Iragarkia
249. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
168C/2025 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabakitzen da Fundación Felipe Lecea-Clínica Josefina Arregui enpresaren hitzarmen kolektiboaren aldaketa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusi da Fundación Felipe Lecea-Clínica Josefina Arreguik aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren aldaketa proposamena (kode zenbakia: 31008862012010), LGTBI neurriak txertatzea helburu duena. Testu hori erregistro honetan 2025eko azaroaren 14an sartu zen, enpresaren eta langileen ordezkariek 2025eko uztailaren 15ean sinatu ondoren.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Fundación Felipe Lecea-Clínica Josefina Arreguik aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren aldaketa (kode zenbakia: 31008862012010), LGTBI Plana barne hartzen duena.
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko azaroaren 18an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
FUNDACIÓN FELIPE LECEA-CLÍNICA JOSEFINA ARREGUIREN LGTBI KOLEKTIBOAREN ANIZTASUN ETA INKLUSIO PLANA
AURKIBIDEA
1.–HITZAURREA
2.–ERREFERENTZIA ESPARRUA. LEGEDIA
3.–OINARRIZKO KONTZEPTUAK. DEFINIZIOAK
4.–PLANAREN HELBURUAK ETA PRINTZIPIO INSPIRATZAILEAK
5.–PERTSONA EREMUA, LURRALDE EREMUA ETA DENBORA EREMUA
6.–PLANA EGITEKO PROZESUA
6.1. BATZORDEAREN ERAKETA
6.2. EGOERAREN DIAGNOSTIKOA:
• LANTALDEAK
• AZTERKETAREN EMAITZAK ETA ONDORIOAK
7.–JARDUTEKO PROZEDURA
7.1. SALATZEA
7.2. PROZEDURAREN OINARRIKO PRINTZIPIOAK
7.3. ALDERDIAK
7.4. PROZESUAREN GARAPENA
7.5. TIPIFIKAZIOA
8.–EKINTZA PLANA. ONETSITAKO NEURRIAK
9.–ALDAKETA ETA JARRAIPENA ETA AZKEN TXOSTENA
9.1. ALDAKETA
9.2. JARRAIPENA
10.–PLANA ONESTEA ETA ARGITARATZEA
1.–HITZAURREA
LGTBI Aniztasun eta Inklusio Plan hau funtsezko tresna gisa aurkezten da, Fundación Felipe Lecearen barruan, sexu eta genero aniztasunarekiko errespetua sustatzeko, homofobia, lesbofobia, transfobia, bifobia eta intersexfobia ezabatzeko, eta LGTBI pertsonen autonomia sustatzen duten ekimenak garatzeko. Erakundeak konpromisoa hartzen du hura osatzen duten pertsona guztien eskubide berdintasuna, askatasunak eta aitorpen soziala sustatzeko, gai horri ikuspegi zabal batetik helduz eta lesbianek, gayek, transek, bisexualek eta intersexualek eskubide osoko herritar gisa dituzten eskubideen errespetuan eta bermean arreta berezia jarriz. LGTBI akronimoak sexu eta genero aniztasunaren ikuspegi inklusiboa eta zabala adierazten du, pertsonok gure genero identitatea eta/edo sexu orientazioa esperimentatzeko, adierazteko eta sentitzeko ditugun modu anitzak biltzen baititu. LGTBI mugimendua kolektibo horrek jasan dituen desberdintasun eta diskriminazio egoerei erantzuteko sortu zen, eta gizarte patriarkaletan nagusi den sistema heteronormatiboak onesten eta legitimatzen duenaz bestelako identitate afektibo-sexuala askatasunez adierazteko beharretik.
2.–ERREFERENTZIA ESPARRUA. LEGEDIA
Nazioarteko esparrua.
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean, Parisen, 217 A (III) Ebazpenean onetsitako dokumentu deklaratiboa da; bertan, 30 artikuluetan, oinarrizkotzat jotako giza eskubideak jasotzen dira.
1. artikulua. "Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela".
2. artikulua. «Gizaki orori dagozkio aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, politikako edo bestelako iritzi, sorterri edo gizarteko jatorri, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik".
NBEk adierazi du agindu horrek berekin dakarrela legearen aurrean tratu-berdintasuna izateko eskubidea, bai eta hainbat arrazoik, hala nola sexu orientazioak eta genero identitateak, eragindako diskriminazioaren aurka babestua izateko eskubidea ere.
Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Legedia Sexu Orientazioarekin eta Genero Identitatearekin lotuta aplikatzeari buruzko Yogyakartako Printzipioekin (2006), NBEk homosexualengana, bisexualengana, transexualengana eta transgeneroengana hedatu du, esplizituki, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala; haien eskubideak inplizituki jasota zeuden aipatutako Aldarrikapen Unibertsalaren bigarren artikuluan, «edo bestelako» eta «edo beste inolako gorabeheragatik» generikoen pean.
Sexu orientazioan oinarritutako homofobiaren eta diskriminazioaren aurkako 2008ko abenduaren 18ko Adierazpenean, dokumentua sinatu zuten Nazio Batuen Erakundeko 66 estatu kideek kezka adierazi zuten sexu orientazioagatiko edo genero identitateagatiko oinarrizko eskubideen urraketa eta pertsonen aurkako indarkeria, jazarpen, diskriminazio, bazterketa, estigmatizazio eta aurreiritziagatik.
NBEren Batzar Nagusiaren Giza Eskubideak, Sexu Orientazioa eta Genero Identitatea Ebazpenak, 2012ko ekainaren 4koak, sexu orientazioagatiko eta genero identitateagatiko pertsonen aurkako diskriminazioa gaitzestea sustatzen zuen, eta lesbianek, gayek eta bisexualek, transek eta intersexek (LGTBI) parte-hartze politikorako eta bizitza publikoko beste esparru batzuetarako sarbidean dituzten oztopoak ezabatzera, halakorik gertatzen denean, eta haien bizitza pribatuan interferentziak saihestera premiatzen zituen estatuak, haien sistemetako erakunde juridikoen parametroen arabera.
Europar Batasunaren esparrua.
2000. urtean, EBk, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 21. artikuluko ("Ez diskriminatzeko eskubidea") 1. paragrafoan, sexu orientazioagatiko diskriminazioa legez gaitzesten du:
Debeku da diskriminazio oro, eta bereziki honako hauek: sexua, arraza, kolorea, jatorri etnikoa edo soziala, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa zein konbikzioak, iritzi politikoak zein beste edozein iritzi, gutxiengo nazional batekoa izatea, ondarea, jaiotza, ezgaitasuna, adina nahiz sexu orientazioa direla-eta egindakoak. Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna.
Azkenik, Europar Batasunaren esparruan honako hauek ere aipatu behar dira: 2006ko urtarrilaren 18ko eta 2012ko maiatzaren 24ko Europako Parlamentuaren ebazpenak, lesbianen eta gayen eskubide berdintasunari eta diskriminazioaren eta homofobiaren aurkako borrokari buruzkoak; Kontseiluaren 2000/78/EE Zuzentaraua, lantokian eta enpleguan tratu berdintasunerako esparru orokor bat ezartzeari buruzkoa; eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna, sexu orientazioagatiko diskriminazioaren debekua Batasuneko funtsezko eskubidetzat berresten duena.
Estatu esparrua.
–Espainiako Konstituzioa (1978).
10.1. artikulua. Aitortu eta blindatzen du "pertsonaren duintasunaren babesa, eta aitortzen dizkio berari datxezkion ezin bortxatuzko eskubideak, eta bermatzen du bere nortasunaren garapen askea eta besteen eskubideekiko errespetua ordena politikoaren eta bake sozialaren oinarri direla".
9.2. artikulua. Ezartzen du botere publikoei dagokiela "baldintzak ezartzea gizabanakoaren eta hark osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen", bai eta "haien osotasuna eragotzi edo zailtzen duten oztopoak" kentzea ere.
14. artikuluak ezartzen du espainiarrak legearen aurrean berdinak direla, "eta ez da inolako diskriminaziorik egiten ahalko jaiotza, arraza, sexu, erlijio, pentsamolde edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozialarengatik". Otsailaren 13ko 41/2006 epaian, Auzitegi Konstituzionalak zehaztu zuen sexu orientazioko eta genero identitateko arrazoiak ere sartu behar direla honako honetan: "(...) beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozialarengatik".
–Langileen Estatutua (2003ko Aldaketa).
Gerora aldaketa batzuk egin badira ere, 2003koan txertatu ziren LGTBI arloko zenbait aldaketa esanguratsu. Langileek lan harremanean dituzten eskubideei buruzko 4. artikuluaren 2.c) eta e) apartatuak aldatu ziren, abenduaren 30eko 62/2003 Legea onetsi baitzen, eta berariaz aipatu ziren sexu orientazioagatik zuzenean edo zeharka enplegurako ez baztertzeko eskubidea (4.2.c artikulua), intimitatea eta duintasuna errespetatzeko eskubidea eta sexu izaerako hitzezko irainen zein fisikoen eta sexu orientazioagatiko jazarpenaren aurkako babesa (4.2.e artikulua).
–2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa (LOE).
Hitzaurrean berariaz aitortzen du aniztasun afektibo-sexuala: "Hezkuntzaren helburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: erabat garatzea ikasleen nortasuna eta gaitasun afektiboak; prestakuntza ematea oinarrizko eskubide eta askatasunak errespeta ditzaten, bai eta emakumeen eta gizonen arteko benetako aukera berdintasuna errespeta dezaten ere; aniztasun afektibo-sexuala aitortzea; eta desberdintasunen balorazio kritikoa egitea, jokabide sexistak gainditzeko".
–14/2006 Legea, maiatzaren 26koa, lagundutako giza ugalketako teknikei buruzkoa.
Emakume lesbianek lagundutako giza ugalketaren arloan dituzten eskubideak arautu zituen, eta xede horretarako erabilitako tekniken erabiltzailetzat aitortu zituen adinez nagusi diren emakume guztiak, haien sexu orientazioa edozein dela ere (6.1 artikulua), eta aukera eman zion ama ez-biologikoari legez seme-alabatzat hartzeko bi emakumeren arteko ezkondutako bikotean jaiotako haurrak (7.3 artikulua).
–3/2007 Legea, martxoaren 15ekoa, pertsonen sexuari buruzko aipamenaren erregistro zuzenketa arautzen duena.
Adin nagusiko transexualen eskubideak sendotzeko aurrerapena, beraien identitatea erregistratzeko eskubidea ematen baitie. Beren identitatearekin bat ez datorren sexuaren erregistro esleipena zuzentzeko aukera ematen die, sexu-berresleipeneko kirurgiarik egin beharrik gabe eta aldez aurreko prozedura judizialik gabe.
Hala ere, zuzenketa erabakitzeko baldintza gisa mantentzen da genero disforiaren diagnostikoa, txosten mediko edo psikologiko klinikoaren bitartez egindakoa (4.1a artikulua), baita ezaugarri fisikoak eskatutako sexuari dagozkionetara egokitzeko gutxieneko bi urteko tratamendua ere, nahiz eta ez den beharrezkoa sexu-berresleipeneko kirurgia (4.1b artikulua).
–52/2007 Legea, abenduaren 26koa, Memoria Historikoari buruzkoa.
Gerra zibilean eta diktadura garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortu eta hedatzen ditu eta beren aldeko neurriak ezartzen ditu. LGTBI izate hutsagatik gerra zibilean eta diktadura garaian eskubideen ukapena, indarkeria eta kartzela jasan zituzten pertsona guztiak aitortzea dakar.
–Meridako Adierazpena, Erakunde Publikoek Munduan LGBTI Giza Eskubideen arloan duten Konpromisoari buruzkoa (2019).
Adierazpenak LGTBI pertsonen eskubideekiko konpromisoa sustatzen du, garapen politiken esparruan, gizarte bidezkoagoak eta inklusiboagoak eraikitzen laguntzeko, giza eskubideen ikuspegitik aniztasun afektibo eta sexuala aitortuz eta babestuz.
–4/2023 Legea, otsailaren 28koa, trans pertsonen benetako berdintasun efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa.
Botere publikoen jardute printzipio sorta bat ezartzen du, pertsona fisiko eta juridikoen eskubide eta eginbeharrak arautzen ditu, publikoak edo pribatuak izan, eta eremu publiko eta pribatuetan diskriminazio oro prebenitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko berariazko neurriak jasotzen ditu. Halaber, LGTBI pertsonek gizarte bizitzaren arlo guztietan parte hartzea bultzatzen du, baita pertsona horien pertzepzio sozialari negatiboki eragiten dioten estereotipoak gainditzea ere.
3.–OINARRIZKO KONTZEPTUAK. DEFINIZIOAK
Sexu orientazio, genero identitate edo genero adierazpenagatiko jazarpentzat hartuko da, ezaugarri horietan oinarrituta, pertsona baten duintasuna edo osotasun fisikoa edo psikologikoa kaltetzen duen edo giro beldurgarria, aurkakoa, umiliagarria, iraingarria edo deserosoa sortzen duen edozein jokabide, baita helburu horiek dituena ere. Jokabide hori diskriminatzailetzat hartuko da.
Zuzeneko diskriminazioa: pertsona bat beste bat baino okerrago tratatu denean edo tratatzen denean, edo tratatu daitekeenean, antzeko egoeretan daudela, haren sexu orientazioagatik, identitateagatik edo genero adierazpenagatik.
Zeharkako diskriminazioa: itxuraz neutrala den arau, irizpide, interpretazio edo praktika batek desabantaila berezia eragiten dienean lesbiana, gay, bisexual, transexual edo intersexualei, kolektibo horietako kide ez direnekin alderatuta.
Diskriminatzeko agindua: sexu orientazioan, identitatean edo genero adierazpenean oinarrituta zuzeneko edo zeharkako diskriminazioa egitea eskatzen duen edozein jarraibide.
Errepresalia diskriminatzailea: pertsona batek jasan duen edo jasaten ari den diskriminazioa edo jazarpena prebenitzeko, murrizteko edo salatzeko kexa, erreklamazioa, salaketa, demanda edo errekurtsoa aurkeztearen ondorioz jasaten duen tratu kaltegarria edo ondorio negatiboa.
Subjektu aktiboari dagokionez, hiru jazarpen mota bereizten dira:
–Beheranzko jazarpena: jazarpena egiten duenak biktima baino hierarkia maila altuagoa duenean (adibidez, buru batek mendeko bati egindakoa).
–Goranzko jazarpena: jazarpena egiten duena biktima baino maila hierarkiko txikiagoan dagoenean (adibidez, mendeko batek buru bati egindakoa).
–Jazarpen horizontala: jazarpena harreman hierarkikorik ez duten pertsonen artean gertatzen denean (adibidez, lankideen artean).
4.–PLANAREN HELBURUAK ETA PRINTZIPIO INSPIRATZAILEAK
LGTBI Aniztasun eta Inklusio Planaren helburu orokorrak honako hauek dira: enpresaren eguneroko jardunean berdintasuna sustatzea eta aniztasuna txertatzea erraztuko duten estrategia eta ekintzen multzo koherente eta sistematiko bat ezartzea, bai eta lantaldean egon daitezkeen desberdintasunak eta diskriminazio ekintzak desagerraraztea ere.
LGTBI pertsonei eragiten dieten desberdintasunei buruzko sentsibilizazioa sustatu nahi da, eta berdintasunaren, justiziaren eta sexu eta genero aniztasunarekiko errespetuaren balioak zabaldu nahi dira langileen artean.
Gainera, LGTBI pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi da, zaurgarritasun sozial handieneko egoeretan daudenentzako esku-hartze espezifikoak garatuta.
Helburu orokor horien arabera, helburu espezifiko hauek ezartzen dira:
–HE1: Diagnostiko zehatza egitea, bai erakundearen barruko desberdintasunak bai horiek gainditzea sustatuko duten estrategiak eta ekintzak ezartzeko aukerak identifikatzeko eta ikusarazteko.
–HE2: Diagnostikotik abiatuta, ekintza plan integral eta sistematiko bat egitea, ekitatea eta aniztasunaren inklusioa sustatzeko proposamen estrategikoak barne hartuko dituena.
–HE3: Jarraipen eta ebaluazio sistema etengabe bat ezartzea, berdintasunaren eta aniztasunaren alde ezarritako ekintzen eta neurrien eraginkortasuna monitorizatzeko.
Printzipio orientatzaileak.
LGTBI pertsonentzako planak oinarri dituen printzipioak, bertan jasotako helburu, neurri eta ekintza bakoitza gidatzen dutenak, honako hauek dira:
–Berdintasun politiken zeharkakotasuna: Genero berdintasunak zeharkako irizpidea izan behar du enpresaren prozedura guztietan. Horrek aniztasun afektibo-sexualari eta genero aniztasunari buruzko etengabeko prestakuntza eskatzen du, besteak beste, bai langile finkoentzat, bai aldi baterakoentzat.
–Komunikazio eraginkorra: Komunikazioa funtsezko elementua da plana behar bezala ezartzeko. Komunikazioa planifikatu egin behar da eta lantaldearen behar espezifikoetarako egokitua izan behar du (helburuen, kanalen eta mezuen egokitzapena barne).
–Etengabeko hobekuntza: Planaren kudeaketa eredua kalitatera eta etengabeko hobekuntzara bideratuta dago, eta LGTBI pertsonentzako berdintasuna normalizatzeko eta bermatzeko politiken efizientzia eta eraginkortasuna optimizatzea du helburu.
–Lantaldea sentsibilizatzea: Sentsibilizazio estrategia funtsezko zutabea da LGTBI pertsonek lan eremuan dituzten erronkei eta arazoei buruzko kontzientzia sustatzeko.
–Aniztasunarekiko errespetua: Planak sexu orientazio eta genero identitate guztien aniztasuna eta pluraltasuna aitortzen ditu, eta errealitate hori ikusarazi eta baloratu nahi du, langileek beren testuinguruaren parte gisa har dezaten. Hala, plana inklusiboa da gizartean nagusi den eskema heterosexual eta zisgeneroari aurre egiten dioten identitate eta orientazio guztientzat.
–Intersekzionalitatea, desberdintasunari heltzeko: Printzipio horrek adierazten du zapalkuntza sozialaren ardatzak elkartu egiten direla eta matrize konplexu bat eratzen dutela, eta, horren arabera, botere eta zaurgarritasun posizio desberdin eta aldakorretan daudela gizabanakoak.
–Gardentasuna: LGTBI pertsonentzako plana ezartzeari eta garatzeari buruzko informazioa langile guztiek eskura izatea bermatzen da.
5.–PERTSONA EREMUA, LURRALDE EREMUA ETA DENBORA EREMUA
Pertsona eremua.
Plan honetan jasotako xedapenak Fundación Felipe Lecean eginkizunak betetzen dituzten pertsona guztiei aplikatuko zaizkie, edozein dela ere erakundearekiko haien lotura juridikoa. Beraz, lan kontratuko langileei eta antzeko harremana duen beste edozein langile motari aplikatuko zaizkie, baldin eta erakundearen antolamendu esparruan jarduten badute.
Era berean, plana Fundación Felipe Leceak azpikontratatutako enpresetako langileei ere aplikatuko zaie, baldin eta, lan arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzuak ematen badituzte fundazioaren instalazioetan eta haren langileek eragiten badiete.
Halaber, xedapenek Fundación Felipe Leceatik kanpoko pertsonei ere eragiten diete, lan arrazoiengatik harekin harremana dutenei, hala nola bezeroei, hornitzaileei eta lanpostu baterako hautagaiei.
Enpresatik kanpoko langileen inplikazioa antzemanez gero, dagozkien erakundeei jakinaraziko zaie, egoki iritzitako neurriak har ditzaten.
Lurralde eremua.
LGTBI Aniztasun eta Inklusio Plan hau Fundación Felipe Lecearen lantoki guztietan aplikatuko da. Plana indarrean dagoen bitartean zentro berririk irekitzen bada, automatikoki zabalduko da horretara ere.
Denbora eremua.
Planak lau urteko indarraldia izanen du, onetsi eta sinatzen den egunetik hasita, hau da, 2025eko uztailaren 4tik 2029ko uztailaren 3ra arte.
6.–PLANA EGITEKO PROZESUA
6.1. Sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordearen eraketa.
Erakundea osatzen duten pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituen lan ingurunea bermatzeko, enpresak eta langileen legezko ordezkariek konpromisoa hartzen dute sexu orientazioagatik, identitateagatik edo genero adierazpenagatik gerta daitekeen edozein jazarpen egoera ahalik eta arreta handienaz artatzeko.
A.–Osaera:
2025eko uztailaren 15ean egindako bileran, LGTBI Planaren Negoziazio Batzordea eratu zen formalki, eta bilkura horren akta egin zen.
Hauek izanen dira batzordeko kideak:
Enpresaren aldetik:
–María Crespillo Rodríguez, Giza Baliabideetako teknikaria.
–Ainhoa Reparaz, Erizaintzako gainbegiralea.
–Langileen ordezkarien aldetik:
–Nuria González de Pedroso Saiz.
–Ander Galarza López de Goikoetxea.
Bi alderdiek baliozko solaskide gisa jarduteko gaitasun eta legitimitate nahikoa aitortzen diote elkarri LGTBI Aniztasun eta Inklusio Plana negoziatzeko eta onesteko.
B.–Funtzionamendu araubidea:
Batzordearen eraketa-aktan funtzionamenduaren barne erregelamendua onetsi zen, honako hauek jasotzen dituena:
–Batzordearen eginkizunak eta ardurak.
–Deialdi eta bileren araubidea.
–Aktak egitea eta artxibatzea.
–Erabakiak hartzeko prozedurak.
–Batzordearen iraupena eta indarraldia.
–Konfidentzialtasun konpromisoa.
–Gatazkak judizioz kanpo konpontzeko mekanismoak.
6.2. Egoeraren diagnostikoa.
LGTBI Aniztasun eta Inklusio Plana egiteko, garrantzi berezia eman zaie hasierako diagnostikotik eratorritako emaitzei; izan ere, LGTBI pertsonei eragiten dieten arazoak identifikatzeak aukera ematen du diskriminazioa desagerraraztera eta bizi-kalitatea hobetzera bideratutako ekintza zehatzak diseinatzeko.
A.–Lantaldea:
Berdintasuna, inklusioa eta aniztasunarekiko errespetua sustatzeko helburuarekin, diziplina anitzeko lantalde bat osatu zen, erakundearen esparru guztietan, lesbianen, gayen, bisexualen, transen eta intersexualen eskubideak bermatzeko ekintzak diseinatu, inplementatu eta gainbegiratzeko. Ikuspegi parte-hartzaile baten bidez, taldeak premien eta hainbat ikuspegiren analisia integratu eta espazio seguruak, diskriminaziorik gabekoak eta ekitatearekin konprometituak eraikitzea bilatu du.
–Diagnostikoaren emaitza.
Diagnostikoaren ondorioek honako hau erakusten dute:
- Lan ingurunean haien sexu orientazioa edo genero identitatea adierazten eroso sentitzen ez diren pertsonen ehuneko esanguratsu bat dago.
- LGTBI+ kolektiboarekiko balizko komentario-egoera diskriminatzaileak identifikatu dira, bai lankideen artean, bai baliabideetako pazienteen eta enplegatuen arteko interakzioetan.
- LGTBI kolektiboko pertsonen babeserako eta sarbiderako tresna espezifikoak daude, ezarritako protokolo bat barne.
- Kolektibo horrekiko diskriminazioaren aurkako prebentzioaren eta jarduketaren arloko prestakuntza-defizita antzeman da.
–Proposatutako ekintzak:
Emaitzen azterketatik abiatuta, honako neurri hauek proposatzen dira:
- LGTBI kolektiboari zuzendutako politika eta neurriak komunikatzeko prozesu sistematiko bat ezartzea, lantalde osoarengana iristeko helburuarekin.
- Sentsibilizazio kanpainak diseinatzea, LGTBI kolektiboren inklusioak eta harekiko errespetuak maila pertsonalean, sozialean eta laboralean duten garrantziari buruzko kontzientziazioa sustatzeko.
- Enpresak mekanismoak ezarri behar ditu bere jardueratik eratorritako giza eskubideen gaineko edozein ondorio negatibo konpontzeko, barne erreparaziorako mekanismoak barne, edo kanpoko prozesu juridikoekin koordinatuta.
- LGTBI kolektiboaren aurkako diskriminazio egoeretatik babesteko neurri espezifikoak aplikatzea.
- Prebentzio eta jarduketari buruzko prestakuntza espezializatua ematea langile guztiei, lan eremuan sexu orientazio, identitate edo genero adierazpenagatiko diskriminazioari aurre egiteko.
7.–JARDUTEKO PROZEDURA
7.1. Jazarpen egoera erreklamatzea edo salatzea.
A.–Protokolo honetan araututako erreklamazioa edo salaketa aurkezteko legitimatutzat jotzen dira honako hauek:
1. Bere burua sexu orientazioagatiko, genero identitateagatiko eta/edo genero adierazpenagatiko jazarpen jokabide baten biktimatzat jotzen duena.
2. Sexu orientazioagatiko, genero identitateagatiko eta/edo genero adierazpenagatiko jazarpen jokabide baten berri duena.
Kasu horretan, erreklamazioa jaso duen organoak ustezko biktimaren berariazko eta idatzizko adostasuna eskatu behar du prozedurarekin aurrera jarraitzeko.
3. Fundación Felipe Lecean ordezkaritza duten erakunde sindikalak, betiere, horretarako, mindutako pertsonaren berariazko eta idatzizko adostasuna egiaztatzen badute.
4. Sexu orientazioagatiko, genero identitateagatiko eta/edo genero adierazpenagatiko diskriminazioa dakarren edozein jarraibide jasotzen duena.
B.–Fundación Felipe Leceak dagokion laguntza emanen die sexu orientazioagatiko, genero identitateagatiko eta/edo genero adierazpenagatiko jazarpenaren arloko erreklamazioetan edo salaketetan inplikatutako alderdiei.
C.–Erreklamazioa edo salaketa idatziz egin behar da beti, eranskin gisa atxikitako inprimakiaren arabera, eta hura formulatzen duen pertsonak edo erakundeak sinatu behar du.
D.–Sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordeko edozein kideri helarazi behar zaio komunikazioa.
7.2. Prozeduren oinarrizko printzipioak.
A.–Pertsonekiko errespetua eta haien babesa: Eragindako pertsonen intimitatea eta duintasuna babesteko beharrezkoa den diskrezioaz jokatu behar da. Jarduketak eta eginbideak zuhurtzia handienaz eta inplikatutako guztiei zor zaien errespetuaz egin behar dira, zeinek ez baitute inola ere aurkako traturik jaso beharko horregatik. Inplikatuek, hori eskatuz gero, ordezkari edo aholkulariren baten laguntza izan dezakete une oro prozeduran zehar.
B.–Konfidentzialtasuna: Prozeduran parte hartzen duten pertsonek konfidentzialtasun zorrotza mantentzeko betebeharra dute, eta ez dute ikertze-prozesuan aurkeztutako salaketen edukiari buruzko informaziorik eman eta zabaldu beharko. Sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordeak berariaz jakinarazi behar die esku hartzen duten pertsona guztiei konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharra.
C.–Arreta eta arintasuna: Salatutako jokabideari buruzko ikerketa eta ebazpena berandutze bidegaberik gabe egin behar dira, prozedura ahalik eta denborarik laburrenean egin dadin, betiere beharrezkoak diren bermeak errespetatuta.
D.–Kontraesana: Prozedurak entzute inpartziala eta bidezko tratua bermatu behar dizkie eragindako pertsona guztiei. Esku hartzen duten alderdi guztiek, fede onez, egia eta salatutako gertaerak argitzea bilatu behar dituzte.
E.–Biktimak lehengoratzea: Jazarpena biktimaren lan baldintzen kaltetan gauzatu bada, enpresak lehengo baldintza berberetara itzuli beharko du hura, biktimak hori eskatzen badu.
F.–Biktimen osasunaren babesa: Ofizioz, edo bestela, sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordeak edo bertako edozein kidek edo biktimak eskatuta, enpresa zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu behar ditu eragindako langileen osasuna babesteko eskubidea bermatzeko.
G.–Errepresalien debekua:: Salaketa aurkezten duten, lekuko gisa agertzen diren edo jazarpenari buruzko ikerketa batean laguntzen edo parte hartzen duten pertsonen aurkako errepresaliak berariaz debekatuta daude.
Batzordeko kide batek kontrako salaketa badu, edo bera bada salatzailea, ez du beste inongo prozeduratan esku hartzen ahalko, harik eta bere kasua guztiz ebatzi arte.
Batzordeko kide batek prozedura jakin batean jarduteko duen bateraezintasuna berak, batzordeko beste edozein kidek edo prozesuan parte hartzen duen edozein alderdik alega dezake. Desadostasunik izanez gero, Hitzarmena Interpretatzeko eta Jarraitzeko Batzorde Paritarioak/Berdintasun Batzordeak bere irizpiderik onenaren arabera ebatziko du alderdiei entzun ondoren.
7.3. Alderdiak.
Hauek dira prozedura honetako alderdiak:
–Salatzailea, berak aurkezten baitu, gertaeren berri izanda, salaketa.
–Biktima, salaketa berak aurkeztu ala ez, berak jasan baitu edo jasaten baitu jazarpen jokabidea.
–Sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordea, bera baita salaketa artatzeko eta ikertzeko eta dagozkion neurriak hartzeko proposamena egiteko ezarritako organoa.
–Enpresa zuzendaritza, berak baitu aipatutako neurriak hartzeko ardura.
7.4. Prozeduraren garapena.
Salatzaileek jarraitzen ahalko dituzten bi prozedura ezartzen dira, hargatik eragotzi gabe biktimak bide administratiboak, judizialak edo egokitzat jotzen duen beste edozein bide erabiltzea.
A.–Kautelazko neurriak.
Sexu orientazioarekin, genero identitatearekin eta/edo genero adierazpenarekin lotutako jazarpenagatiko salaketen kasuan, salaketa aurkezten denetik prozedura amaitu arte, dela modalitate informalean, dela formalean, eta jazarpena egon daitekeela agerian uzten duen arrazoizko zantzurik badago, eragindako pertsonaren eta ustezko erasotzailearen arteko bereizketa fisikoa erabaki beharko du sexu-orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordeak kautelazko neurri gisa.
Gainera, kasuaren inguruabarrekin bat datozen kautelazko beste neurri batzuk ezartzen ahalko ditu, egokitzat jotzen dituenak, hala nola lan ordutegia berrantolatzea, lan espazio fisikoa aldatzea, mugikortasun funtzionala edo egokiak diren beste batzuk.
Eragindako pertsonaren lan baldintzetan inolako kalterik sortu gabe aplikatu beharko dira kautelazko neurri horiek (soldata barne), eta lan-baldintzetan funtsezko aldaketarik eragin gabe.
Kautelazko neurria lanpostuz aldatzea bada, eragindako pertsonak erabakiko du lekualdaketa berak egin nahi duen edo ustezko erasotzaileak egitea nahiago duen. Dagokion departamentuak bermatu beharko du lekualdaketa ahalik eta azkarren egitea, prozesua une oro erraztuta.
B.–Prozedura informala.
Salatzaileak komenigarritzat joz gero, egoera lehen instantziako prozedura informal baten bidez konpontzeko ahalegina egiten ahalko da. Kasu batzuetan, nahikoa izanen da eragindako pertsonak nahi ez duen jokabidea duenari zuzenean jakinaraztea jarrera hori ez dela onargarria, iraingarria edo deserosoa dela, edo lana oztopatzen duela, eta jokabide hori bertan behera uzteko eskatzea.
Salatzaileak sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordeko edozein kideri helarazten ahalko dio informazioa, ahoz edo idatziz. Hasierako fase horretan esleitutako aholkulariaren eginkizunen artean dago salatzaileari informazioa eta orientazioa ematea, egoerari aurre egiteko aukerei zein haren eskubideei buruzkoa. Era berean, kautelazko neurriak hartzea gomendatzen ahalko dio enpresa zuzendaritzari, egoerak hori eskatzen duenean. Une oro, bai ustez eragindako pertsonak bai salatutakoak langileen legezko ordezkaritzaren laguntza eta aholkularitza erabiltzen ahalko dute prozeduraren fase guztietan.
Salatzailea eta ustezko biktima pertsona bera ez badira, azken hori batzordearekin harremanetan jarri beharko da aholkulariaren bidez, salatutako gertaerak ebaluatzeko eta aurkeztutako salaketa berretsi edo baztertzeko.
Salaketa berretsi ondoren, aholkulariak gehienez ere bi laneguneko epea izanen du banakako elkarrizketak egiteko; lehenik biktimarekin eta, ondoren, salatuarekin.
Salatuarekiko elkarrizketan, aholkulariak jakinaraziko dio bere jokabidea ez dela onesten eta enpresaren barne arauak urratzen dituela. Prozedura horren helburu nagusia jazarpena izan daitezkeen jokabideak gelditzea eta bi alderdientzat konponbide egokia lortzea da.
Salaketa jaso eta gehienez ere zazpi laneguneko epean, aholkulariak prozedura informala amaitu beharko du, lortutako ondorioak jasoko dituen akta bat idatzita. Ondorioak honako hauek izan daitezke:
–Alderdien arteko adostasuna: prozesua amaitzea eta, hala badagokio, hartu beharreko neurriak hartzea.
–Adostasunik gabe: prozedura informala gainditutzat joko da, eta prozedura formalari hasiera emanen zaio.
Aktaren kopiak emanen zaizkie salatzaileari, biktimari (salatzailea ez bada), salatuari, enpresa zuzendaritzari, sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordeari, eta, hala badagokio, Berdintasun Batzordeari.
Azkenik, salatzaileak, ez badago gustura proposatutako konponbidearekin edo ustezko erasotzaileak ez badu irtenbide hori betetzen, salaketa jartzeko prozedura formala hastea erabakitzen ahalko du.
C.–Prozedura formala.
Prozedura informalak emaitza egokirik ez badu, edo salatzaileak uste badu, gertaeren larritasuna dela-eta, ez dela bidezkoa kudeaketa mota hori egitea, prozedura formalari ekinen zaio.
Sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordearentzako idazki bat aurkeztuta hasiko da prozedura formala. Idazki horrek honako hauek jaso beharko ditu: salatzailearen izen-abizenak, biktimaren izen-abizenak (salatzailea ez bada) eta salatuaren inguruko datuak. Halaber, gertakarien deskribapena zehaztu beharko da, datak, iraupena, maiztasuna, jazarpena non gertatu zen eta zer froga aurkezten diren (dokumentuak, testigantzak eta abar) adierazita.
Salaketa jaso ondoren, batzordeak gehienez ere bi egun balioduneko epea izanen du aldez aurreko ikerketak deitu eta hasteko.
Prozedura formala garatzen den bitartean, batzordeak honako jarraibide hauen arabera jardunen du:
–Kautelazko neurriak ezartzeko beharra berriro ere ebaluatzea, hala nola inplikatutako alderdiak ikerketan zehar aldi batez bereiztea, eta hori egokitzat joz gero, gomendio hori zuzendaritzari helaraztea, hark betearaz dezan.
–Inplikatutako pertsonen inguruneari buruz beharrezkotzat jotzen den informazio guztia biltzea.
–Nor elkarrizketatuko den zehaztea, eragindako pertsonaren eta salatuaren proposamenak lehenetsita.
–Egin beharreko elkarrizketak egitea, ikerketan zehar eskatutako informazioa eskuratzeko elkarrizketatuek esanbidezko eta idatzizko baimena ematen dutela ziurtatuta. Gainera, erabilitako informazioaren eta egindako akten konfidentzialtasun osoaren berri emanen da, eta elkarrizketetako edozein xehetasun zabaltzea debekatuta dagoela ohartaraziko da.
–Bilera eta elkarrizketa guztien aktak idaztea, dokumentu horien konfidentzialtasuna eta zaintza bermatuta; dokumentu horiek batzordearen erantzukizun esklusiboaren pean geratuko dira.
–Beharrezkoak diren probak zehaztea eta egitea, horiek lortzeko prozedura ezartzea eta behar bezala zaintzen direla ziurtatzea.
Instrukzio fasea amaituta, batzordeak txosten xehatua idatziko du ustezko jazarpenari buruzko ondorioekin, antzemandako edozein inguruabar astungarri edo aringarri barne, eta gomendioak igorriko dizkio zuzendaritzari, neurri hauetakoren bat har dezan:
–Salatuari diziplina neurriak ezartzea, arau-haustea, zehapena eta graduazioa zehaztuta. Nahitaezko lekualdaketa edo kaleratzea proposatzen ez bada, jazarlearen eta biktimaren arteko zuzeneko lan bizikidetza saihesteko neurriak iradokiko dira, eta azkenekoari haren lanpostuan jarraitzeko edo lekualdaketa eskatzeko aukera emanen zaio, horrek haren lan baldintzetan kalterik eragin gabe.
–Espedientea ixtea, baldin eta zehazten bada, indarrean dagoen protokoloaren arabera, egitateak ez direla jazarpena. Kasu horretan, eta salaketa fede onez aurkeztu bazen, eragindako pertsonak bulegoa edo departamentua aldatzea eskatzen ahalko du, horrek lanari kalterik eragin gabe.
Txostenaren kopiak emanen zaizkie salatzaileari, biktimari (salatzailea ez bada), salatuari, enpresa zuzendaritzari, Jazarpenerako Arreta Batzordeari, eta, hala badagokio, Berdintasun Batzordeari.
Instrukzio faserako eta txostena egiteko gehienezko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da.
Azkenik, batzordeak ezarritako zehapenak benetan betetzen direla ikuskatuko du, eta enpresa zuzendaritzak hartutako neurriei buruzko etengabeko informazioa jasoko du.
7.5. Tipifikazioa.
–Sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko jazarpenarekin lotutako jokabideengatiko falta eta zehapenak:
1. Falta arinak. Sexu orientazioagatik, genero identitateagatik eta/edo genero adierazpenagatik iraingarria edo diskriminatzailea izaten ahal den hizkera erabiltzea hartzen da falta arintzat. Jokabide hori errepikatzea falta larritzat edo oso larritzat hartuko da, larritasunaren eta maiztasunaren arabera.
2. Falta larriak eta oso larriak. Kasuaren inguruabar espezifikoen arabera, sexu orientazioagatiko, genero identitateagatiko eta/edo genero adierazpenagatiko jazarpen ekintzak, bai eta langileen sexu askatasunaren aurkako jokabideak ere, falta larritzat edo oso larritzat jotzen ahalko dira.
3. Falta oso larri espezifikoa. Sexua berresleitzeko ebakuntza kirurgikoengatiko baimenen konfidentzialtasuna urratzea falta oso larritzat hartuko da.
4. Errepresaliak. Sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpena dela-eta gertatutako jazarpenarengatik barne kexa edo salaketa bat jarri duen pertsona baten edo ikerketan lagundu duten pertsonen aurkako errepresalia-jokabide oro falta oso larritzat hartuko da.
5. Zehapenak. Zehapen aplikagarriak une bakoitzean indarrean dagoen hitzarmen kolektiboan edo goragoko arauan falta arin, larri eta oso larrietarako ezarritakoak izanen dira.
–Inguruabar astungarriak:
Egitateen larritasuna baloratzeko eta dagozkion zehapenak zehazteko, inguruabar astungarri hauek kontuan hartuko dira:
- Sexu orientazioagatiko, genero identitateagatiko eta/edo genero adierazpenagatiko jazarpen-egintzak behin eta berriz egitea.
- Biktimak desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat izatea.
- Biktimak aldaketa psikologiko larriak jasan izana; mediku txostenaz behar bezala egiaztatu beharko dira horiek.
- Biktima probaldian egotea edo prestakuntzako, praktikaldiko edo aldi baterako kontratua izatea.
- Jazarpena langileak hautatzeko prozesuan gertatzea.
- Biktimarekiko, lekukoekiko edo haien lan edo familia inguruneko pertsonekiko presioak edo/eta errepresaliak izatea, ikerketa saihesteko edo oztopatzeko asmoz egindakoak.
- Jazarpena beheranzkoa izatea (maila hierarkiko goragoko batek menpeko bati egindakoa).
- Jazarpena agintari baten esanbidezko aginduz egin izana.
- Jazarpena langileen legezko ordezkaritzarako hauteskundeetan gertatzea.
8.–ONETSITAKO JARDUERA-NEURRIAK
1. HELBURUA | Sexu eta generoagatiko jazarpenaren kontrako babesa. | |||||
ZK. | EZARRI BEHARREKO NEURRIA | EPEA | ADIERAZLEA | DEPART. ARDURADUNA | ||
ERTAINA | 1.1 | Gaur egun indarrean dagoen jazarpen protokoloa berrikustea, LGTBI+ kolektiboaren babes egokia ziurtatzeko. | Plana indarrean dagoen bitartean. | Planaren indarraldian egindako berrikuspenen kopurua. | Giza Baliabideen arduraduna | |
2. HELBURUA | Enplegurako sarbidean zein barne sustapenetan LGTBI pertsona guztiekiko tratu berdintasuna sustatzea | |||||
ZK. | EZARRI BEHARREKO NEURRIA | EPEA | ADIERAZLEA | DEPART. ARDURADUNA | ||
ERTAINA | 1.1 | Lanpostu bat lortzeko orduan berdintasuna bermatzea | Plana indarrean dagoen bitartean. | CVaren eta hautagaitzaren anonimotasunari eustea; enpresan dagoeneko ezarria | Giza Baliabideen arduraduna | |
3. HELBURUA | Langileak LGTB kolektiboaren egoerari buruz prestatzea, informatzea eta sentsibilizatzea | |||||
ZK. | EZARRI BEHARREKO NEURRIA | EPEA | ADIERAZLEA | DEPART. ARDURADUNA | ||
ALTUA | 3.1 | Batzordeko kideentzat eta departamentuetako arduradunentzat inklusioari, sexu-afektibitate aniztasunari eta generoari buruzko prestakuntza ekintzak egitea, gai horretan egiten dituzten esku-hartzeen erantzukizuna eta egokitasuna bermatzeko. | Plana indarrean dagoen lehen bi urteetan | Burututako prestakuntzen kopurua. Prestatutako pertsonen kopuru absolutua eta ardura karguak dituzten guztiekiko prestatutakoen ehunekoa, generoaren arabera banakatuta. Parte-hartzaileek prestakuntzaz egindako ebaluazioa | Giza Baliabideen arduraduna | |
ERTAINA | 3.2 | Diskriminaziorik ezaren eta LGTBI pertsonen babesaren inguruan langileak sentsibilizatzea eta prestatzea | Durante los dos primeros años de Plana indarrean dagoen lehen bi urteetan | Burututako prestakuntzen kopurua. | Giza Baliabideen arduraduna | |
4. HELBURUA | Enpresak LGTBI aniztasunaren berdintasunarekin duen konpromisoa sendotzea eta horretan aurrera egitea | |||||
ZK. | EZARRI BEHARREKO NEURRIA | EPEA | ADIERAZLEA | DEPART. ARDURADUNA | ||
ERTAINA | 4.1 | Onetsitako LGTBI Plana langile guztiei eta langile berriei zabaltzea eta jakinaraztea | Hilabete, Berdintasun Plana onesten denetik. | Plana onesteko akordioa enpresaren komunikazio kanalean eta web orrian argitaratzea. | Giza Baliabideen arduraduna | |
ERTAINA | 4.4 | Lan giroan errespetu eta zuzentasun ingurune bat sustatzea, langile guztiei tratu berdintasunaren, errespetuaren, duintasunaren eta nortasun askearen garapenaren balioak irakatsiz. | Hasieratik eta Berdintasun Plana indarrean dagoen bitartean. | DPTetan eta gaitasunen eskuliburuan txertatzea | Giza Baliabideen arduraduna | |
5. HELBURUA | LGBT kolektiboarekiko diskriminazioa eta indarkeriak murriztea | |||||
ZK. | EZARRI BEHARREKO NEURRIA | EPEA | ADIERAZLEA | DEPART. ARDURADUNA | ||
ALTUA | 5.1 | Ikustarazteko eta sentsibilizatzeko kanpainen komunikazioa hobetzea eta indartzea data jakin batzuen inguruan (maiatzaren 17a eta ekainaren 28a, bereziki) | Hasieratik eta Berdintasun Plana indarrean dagoen bitartean. | Burututako kanpainen komunikazioen kopurua. | Giza Baliabideen arduraduna | |
9.–PLANAREN ALDAKETA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA
9.1. Aldaketa.
Plana aldatzeko proposamenak sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordearen osoko bilkuran aurkeztu eta bozkatu beharko dira, eta hura osatzen duten alderdi bakoitzaren gehiengoak onetsi beharko ditu.
Plan honetan jasotako neurriak ondorengo lege-araudiek hobetzen badituzte, baliogabetu eginen dira haiek, eta unean-unean indarrean dauden lege-xedapenek ordeztuko dituzte.
Halaber, plana honako egoera hauetan berrikusiko da:
–Jarraipenaren eta ebaluazioaren emaitzen ondorioz beharrezkoa denean.
–Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jardueretatik abiatuta, desegokia dela edo nahikoa ez dela ikusten denean.
–Ebazpen judizial batek enpresa zigortzen duenean sexuan oinarritutako zuzeneko edo zeharkako diskriminazioagatik, edo plana berrikustea ebazten duenean.
–Enpresa fusionatzen edo xurgatzen bada edo haren estatus juridikoa aldatzen bada.
–Plana araudi berrira egokitzea eskatzen duten lege aldaketak gertatzen direnean.
–Lantaldea, lan moldeak, antolamendua edo enpresaren ordainsari sistema nabarmen aldatzen dituen edozein gorabeherarik badago, baita lan baldintzetan edo LGTBI Plan honek oinarri duen diagnostikoan identifikatutako egoeretan funtsezko aldaketarik badago ere.
Aldaketari buruzko akordioa akta batean jasoko da, eta akta hori LGTBI Aniztasun eta Inklusio Planari erantsiko zaio.
Plana sinatzen denetik lau urte igaro ondoren, LGTBI plan berri bat egin eta onetsi beharko da.
9.2. Jarraipena.
–Batzordearen eginkizunak:
Sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordea arduratuko da LGTBI Aniztasun eta Inklusio Planean jasotako ekintzen betearazpenari buruzko informazioa jasotzeaz, aztertzeaz eta gainbegiratzeaz.
Bere eginkizunen artean honako hauek daude:
- Planean ezarritako helburuak betetzen direla egiaztatzea.
- Aurreikusitako neurriak gauzatzeko prozesuari buruzko informazioa jasotzea, eta inplementazio maila, baliabideen egokitasuna eta kronogramaren betetze maila ebaluatzea.
- Plana ezartzean egon daitezkeen oztopoak edo zailtasunak antzematea.
- Neurri zuzentzaileak proposatzea eta behar berriak identifikatzea, beharrezkoa denean.
- Planaren balizko aldaketak onestea.
- Jarraipen eta ebaluazio txostenak idaztea, aurreikusitako egutegiaren arabera.
- Planaren aplikazio, jarraipen, ebaluazio edo berrikuspen faseetan sortutako desadostasunak edo arazoak konpontzea.
–Bilerak:
Batzordeak, gutxienez, urtean behin eginen du ohiko bilera, eta ohiz kanpoko deialdia egiten ahalko da, edozein kidek eskatuta.
Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta bertaratzen diren kide guztiek onetsi eta sinatu beharko dute.
Batzordeak emakumeen eta gizonen arteko lan berdintasunaren arloko kanpoko laguntza eta aholkularitza espezializatua erabiltzen ahalko du.
9.3. Indarraldia.
Batzordeak eta bere funtzionamendu araubideak LGTBI Aniztasun eta Inklusio Planaren indarraldi bera izanen dute; onesten denetik lau urtekoa izanen da.
9.4. Ebaluazioa.
Sexu-orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordeak azken jarraipen txostena egin beharko du.
10.–PLANA ONESTEA ETA ARGITARATZEA
Sexu-orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpenagatiko Jazarpenerako Arreta Batzordeak onetsi ondoren jarriko da indarrean plan hau, eta hurrengo plana onartu arte egonen da indarrean.
Altsasun, 2025eko uztailaren 15ean.
Iragarkiaren kodea: F2515189
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
