1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1311E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "El Busto konpostatze-jarduera" proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena; Álvaro Fernández de Arcaya Ripa eta Javier Ripa Arizaga, TRAGNA SC dira proiektuaren sustatzaileak.
2023ko maiatzaren 22an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri dio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura.
Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) multzoan sartuta dago.
Sustatzaileak El Bustoko 2 poligonoko 15 lurzatian dagoen hegaztien eta ardien simaur solidoa konpostatzeko ingurumen-baimen bateratuaren izapideak hasi ditu. Urteko 2.500 tona konpost ekoitzi nahi dira, zenbait pilotan; pilo horiek ez dute gaindituko 1,8 m-ko altuera eta 3 m-ko zabalera. Ardi- eta ahate-ustiategiak (haietatik jasoko du simaurra) banatzeko lurralde-planari jarraikiz garatuko da konposta kudeatzeko plana. Hala, ekoitzitako konposta El Busto, Los Arcos, Lukin, Mues, Piedramillera, Santsol eta Torres del Río udalerrietako lehorreko laborantzako 204 lurzatitara eramanen da.
Dauzkan ezaugarriak direla eta, jarduera ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean dago (9 taldea, b) letra). Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Txosten honen I. eranskinean laburbiltzen da izapide horren emaitza.
Kontsulta horien emaitza gisa, sustatzaileari adierazi zitzaion 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planak (NHP) ez duela egokitzat jotzen hautatutako kokapena legeztatu nahi den jarduera-motarako. Komunikazio horri erantzunez, 2024ko urriaren 9an, sustatzaileak beste kokapen-proposamen bat aurkeztu zuen; adierazi zuenez, lehen kokapenetik gertu daude: El Bustoko 2 poligonoko 94 lurzatiko A eta E azpilurzatietan. Hondakinen Atalak ingurumen-baimen bateratuan jakinarazi zuen ezen, adierazitako 2017-2027 aldirako NHPren arabera, kokapen berria egokia dela jarduera-mota horretarako.
Txosten honen II. eranskinean proposamenaren planoa jaso da.
Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
"Estellerriko Erriberako Igeltsuak" deritzon kontserbazio bereziko eremutik (KBE) 1 km-ra baino gutxiagora dago proiektua (Prado, Salobre eta El Camargo barrutietako Odron ibaiaren ibarrean dago eremua) . Konpostatze-instalazio berria kokatzen den mendi-hegala San Pedro ibaiaren (Odron ibaiaren adarra) ibarrean dago, KBE horren barruko alderantz.
Konposta banatzeko lurralde-planeko lurzatietako batzuk Los Arcosko 11 katastro-poligonoko labore-lurrak diren arren –"Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBE horren barnealdera ematen dute–, haiek konpostarekin ongarritzeak ez du zuzeneko edo zeharkako inolako eraginik KBE horren ingurumen-balioetan.
Bestalde, Lukineko 3 poligonoko 67 lurzatia jasotzen da planean, zeina "AC 4, Arroitz-Los Arcos-Lukin-Sesma" estepako hegazti-fauna kontserbatzeko eremu kritikoan baitago; beraz, lurzati hori konpostarekin ongarritzeko prozesuak hegazti horien bizi-zikloa errespetatu beharko du.
El Bustoko eta ondoko udalerrietako lurraldea mendi, terraza, ibar eta Kodes ("Kodesko mendilerroa" KBE) eta Cábrega mendilerroetatik datozen emariek osatzen dute. Lurralde horretako paisaia osatzen duten labore-lur, mendi-hegal, baso-muino, ibar, hegi, hezegune txiki eta ur-ibilguek habitat naturalak eta intereseko eta/edo katalogatutako flora- eta fauna-espezieak jasotzen dituzte, eta, gainera, lehenago adierazitako bi KBEen arteko konektagarritasun ekologikoa ahalbidetzen dute.
Zehazki, konpostatze-eremuak okupatutako lurzatietan (utzi eginen dira errekerimenduaren ondotik) eta instalazio berrirako proposatzen diren kokaguneak inguratzen eta haietan tartekatzen diren azpilurzatietan, bazka mediterraneoak (higrofiloak eta gipsofiloak) hazten dira, eta ingurumen-balio handiko habitat naturalak osatzen dituzte (zenbait natura-izaera eta heldutasunetakoak), zeinetan basafauna hazten, larreratzen eta elikatzen baita.
Beharrezkoa da hautatutako bi kokagune berrien mugakide diren larre-eremuetako ukipenak saihestu edo minimizatuko dituzten kontrol-neurriak ezartzea. Gainera, El Bustoko 2 poligonoko 15 A azpilurzatian gaur egun dagoen konpostatze-eremuak eragindako habitatak eta haren perimetro-inguruan hazten direnak (Balsa de Larrad eremua eta Valdeherreroko sakaneko ibarbide-adarra) babesten eta leheneratzen ahalko dira, kokaleku hori uzten den unean.
Aurkeztutako azterketa geologikoak, azkenik baztertutako kokapenean egindako zundaketa batean oinarritua, datu hauek zehazten ditu: k = 5,23 x 10-5 cm/s-ko iragazkortasuna (baxua edo oso baxua) 1,6 m bitarteko sakoneran dauden materialentzat, eta k = 4,36 x 10-2 cm/s-ko iragazkortasuna (ertaina) 6 eta 7 m bitarteko sakoneran dauden materialentzat. Azterketa horretan ez da jasotzen kokapen berrien (kolubioi hetereogenoen gainean landutako mendi-hegal eta ibarrak) iragazkortasunaren karakterizazioa.
Jardueraren ingurumen-baimen bateratuan kontrolatuko dira proposamenak airearen kalitatean, zaratan eta lurzoruaren eta uren kutsaduran izan ditzakeen eragin posibleak. Bereziki garrantzitsua da lursaileko ur-jariatzeak eta iragazketak kontrolatzea, lurzoruaren eta gertuko ubide txikietako (San Pedro ibaiaren adarrak) uren kutsadura prebenitzeko.
Konposta banatzeko lurralde-planeko lurzatietako bat ere ez da ageri nekazaritza-jatorriko nitratoz kutsatzeko arriskua duen eremuetan, zeinak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduan izendatu baitziren.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta igaro behar duen edo ingurumenaren gaineko eragin kaltegarri adierazgarririk ez duen, ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako moduan.
Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, zehazten du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta jarduera berriaren ingurumen-baimen bateratuan eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzak betetzen badira, hargatik eragotzi gabe indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzea.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura ongi bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat etorriz eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 10/2023 Foru Dekretua, abuztuaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 255/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. "El Busto konpostatze-jarduera" proiektuak ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan; Álvaro Fernández de Arcaya Ripa eta Javier Ripa Arizaga, TRAGNA SC dira proiektuaren sustatzaileak.
2. Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Neurriak ezarriko dira prezipitazio ertaineko edo askoko une edo aldietan ondoko larreetara eta instalaziotik uretan behera dauden ur-emari txikietara lixibiaturik edo gainazalazpiko ur kutsaturik irits ez dadin; azken finean, San Pedro ibaia ez kaltetzea lortuko da horrela.
–Helburu berarekin, ez da jarriko konpostatze-pilorik eta simaur- edo lasto-metaketarik 94 E azpilurzatiko hego-ekialdeko aldean, zeinak D azpilurzatiarekin muga egiten baitu iparraldean.
–Jarduerak (okupazioa, ibilgailuen eta makineriaren mugimenduak, haizeak lasto- edo simaur-piloetatik gai organikoak arrastatzea, etab.) zuzeneko eta zeharkako eraginik izan ez dezan inguruko larre-sastraketan (94 B, G eta D azpilurzatiak), garbi mugatuko dira instalazioko bi kokaguneak. Horretarako, kabailoi perimetral bat jarriko da lurrean, larre-sastraka horiekiko paraleloan eta gutxienez haietatik 5 metrora.
–Sarbideei dagokienez:
- Beheko bidetik 94 A azpilurzatirako sarbidea hobetuko da; horretarako, behar adinako zabalerako traza bakar bat eratu eta sendotuko da, eta arekak ere izanen ditu. Horren ondotik, 15 lurzatiaren inguruko behin-behineko trazak utzi eta destrinkotzen ahalko dira, landare-estalki naturala berreskura dezaten.
- 94 E lurzatirako sarbidea labore-sailetik eginen da, larre-tontor txikia inguratuz (94 G azpilurzatiko ipar-ekialdea). Ezin bada sarbiderik egin larre-azpilurzati horretatik, ahalik eta zabalera eta luzera txikienak izanen ditu, eta, ahal dela, lur-erauzketako ezpondarik gabe eginen da, eremuko substratua dela-eta ingurumen-integrazio zaila izanen bailukete.
–El Bustoko 2 poligonoko 15 eta 111 lurzatiak konpost-, lasto- eta simaur-pilorik gabe gelditu beharko dira, eta bertan behera utziko den konpostatze-instalazioko beste hondakinik gabe, instalazio horren aurretik zegoen berezko landare-estalkia berreskura dadin.
–Lukineko 3 poligonoko 67 lurzatia (estepako hegazti-fauna kontserbatzeko eremu kritikoan dago) konpostarekin ongarrituko da martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko alditik kanpo, hegaztiak beren ugalketa-aldian babeste aldera.
–Instalazio hori martxan jartzeari dagokion erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten hau betetzen dela frogatzen duen txosten bat (memoria eta dokumentazio grafikoa) aurkeztu beharko du; bereziki, kabailoien exekuzioari, ur-jariatzeen kontrol-neurriei eta kudeaketari, sarbideen osaerari eta, egungo konpost-kordoiak kendu ondotik, El Bustoko 2 poligonoko 15 eta 111 lurzatien egoerari dagokienez.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, El Bustoko Udalari, Basozaintzari (9. barrutia, "Lizarra Hegoa") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–ERAGINPEKO ADMINISTRAZIOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN LABURPENA
Eraginpeko administrazioei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean –ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez egina– kontsulta egin zaie El Bustoko Udalari, Vianako Printzea Erakundeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari eta Hondakinen Atalari. Nafarroako Mendi Federazioari eta TEDER Elkarteari ere egin zaie kontsulta.
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena igorri du, eta adierazi du eremuan ez dagoela aztarnategi katalogaturik.
Basoak Kudeatzeko Atalak jakinarazi du jarduera dagoen lurzatia oihan-izaerakoa dela eta, oihangintzaren ondorioetarako, onargarria dela, betiere ez bada jarduera zabaltzen larrez estalitako gainerako azalerara; ondoriozko jarduerak inola ere ez badu eragiten erabilera-aldaketarik eta jarduera behin betiko uzten denean sustatzaileak betebeharra badu eragindako lurrak beren jatorrizko egoerara leheneratzeko ahalik eta lasterren (konpost-geruza kentzea eta destrinkotze-lanak egitea, errazagoa izan dadin landare-espezieek kolonizatzea).
Hondakinen Atalak (Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) adierazi du El Bustoko 2 poligonoko 15 lurzatirako eskatutako jarduera ez datorrela bat 2017-2027 aldirako egungo Nafarroako Hondakinen Planean (NHP) xedatutako eskakizunekin, eta konpostatze-jarduera horretarako egokia ez den eremu batean dagoela plan horretako kokapen berrien mapa potentzialaren arabera, zeina IDENAn kontsultatu baitaiteke.
II. ERANSKINA.–AURKEZTUTAKO DOKUMENTAZIOAN EMANDAKO PROPOSAMENAREN PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2418660