25. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1310E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da Sunrise Ventures 3 SL enpresak sustatu duen proiektu honetarako: «Hondakin sanitario arriskutsuak plasma-arku zuzen bidezko disoziazio molekularraren bidez, autokontsumoarekin, tratatzeko instalazioa».

Ebazpen honen bidez aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da Sunrise Ventures 3 SL enpresak sustatu duen proiektu honetarako: «Hondakin sanitario arriskutsuak plasma-arku zuzen bidezko disoziazio molekularraren bidez, autokontsumoarekin, tratatzeko instalazioa».

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 8. taldeko a) apartatuaren barnean sartzen da. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen du I. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaiela.

Hondakin sanitario arriskutsuak (hondakin sanitarioak edo infekziosoak, hondakin anatomikoak, odola eta modu likidoan dauden hemoderibatuak, orratzak eta material zorrotz eta ebakitzailea eta txerto bizi eta indargabetuak) plasma bidez gasifikatzeko instalazio bat proiektatu da (III. taldea, arriskutsuak, kudeaketa berezia behar dutenak); tratamendu horren bidez, funtsean, bero-ahalmen handiko gasa eta hondakin solido beiraztatua lortzen dira.

Instalazioa Ribaforadako 5. poligonoko 98. lurzatian dauden instalazioetan kokatuko da, lurzoru urbanizatu industrialean, A-68 errepidearen ezkerraldean (105,75 km) eta NA-5200 errepidearen eskuinaldean (A-68, Ribaforadarako noranzkoan). Txosten honen I. eranskinean proiektua deskribatzen da, eta II. eranskinean proposatutako planoa jasotzen da.

–Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea:

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 36. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2023ko urriaren 18an sustatzaileak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuan. Zerbitzu horrek, organo substantiboa denez, jendaurreko informazioan jarri zuen espedientea, iragarki bat argitaratuz 2023ko urriaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (226 zk.) 30 egun balioduneko epean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitako ondorioetarako. Horrekin batera, 2023ko urriaren 20an, interesdunei kontsultatzeko izapideak hasi zituen, Lege horren 37. artikulua betez. Izapide horietarako epea igaro ondotik, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak ingurumen-organoari eta titularrari jakinarazi zien ez zela alegaziorik jaso, eta eskura jarri ziren kontsulta-izapideetan jasotako erantzunak. Kontsulta-izapideen laburpena txosten honen III. eranskinean jasotzen da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 39. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2024ko urriaren 28an sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zuen organo substantiboaren aurrean (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua), eta 2024ko azaroaren 6an Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura bidali zen espedienteko dokumentazioarekin batera.

–Espedientearen azterketa teknikoa.

Espedientearen ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan ezartzen denarekin. Hauek jasotzen dira bertan: hondakin horien tratamendurako hautatu den prozesuari buruzko aukeren azterketa bat; proiektuaren (oinarrizko memoria baten mailan) eta proiektu-eremuko ingurune naturalaren deskribapena; proiektuaren kutsadura kontrolatzeko neurrien arabera espero daitezkeen inpaktuen balorazioa; ikuspen-azterketa bat eta proiektua klima-aldaketarekin lotuta aztertzen duen kapitulu bat.

Proiektuan azaltzen den instalazioak ekonomia zirkularrari laguntzen dio, hondakin arriskutsuak balorizazioaren bidez kudeatzea baitu helburu. Lehengaien, energiaren eta erregai fosilen, uraren eta abarren kontsumoak eragindako inpaktuak saihesteko, minimizatzeko, murrizteko edo zuzentzeko teknika erabilgarri onenak biltzen dira ingurumen-baimen bateratuan, baita isurketak, emisio kutsatzaileak eta hondakinak sortzearen ondoriozkoak ere. Azkenik, neurri horiek eta gehieneko isurketa-balioak muga-balioak monitorizatzeko eta kontrolatzeko neurriak ere jasotzen ditu.

Jarduera egiteko, urbanizatutako esparrua, zolatutako zabalguneak eta hiru-lurzoru industrialean kokatutako proiektuko lurzatian dauden nabeak egokituko dira; beraz, okupazio berriak beharko dira. Hots, haren ezarpenak ez du zuzeneko eraginik izanen nekazaritza-, basogintza- edo natura-erabilerako eremuetan, eta ez da beharrezkoa izanen proiektuak hartzen duen eremutik ingurumen-balioa duten elementuak kentzea (hala nola erretenak, heskaiak eta zuhaitzak).

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa teknikoa egin ondotik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazio Atalak ondorioztatzen du behar bezala egin dela ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura, eta bat dator proposamenarekin. Hala, proiektua ingurumenaren aldetik bideragarritzat jotzen da. Hortaz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen da, zehaztuta ezen, ingurumen ondorioetarako soilik, proiektua gauzatzeko aukera dagoela. Betiere, bete beharko dira dokumentazio teknikoan aurreikusitako baldintzak, jardueraren ingurumen-baimen bateratu berrian zehazten diren neurriak eta ebazpen honetatik eratortzen direnak.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea Sunrise Ventures 3 SL enpresak sustatu duen proiektu honetarako: «Hondakin sanitario arriskutsuak plasma-arku zuzen bidezko disoziazio molekularraren bidez, autokontsumoarekin, tratatzeko instalazioa».

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

–Hondakinak nabeen kanpoaldean jaso eta bereizten badira, jarduerak animalientzat erakargarriak ez izateko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dira jardueraren inguruko faunaren portaera aldatu ez dadin. Kasu horretan, instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat ere aurkeztu beharko du (memoria eta dokumentazio grafikoa) eta bertan azaldu zein neurri hartu diren.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Ribaforadako Udalari, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Taldeari (11. demarkazioa, «Tutera») eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROPOSAMENAREN DESKRIBAPENA

Jarduerak hartzen duen lurzatiak 2.160 m² ditu gutxi gorabehera eta perimetroko itxitura du, ibilgailuentzako sarrerako atearekin. Bi nabe daude han, hurrenez hurren 500 eta 525 m²-ko azalera eta 8 m inguruko altuera dutenak. Gainerako lurzatia erabat zolatuta dago. Dokumentazioaren arabera, jardueraren elementuak eta prozesuak bi nabeetan eta zabalgunean eginen dira; ez da eraikin berririk eginen, ezta zuzkidura berririk ere proposatutako jarduerarako.

Hondakin sanitarioak (egunean gehienez 6 tona) edukiontzietan helduko dira, eta hoztutako biltegiratze-eremura eramanen dira, erabili arte. Ondotik, uhal garraiatzaile baten bidez eramanen dira birringailura, eta hutsean birrinduko dira, airea kanpora irten gabe. Ura eta oxigenoa sartu ondotik, plasma-zuzira eramanen dira.

Gasifikazio-prozesua aplikatuko zaie eta, ondoren, beiraztatutako ore urtua ur-bainu baten gainean deskargatuko da; horrela sortuko den frita metalezko zinta baten bidez garraiatuko da, ura kentzeko.

Bestalde, ateratzen den gasari neutralizazio- eta hobekuntza-prozesua aplikatuko zaio eta kalitatezko Syngas-a lortuko da (horixe da, hain zuzen, balorizazio-proposamenaren xedea); horrez gain, partikula solidoak eta gatzdun hondakin-ura sortuko dira. Solido beiraztatuak, partikula solidoak edo efluenteak kudeatzaile baimenduari emanen zaizkio. Beste aukera bat da solido beiraztatu horiek beste jarduera batzuetarako lehengai gisa erabiltzea, hala nola eraikuntzarako.

Ateratzen den Syngasa energia elektrikoa sortzeko erabiliko da eta, horri esker, instalazioak bere hornikuntzarako energia lortuko du. Jarduerak larrialdi-zuzi bat eta hozte-sistema ditu.

Jardueraren funtzionamendurako, hondakin sanitarioez gain, hauek ere behar dira: airea, ura (gehiena prozesu desberdinetarako birzirkulatu, garbitu edo tratatuko da), plasma bidezko gasifikazio-ganberaren funtzionamendurako energia elektrikoa (funtzionamenduan dagoen bitartean sortutako gasetik bertatik lortuko dena) eta sortutako gasa arazteko eta hobetzeko substantzia eta gehigarri batzuk (oxigenoa, sosa, karea eta azido sulfurikoa). Proposatu da sortutako gasa sareko gas naturalarekin nahastea energia-sorgailuan erabili aurretik.

Adierazi den bezala, prozesuaren ondorioz hauek sortzen dira: hondakin solido beiraztatua, hondakin ez-organikoa, Schrubber purgatuko ur soberakin garbi eta tratatua (kutsatua), CO2 energia-sorgailuan eta segurtasun-zuziaren errekuntzako beste gas batzuk.

II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN PLANOA

III. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITUTAKO ADMINISTRAZIOEI ETA PERTSONEI EGINDAKO KONTSULTA-IZAPIDEAREN LABURPENA

Proiektuak ukitu dituenez, kontsulta egin zaie Ribaforadako Udalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta ingurumen-organoari (Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua).

Ingurumenaren babesaren alorreko elkarte hauei ere egin zaie kontsulta: Espainiako Ornitologia Elkartea, Asociación en Defensa de la Tierra-Lurra, Greenpeace Espainia, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Ekologistak Martxan-Landazuria, GURELUR-Fondo Navarro para la protección del medio natural eta Ekologistak Martxan.

Izapide honetan jasotako erantzunen artean, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ingurumen-organo gisa egindako txostena baino ez dago. Txosten horretan baloratzen da proposamena lurzoru urbanizatu industrialean dagoela eta ez duela okupazioa handitzen, eta egiaztatzen da ez dela zehaztu jarduera integratzeko neurririk. Txostenaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko aurkezten den ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaerarekin batera espedientea osatu beharko da: ingurumen-baimenak berez dakartzan neurriak zehaztu beharko dira eta lurzatian fauna erakarri dezakeen fokurik ez sortzeko neurriak ezarriko dira (hondakinak nabearen kanpoaldean biltzen eta bereizten badira); azkenik, instalazioak integratzeko proposamen bat jasoko da, proiektuaren hurbileko ingurunearekin bat datorrena.

Iragarkiaren kodea: F2500119