1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1312E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena ematen baita proiektu honi buruz: "Plater prestatuen fabrika bat handitzea" (produktu bukatuko 294 tona eguneko, gehienez). Jarduera hori Funesko Bodega Romana industrialdean dago eta sustatzailea Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro SL (ERNE) da.
2024ko abuztuaren 5ean, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedientearen ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. taldeko b) letran.
Gaur egun, ERNEk plater prestatuak ekoizten ditu (patata-tortillak, 36.000 t/urte, 125 t/egun) Funesko hiri-katastroko 10. poligonoko 340. lurzatian, Bodega Romana industrialdearen barruan. Lurzatiak 51.600 m² inguru ditu, lur-erauzketen bidez berdinduta dago, nabe bat eta jarduera aurrera eramateko beste instalazio batzuk ditu (araztegia, baskula, hondakinen eremua, etab.) eta lurzatiaren zati bat zolatuta dago (sarbidea eta aparkalekuetarako eta bidalketa- eta maniobra-lanetarako zabalguneak). Han dagoen nabeak lurzatiaren hego-mendebaldea okupatzen du, 11.600 m²-ko azalera du, eta oinplano angeluzuzena.
Honako hauek dira jardueraren prozesuak: lehengaiak jasotzea eta biltegiratzea (oliba-olioa, ekilore-olioa, arrautza pasteurizatua, patata, tipula, kalabazina, txorizoa, etab.), patata prestatzea eta frijitzea, tipula frijitua eta txorizoa prestatzea, frijitutakoa eta arrautza dosifikatzea, ontziratzea eta termozigilatzea, metalen detekzioa eta X izpiak, enbalatzea, biltegiratzea eta bidaltzea.
Prozesuko ura Ebro ibaitik hartzen da, tratatu ondoren. Gainerako zuzkidurak industrialdeko hornidura-sare komunetatik datoz. Hondakin-urei dagokienez, euri-urak ur beltzetatik eta industria-uretatik aparte bideratzen dira. Azken horiek, instalazioetan lehen arazketa egin ondoren, industrialdeko araztegira bideratzen dira eta, tratatu ondoren, Ebro ibaira isurtzen dira, industrialdeko gainerako ur araztuekin batera.
Enpresaren hazkundeari dagokionez, ekoizpena %150 handitu nahi da, 84.084 t/urte, 294 t/egun, lortu arte. Horretarako, L formako oinplanoa izanen duen nabe berri bat proiektatu da, 17.800 m²-ko azalera izanen duena, zeina egungo nabearen hego-ekialdeko eta ipar-ekialdeko aldeen ondoan kokatuko baita, nabearen eta lurzatiko mugen artean dauden espazio libreak okupatuz. Nabe berriaren oinplanoa egungoaren desberdina izanen bada ere, egungoaren antzeko ezaugarriak izanen ditu (tipologia, altuera, etab.). Barruko espazioak orain dagoen nabeak dituenen antzekoak edo baliokideak izanen dira, baina beste modu batean antolatuko dira. Beraz, jarduera-prozesu berak egiten ahalko dira, gaur egun egiten diren bezala.
Lehengaien, energiaren eta uraren kontsumoa eta sortuko diren hondakinak, isurketak eta kutsatzaileak, jarduera handitu ondoren, proiektatutako ekoizpen-hazkundeari dagozkionak dira.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Izapide honetan, kontsulta egin zaio Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari.
Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Jarduera industria-nabe eta -espazioetan eginen da, Funesko Bodega Romana industrialdeko industria-lurzoruan urbanizatutako lurzati baten barruan. Proposamenaren kokapena ikusirik, eta kontuan harturik zuzkidura berririk behar ez dela, ez da okupazio berririk sortuko nekazaritzarako edo basogintzarako urbanizatu gabeko landa-lurretan. Beraz, ez da aurreikusten haren ezarpenak eta funtzionamenduak eragin zuzenik izatea ingurune naturalean.
Ingurumen baimen integratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitateari, zaratari eta lurzoruaren zein uraren kutsadurari dagokienez eragin litzakeen ingurumen inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.
Instalazioaren handitzearen ondorioz, landare-estalki eskas bat kenduko da, dentsitate eta heldutasun gutxikoa. Edonola ere, industrialdea ezarri zenean onartu egin zen lurzatiaren landare-estalki hori galduko zela.
Azkenik, aipatu behar da ezen, jarduera hartzen duen lurzatia nibelatu zenez 6-7 m induskatuz industrialdeko ipar-ekialdeko lurren mailaren azpitik, lurzatiak alde horretan duen muga halaxeko altuera duen ezponda bat dela, malda handia duena, eta landareztatu gabe dagoena, gainera.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabaki behar du proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duela edo ez duela eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzetan.
Egindako kontsulten emaitzatik abiatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, zehaztu du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, betiere handitu ondoren jarduerak izanen duen ingurumen baimen integratuan ezartzen dena betetzen bada, baita ingurumen inpaktuaren txosten honetan finkatzen diren baldintzak ere, hori guztia galarazi gabe indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzea.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. "Plater prestatuen fabrika bat handitzea (produktu bukatuko 294 tona eguneko, gehienez)" izeneko proiektuak, ERNEk sustaturik Funesko Bodega Romana industrialdean garatuko denak, ez du ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarri bezala.
2. Ingurune naturalaren gaineko inpaktuak kontrolatzeko eta arintzeko eta proiektua ingurumenean integratzeko asmoz, landareztatze-plan bat zehaztu eta gauzatuko da jardueraren elementu, nabe eta zabalguneetatik aparte gelditzen diren lurzatiko eremuetarako, eta tratamendu berezia emanen zaie jarduera hartzen duen lurzatiaren ipar-ekialdeko mugan erauzitako lurrei.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Funesko Udalari, Basozaintzari (11. barrutia, "Tutera") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2418433