1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1317E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Eguesibarko Udal Plan Orokorraren aldaketari buruz (Sagaseta eremuan). Aldaketaren sustatzailea Sagasetako Kontzejua da.
Eguesibarko Udal Plan Orokorra Sagaseta eremuan aldatzeko proposamenaren helburua da kategorizazio berri bat ezartzea UC-16 unitaterako eta 9. poligonoko 170. lurzatirako.
UC-16 unitateari dagokionez, araudian 15. hiri-lurzatia aldatzea eskatzen da, hiri-lurzati gisa bizitegi-erabilera duelako (familia bakarreko eraikinaren tipologia). Sagasetako araudi partikularraren aldaketa xehatuak lurzati baten erabilera aldatu asmo du, bizitegi-erabilera izatetik zuzkidura instituzionalerako erabilera izatera igarotzeko.
P.170 landa-lurzatia gaur egun "zuhaitzik gabeko baso-lurzoru" gisa sailkatuta dago, eta eskatu da hiri-lurzoru gisa birsailkatzeko eta UC-16 unitateari eransteko. Aldaketa hori justifikatzen da hiri-lurzoruaren jarraipena delako, ibilgailuentzako sarbidea duelako eta bi lurzatietan eraiki nahi den kontzeju-etxe berria egiteko beharrezkoa delako. Kontzejuaren jabetzako lurzati bat da. Unitatearen erabilera globala hauxe izanen da: zuzkidura instituzionala.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela eta proposatu du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren txostena ematea, aldekoa, ingurumen ukipen nabarmenik sortzen ez dela iritzita. Hala ere, baso-erabilera izatetik hiri-erabilera izatera aldatuko denez, Basoak Kudeatzeko Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, zeina organo substantiboak eskatua baitu jada.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea, aldekoa, Eguesibarko Udal Plan Orokorraren aldaketari buruz (Sagaseta eremuan), ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Sagasetako Kontzejua da.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2418637