25. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1391E/2024 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Buñuel udalerrian jartzekoa den autokontsumoko eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena ematen baita. Instalazioa Sofidel Spain SLk sustatu du, eta Buñuel udalerria ukituko du.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura abiarazteko, Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorri dio Buñuel udalerrian autokontsumoko eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio-azpiegitura egiteko proiektua. Proiektua Sofidel Spain SLk sustatu du, eta udalerri horretan eginen da.

Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, jarduera sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko j) apartatuan, bai eta Legeak izan dituen ondorengo aldaketetan ere. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

1. Ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako dokumentazioari buruzko kontsultak egin zituen eta proiektua jendaurrean jarri zuen, iragarkia argitaratuta 2024ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 22koan. Orobat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraztea helburu, proiektu berriaren dokumentazioa bidali zion Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin die proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edota iradokizunak egin ditzaten, haien eskumeneko gaiei buruz. 12 kontsulta egin dira, eta 2 erantzun jaso. Ingurumen-inpaktuaren txosten honetako I. eranskinean dago jasota haien laburpena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen- organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.

Aurkeztutako dokumentazioan badago ingurumenari buruzko agiri bat, eta bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanak honako alderdi hauek jasotzen ditu: alternatiben analisia, kaltea hartzeko arriskua duten ingurumen-faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorraraz ditzaketen ekintzen identifikazioa eta ingurumen-faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa, horien artean eragin sinergikoak eta metatze-eraginak, ezbehar larri edota hondamendien aurreko kalteberatasunaren ondoriozkoak, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak eta ingurumen-jarraipena egiteko jarduketak.

2. Proiektuaren deskribapena.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak modu independentean hesitutako bi esparru ditu eta gutxi gorabehera 10,50 hektareako azalera okupatzen dute; Buñuel udalerriko 3 poligonoko 126, 522, 532, 535 eta 536 lurzatiak ukitzen ditu. Ebakuazioa 20 kV-eko lurpeko linea elektriko bidez (750 m inguruko luzera izanen du) planteatzen da, eta transformazio-zentroetatik (instalazioa kokatzekoa den tokian) industria-kontsumitzailearen barne-sarearekin konektatu arte joanen da.

Aurreikusita dagoenaren arabera, instalazioak 11.502 eguzki-modulu fotovoltaiko izanen ditu, silizio monokristalinozkoak, multzoka ezarriak metalezko egitura finkoen gainean; azken horiek hegoaldera begira jarriak, eta lurzoruan zuzenean tinkatuz finkatuak.

22 inbertsore jartzea dago planifikatua. Haietan, moduluetan sortutako korronte zuzena behe-tentsioko korronte alterno bilakatuko da, eta handik transformazio-zentroetara eramanen da. Transformazio-zentroan erdi-tentsiora (20 kV) igoko da. Transformazio-zentroak babes- eta neurketa-zentroarekin konektatzen dira bakoitza lurpeko linea elektriko baten bidez (678 eta 327 m luze dira eta trazatu bera dute); handik, industria-kontsumitzailearen barne-sarera konektatzen da, babes- eta neurketa-zentrotik 57 metro ingurura.

NA-5200 errepidetik sartuko da instalaziora, mugakidea baita. Barne-bideak 3,5 m zabal izanen dira, eta 20 cm-ko zoru hautatuko oinarriazpia eta 10 cm-ko lodierako zagor naturalezko oinarria edukiko dituzte; barne-bide horiek izanen dira bi transformazio-zentroetarako sarbideak.

Proiektuko beste ekintza batzuk dira, besteak beste: zangak zulatzea, ekoiztutako energia lur azpitik ateratzeko; lurrak mugitzea, eguzki-azpiegiturak, inbertsoreak, transformazio-zentroak eta babes- eta neurketa-zentroa instalatzeko, eta perimetro-hesi zinegetiko bat jartzea instalazioaren inguruan, 2 metroko altuerakoa, gutxi gorabehera.

3. Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.

–Alternatiben azterketa:

Ingurumen-gaiei buruz aurkeztutako dokumentuak barne hartzen du instalazioa jartzeko tokien alternatiben analisi bat, 0 alternatibaz gain beste 2 aukera jasotzen dituena. Sustatzaileak aukera hori baztertu du, ez lukeelako biderik emanen iturri ez-berriztagarrietatik ateratako energien erabilera eta mendekotasuna murrizteko. Beste bi aukeren artean hautatzeko, sustatzaileak aztertu ditu zenbait ingurumen- eta lurralde-alderdi eta zenbait alderdi tekniko, eta aukera onena hautatu du irizpide anitzeko azterketa kontuan hartuta.

Ebakuazio-azpiegiturari dagokionez, lurrazpiko alternatiba aukeratu du. Izan ere, eragin txikiagoa du ingurumenean eta paisaian.

–Geomorfologia eta lurzoruak:

Instalazioa eta ebakuazio-azpiegituraren trazatua kokatzekoak diren eremua laua da batik bat, eta ez dago elementu geomorfologiko aipagarririk. Hortaz, eta aurkeztutako dokumentazioan jasotakoaren arabera, lur-mugimendu gutxi egin beharko dira, aldaketa geomorfologiko oso txikiak eraginen dira, eta erosio-arriskua ere oso txikia izanen da.

Lurzoruari dagokionez, parkeko eraikuntza-elementuekin guztira 10,50 hektarea okupatzea aurreikusten da, bai eta lurzoruaren egiturazko ezaugarriak eta/edo ezaugarri kimikoak aldatzea ere, bideetatik kanpo igaroko den makineria astunaren ondorioz. Hala ere, ingurune fisikoaren gaineko inpaktuak ez-adierazgarritzat baloratzen dira ingurumen-dokumentuan, "lurzoruaren okupazioa, trinkotzea eta zigilatzea" atala izan ezik eraikuntza-fasean, zeina inpaktu ertainekotzat jotzen baita.

–Europar Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:

Aztertutako eremuaren ezaugarri nagusia da esku-hartze ugari egin izana landare-formazioetan denboran zehar, ia guztiz eraldatu baita laboreak jarri direnetik. Landaredi natural urria geratu da, eta nekazaritzarako balio ez duten guneetan bakarrik gelditu da: toki aldapatsuetan eta hezeguneetan, ureztatzeko sarearen eta bideen inguruan eta bertan behera utzitako alorretan. Arboladiak ubideen erriberan bakarrik daude, esateko.

Instalazioa labore-lurretan dago oso-osorik. Beraz, interes natural urriko unitateak dira, homogeneoak eta izaera antropikokoak baitira, eta ez dago intereseko espezierik ez espezie katalogaturik, ezta Batasunaren intereseko habitat naturalik ere. Ingurumen-gaiei buruzko dokumentuak ez-adierazgarritzat jotzen ditu inpaktuak, eraikuntza-faseko "landare-formazioen egitura aldatzea" izan ezik; alderdi hori, hedadura txikikoa denez eta eragindako formazioen ezaugarriak kontuan hartuta eta neurri babesleak eta zuzentzaileak har daitezkeela ikusita, ertain gisa baloratu da.

–Fauna eta faunaren aldetik interesa duten guneak:

Ingurumen-gaiei buruzko dokumentuan, proiektuak eragindako laukietan aipatutako espezieen inbentario bibliografikoa jaso da, lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren arabera eta 10 km-ko aldea duen UTM koordenatu-sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Inbentario horretan, 155 ornogabe-espezie aipatzen dira aztertutako eremuko laukietan: 103 hegazti-espezie, 20 ugaztun-espezie, 7 anfibio-espezie, 17 narrasti-espezie eta 8 arrain-espezie; dena den, proiektuaren eremuak lauki horien azaleraren % 0,07 hartzen du, gutxi gorabehera.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuak espezie jakin batzuen habitatari eragin diezaioke, bai azalera-galera garbi baten ondorioz, bai hura zatikatuta eta haren kalitatea murriztuta, eta espezieak asaldatu daitezke eta zuzeneko eraginak ekarri aleei eta populazioei, obrak direla eta. Hala ere, esku-hartze antropiko handia dela eta, eta kokaguneko habitata ugaria denez ingurune guztian eta proiektua gauzatzearen ondorioz izan ditzakeen eraginekiko sentikortasun-maila baxua denez, ingurumen-proiektuak ez-adierazgarritzat baloratzen ditu faunaren gaineko ukipen guztiak.

Bestalde, dokumentazio horren arabera, instalazioak ez dio eraginen fauna potentzialaren konektagarritasunari, instalazioetako elementuek ez baitute eraginik izanen haien mugikortasunean; ugaztun txikiak igarotzeko moduko sarbideak eginen dira hesian. Halaber, proiektua egikaritzeak eremuko biodibertsitatea bultzatuko duen belardi bat garatzeko aukera emanen du. Landare-espezieak eta animalia txikiak ugaltzea erraztuko du horrek; espezie harrapakarien harrapakinak dira animalia-espezie txiki horiek.

Ingurumen-gaiei buruzko dokumentuaren arabera, ez da neurri berezirik hartu behar proiektuak ukitutako ingurunean ibiltzen diren espezieak kontserbatzeko, oso espezie arruntak baitira, gizakiekin bizitzera ohituta daudenak eta inguruan ohikoak direnak. Halaber, zerbitzu horren iritzia da instalazioa kokatzekoa den lurzatietako habitata egokia izan daitekeela faunak erabil dezan une jakin batzuetan, baina zenbait faktore direla medio ez dirudi espezie katalogatuek edo interesekoek okupatuko dutenik instalazioa kokatzekoa den eremua. Faktore horiek dira, hain zuzen, kalitate eskasa, inguru horren antropizazio-maila handia eta konektagarritasunaren gaineko ukipena, eremuak Aragoiko Ubide Inperialarekin eta zenbait bide-azpiegiturarekin egiten baitu muga. Horiek guztiak horrela, ondorioztatzen da proiektua gauzatzea bateragarria dela faktore horrekin (faunarena).

4. Proposamena.

Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen-eragina aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du, eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela egokia haren ingurumen-ebaluazio arruntaren tramitazioa hastea, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen-eragina bateragarria izatea ingurune hartako naturaren balioekin, betiere proiektuak betetzen baditu ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen-dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1.a Buñuel udalerrian jartzekoa den autokontsumoko eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, eta, beraz, ez zaio egin behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta (21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluaren 1. atalean ezarritakoa). Instalazioa Sofidel Spain SLk sustatu du, eta Buñuel udalerria ukituko du.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du honako baldintza hauek betetzea:

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrak egiten hasi aurretik.

–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak egokitu beharko du lurzoruaren topografia naturalera, eta ahal dela egitura fotovoltaikoaren euskarriak lurrean zuzenean tinkatuz ezarriko dira.

–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta, horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm altxatua. Hesia fauna txikia azpitik igarotzeko moduan diseinatuko da (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, txarrantxarik gabekoa), eta seinaleztatzeko aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurriei jarraituko zaie.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da, eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira, eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

–Instalazioan argi-punturik jartzen bada, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, talka-eremu potentzialetatik (hesietatik, tentsoreetatik, aireko linea elektrikoetatik eta abarretatik) urrun. Argi-kutsadura txikiagotzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta lurrera begira jarriak.

–Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze-sare naturalaren jarraipena, higaduraren eremu berriak sortzea eta gai solidoak drainatze-sareetara arrastaka eramatea saihesteko.

–Ingurumen-arloko integrazioa:

  • –Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan-eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan-eremua ahal den txikiena izanen da, eta eragin ezin dituen eremuak balizatuko dira.
  • Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek eragindako azalera guztietatik landare-lurra kenduko da, gutxienez 20 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako azalerak). Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 2,0 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago lehengoratze-lanetan berrerabiltze aldera.
  • Lur-mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obra berean erabiliz.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta okupatu den eremu osoko obra-hondarrak garbituko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuz.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eremu osoa eta obrek ukitutako beste edozein eremu, aldi batez ukitu bada ere, eta bereziki jarraitzaileen arteko lur-zatiak, harrotu eta ereintzarako prestatuko dira, eta belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da bertan. Belar horiek egin beharreko jarduerarekin bateragarriak izan beharko dute, eta agente polinizatzaileen presentzia erraztu. Lanak egin bitartean landare-lurraren geruza kendu edo kaltetu bada edo halako geruzarik ez bada, belarra erein baino lehen landare-lurrez estaliko da gainazala gutxienez 30 cm-ko geruza batekin; geruza hori aurretik behar bezala erauzi eta metatu behar da. Lanak bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia.

–Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez-nabarmenak erabiliz.

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Buñuelgo Ubide Inperialeko Ureztatzaileen Elkarteari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako barrutia) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–UKITURIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOENTZAT
ETA PERTSONA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO
KONTSULTA-IZAPIDEAREN EMAITZA

–Buñuelgo Udala.

Aurkeztutako proiektua oinarritzat hartuta eta hirigintzako udal-zerbitzuen aldeko txostena kontuan hartuta, aldeko txostena egin du.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (CHE).

Adierazi du proiektua Ebro ibaiaren azpiarro hidrografikoan dagoela, Queiles ibaitik Huchea ibaira, eta ez dagoela ubide naturalik instalazioa egitekoa den eremuan. Hala ere, nabarmendu du instalazioa egiteko eremua ureztatze-ubidez inguratuta dagoela; zehazki, Aragoiko Ubide Inperialaz ari da.

Gogorarazi du proiektuak ureztalurrei eraginen diela, eta, hortaz, lurren erabilera aldatu egin beharko dela. Hala, proiektua gauzatuz gero, horren berri eman beharko zaio Buñuelgo Ubide Inperialeko Ureztatzaileen Elkarteari, aldaketa hori izapidetu dezan CHEren aurrean.

Irizten dio ez zaiola eragiten ukipen nabarmenik ingurune hidrikoari eta jarduketa bateragarria dela ingurune hidrikoarekin, sistema hidrikoari dagokionez, eta betiere aurkeztutako dokumentazioan xedatutako neurriak eta ingurune hidrikoa babesteko beharrezko neurri guztiak betetzen badira, ez dadin kutsatu eta narriatu, eta eremuko dinamika hidrologikoa modu esanguratsuan ez hondatzea bermatzen bada.

Halaber, gogorarazi du Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua eta ondotiko aldaketak betez jabari publiko hidraulikotik eratorritako baliabide hidrikoen aprobetxamendu pribatiborako beharrezkoa izanen dela arroko erakundearen administrazio-baimena. Azkenik, lege horretan xedatutako bestelako baldintza eta debeku batzuk gogorarazi ditu.

Iragarkiaren kodea: F2418729