1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
125/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 16ko 41/2015 Foru Agindua, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako urriaren 13ko 47/2015 Foru Agindua. Lehenaren bidez, "Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izeneko 560 eredua onetsi zen; eta bigarrenaren bidez, "Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena" izeneko 591 eredua onetsi zen.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduaren bidez, elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren autolikidazioari buruzko 560 eredua onetsi zen eta hori bera aurkezteko modua eta prozedura ezarri ziren.
Autolikidazioari buruzko eredu hori aurkeztean, zergapekoak bete egiten ditu autolikidazio eta informazio betebeharrak, zeinak Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 102. artikuluan ezarrita baitaude eta uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 147. artikuluan garatzen baitira.
Indarra hartu zuenetik, elektrizitatearen gaineko zerga berezia zenbaitetan aldatu izan da. Horregatik da beharrezkoa foru agindu hau.
Alde batetik, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen bidez, salbuespen kasu bat txertatu zen Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 94. artikuluan. Aldaketa horrek 2022ko uztailaren 1etik aurrera hartu zuen indarra.
Beste alde batetik, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zenbait neurri hartu behar izan dira, eta horien artean dago Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 99.1 artikuluan ezarritako zerga-tasa aldatzea.
Horrenbestez, aldatzen da autolikidazioari buruzko 560 eredua. Hala, informatzen ahalko da zer zerga-egitate hartzen dituen barnean aipatu salbuespenak eta betetzen den edo ez Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 99.2 artikuluan autolikidatu beharreko zerga-egitateei buruz ezarritakoa.
Halaber, otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduaren 2. eta 3. artikuluak aldatzen dira, zergaren autolikidazio eta diru-sarrera betebeharra eta informazio betebeharra bereizteko, Zerga Berezien Erregelamenduaren 147. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Gainera, aipatu foru aginduaren 4. artikulua aldatzen da autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorraren diru-sarrera egiteko moduak zehazteko.
Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari dagokionez, ezarri zen urteko informazio aitorpen bat aurkeztu beharko dela. Aitorpen hori araututa dago 47/2015 Foru Aginduan, "Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena" izeneko 591 eredua onesten duenean.
Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zenbait neurri hartu behar izan dira, eta horien artean dago energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga salbuestea 2021eko ekitaldiko hirugarren hiruhilekotik 2023ko laugarren hiruhilekora bitartean. Hortaz, zergarako salbuespena 2024ko urtarrilaren 1ean amaitzen da.
Edonola ere, Tributu Harmonizazioari buruzko otsailaren 14ko 1/2024 Legegintzako Foru Dekretuaren lehenengo artikuluan ezarritakoarekin bat, luzatu egiten dira zenbait neurri fiskal; hain zuzen ere, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergarekin lotutakoak. Neurri fiskal horiek Estatu mailan araututa daude abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege Dekretuan.
Zehazki, hauxe izanen da 2024. urteari dagokion zergaren zerga-oinarria: energia elektrikoa (zentraleko barratan neurtua) ekoitzi eta sisteman sartzeagatik zergadunari dagokion zenbateko osoa, instalazio bakoitzeko eta zergaldi horretan, ken lehen hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien erdiak, ken bigarren hiruhileko naturalean sisteman sartutako elektrizitateari dagozkion ordainsarien laurden bat.
Horrekin guztiarekin, zerga behar bezala kontrolatzeko beharrezkotzat jo da eguneratzea 591 eredua, zeina araututa baitago urriaren 13ko 47/2015 Foru Aginduaren eranskinean. Ondorioz, 2024ko ekitaldiko eta ondorengo ekitaldietako informazioa hiruhilekotan xehatuta aurkeztu beharko da.
Nafarroak foru agindu hau onesteko duen eskumena Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan oinarritzen da. Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Foru Komunitateari dagozkion zerga berezien ordainarazpenean, Estatuko lurraldean unean-unean indarra duten oinarrizko printzipioak, arau substantiboak eta formalak aplikatuko ditu, eta, zerga berezien arloko arauak eman arte, honakoak aplikatuko dira Nafarroan: Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea, eta Zerga Berezien Erregelamendua, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa.
Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.
Horrenbestez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan eta zazpigarren xedapen gehigarrian jasotako gaikuntza orokorrarekin bat,
AGINTZEN DUT:
Lehenengo artikulua.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 16ko 41/2015 Foru Agindua aldatzea. Haren bidez onetsi zen 560 eredua, "Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izenekoa, eta ezarri zen hori aurkezteko modua eta prozedura.
Otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduaren aginduek testu hau izanen dute:
Bat.–2. artikulua aldatzen da eta apartatu bat gehitzen zaio. Aurrerantzean, testu hau izanen du:
"2. artikulua. 560 eredua aurkeztu behar dutenak.
1. Zergadunek eta gainerako zergapekoek 560 eredua aurkeztu beharko dute zerga likidatu eta ordaintzeko, bete beharrez Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 102.1 artikuluan ezarritako betebeharra, garatuta dagoena uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 147. artikuluan.
Betebehar hori gauzatzeko 560 eredua aurkeztu beharko da, eta ereduko "likidazio taula" bete.
Zergadunek ez dute betebehar hori izanen ordaindu beharreko kuotarik ez duten likidazio aldietan, salbu eta merkaturatzaile edo banatzaile badira. Halakoek likidazio aldi guztietan izanen dute betebehar hori, autolikidazioaren emaitza edozein dela ere.
2. Zergadunek aitorpen informatibo bat aurkeztu beharko dute likidazio aldian hornitutako edo kontsumitutako energia elektrikoari buruzko informazioa emateko, bete beharrez Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 102.3 artikuluan ezarritako betebeharra, garatuta dagoena uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 147.4 artikuluan. Betebehar hori gauzatzeko 560 eredua aurkeztu beharko da, eta ereduko "likidazio taula" bete.
Bi.–3. artikuluaren testua aldatzen da:
"3. artikulua. 560 eredua aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epea.
1. Kasuan kasuko likidazio aldia bukatzen den egunetik hasita, zergadunek hogei egun naturaleko epea izanen dute 560 eredua aurkezteko eta, hala badagokio, zerga-zorraren diru-sarrera egiteko.
2. Likidazio aldia urte osokoa denean, 560 eredua aurkeztu, eta, hala badagokio, zerga-zorraren diru-sarrera egin beharko dute abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 96.3 artikuluan adierazitako zergadunek, aldia amaitu eta hurrengo apirileko lehenengo hogei egun naturaleko epean.
3. Abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 92.1.b) artikuluan jasotako zergadunek, baldin eta lege horretako 94. artikuluko 5. eta 7. apartatuetan adierazitako salbuetsitako kontsumoak soilik gauzatzen badituzte dagokion ekitaldian, aurreko artikuluko 2. apartatuan azaldutako betebeharra gauzatu beharko dute dagokion ekitaldiarekiko hurrengo apirileko lehenengo hogei egun naturaleko epean.
Hiru.–4. artikuluaren testua aldatzen da:
"4. artikulua. 560 eredua aurkezteko eta diru-sarrera egiteko modua.
1. 560 eredua bide elektronikotik aurkeztuko da, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta hango baldintzak betez.
2. Nafarroako Foru Ogasunaren entitate laguntzaileetako edozeinetan egiten ahalko da diru-sarrera, ordainketa-gutun bidez (urteko likidazio aldirako, 501 eredua; hiruhilekoko likidazio aldirako, 761 eredua; hilabeteko likidazio aldirako, 752 eredua). Orobat, telematika bidez ordainduta edo banku bidez helbideratuta egiten ahalko da diru-sarrera".
Bigarren artikulua.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren urriaren 13ko 47/2015 Foru Aginduaren aldaketa. Agindu horren bidez 591 eredua onetsi zen, "Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Zergadunekiko eragiketen urteko aitorpena" izenekoa.
Urriaren 13ko 47/2015 Foru Aginduaren eranskinaren ordez, foru agindu honen eranskina erabiliko da.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Elektrizitatearen gaineko zerga berezia aplikatzekoa izanen da 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiei dagozkien autolikidazioetan. Era berean, energia elektrikoa ekoiztearen balioaren gaineko zerga aplikatzekoa izanen da 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko aitorpenetan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 27an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
ERANSKINA.–591 EREDUA ("ENERGIA ELEKTRIKOAREN EKOIZPENAREN BALIOAREN GAINEKO ZERGA. ZERGADUNEKIKO ERAGIKETEN URTEKO AITORPENA") ELEKTRONIKOKI AURKEZTEKO SORTZEN DIREN FITXATEGIEK IZAN BEHAR DITUZTEN DISEINUAK
Hirugarrenekin egindako eragiketak eta autokontsumoak
Inportatu beharreko fitxategia testu formatukoa izanen da, eta eremuak (;) zeinuak bereizirik egonen dira.
Eremu bat aukerakoa bada, (;) karakterea jarriko da.
Inportatu daitezkeen gehieneko erregistro kopurua 500 da.
Inportatu beharreko erregistroaren formatua:
EREMUA | LUZERA | MOTA | AZALPENA |
1 | 9 | AN | Hartzailearen IFZa |
2 | 50 | AN | Hartzailearen izena edo sozietatearen izena |
3 | 10,2 | N | Urtean ordaindutako zenbatekoa; eurotan emanen da, bi dezimalekin |
4 | 10,2 | N | Lehenengo hiruhilekoan ordaindutako zenbatekoa; eurotan emanen da, bi dezimalekin |
5 | 10,2 | N | Bigarren hiruhilekoan ordaindutako zenbatekoa; eurotan emanen da, bi dezimalekin |
6 | 10,2 | N | Hirugarren hiruhilekoan ordaindutako zenbatekoa; eurotan emanen da, bi dezimalekin |
7 | 10,2 | N | Laugarren hiruhilekoan ordaindutako zenbatekoa; eurotan emanen da, bi dezimalekin |
Adibidez:
99999999R; IFZ-AREN SOZIETATEAREN IZENA; 40000000,00;100000,00;100000;00;100000,00;100000,00
Eremuen deskribapena.
Hartzailearen IFZaren instalazio bakoitzarekin loturik, honako informazio hau emanen da:
–IFZa: Nahitaezko eremua. Ordainketaren hartzaile den pertsonaren edo entitatearen IFZa.
–Izena edo sozietatearen izena: Nahitaezko eremua. Ordainketaren hartzaile den pertsonaren edo entitatearen izena.
–Urtean ordaindutako zenbatekoa: Nahitaezko eremua. Eurotan adieraziko den zenbatekoa.
–Hiruhileko bakoitzean ordaindutako zenbatekoa: Nahitaezko eremuak. Eurotan adieraziko den zenbatekoa".
Iragarkiaren kodea: F2419110