1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1315E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena Azkarate kontzejuak Araitz udalerrian sustatutako "Azkaraten ardatz bertikaleko 20 kW-eko turbina eolikoa" ezartzeko aurreproiektuari buruz.
Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Ingurumen Ebaluaziorako Atalari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4.h) multzoan. 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena egin aurretik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Sei kontsulta egin dira eta legean aurreikusitako epean ez zaie erantzunik eman.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.
–Proiektuaren deskribapena.
Jarduketaren helburua da Araizko 3 poligonoko 571 lurzatian autokontsumorako ardatz bertikaleko haize-sorgailu bat, 20 kW-ekoa, eraikitzea, Azkarateko energia-komunitatearekin lankidetzan. Haize-sorgailuaren dorreak 12 metroko altuera izanen du eta hura osatuko duten 4 besoek 6 metroko luzera edukiko dute; errotorearen diametroa 9 metrokoa izanen da.

Urteko 37.187 kWh ekoiztea zenbatesten da. Zenbateko hori Azkarate kontzejuan energiaren alorrean aurreikusitako beste jarduketa batzuei batuko zaie (adibidez, eguzki-energia eta energia hidraulikoa erabiltzea), eta haize-energiak indartuko du hornikuntza, aurrekoek egiten ez dutenean.
Instalazioak lurpetik ebakuatuko du, lurzatian zehar, handik gertu dagoen transformadorera, Azkarateko herrigunean.
Lurzatia larre eta arboladi gisa jasotzen da katastro-informazioan; malda handikoa da eta mendebaldera ematen du nagusiki.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatua tramitatzea.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta egin zaie Araizko Udalari, zenbait erakunde ekologistari eta Nafarroako Gobernuko atalei. Legean aurreikusitako epean, ez zaie eman erantzunik kontsulta horiei.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Aurkeztutako ingurumen-dokumentazioan kokapen batzuk baztertzen dira, eta ebakuazio-puntutik gertuen dagoena eta logikoena proposatzen du; lurzati hori Azkarateko herrigunearekin muga egiten duen lurzati batean dago.
Instalazioa jarriko den eremuaren morfologiak malda handia du, eta hori da instalazioa gehien mugatzen duen faktorea eta ukipen gehien eraginen duen arrazoia, aurreikuspenen arabera. Hala ere, instalazioa ez denez handia, ez du inpaktu askorik eraginen.
Instalazio-tokitik gertu zuhaitz heldu batzuk daude, eta ipurditik moztu beharko dira turbina eolikoa behar bezala instalatzeko.
Inpaktuak minimizatzeko, txostenaren azken proposamenean zehazten diren zenbait neurri prebentibo eta zuzentzaile bete beharko dira, lurren mugimendua eta landarediaren ukipena minimizatzekoak; laburbilduz, afekzio-eremuak minimizatu eta lan-eremuak balizatuko dira eta lanak egin ondotik leheneratze-lanak eginen dira.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela inpaktu kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.
Hala, Azkarate kontzejuak Araitz udalerrian sustatutako "ardatz bertikaleko 20 kW-eko turbina eolikoa" Azkaraten ezartzeko aurreproiektuaren aldeko txostena egiten da, bertan jasotako baldintzak betetzeko beharrarekin, eta adierazten da ez dagoela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Araitz udalerrian Azkarate kontzejuak sustatutako "ardatz bertikaleko 20 kW-eko turbina eolikoa" Azkaraten ezartzeko aurreproiektuak ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarrita dagoen moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. apartatuan aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
2. Hala ere, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Ebakuatzeko lerro guztiak lurpekoak izanen dira, eta hondeaketa-zanga berrien edo lehendik dauden kanalizazioen bidez eginen dira.
−Dorreak ez du izanen faunari afekzioak eragin diezazkiokeen lurrerako ainguratze-tiranterik. Bere buruari eutsi beharko dio.
−Biltegiratze-instalazioak lur-eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira ahal den heinean, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur-mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Lehenetsiko da sarbidea 3 poligonoko 570 lurzatitik egitea, sarbideak sortzeak eragin ditzakeen ukipenak minimizatzeko.
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio-baimena eskuratu aurretik.
–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
–Materialak biltzeko tokiak eta makineria-parkeak hiriguneetan edo eremu antropizatuetan kokatuko dira.
–Behar bezala leheneratu beharko dira lanek aldatutako eremu guztiak, barnean harturik euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondotik utziko ez diren trazatuak, lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze-lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako lurrak harrotzea.
–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonera duen landare-lurrezko geruza bat erauziko da hasteko; lur-geruza hori hondeatutako gainerako lurretik bereizita pilatu beharko da, eta berriro jarriko da gainazalean zanga betetzen denean.
−Ahal den neurrian, lursailaren mugetan eta lursail mugakideetan landarediaren eta/edo sastraken gaineko ukipenak saihestuko dira. Zuhaitzak moztea beharrezkoa bada, baimen egokia izapidetu beharko da.
–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra-hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, ukitutako eremuak leheneratuko dira.
–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali behar dio Sakana-Mendialdea barrutiari (gmasakana@navarra.es), edo 679996810 telefonora deitu.
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5. Ebazpen hau igortzea Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari eta Basozaintzari (Sakana-Mendialdea barrutia), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2418641