1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
275/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 13koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, Elizondoko Benito Menni ospitalean egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu funtsezkoak arautzen dituena.
Eva Arrieta Insausti andreak, ELA sindikatuaren ordezkari gisa, 2024ko abenduaren 5ean aurkeztutako idazki baten bidez, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuari jakinarazi zion grebarako deialdia egin dela Elizondoko Benito Menni ospitalean, 2024ko abenduaren 17, 18, 19 eta 20rako, abenduaren 17ko 08:00etan hasi eta abenduaren 20ko 08:00etan bukatuta.
Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.
Desgaitasuna eta/edo nahasmendu mentala duten pertsonentzako egoitza-zentroak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan ondorio larriak eraginen bailituzke. Egoitza horiek egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsona zaurgarriak hartzen dituzte beren instalazioetan. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, zainketa hori gabe kalte larriak eragiten ahal zaizkielako osasunean.
Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, nabaria da hizpide dugun kasua gizartearentzako funtsezko zerbitzua dela, eta haren hartzaileen ezaugarriengatik –gaixotasun mentala, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak direnez–, larritasun bereziko inguruabarrak daudela onartu behar da. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta botere publikoek babestu behar dituzte, izatez, gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.
Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.
Proposamena igorri zaie grebarako deia egin duen sindikatuari, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, eta deialdiak ukitzen duen erakundeari.
Bi alderdiek alegazioak aurkeztu dituzte, eta kontuan hartu da Ahizpa Ospitalariak kongregazioak aurkeztutakoa, hau da, grebara deitutako egun batean gutxienez farmazia zerbitzuko langileak sartzea gutxieneko zerbitzuetan, egoitza-zentroko erabiltzaileak medikaziorik gabe gera ez daitezen.
Era berean, grebaren hasiera-data eta bukaera-data zuzentzen dira.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
Lehenbizikoa.–Elizondoko Benito Menni ospitalean 2024ko abenduaren 17an, 18an, 19an eta 20an (abenduaren 17ko 08:00etan hasi eta abenduaren 20ko 08:00etan bukatuta) egitekoa den greba dela-eta, grebaren xedeko esparruetan gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea:
–Erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.
–Helburu horrekin, zerbitzu horiek emanen direla bermatzeko behar diren langileek jardunean egon beharko dute, hau da, jaiegunetarako aurreikusitako zuzeneko arretako langileek, betiere ez badira deialdiko lanaldiei legokiekeena baino langile gehiago.
–Farmazia zerbitzua, berriz, gutxienez txanda batean eman beharko da, grebaren bigarren egunean, abenduaren 19an (3 greba-egunetatik erdikoan), eta farmazialari batek eta farmaziako laguntzaile batek osatuko dute zerbitzu hori.
Bigarrena.–Foru agindu hau Eva Arrieta Insausti andreari jakinaraztea, ELA sindikatuaren ordezkaria den aldetik, jakinarazpenetarako helbidean (Kolon pasealekua 27, 20302 Irun) eta posta elektronikoz (evaarrieta@ela.eus).
Hirugarrena.–Foru agindu hau zentroko zuzendaritzari igortzea (helbidea: Bordaxurialde karrika 4, 3170 Elizondo).
Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.
Bosgarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 13an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2418372