25. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1320E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Leozko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile bati buruz, helburu duena lurzoru urbanizaezinean aldaketa bat egitea instalazio eoliko eta fotovoltaikoak mugatzeko. Aldaketaren sustatzailea Leozko Udala da.

Proposamenaren xedea da Leozko Hirigintza Planaren hirigintza arloko araudia aldatzea, lurzoru urbanizaezineko zenbait kategoriatan ezarritako babes araubidea aldatzeko, energia berriztagarriko instalazioak (eolikoak zein fotovoltaikoak) ezartzeari dagokionez. Instalazio horiek, gaur egun, Leozko Hirigintza Planaren lurzoru urbanizaezineko zenbait kategoriatan baimendu daitezkeen eraikuntza-jarduera gisa arautuak daude, batzuetan berariaz eta beste batzuetan modu orokorrean.

Nahiz eta azpiegiturak kategoriaren batean berariaz debekatuak egon edo erabilera horiek aplikatzekoa den sektore-legedian edo "Eremu Ertainak" izeneko Lurralde Antolamendurako Planaren (LAP-5) determinazioetan berariaz debekatuak egon, kasuan kasuko lurralde antolamendurako ereduaren arabera, araudia aldatu nahi da, gaur egun urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoru guztietan debekatzeko.

Horretarako, "Leozko lurzoru urbanizaezinean instalazio fotovoltaikoak eta eolikoak ezartzeko mugapena" sartuko da lurzoru urbanizaezinaren kategoria guztietan, gaur egun udalerriak duen ingurumen, ekoizpen, kultur eta paisaia balioa zaintzeko eta babesteko.

Era berean, azpiegiturei lotutako erabilera eta jarduerak baimentzeko aukera irekita uzten duten araudiaren artikulu guztietan, erreferentzia bat gehitzen da baldintza orokor berri horri buruz, zeinaren bidez mugatzen baita instalazio fotovoltaikoak eta eolikoak ezartzea.

Aldaketa egituratzaile honekin lortu nahi diren helburu nagusiak honako hauek dira:

–Leozko Hirigintza Planaren hirigintza arloko araudia egokitzea, lurzoru urbanizaezineko zenbait kategoriatan ezarritako babes araubidea aldatzeko, energia berriztagarriko instalazioak (eolikoak zein fotovoltaikoak) ezartzeari dagokionez. Instalazio horiek, gaur egun, baimendu daitezkeen eraikuntza-jarduera gisa arautuak daude Leozko Hirigintza Planeko lurzoru urbanizaezineko zenbait kategoriatan, kategoriaren batean berariaz eta beste batzuetan oro har, azpiegituren erabilerarekin bat etor daitezkeela interpretatzen baita.

–Haize-parkeen eta eguzki-parke fotovoltaikoen instalazioa debekatzea gaur egun lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dauden lurzoru guztietan.

–Leozko udalerriko natura- eta paisaia-balioak kontserbatzea eta lurzoruaren erabilera tradizionalak mantentzea (basogintza, nekazaritza eta abeltzaintza), azpiegitura eoliko eta fotovoltaikoen interferentzia gehiagorik gabe.

–Udal araudia Leozko herritarren kezketara egokitzea.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren ustez, lurraldean ezarritako debeku generiko mota horrek ez dirudi foru lurralde osora hedatzeko modukoa, CO2 emisioak murrizten dituzten energia berriztagarrien ezarpenari dagokion aldetik; izan ere, debekua hedatuz gero, isurketak murrizteko helburuak betetzea galaraziko luke.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela. Horrela, proposatzen du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren aldeko txostena ematea, uste baitu aldaketak ez dakarrela ingurumen ukipen esanguratsurik.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, Leozko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile bati buruz, helburu duena lurzoru urbanizaezinean aldaketa bat egitea instalazio eoliko eta fotovoltaikoak mugatzeko, aldaketak ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Leozko Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2418629