hartu beharko dute behin betiko lanpostua lortzeko. Lehiaketa honetan parte hartu ezean edo eskatutako lanpostua lortu ezean, beste lehiakideei esleitu ez zaizkien lanpostuetako bat emanen zaie behin betiko destinotzat, norbera atxikirik dagoen lurralde eremuaren barrenean betiere.

7. Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoko funtzionarioek, 2024ko abenduaren 24a baino lehenagoko behin-behineko atxikipena badute ordezko letradu izateari uzteagatik, lehentasunezko eskubidea izanen dute atxikiak dauden herriko lanpostu generikoak betetzeko, lehiaketara lehen aldiz ateratzen direnean, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 70.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta ez dute lehentasuna galduko eskabideak aurkezteko epearen barruan ordezko letradu izendatzen badituzte berriro. Lanpostu horiek betetzeko modurik ez badute lehentasuna duten beste funtzionario batzuek parte hartzen dutelako, behin-behineko atxikipena izaten jarraituko dute harik eta, ondoko lehiaketetan parte hartzearen ondorioz eta atxikita dauden herriko lanpostu huts guztiak eskatu ondoren, haietan behin betiko lanpostua esleitzeko modua izaten den arte.

Lehentasun hori eskatu ezean, lehiaketan parte hartu ezean edo beren atxikipeneko herriko lanpostu huts guztiak (I. eranskinekoak) eskatu ezean, behin-behinekoz atxikita dauden lanpostua iragarrita ez badago ere, eta, horren ondorioz, lanpostua eskuratzen ez badute, justizia eskualdaturik duen autonomia erkidegoko organo eskudunak edo atxikita dauden ministerioaren eremukoak behin betiko destinoa emanen die esleitu gabeko edozein lanpostutan.

Behin-behineko atxikipen hori eskabideak aurkezteko epearen barrenean egin bada, ez daude behartuak lehiatzera.

Ordezko letradu izateari utzi dioten funtzionarioek 2024ko abenduaren 24a baino lehen lortu badute behin-behinekoz atxikita egotea Auzialdiko Epaitegiak ezarri eta egokitzeko lehenengo faseak ukitutako barruti judizial bateko antolaketa-unitate batean, ez dute lehiaketan nahitaez parte hartu beharko, haiek eskatu beharko lituzketen plazak ez direlako lehiaketan iragartzen eta, beraz, plaza horietara behin-behinekoz atxikita jarraituko dute. Hori guztia, Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz. Edonola ere, lehiaketan parte hartu nahi duten langileek aukera izanen dute, baina puntu honen lehen paragrafoan ezarritako lehentasunik gabe, eta ez badute destinorik eskuratzen, behin-behinekoz atxikita jarraituko dute.

8. Funtzionarioren batek uko egiten badio berariazko lehiaketa bidez lortutako lanpostu bati (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.a) artikulua), eta lanpostu batean behin-behinekoz aritzea esleitu bazaio, lehentasunezko eskubidea izanen du, lehiaketara lehen aldiz ateratzen denean, kargua utzi zuenean lan egiten zuen herrian berean lanpostu generiko bat betetzeko, eta herri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Lehiaketa honetan parte hartzen ez badu, esleitu gabeko edozein lanpostu esleituko zaio behin betiko.

Funtzionario batek uko egiten badio izendapen librearen bidez lortutako lanpostu bati edo halako lanpostutik kentzen badute (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 62. eta 68.a artikuluak), betiere lanpostu batean behin-behinekoz aritzea esleitu bazaio, lehentasunezko eskubidea izanen du, lehiaketara lehen aldiz ateratzen denean, kargua utzi zuenean lan egiten zuen herrian berean lanpostu generiko bat betetzeko, baina herri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa honetan parte hartzen ez badu edo eskatutako destinoetako bat ere lortzen ez badu, esleitu gabeko edozein lanpostu esleituko zaio behin betiko.

Funtzionarioek uko egin badiote Auzialdiko Epaitegiak ezarri eta egokitzeko lehenengo faseak ukitutako barruti judizial bateko antolaketa-unitate batean lehiaketa espezifiko baten bidez edo izendapen aske bidez lortutako lanpostu bati, edo hori utzi badute, hartara behin-behinekoz atxikita badaude, ez dute lehiaketan nahitaez parte hartu beharko, haiek eskatu beharko lituzketen plazak ez direlako lehiaketan iragartzen eta, beraz, plaza horietara behin-behinekoz atxikita jarraituko dute. Hori guztia, Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz. Edonola ere, lehiaketan parte hartu nahi duten langileek aukera izanen dute, baina puntu honen lehen eta bigarren paragrafoetan ezarritako lehentasunik gabe, eta ez badute destinorik eskuratzen, behin-behinekoz atxikita jarraituko dute.

9. Herrirako lehentasunezko eskubidearen gaineko araubidea, oinarri honen 7. eta 8. puntuetan adierazitakoa:

9.1. Lehentasunak herri bateko hurrenkera zenbaki huts guztiak hartzen ditu, baina horrek ez du esan nahi eskabidean interesdunak eskatutako lehentasun hurrenkerako lehen zenbakia esleituko denik, baizik eta arauak ezartzen duela eskubide hori duen lehiakideak destinoa lortuko duela herri zehatz batean lanpostu hutsen artean iragarritako edozein hurrenkera zenbakitan, hurrengo puntuetan adierazten diren zehaztasunekin; horrexegatik, eskubide horretaz baliatzeko, lehentasuna zein herritan erabiltzen den, bertan eskaintzen diren I. eranskineko hurrenkera zenbaki huts guztiak eskatu beharko dituzte nahitaez, eta eskaera horiek bildu eskaerako lehentasun hurrenkerako lehen zenbakietan, eta horien atzetik jarriko dituzte lehentasunik gabe eskatutako gainerako hurrenkera zenbakiak, eta horien artean eskatzen ahalko dituzte, nahi izanez gero, lehentasuna baliatzen duen herrian prozesuaren ondorioz sortzen diren gainerako hurrenkera zenbakiak. Halaber, eskabidean eskatu beharko dute, P-1 atalean atxikirik dauden destinoko herria adierazita, eta lehentasun hori frogatzen duten agiria aurkeztu (behin-behineko atxikipena), laugarren oinarriko 7. puntuan ezarritakoaren arabera.

9.2. Bere puntuazioarekin, lehentasuna zer herritarako erabili den, herri horrexetan eskaturiko deialdiko hurrenkera zenbakiren batean destinorik lortzen ez badu eta lehentasuna herri bererako eta puntu gehiago dituen beste funtzionariorik ez bada, puntu gutxien dituen lehiakideak herri horretako hurrenkera zenbaki bera (I. eranskina) esleituko zaio. Lehiakide batzuen artean berdinketarik bada, mailako zenbakiaren arabera erabakiko da. Horrek zenbaki hurrenkera horretan destinoa lortzeko eskubidea galduko du, baina parte hartzeko eskaeran adierazitako gainerakoak aukeratzen ahalko ditu.

9.3. Lehentasunezko eskubidea ezin izanen da erabili honako baldintza hauek betetzen ez badira: kasuan kasuko herriaren hurrenkera zenbaki huts guztiak (I. eranskina) eskatzea eskaerako lehentasun hurrenkerako lehen zenbakietan; eskabide ereduko P-1 atalean berariaz agerraraztea lehentasuna zer herritarako erabili nahi duen; eta 9.1 puntuan aipatutako agiria aurkeztea.

10. Abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.f) artikuluan eta 72. artikuluko 2. atalean aipatzen diren funtzionario birgaituek, behin-behineko atxikipena dutenez, deitzen den lehen lekualdatze lehiaketan hartu beharko dute parte, lanpostu bat eskuratze aldera. Lehiaketa honetan parte hartu ezean edo eskatutako lanpostua lortu ezean, edozein lurralde eremutan beste lehiakideei esleitu ez zaizkien lanpostuetako bat emanen zaie behin betiko destinotzat.

11. Otsailaren 16ko 249/96 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Justizia Administrazioko Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Kidegoetako Erregelamendu Organikoaren 52. artikuluan jasotako baliabideen berrantolamendua dela-eta lanpostua nahitaez esleitu zaion funtzionarioak zilegi du lekualdatze lehiaketetan parte hartzea, baita legeak eskatzen duen urtebeteko epea amaitu ez bada ere. Horrez gain, lehentasunezko eskubidea izanen du, behin bakarrik, zentro bereko beste lanpostu bat eskuratzeko, halakorik eskaintzen bada lehiaketa arruntean eta bertan parte hartzen badu (otsailaren 16ko 294/96 Errege Dekretuaren 51. artikulua).

Eskubide horretaz baliatu ahal izateko, zehaztapen hauek bete beharko ditu:

Lehentasun hori lantokiko zein lanpostutarako baliatu nahi duen, lanpostu horiexek eskatu bere eskaerako lehentasun hurrenkerako lehen lekuetan.

Lehentasunaz baliatzeko zein lantoki eta herri hautatu dituen, haiexek adierazi V-3 eskabide ereduko P-2 atalean.

P-2 atalean adierazten diren lantoki eta herrirako egin zitzaion nahitaezko izendapenaren egiaztagiria aurkeztea.

Aurreko hiru paragrafoetan zehaztutako jarraibideei kasu egin ezean, galdu eginen du, lehiaketa honetarako, 52.c) artikuluak aitortzen dion lehentasun eskubidea.

12. Lanpostua nahitaezko berresleipen prozesu baten bidez (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 67. artikulua) esleitua duen funtzionarioak lekualdatze lehiaketetan parte hartzen ahalko du, nahiz eta erregelamendu beraren 46.1 artikuluan ezarritako legezko epea bukatu ez. Era berean, lehentasun eskubidea izanen du abiaburuko destinoko zentroan lanpostua lortzeko zentro horretako lanpostu generikoak eskaintzen diren lehen lehiaketan.

Eskubide horretaz baliatu ahal izateko, zehaztapen hauek bete beharko ditu:

Lehentasun hori lantokiko zein lanpostutarako baliatu nahi duen, lanpostu horiexek eskatu bere eskaerako lehentasun hurrenkerako lehen lekuetan.

Lehentasunaz baliatzeko zein lantoki eta herri hautatu dituen, haiexek adierazi V-3 eskabide ereduko P-2 atalean.

P-2 atalean adierazten diren lantoki eta herrirako egin zitzaion nahitaezko berresleipeneko izendapenaren egiaztagiria aurkeztea.

Aurreko hiru paragrafoetan zehaztutako jarraibideei kasu egin ezean, galdu eginen du, lehiaketa honetarako, 67. artikuluak aitortzen dion lehentasun eskubidea.

13. Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen librearen bidez lanpostu berezi bat betetzen ari diren funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartzen ahalko dute lanpostu horretan gutxienez urtebete egin badute, jabetza hartu zuten egunetik hasita (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikulua).

14. Funtzionarioak eskaturik lortutako destinoak uko egin ezinezkoak direnez, lekualdatze lehiaketaren ondorioz zerbitzura itzultzen denak destinoa lortzen badu, zuzenean eszedentzia egoerara igaroko da jardunean zegoen kidegoan. Dena dela, funtzionario batek lanpostua berariazko lehiaketa bidez lortu badu, hari uko egiten ahalko dio, jabetza hartzeko epea amaitu baino lehen, lehiaketa honetan behin betiko destinoa lortzen badu; halakoetan, interesdunak organo dei-egileari jakinarazi beharko dio. Jakinarazi ezik, esleitutako lehen destinoan hartu beharko du jabetza, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Berariazko lehiaketaren ebazpena lehiaketa arruntaren behin betiko ebazpena baino lehen ematen bada, eta aurreikusten bada berariazko lehiaketari dagokion jabetza hartzeko epea ere ordurako bukatua izatea, ukitutako funtzionarioak berariazko lehiaketan lortutako destinoaren jabetza hartu beharko du, eta ez du aukerarik izanen lehiaketa arruntean. Berariazko lehiaketaren ebazpena lehiaketa arruntaren ebazpena eman ondoren ematen bada eta azkeneko horretan jabetza hartzeko epea igaro bada, ez du aukerarik izanen berariazko lehiaketan.

Hirugarrena.–Baremoak.

Lanpostuak esleitzeari begira, merezimenduen balorazioa honela eginen da: batetik, antzinatasuna baloratzeko baremoari jarraikiz (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 48.1.a) artikulua), eta bestetik, autonomia erkidegoetako berezko hizkuntza ofizialaren ezagutza baloratzeko baremoari jarraikiz, artikulu beraren b) letran ezarritakoaren arabera.

1. Antzinatasuna. Parte hartzen den kidegoan edo eskalan karrerako funtzionario edo bitarteko langile gisa emandako zerbitzu urte oso bakoitzeko, bi puntu emanen dira, eta denbora tarte txikiagoak proportzionalki baloratuko dira (0,00555556 puntu eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izanen dira, eta gehienez 60 puntu lortzen ahalko dira.

Horretarako, honako hauek batuko dira: karrerako funtzionario gisa benetan egindako zerbitzuen denbora, norberaren funtzionario mailaren arabera, eta bitarteko funtzionario gisa eginiko zerbitzuak, zer kidegotan edo eskalatan parte hartzen den, hartan emandako denbora kontuan hartuta.

Benetan egindako zerbitzuen denboran berdinketa egonez gero, hura hautsiko da bakoitzak karrerako funtzionario gisa duen mailako zenbakia aintzat hartuta.

Lurraldeko justizia kudeatzailetza bakoitzak edo eskumenak eskualdatuta dituen autonomia erkidego bakoitzak Excel fitxategi bat eginen du lehiaketan parte hartzen duten eta adierazitako kudeatzailetzan edo autonomia erkidegoan zerbitzu egiten ari den funtzionarioei buruz. Bertan adierazi beharko dira IFZa eta bitarteko funtzionario gisa lan egindako egunak osotara, aintzat hartuta oinarri honetako lehenengo paragrafoan denbora kalkulatzeko arauak.

2. Autonomia erkidegoko bertako hizkuntza ofiziala hitz egiten eta idazten jakitea. Bertako hizkuntza ofiziala duten autonomia erkidegoetako lanpostuetan, hura hitz egiten eta idazten jakiteak–behar bezala egiaztatuta badago autonomia erkidegoko egiaztagiri ofizialaren bitartez edo aurkeztutako tituluaren eta tituluko mailaren homologazioaren bitartez– 12 puntu bitarte eskuratzeko eskubidea ematen du, frogatutako ezagupenen mailaren arabera, honako honi jarraikiz:

2.1. Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren esparruan:

1.–B2 mailako ziurtagiria edo baliokidea: lau puntu.

2.–C1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: zortzi puntu.

3.–C2 mailako ziurtagiria edo baliokidea: hamabi puntu.

Hizkuntzaren ezagutza frogatzen duten egiaztagiriak aurkeztuko dira Izena emateko Laguntzaren Eskuliburuaren 3.6 puntuan jasotako kasuetan. Laguntzaren Eskuliburuak lehiakideari hizkuntza maila bat proposatuko dio, Ministerioak aurreko lehiaketetatik erregistratuta duena. Baliteke ezer ez proposatzea, ez badago daturik erregistratuta. Maila bat proposatzean, ez bada aldatu ez da dokumentazio berririk aurkeztu beharko.

Baina beste maila edo hizkuntza bat hautatuz gero, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko da. Maila edo hizkuntza aldatu baina ez bada dagokion egiaztagiria aurkezten, ez da aintzat hartuko.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzeko eguna izanen da merezimenduak baloratzeko erreferentzia. Ziurtagiri horiek ezin dira metatu. Hortaz, lehiakideak maila bateko baino gehiagoko tituluak baldin baditu, maila gorenekoa bakarrik baloratuko da.

Laugarrena.–Eskaera ereduak eta aurkezteko epeak.

Izena emateko eskaera eredua agindu honen II. eranskinean dagoena da, baina ez du aurkezteko balio, biltzen dituen atalei buruzko informazioa emateko ez bada. Izan ere, oinarri honen 7. puntuan adierazita dagoen bezala baizik ezin da bete eta aurkeztu.

1. II. ERANSKINA–V-1 LAUKIA: Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidego eta eskaletako lanpostuetan behin betiko destinoa duten funtzionarioek, baita zerbitzu berezietan daudenek eta ahaideak zaintzeko eszedentzian daudenek ere (lanpostua gordea badute lurralde nazionalean, eskumenak eskualdatuak ez dituen eremu batean), eskaera bete beharko dute ebazpen honen II. eranskineko V-1 laukia adierazita, eskatzen zaizkien atal guztiak beteta, eta aurkeztu beharko dute zazpi egun balioduneko epean, agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, oinarri honen 7. puntuan adierazitako moduan.

2. II. ERANSKINA–V-2 LAUKIA: Destinoa Justizia Administrazioko beste kidego edo eskala batzuetan edo beste administrazio batzuetan duten funtzionarioak eszedentzian baldin badaude Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu zuen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d) artikulua dela-eta Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidego eta eskaletan, baldin eta lehiaketa honetako lanposturik eskatu nahi badute, eskaera bete beharko dute ebazpen honen II. eranskineko V-2 laukia adierazita, eskatzen zaizkien atal guztiak beteta, eta aurkeztu beharko dute zazpi egun balioduneko epean, agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, oinarri honen 7. puntuan adierazitako moduan.

3. II. ERANSKINA–V-3 LAUKIA: Honako egoera hauetako edozeinetan dauden funtzionario eskatzaileak:

–Familia elkartzeagatik edo interes partikularragatik borondatezko eszedentzian.

–Behin betiko etenaldia bukatuta lanera itzultzeagatik behin-behineko atxikipena dutenak.

–Birgaitzea lortu ondoren lanera itzultzeagatik behin-behineko atxikipena dutenak.

–Jarduneko zerbitzura itzultzeagatik behin-behineko atxikipena dutenak (lanpostua gordeta izan gabe).

–Izendapen librez lortutako lanpostuari uko egitearen edo lanpostua uztearen ondorioz edo berariazko lehiaketa bidez lortutako lanpostuari uko egitearen ondorioz behin-behineko atxikipena dutenak.

–Ordezko letradu izateari utzi eta lanpostura itzultzeagatik behin-behineko atxikipena dutenak.

–Otsailaren 16ko 249/96 Errege Dekretuaren 52.c) artikuluaren araberako langileen berrantolamenduan sartuta dauden funtzionarioak edo abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 67. artikuluaren araberako nahitaezko berresleipena dutenak.

Eskabideak beteko dituzte, II. eranskineko V-3 laukia markatuta eta beharrezko apartatu guztiak beteta. Eskabidea zazpi egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute, agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, oinarri honen 7. puntuan adierazitako moduan.

4. Interes partikularrengatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek eskaerarekin batera egoera horretan sartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, bai eta edozein administrazio publikoren zerbitzurik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena ere, biak batera PDF formatuko artxibo batean.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 506. d) artikuluari jarraikiz sektore publikoan zerbitzuak emateko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, lehiaketan parte hartzeko eskaerarekin batera, epai irmo baten ondorioz eginkizunez gabetuak ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

5. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera bakarra izanen da parte-hartzaile bakoitzarentzat, nahiz eta eskatutako lanpostuak eskumenak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoetakoak izan. Izan ere, lanpostu horietarako deialdiak aldi berean eginen dituzte autonomia erkidegoetako gobernuek, eta tokian tokiko aldizkari ofizialetan argitaratuko dira.

Era berean, eskabide bakar batean, funtzionarioak hautatu beharko du jardunean dagoen kidegotik parte hartu nahi duen edo jardunera itzuli nahi duen eszedentzian dauden kidegora ez beste batera. Kidego eta eskala ezberdinetarako bi eskabide aurkeztuz gero, biak indargabetuko dira. Beraz, funtzionarioa bazterturik geldituko da lehiaketa honetatik.

Lehiakideren batek bere eskabidea zuzendu nahi badu aurkeztu ondotik, beste bat bete eta aurkezten ahalko du parte hartzen zuen kidego edo eskala bererako, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago. Horrek automatikoki indargabetuko du lehenago aurkeztutakoa, oinarri honen 7. puntuan adierazitakoari jarraikiz.

6.–Eskabideak aurkezteko epea amaitzean, lehiakideek parte hartzeari uko egiten ahalko diote epea amaitu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, oinarri honen 7. puntuan adierazitako moduan.

7. Eskaerak egin eta aurkezteko modua.

A) Eskaerak egitea.

V1, V2 eta V3 ereduetako eskaera guztiak telematika bidez eginen dira, izena emateko laguntzailearen bitartez.

Espainian Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako funtzionarioen arteko lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten interesdunek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskabidea, Justizia Ministerioaren web orrian sartuz, honako helbide honetan: https://www.mjusticia.gob.es/es/ciudadania/empleo-publico/concursos-traslados/ Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako 2024ko lekualdatze lehiaketa arrunta.

Behin orri horretan sartuta, bertan "G.T.A. Concurso de traslados" izenarekin ageri den estekan sakatu eta izena emateko laguntzailean sartuko dira; sistemak gidatuko ditu eskaera egiteko, ematen diren jarraibideak betez eta kontsulta eginez webean izena emateko laguntzarako eskuliburuan, orri horretan berean argitaratutakoan; halaber, zalantzarik izanez gero, erabiltzaileari arreta emateko telefonora deitu daiteke: 913904605.

Horrela, kodeen transkripzioan akatsak saihestea lortuko da; izan ere, lehiakideak grabatutako datuak automatikoki bilduko dira sistema informatikoan.

Lehiakideek, izena emateko laguntzailean sartu aurretik, beren identifikazio elektronikoa eman beharko dute Cl@ve plataformak dituen sistema hauetako baten bidez:

–NAN elektronikoa.

–Ziurtagiri digitala.

–Cl@ve pina 24 or.

–Cl@ve iraunkorra.

B) Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko sistema hau oinarrituta dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 10.1., 10.2.c) eta 36.1. artikuluetan.

Esparru nazionaleko lehiakide guztiek, V1, V2 edo V3 eskabide eredua duten lehiakide guztiek, izena ematen laguntzeko eskuliburuan azaltzen diren jarraibideen arabera grabatu eta aurkeztuko dituzte eskaerak.

Funtsean, honakoa hartuko dute kontuan:

–Lehiaketan parte hartzeko eskabideak ez dira inola ere paperean aurkeztuko.

–Izena emateko laguntzailea ez da erabiliko eskabidea egiteko soilik, izena emateko prozesu osoa betetzen baita haren bitartez, hau da, laguntzaile horretan eskabidea grabatu eta egiaztatu ondoren, ezarritako epean, eskabidea aurkeztuta egonen da Justizia Ministerioko dagokion departamentuan.

–Eskatzaileetako batek dagoeneko egiaztaturik dagoen eskabide bat aldatu nahi badu, eskaerak aurkezteko epearen barruan, izena emateko laguntzailearen bidez beste eskabide bat sortu eta egiaztatu dezake.

–Izena emateko epearen barruan, nahi adina eskabide sortu eta egiaztatzen ahalko dira, baina kontuan hartuta lehiaketarako baliozkoa soilik izanen dela aurkeztutako azken eskabidea, esan nahi baita, lehen eskabidea grabatu eta egiaztatu ondoren egiten den ekintza berri bakoitzak (eskabide berri bat grabatzea edo lehiaketan parte hartzeari uko egitea) baliogabetuko du aurretik egindakoa, eta azkena baizik ez da aktibo geldituko.

–Eskabidearekin batera aurkezten ahal dira beharrezkoak diren agiriak, hala behar denean.

–Eskabideak ez dira onartuko ez badira telematikoki egin izena emateko laguntzailearekin.

C) Uko egitea.

Eskabideak aurkezteko epean, lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek nahi dituzten eskabide guztiak aurkezten ahalko dituzte, baita lehiaketan parte hartzeari uko egin ere, eta B puntuan aipatu den bezala, azken ekintza baizik ez da aktibo geldituko.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, interesdunek lehiaketan parte hartzeari uko egiten ahalko diote, lehenengo oinarriaren 7. puntuan adierazitako moduan, epea amaitu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Halere, ezin izanen da egin izena emateko laguntzailearen bidez, aldaketak egiteko itxita egonen baita. Hortaz, IV. eranskina (Alegazioetarako eredua) sinatu eta eskaneatu beharko dute, eta concursos.admonjusticia@mjusticia.es helbide elektronikora bidali. Jaso izanaren erantzuna bidaliko zaie interesdunei, "Jasota" adierazita. Ez badute erantzunik jasotzen, berriz ere bidali beharko dute.

Mezu elektronikoa bidaltzean, "Gaia" apartatuan UKO EGITEA adieraziko dute; fitxategi bakarra erantsi beharko dute eta haren izenburuan izen-abizenak, IFZa eta interesdunaren eskabide eredua adierazi beharko dute. Formatua hau izanen da: PEREZ PEREZ–LUIS–00000000K–V1.

Bosgarrena.–Baldintzapeko eskaerak.

Kidego edo eskala bereko nahiz desberdineko bi lehiakidek udalerri, barruti judizial edo probintzia berean dauden lanpostu hutsak nahi izanez gero, aukera izanen dute beren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, destinoa biek udalerri, barruti judizial edo probintzia berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta hori gertatu ezean, biek egindako baldintzapeko eskaerak deuseztatu eginen dira. Baldintzapeko eskaera egin nahi duten funtzionarioek eskabidean bertan zehaztu beharko dute, C atalean, norekin baldintzatzen duten, horrexen izen-deiturak eta IFZa adieraziz. Lehiakideetako batek ez badu hori adierazten C atalean, bi eskabideak baliorik gabe geldituko dira.

Eskabidearen C atala betetzearekin batera, ulertuko da Lanpostuak Betetzeari eta Sarrerari buruzko Erregelamenduaren 48.2 artikuluan ezarritako eskaera baldintzatua eskatutako hurrenkera zenbaki guztietan egiten dutela.

Seigarrena.–Tramitazioa.

Justizia Ministerioak eginen du baremazioa, bere bulegoetan antzinatasunaz eta hizkuntzaz dauden datu baseak eta eskaeretan jasotako datuak kontuan hartuz; horrez gain, informazio osagarria eskatzen ahalko die eskumenak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoei, beharrezkoa denean.

Zazpigarrena.–Esleipenak.

1. Lanpostuak esleitzeko lehentasun hurrenkera deialdi honetako hirugarren oinarrian ezarritako baremoen arabera lortutako puntuazioak finkatuko du.

2. Puntuazio osoan (hizkuntzak barne) berdinketarik egonez gero, berdinketa hausteko dagokion kidegoan funtzionario titular gisa duen mailako zenbakia hartuko da kontuan.

Zortzigarrena.–Behin betiko ebazpena.

Auzialdiko Epaitegiak ezartzeko lehen fasea 2025eko uztailean amaitu behar denez, beharrezkoa da lehiaketa honen prozesua behar besteko aurrerapenarekin amaitzea, Aino@ sisteman gertatzen diren lekualdatze guztiak jasotzeko. Beraz, behin-behineko fasea ez da kontuan hartuko, eta behin betiko ebatziko da, eskumenak eskualdatuta dituzten autonomia erkidegoetako organo eskudunekin koordinatuta.

Bederatzigarrena.–Jabetza hartzeko epea.

1. Lehiaketaren ebazpenak kidegoz kidego ematen ahalko dira, lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioen kargu-uzteak txandaka egin daitezen, hori baldin eta Administrazioak uste badu denak batera eginez gero zerbitzu publikoarentzat kaltegarria izan daitekeela.

2. Ebazpena autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan aldi berean argitaratzea ez bada lortzen, epeak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatuko dira.

3. Lanpostuaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izanen da, funtzionarioak bere herria aldatu beharrik ez badu; zortzi egun baliodunekoa, autonomia erkidego bereko beste herri batera joan beharra badu; eta hogei egun baliodunekoa beste autonomia erkidego batera joan beharra badu, salbu eta Kanarietako eta Balearretako autonomia erkidegoetara eta Ceutako eta Melillako hirietara joan beharra izanez gero, horietan epea hilabetekoa izanen baita, abiaburuko edo helmugako lanpostua uharte edo hiri horietan denean.

Lanpostu berriaz jabetzeko epe hori abiaburukoa utzi eta hurrengo egun baliodunean hasiko da kontatzen. Abiaburuko lanpostua behin betiko ebazpenean aipatzen diren egunetan utzi beharko da.

4. Funtzionarioa oporretan badago, edo baimen edo lizentzia bat badu, haiek bukatutakoan hasiko dira kontatzen jabetza hartzeko epeak, salbu eta haiek eteten badira edo baliogabe uzten badira behar bezala arrazoituriko inguruabar bereziak direla kausa.

Hamargarrena.–Esleituriko destinoen izaera.

1. Lehiaketa honen ondoriozko lekualdatzeak borondatezkoak dira zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan ezarritako ondorioetarako.

2. Behin betiko ebazpenean esleitutako lanpostuei ezin izanen zaie uko egin.

Hamaikagarrena.–Lehiaketan parte hartzeko mugak.

Lehiaketa honetan behin betiko destinoa eskuratzen dutenek ezin izanen dute parte hartu kidego edo eskala bererako beste lekualdatze lehiaketa batean, harik eta Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 529.3 artikuluan ezarritako epeak eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako epeak igaro arte.

Hamabigarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 16an.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.

ERANSKINAK

Ereduak eskuragarri daude ebazpen honen iragarkian, 2025eko urtarrilaren 24ko Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Iragarkiaren kodea: F2500767