1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1321E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Zabaltzako Udal Planean aldaketa egituratzaile bat egiteko proposamenari buruz, helburu duena arautzea energia berriztagarriak ekoizteko instalazioen ezarpena lurzoru urbanizaezinean, Zabaltzako Udalak sustaturik.
Zabaltzako Udalak beharrezkotzat jotzen du hirigintza-araudia egokitzea goragoko maila duten indarreko determinazioetan xedatutakora, energia berriztagarrien instalazioak ezartzeak ingurumenean eta paisaian eragiten dituen kalteei erantzuteko. Lurzoru urbanizaezina babestearen arrazoia da lurzoru horren narriadura saihestea eta haren balio tradizionalei eustea: ingurumenekoak, kulturalak, produktiboak, sinbolikoak edo estetikoak, hori guztia indarrean dagoen araudiaren arabera.
Udalak jarduketa honen bidez bilatzen duen helburua da energia berriztagarriko instalazioen ezarpena arautzeko araudi egokia izatea, helburu hauekin:
–Paisaiaren eta lurraldearen ikuspegi tradizionala mantentzea, eta paisaiaren kalitate eszenikoa ikusizko inpaktu negatiboetatik babestea.
–Egungo erabilerak faboratzea: ustiapen tradizionalari eustea eta ingurumen eta ekologia balioak errespetatzea.
–Lurraldea errespetatzen duen kudeaketa eredua sustatzea, udalerriari lotutako ustiapen jarduerak indartuz, inpaktu handiagoko kanpoko beste batzuen kaltetan.
Aldaketaren helburua ez da energia berriztagarrien azpiegiturak erabat debekatzea, baizik eta haiek arautzea eta azalera handiak debekatzea, paisaian eta ingurumenean eragiten duten inpaktuagatik.
Aldaketaren helburuekin bateragarritzat jotzen diren zenbait azpiegitura mota baimentzea aurreikusten da:
–Autokontsumorako instalazioak, lehendik dauden eraikinetako estalkietan.
–Udalerriaren barruan energia berriztagarriak sortzeko eta banatzeko proiektuak eta instalazioak, autokontsumorako badira eta energia-komunitateek sustatu badituzte.
Helburua da energia berriztagarrien instalazio handien ezarpena mugatzea, hala nola instalazio fotovoltaikoak edo eolikoak eta haien ebakuazio-azpiegiturak. Hala ere, zenbait salbuespen planteatzen dira autokontsumoa sustatzen duten proiektuak baimentzeko, betiere udalerriaren landa-nortasuna errespetatzen badute eta balio natural handiko nekazaritza-lurzoruak eta basoko ingurumen balioak kontserbatzen badituzte.
Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren ustez, ez dirudi lurraldean ezarri nahi den debeku generiko hori –CO2 emisioak murrizten dituzten energia berriztagarriak ezartzeari eragiten diona– foru lurralde osora estrapolatu daitekeen konponbide bat denik, emisioak murrizteko helburuak betetzea eragotziko lukeelako.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela. Horrela, proposatzen du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren aldeko txostena ematea, uste baitu aldaketak ez dakarrela ingurumen ukipen nabarmenik.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, Zabaltzako Udal Planean aldaketa egituratzaile bat egiteko proposamenari buruz, helburu duena arautzea energia berriztagarriak ekoizteko instalazioen ezarpena lurzoru urbanizaezinean, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketa Zabaltzako Udalak sustatu du.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2418437