25. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

557E/2024 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Martzillako udal mugartean hozteko altzariak mihiztatu eta muntatzeko dagoen instalazio batean aldaketa funtsezko bat egiteko, helburu duena pintura-kabina berria eta araztegi berria instalatzeko proiektua gauzatzea. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Exposición y Conservación de Alimentos SAU da.Vil

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.8 taldean.

2023/11/08an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, pintura-kabina berria eta azaleko tratamenduaren isurketetarako araztegi berria ezartzeko.

2023ko azaroaren 14an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako irizpenean erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, aldaketa funtsezko hori ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Baimen honek berekin dakar azaleko uretan zeharkako isuriak egiteko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan eskatzen dena.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogei egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Martzillako udal mugartean hozteko altzariak mihiztatu eta muntatzeko dagoen instalazio batean aldaketa funtsezko bat egiteko, helburu duena pintura-kabina berria eta araztegi berria instalatzeko proiektua gauzatzea. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Exposición y Conservación de Alimentos SAU da.Vil.

Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena mantentzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.

Hirugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta, epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Bosgarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Obra eta instalazioetako zuzendaritza teknikoaren ziurtagiria, haien behin betiko planoak izanen dituena, teknikari eskudun batek sinatua. Bertan adieraziko da bete dela onetsitako proiektuan zehaztutakoa eta, hala badagokio, baita ingurumen baimen bateratuan ezarritako neurri zuzentzaile eta baldintza gehigarriak ere, horiek espresuki zehaztuta.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Exposición y Conservación de Alimentos SAUra, Martzillako Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura eta NILSAra.

Iruñean, 2024ko abenduaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2418445