25. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

549E/2024 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Castejongo udal mugartean landare kontserbak prestatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Riberega sozietate kooperatiboa da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 427/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 277E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko otsailaren 4ko 27E/2020 Ebazpenaren bidez eta apirilaren 27ko 80E/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2024ko urriaren 15ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko; zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, instalazioan sortutako hondakinen zerrendan, hondakin berri batzuk sartzeko, EHZ kode hauei dagozkienak: 3 02 08*, 02 01 03, 15 01 06 eta 15 01 07.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

02 01 03

Landare-ehunen hondakinak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea

13 02 08*

Beste motor-olio batzuk, transmisio mekanikoko olioak eta lubrifikatzaileak

Ez da onartzen instalazioan sortutako hondakinen zerrendan sartzea, 130205* EHZ kodea duen hondakinarentzako baimena duelako, eskatutakoa baino egokiagoa dena

15 01 06

Material nahasketa duten ontziak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea

15 01 07

Beirazko ontziak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Bestalde, 200301 EHZ kodea duen hondakina kenduko da ingurumen baimen integratuaren III. eranskinetik (instalazioan sortzen diren hondakinen zerrenda), 20. kapituluko hondakina delako. Izan ere, 20. kapituluan etxeko hondakinak baino ez daude, zeinak kasuan kasuko toki erakundearen bidez kudeatu behar baitira (Erriberako Mankomunitatearen bidez, kasu honetan), eta, beraz, ez lukete zerrenda honetan agertu beharko.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Castejongo udal mugartean landare-kontserbak prestatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Riberega sozietate kooperatiboa da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Riberega sozietate kooperatiboari eta Castejongo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 16an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2418512